Centaurus edo Zentauroa[1][oh 1] —latinez:Centaurus— Cruxetik iparraldera eta Esne Bidearen ipar muturrean dagoen konstelazio zabal bat da. Hegoaldeko gurutzea inguratzen du zeruko konstelaziorik eder eta aberatsenetako bat osatuz.
Artikulu hau Centaurus konstelazioari buruzkoa da, beste esanahietarako ikus: Zentauro (argipena)
Kronos, Rearekin ezkonduta zegoena, Filiraz maitemindu zen, Ozeanoren alaba zen ninfa bat. Azken hau, akusutik libratzeko, behor bihurtu zen, baina Kronos, maltzurki, zaldi bihurtu zen eta berarekin elkartu zen. Elkarketa honetatik Kiron jaio zen, zaldi gorputz eta hankaduna, baina, gerritik gora giza itxurakoa.
Kiron bere gurasoek abandonatu zuten eta Pelion mendian bizi izan zen, Akiles, Kratos, Asklepio eta Jason bezalako heroi handiak hezi zituen. Heraklesek istripuz zauritu zuen Lernako hidrarenodolarekin pozoitutako gezi batekin. Kiron, hilezkorra zenez, ez zen hil, baina sendatzerik ere ez zuen, Prometeorekin hilezkortasuna trukatu zuen arte. Beste bertsio baten, alabaina, Kiron istripuz zauritu zuen geziak berau hil zuen, eta Zeusek konstelazioen artean jarri zuen.
Centaurus konstelazioan dago gure eguzkitik gertuen dagoen izarra den Proxima Centauri, 4,22 argi-urteko distantziara. Nano gorri bat da, ez gure eguzkia bezain distiratsua eta izar ñirñirkari bat ere bada. Alfa Centauri, gaueko zeruko laugarren izarrik dizdiratsuena, izar bitar bat da, eta badirudi Proxima Centaurirekin grabitate bidez lotua dagoela, sistema hirukoitz bat osatuz. Beta Centauri, Hadar edo Agena izenak ere jasotzen dituena konstelazio honetako lehen magnitudeko beste izar bat da.
α Centauri (Rigil Kentaurus), 0 magnitudeko izarra, zeruko laugarren distiratsuena eta 4,4 argi-urteko distantziara dagoena. Izar sistema hirukoitza bat da, bere bigarren izarra irekidura ertaineko teleskopio batekin nabari daitekeelarik. Hirugarren izarrak Proxima Centauri izena du, gure eguzkiaren diametroaren %5eko diametroa duena eta 4,2 argi-urteko distantziara dagoena, eguzkiaren ondoren hurbilen dugun izarra delarik.
β Centauri (Hadar edo Agena), konstelazioko bigarren izarrik distiratsuena 0,61eko magnitudearekin eta zeruko hamaikagarren distiratsuena. 525 argi-urteko distantziara dagoen erraldoi urdina, ikusteko zaila den lagun bat du.
γ Centauri, izar bitar bisuala, bere osagaiak distira berdineko bi izar zuri direlarik. Ikusteko, gutxienez 15 zentimetroko irekidura duen teleskopio bat behar da.
δ Centauri, 2,60 magnitudekoa Gamma Cassiopeiae izar aldakor bat da.
ε Centauri, 2,29 magnitudeko izar urdin beroa, Beta Cephei izar aldakor bat da, apenas 0,02 magnitudeko bariazio batekin.
ζ Centauri, 2,55 magnitudekoa izar bitar espektroskopiko bat da.
η Centauri, izar zuri-urdinska, inguruan disko zirkumestelar bat duen Be izar bat da. Gamma Cassiopeiae izar aldakor bat ere bada.
θ Centauri (Menkent), 2,06ko magnitudearekin, konstelazioko hirugarren izarrik distiratsuena da. Zuri-urdinskak diren konstelazioko beste izar batzuk ez bezala, Menkent Lurretik 61 argi-urtera dagoen erraldoi laranja bat da.
ι Centauri, 59 argi-urteko distantziara dagoen 2,75 magnitudeko izar zuria. Vegak bezala, bere ingurua disko zirkunestelar bat du.
κ Centauri, 3,9 arku segundoko distantziara lagun ahul bat duen izar zuri-urdinska.
λ Centauri, 3,12 magnitudeko erraldoi zuri-urdinska.
μ Centauri, Disko zirkunestelar batez inguratutako 3,46 magnitudeko izar zuri-urdinska.
ν Centauri, 3,39 magnitudeko Beta Cephei izar aldakorra.
ξ2 Centauri, 4,26 magnitudeko izar sistema, bere izar nagusia izar zuri-urdinska bat delarik.
ρ Centauri, 3,96 magnitudeko izar zuri-urdinska.
σ Centauri, ia aurrekoa bezain distiratsua, hau ere izar zuri-urdinska bat da.
IC 2944 berarekin lotutako igorpen nebulosa bat duen kumulu ireki bat da.
Omega Centauri (NGC 5139). IZ: 13o 26m 48s. Dek: -47° 29' 00. Kumulu globularra. Begi hutsez partxe lauso bat bezala ikusten da, ikusgarria teleskopio txiki eta prismatikoekin. Milioi bat izar baino gehiago ditu.
NGC 5253. IZ: 13o 39m 54s Dek: -31°39'00. Galaxia distiratsua.
NGC 5128. IZ: 13o 25m 30s Dek: -43°01'00. Galaxia erraldoia. Bere magnitudea 7 da. Centaurus A izeneko irratiturri boteretsu bat ere bada.
NGC 3918. 8,1 magnitudeko nebulosa planetarioa. Lurretik 3.000 argi-urteko distantziara dago.
NGC 5307. urrunago, 10.000 argi-urte inguruko distantziara dagoen nebulosa planetario bat, 11,2 magnitudekoa.
Euskaltzaindiaren 173. arauak honako hau gomendatzen du: "Euskaraz, konstelazioen izenak adierazteko, komeni da nazioarteko formak —latinezko grafia— erabiltzea, hainbat komeniago testuak zenbat eta teknikoago edo jasoago izan. Nolanahi ere, latinezko izenen itzulpenak edo egokitzapenak ere —azalpen-izenak— erabil daitezke, bigarren mailan, testu didaktikoetan edo azalpen gisa".