From Wikipedia, the free encyclopedia
Beroaldia edo bero-bolada eskualde batean gertatzen den aparteko bero egoera iraunkorra da. Egun batzuetako batez besteko tenperatura minimo eta maximo zehatzak gainditzen direnean gertatzen da, ikuspuntu meteorologiko batetik. Ez da nahastu behar egun jakin batean gerta daitekeen bero punta batekin. Askotan bero-boladekin batera hezetasun handia agertzen da, batez ere klima ozeanikoko herrialdeetan. Ez dago bero-boladaren definizio estandarizaturik, herrialde bakoitzeko meteorologia-agentziek definizio propioak dituzte.[1] Eskualdeko klimaren araberakoa da, klima beroagoa duten pertsonek normaltzat jotzen dituzten tenperaturei bero-bolada deritze eremu hotzago batean; hala, Donostian eta Berlinen ezberdinak lirateke beroaldia definitzeko irizpide zehatzak.[1] Meteorologiako Estatu Agentziaren arabera, AEMET-en arabera, bero-bolada baten intentsitatea zehazten duten hiru faktoreak hauek dira: lortutako tenperaturak, iraupena eta eragindako lurraldea. [2]
Bero-boladak sortzen dira goi-atmosferan presio handiko eremu bat indartzen denean eta eskualde baten gainean egun batzuetatik aste batzuetara arte egoten denean. Horrek beroa harrapatzen du lurretik gertu. [3] Suteekin lotuta etortzen da sarritan, euri faltak ekarritako lurraren lehortearekin batera.
Euskal Herrian, beroaldiak udan gertatu ohi dira, eta Azoreetako antizikloiarekin loturik egoten dira; hain zuzen, antizikloia Europa gainean dagoelarik gertatu ohi dira beroaldiak, iparretik etortzen diren beheraguneak blokeatu eta Espainia eta Afrika Iparraldeko beroa datorrenean.
Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldearen arabera, klima-aldaketaren eraginez, bero-boladek gora egingo dute maila globalean.[4] Berotze globalaren eta klima-aldaketaren ondorioz, hurrengo urteetan bero-boladak luzeagoak, muturrekoagoak eta ohikoagoak izango dira.[5]
Bero-boladek ondorio nabarmenak izan ditzakete gizakien osasunean, ingurumenean eta azpiegituran.[4] Osasunari dagokionez, bero-boladek ondorio larriak eragin ditzakete, bereziki ahulenak diren biztanle-taldeengan: adinekoengan, haur txikiengan eta gaixotasun kronikoak dituztenengan.[6] Ondorio batzuk hauek izan daitezke: bero-kolpeak, deshidratazioa, akidura eta lehendik zeuden baldintza medikoak larriagotzea. Ingurumen-ondorio esanguratsuei dagokienez, bero-boladek estres hidrikoa eragin dezakete ekosistemetan, baso-suteak izateko arriskua areagotu dezakete eta airearen kalitatea eta baliabide hidrikoak degradatzen lagundu.[7]
Espainian, AEMET-ek honela definitzen du bero-bolada: gutxienez hiru egunez jarraian, uztailean eta abuztuan eskualdeko estazio meteorologiko adierazgarrietan erregistratutako maximoaren % 5a gainditzen dute tenperaturek, eta estazio meteorologikoen % 10ak, gutxienez, % 95eko perzentiletik gorako tenperatura maximoak erregistratzen ditu uztailean eta abuztuan. [8][9]
Herbehereetan, bero-boladatzat hartzen da gutxienez 5 egun jarraian De Bilt-en tenperatura 25 °C (77 °F) baino handiagoa den aldia, 3 egunez tenperatura maximoa 30 °C (86 °F) baino handiagoa izanik. [10] Definizio bera erabiltzen da beste herrialde batzuetan, hala nola, Belgikan, Danimarkan eta Luxenburgon.
Grezian, Meteorologia Zerbitzu Nazionalak honela definitzen du bero-bolada: ondoz ondoko hiru egun 39 °C-ra (102 °F) edo gehiagora. Aldi berean, tenperatura minimoa 26 °C (79 °F) edo gehiagokoa izan behar da.
Erresuma Batuko bero-bolada leku batek gutxienez hiru egun jarraian bero-boladaren gehienezko mugara (25-28 °C) iristen edo gainditzen duen eguneko tenperatura maximoko aldi bat erregistratzen duenean lortzen da, eta lau maila bereizten dira.
Erresuma Batuan bero-bolada ematen da toki batean gutxienez hiru egunez jarraian bero-boladaren tenperatura mugara (25-28 ºC) iristen denean edo gaindetzen denean, tenperatura maximoak erregistratuz, eta lau maila bereizten dira. [11]
Argentinan, Meteorologia Zerbitzu Nazionalak (SMN) bero-bolada gisa definitzen du tenperatura maximoek eta minimoek gutxienez 3 egunez jarraian 90 pertzentila berdindu edo gainditzen duten aldia, urritik martxora bitarteko eguneroko datuetatik kalkulatua (seihileko beroa Hego hemisferioan), 1961-2010 aldikoa. [12]
Uruguain bero-boladatzat hartzen da tenperatura altuak izaten direnean gutxienez hiru egunetan jarraian, 20 ºC tik gorako minimoekin eta 34 ºC eta 38 ºC arteko maximoekin. Kasu horretan arrisku maila desberdinak daude: horia, laranja eta gorria (arrisku txikienetik handienera ordenatuta).[13]
Estatu Batuetako agintarien definizioaren arabera, bero-bolada gertatzen da, gutxienez bi egunez erregistratutako tenperatura eremu bateko udako hilabeteetako batez besteko tenperaturaren % 85a baino handiagoa denean.[14] Eremuaren arabera, 90 °F-tik (32,2 °C-tik) gorako elkarren segidako 3 eguneko edo gehiagoko aldia bezala ere definitzen da.
2003ko Europako bero-bolada azken urteotako aipagarriena da, baina behin eta berriz munduan zehar gertatzen ari den fenomenoa da, gero eta sarriago agertzen dena. Izan ere, erregistratutako lehendabiziko beroaldia Ipar Amerikan jasan zuten 1901ean, eta hurrengoa 1936an izan zen. Ordutik jauzi egin behar da 1976ra arte, Britainia Handian eta Europan pairatutakoarekin. 1980ko hamarkadan, bestela, 1980an eta 1988an Ipar Amerikan eta 1983an Europan.
1990eko hamarkadatik aurrera, esan bezala, gertakari errepikakorra da. 1992an Venezuelan, 1995ean Espainian, Britainia Handian eta Europan orokorrean, baita Chicagon (AEB) ere, 1998an Indian, AEBetan eta Mexikon eta 1999an berriro ere AEBetan.
2000tik aurrera, AEBetan 2001, 2003, 2005 eta 2006an (azken honetan Europan ere bai), Argentinan 2009an (neguan) eta 2013an, Errusiako mendebaldean 2010ean, Indian 2015ean eta Txilen 2017an.
2019an, Europak bero-bolada izugarria jasan zuen, eta tenperatura-errekorrak gainditu ziren hainbat herrialdetan, hala nola, Frantzian, Belgikan, Alemanian eta Herbehereetan.[15]
Azken hamarkadetan, bero-boladen maiztasuna eta intentsitatea areagotu egin da Espainian, eta gero eta eragin handiagoa izan du gizartean, ekonomian eta ingurumenean. [16]Aurreikuspenen arabera, bero-gertaera hauek gero eta ohikoagoak izango dira etorkizunean, eta, beraz, egokitzapen- eta erresilientzia-politikak ezarri behar dira, planteatutako erronkei aurre egiteko.
Bero-boladak muturreko fenomeno klimatikoak dira, eta faktore naturalen eta antropogenikoen konbinazioen ondorioz sor daitezke. Hauek dira jatorri nagusietako batzuk:
Bero-boladek inpaktu esanguratsuak izan ditzakete giza osasunean, eta muturreko bero-gertaera horiekin lotutako ondorio kaltegarri batzuk aurki daitezke. Hauek dira beroaren aurrean ahulenak diren pertsonak: jaioberriak, haurrak, adinekoak, haurdun dauden emakumeak, gaixotasunak dituzten pertsonak, ezintasun-egoeran dauden pertsonak eta kanpoan jarduera fisikoak egiten dituzten pertsona osasuntsuak, hala nola nekazaritzako langileak, eraikuntzako langileak edo kirolariak. [22] Tenperatura altuek beroarekin lotutako gaixotasunen arriskua areagotu dezakete, hala nola bero-kolpea eta bero-akidura. Horrez gain, sukar moduko hipertermia, eragile infekziosoek ekartzen ez dutena, lehenengo zeinua izan daiteke gizakiengan.
Horrek sintoma nagusi hauek eragin ditzake: beherakoa, buruko mina, botagura eta botaka aritzea, zorabioak, takikardia eta ezinegona.[23] Bereziki, termorregulazio sistemaren alterazio fisiologikoengatik getatzen da. Ondorio garrantzitsuenetako bat deshidratazioa da.
Bero-boladek arazo kardiobaskularrak izateko arriskua areagotu dezakete, hala nola bihotzeko erasoak eta istripu zerebrobaskularrak. Tenperatura altuek presio arteriala eta bihotzeko estresa areagotu ditzakete, eta horrek gertakari kardiobaskularrak eragin diezazkieke aurretik bihotzeko gaixotasunak dituzten pertsonei. [24]
Bero-boladetan tenperatura altuek eta airearen kalitate txarrak arnas gaixotasun kronikoen sintomak okertu ditzakete, hala nola asma eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK). Gainera, bero-boladekin lotutako baso-suteek arnasbideak narrita ditzaketen kutsatzaile atmosferikoak aska ditzakete. [25]
Bero-boladek heriotza-tasa areagotzea eragin dezakete, batez ere adineko pertsonen artean eta aurretik gaixotuta zeudenen artean. Tenperatura altuek osasun-arazo kronikoak areagotu eta estres termikoa eragin dezakete. Horrek konplikazio larriak eragin ditzake, eta kasu batzuetan baita heriotza ere.[26]
Bero-boladetan sortutako bero-kolpearen ondoriozko heriotza-tasa % 70etik gorakoa izan daiteke. Esate baterako, 2003ko Erresuma Batuko bero-boladan 1.000 heriotza baino gehiago gertatu ziren astebetean, eta 10.000 baino gehiago Frantzian. Ikerketa batzuek baieztatu dutenez, bero-boladak arrisku hilgarri handia dira, arrisku natural deiturikoen artean lehena industria osteko gizartean. [27]
Bero-boladek zeregin garrantzitsua izan dezakete baso-suteen arriskua eta larritasuna areagotzeko. Tenperaturak oso altuak eta baldintzak lehorrak izaten dira. Hori dela eta, giro aproposa sortzen da basoko suteak berehala hasi eta hedatzeko. Tenperatura altuek landaredia lehortzeko probabilitatea handitzen dute, sukoiagoa bihurtzen da eta txinparten edo tximisten ondorioz su har dezake. 2003an, Europako bero-bolada tamalgarrian, suteek Portugal suntsitu zuten, eta 3010 km² baso eta 440 km² nekazaritza-eremu suntsitu zituzten, 1.000 milioi euroko galerak eraginez. [28]
Tenperatura altuek kalte egin diezaiekete laboreei eta nekazaritzako ekoizpenari, eta ondorioz, laboreen errendimendua eta kalitatea murriztu egiten dira. Horrek ondorioak izan ditzake elikagaien segurtasunean, elikagaien prezioak handituz eta elikagai fresko eta elikagarrien eskuragarritasuna kaltetuz.[29]
Bero-boladetan tenperaturak ohi baino nabarmen altuagoak direnez, aire girotuaren eta hozte-sistemen eskaria handitu egiten da etxeetan, bulegoetan eta beste instalazio batzuetan. Aire girotuaren erabilera handitzeak elektrizitate-kontsumoa areagotzen du, sistema horiek energia asko behar baitute funtzionatzeko eta barruko tenperaturak maila erosoetan mantentzeko. Gainera, etenaldi energetikoak gerta daitezke, eta horiek eragina izan dezakete enpresetan, ospitaleetan eta etxeetan.
Bero-boladek eragin ekonomiko nabarmenak izan ditzakete, bereziki turismoaren sektorean. Turistak hiri eta toki turistikoak bisitatzetik aldentzen dira, eta horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake tokiko eta eskualdeko ekonomian. [30][31]
2017an argitaratutako azterlan baten arabera, planetako biztanleen % 75ak 2100. urterako bero-bolada hilgarriei aurre egin beharko die karbono-emisioak gutxitzen ez badira. Berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa asko murrizten ez bada (adibidez CO2 emisioak), lau pertsonatik hiru hil daitezke beroaren eraginez 2100. urtean.[2] Hala ere, murrizketa batzuk lortuta ere, mendearen amaieran bi pertsonatik batek gutxienez 20 eguneko bero gogorrari aurre egin beharko dio, eta hori hilgarria izan daiteke, Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako analisiaren arabera.[32]
AEMETen arabera, emisio baxuko egoera batean ere, berotze globala 1 eta 1,8 ºC artekoa izango da ziurrenik. IPCCk dioenez, 2030 urtearen inguruan isurketak % 45ean murriztea lortzen bada eta mendearen erdialdean karbonoaren neutraltasuna lortzen bada, berotze hori gelditu ahal izango da XXI. mendearen bigarren erdialderako 1,5ºC inguruan.[2] Kaltea eginda egon arren, mugatu egin daiteke.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.