From Wikipedia, the free encyclopedia
Berlingo Konferentzia (alemanez: Kongokonferenz) 1884–85 bitartean egindako nazioarteko batzarra izan zen, Afrikako europar kolonizazioa arautu zuena. Alemaniako kantziler Otto von Bismarckek antolatu zuen, Europako potentziek zituzten gatazka kolonialistak konpontzearren, eta Berlinen egin zen, 1884ko azaroaren 16tik 1885eko otsailaren 26ra. Europako hamabi estatu nagusiak (Alemania, Austria-Hungaria, Belgika, Danimarka, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Herbehereak, Portugal, Errusia eta Suedia-Norvegia), Ameriketako Estatu Batuak eta Otomandar Inperioa izan ziren parte-hartzaileak.[1]
Berlingo Konferentzia | |
---|---|
Mota | international conference (en) |
Denbora-tarte | 1884ko azaroaren 15a - 1885eko otsailaren 26a |
Argumentu nagusia | German colonial empire (en) |
Herrialdea | Alemania |
Parte-hartzaileak | |
Konferentziak hasiera formala eman zion Afrikaren banaketari, eta ezeztatu zituen afrikar gobernu autonomo gehienak; 1870eko hamarkadaren amaieran kontinentearen %10 besterik ez zegoen europarren agindupean; hogei urte geroago, Etiopia eta Liberia soilik ez zeuden Europako estatuen mende.[2][1]
1876an Afrikaren %90 baino gehiago europarren agindupean zegoen. Frantzia izan zen estaturik eraginkorrenetakoa Afrika beltza kolonizatzeko lehian. 1870ean Alsazia eta Lorrena galtzeak, orduko baturik zegoen Alemaniaren esku, behinolako grandeur hura Afrikan bilatzera behartu zuen Frantzia. Horrenbestez, 1870 amaieran Senegal ibaian gora abiatu ziren. Horrek liskarrak ekarri zituen: ingelesekin Gambian eta Sierra Leonan, Samory Turéren Wassoulou Inperioarekin egungo Ginean eta Malin, eta baita yoruben lurretan ere (Togo eta Dahomey gaur egun), britainiar gudarostearen aurka. Britainia Handiak Egiptoren aurka jo zuen erasoa 1882an, eta tentsioa nabarmendu zen ondoko okupazioaren ondorioz, baina Alemaniak Frantziaren alde esku hartu eta gero, gatazka bideratu ahal izan zuten.[2]
Leopoldo II.a Belgikako erregea izan zen kolonizazioaren beste eragile bat; berak kontratatu zuen Henry Morton Stanley, 1877an Kongo ibaiaren arroan barna hark egindako bidaiaren ondoren. Urtebete geroago, eta belgikarren erregearen agindupean ordurako, behereko Kongon sartu zen Stanley berriro.[2] Frantziak Pierre Savorgnan de Brazza bidali zuen 1881ean Kongo esploratzera, eta Portugalek ere beretzat erreklamatu zuen eskualdea, Kongoko Erresumarekin sinaturik zituen hitzarmenak oinarri harturik.[1] Horiek horrela, eta Portugalen proposamenari jarraituz, 1884-85ean konferentzia bat egin zuten Europako botereek Berlinen.[2]
Berlingo Konferentzia 1884ko azaroaren 13an hasi zen, eta 1885eko otsailaren otsailaren 26an amaitu. Hamalau herrialdetako ordezkariek parte hartu zuten:
Lurralde kolonialak banatzeko eta aitortzeko modua arautzea zen konferentziaren helburua. Bilkura luzeak egin ondoan, erabaki sail bat hartu zuten estatuek, edo haien izenean organismoek, geografia elkarteek, merkataritzakoek edo erlijio ordenek, burutu beharko zituzten jarduera kolonizatzaileak gobernatzearren.[2]
1885eko otsailaren 26ko Akta Nagusiak jaso zituen akordioak:
« | Alemaniako Enperadore eta Prusiako Erregeak; Austriako Enperadore eta Hungariako Erregeak; Belgikarren Erregeak; Danimarkako Erregeak; Espainiako Erregeak; Amerikako Estatu Batuetako Lehendakariak; Frantziako Errepublikako Lehendakariak; Britania Handia eta Irlandako Erresuma Batuko Erregina eta Indietako Enperatrizak; Italiako Erregeak; Herberehetako Erregeak; Portugalgo Erregeak; Errusia guztietako Enperadoreak; Suedia eta Norvegiako Erregeak; Otomandarren Enperadoreak:
Elkarrenganako ulermena tarteko, ahalik eta baldintzarik onenak zehaztu nahirik Afrikako eskualde jakin batzuetan merkataritza eta zibilizazioa garatzeko eta herri guztiek Ozeano Atlantikoan isurtzen diren ibai nagusi bietatik nabigazio librearen onurak izan ditzaten ziurtatzeko (...) honako hau aztertu eta erabaki dute: 1. art. Herri guztiek salerosteko askatasun osoa izango dute Kongo arroan, bokaleetan eta inguruko herrialdeetan. Ozeano Atlantikorantz zabaltzen den itsasaldean... Indiako ozeanorainoko aldean (...). 9. art. Kongo arroa osatzen duten lurraldeen jabetza duten potentzia guztiek adierazten dute lurraldeok ezin izango direla merkatu edo geldiune izan esklaboen salmentarako, arraza batekoak zein bestekoak izan. 12. art. Agiri honen Potentzia izendatzaileen artean desadostasun larririk sortuz gero (...) Hitza ematen dute potentzia lagun bat edo gehiagoren bitartekotasuna eskatzeko, armetara jo baino lehen. 34. art. Afrikar kontinenteko kostaldean lurralderen batez jabetzen diren potentzia guztiek Agiriarekin batera egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute, gainerako potentziei zuzendurik, argigarria izan dadin kexurik egonez gero. 35. art. Honako Agiri hau izenpetzen duten potentziek onartu dute euren betebeharra dela hartutako lurraldeetan (...) behar adinako agintaritza edukitzea, hartutako eskubideak betearazteko eta, behar izanez gero, salerosketa eta joan-etorrietarako askatasuna zaintzeko |
» |
Berlingo Konferentziako Akta Nagusia, 1885eko otsailak 26[3] |
Hitzarmen horren arabera, lurralde baten jabetza izateko haren okupazio eraginkorra lortu behar zen lehenik:[4] kostalde bat okupatzen zenean, hari zegokion barnealdea edo hinterland ere kolonizatu behar zen, eta ondoren gainerako estatuak jakinaren gainean jarri beharra zegoen. Ondorioz, estatuek lasterketa bati ekin zioten, ahalik eta lur gehien konkistatzearren.[2]
Kongo eta Niger ibaien arroak nazioarteko nabigazio eskualdetzat hartu zituzten; era horretan, kontinentearen barrualdea ustiatzea ahalbidetu zuten.[2] Kongo Garaiko Ikerketa Batzordea-ren esku utzi zen Kongo ibaiaren arroko 2 milioi kilometro koadroko eremua (egungo Kongoko Errepublika Demokratikoa). Kongoko Estatu Burujabea izena hartu zuen lurralde hori Leopoldo II.aren jabetza pribatua izan zen 1908 arte.[1]
Berlingo Konferentziaren bitartez, pax colonial izeneko garai historikoaren oinarriak ezarrita geratu ziren eta hala iraun zuten Lehen Mundu Gerra hasi bitartean.[2]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.