Axun Aierbe Mendizabal (Altzo, Gipuzkoa, 1968ko apirilaren 28a - Donostia, 2008ko apirilaren 15a) hizkuntzalaria, ikertzailea, EHUko irakaslea, itzultzailea eta euskalgintzako eragile ezaguna izan zen.
Datu azkarrak Bizitza, Jaiotza ...
Itxi
Urteetan Galtzaundi Elkarte euskara taldeko presidentea izan zen. Itzulpengintzako Felix Ugarte Itzulpen lehiaketa hiru aldiz jarraian irabazi zuen.
Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak sorturiko 20 lan baino gehiago bildu dira.[1]
Axun Aierbe Mendizabal Altzon jaio zen 1968ko apirilaren 28an, baina txikitatik Ibarran bizi izan zen. 1986an Donostiako fakultatean Euskal Filologia ikasten hasi zen.[2]
Axun Aierbe 39 urte besterik ez zituela, Donostiako ospitalean garuneko odol isuri batez hil zen. Bizitza laburra izan arren, lanbide-ibilbide oparoa izan zuen eta jakintzagai ugari jorratu zituen. Itzultzailea, Unibertsitateko irakasle, ikertzailea eta euskaltzalea zen.[2]
Euskal Filologia ikasten hasi eta hilabete gutxira Ibarrako Udalean itzultzaile/liburuzain lanpostua eskuratu zuen. Udalean lanean ari zen bitartean egin zituen Euskal Filologiako ikasketak eta bukatu orduko doktorego ikastaroei ekin zien, «Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritza» programan; eta gero «Hizkuntza Plangintzarako Diplomatura» egin zuen. Aldi berean, Tolosan sortu berria zen Galtzaundi euskara elkarteko lehenengo lehendakaria izan zen, 22 urterekin. Galtzaundi elkarteko lehendakaria izan zen 1990 eta 1996 bitartean, eta ondoren, 1996 eta 1998 bitartean, Euskal Elkarteen eta Herri Aldizkarien Topaguneko idazkaria eta hainbat lantaldetan arduradun koordinatzailea. Oso langilea zen Axun eta denetara iristen zen.
Ibarrako Udalean 15 urtez aritu zen lanean; itzultzaile eta liburuzain gisa lehenengo zazpi urteetan, eta itzultzaile eta euskara teknikari gisa ondorengo zortzietan. Udaleko langile zela, 1998an, Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean Euskal Literaturako irakasgaia ematen hasi zen Euskal Filologian. Lau urteren ondoren, 2002an, udala utzi eta Unibertsitatera dedikatu zen erabat, eta handik aurrera Itzulpengintza eta Interpretazioko irakasle ere izan zen, Terminologia eta Itzulpen Praktikak irakasgaiak emanez. Gazterik hasi zen itzulpengintzan eta jakintzagai ugari jorratu zituen arren, Axunen lan-ibilbidea beti egon zen itzulpengintzari lotuta, itzulpenak eginez edo itzulpengintzako irakasle eta ikerlari lanak eginez.
Gasteizko Letren Fakultateak omenaldia egin zion 2009ko apirilaren 1ean, bertako irakasle eta dekanorde izan baitzen.
Axunek itzulpengintzaz gain partaidetza handia izan zuen hitzaldi, ikastaroak, argitalpen zein liburuetan.
Itzulpengintza
Itzulpen-lanei dagokienez, itzultzaile gisa udalean egin zituen administrazioko itzulpenez gain, nabarmentzekoak dira euskarara itzuli zituen liburuak.[2]
1991ean, Ibarrako Udaleko langilea zela Jordi Solé i Camardons-en Soziolinguistika Gazteentzat liburuaren itzulpen-egokitzapena egin zuen UEUrako, Udako Euskal Unibertsitaterako, talde-lanean.
1997an Iñaki Linazasorok Ibarrako historiaz eta gorabeheraz idatzitako liburua ere itzuli zuen eta Ibarrako Udalak elebitan argitaratuta zuen IBARRA Todo un pueblo - Erabateko herria izenburupean.
Unibertsitatera joan ondoren Jon Kortazarren Euskal Literatura XX. Mendean liburua euskaratu zuen eta horrezaz gain gaur egungo literaturari buruzko bibliografia hautatua osatu zuen libururako.
Itzulitako lanen artean aipamen berezia merezi dute Felix Ugarte itzulpen lehiaketaren hiru edizio, IX.a, X.a eta XI.a, hiru urte jarraituetan (2001ean, 2002an eta 2003an) irabazteko bidea eman zioten artikuluek; hiru kasuetan itzulpengintzarekin lotutako gaiak ziren sariak lortu zituzten itzulgaietan jorratzen zirenak.[2]
- 2001ean Mª Teresa Cabré hizkuntzalari katalanak Montrealen argitaratzen den META aldizkarian argitaratutako artikulu bat itzuli zuen frantsesetik: (Terminologies ou terminologies? Spécialité linguistique ou domaine interdisciplinaire?) «Terminologia ala terminologiak? Hizkuntza-espezialitatea ala diziplinarteko alorra?».
- 2002an, Juan Carlos Sagerren artikulu bat («Terminología y traducción») itzuli zuen gaztelaniatik: «Terminologia eta Itzulpengintza».
- 2003an, Laura Santamariaren artikulu bat («La traducció jurídica, paraula de traductor?») itzuli zuen katalanetik: «Itzulpengintza juridikoa, itzultzailearen hitza?».
Itzulpen ikerketak
Testuak itzultzen egindako bideaz gogoeta egiteko beharra nabarituta eta gogoeta egiteko orduko material ugari zegoela iritzita, Axunek ikerketa-lan ugari egin zituen itzulpengintzaz, kongresuetan eta jardunaldietan ponentziak eta komunikazioak aurkeztuz.[2]
- 2002ko irailean «Administrazioaren iragarkiak: publizitate-arloko hizkera?», Leioako Espezialitateko hizkerak eta terminologia jardunaldiak: euskara estandarra eta espezialitate hizkerak izeneko jardunaldietan, 2002ko irailean.
- 2002ko urrian «La traducción del género en el lenguaje administrativo: El caso de la lengua vasca», Valentziako Unibertsitateak antolaturiko First International Seminar on Gender and Language: The Gender of Translation / The Translation of Gender izeneko mintegian.
- 2002ko azaroan «Análisis comparativo del discurso en textos administrativos en lengua española y en lengua vasca» Nafarroako Unibertsitateak antolatutako Congreso Internacional de Análisis del discurso: lengua, cultura, valores izeneko biltzarrean.
- 2003ko urtarrilean «El léxico específico y la terminología de las noticias de prensa en lengua vasca relacionadas con temas administrativos», Kubako Santiagoko VIII Simposio Internacional de Comunicación Social izeneko biltzarrean.
- 2005eko abenduan «Gaztelaniazko agindu- edota betebehar-balioko geroaldiaren ordainak euskarazko administrazio-testuetan», Leioako Espezialitate-hizkerak eta terminologia jardunaldiak: euskara estandarra eta espezialitate hizkerak izeneko jardunaldietan.
- 2006ko irailean «La traducción a la lengua vasca de las unidades fraseológicas especializadas del lenguaje administrativo», Santiago de Compostelako Congreso Internacional de Fraseología y Paremiología izeneko biltzarrean.
- 2006ko azaroan «Las unidades fraseológicas eventivas del lenguaje administrativo y su traducción a la lengua vasca», Granadako II Simposio Internacional de Terminología - II. Congreso Internacional sobre lenguas y culturas del mundo: Lenguaje e integración sociocultural izeneko biltzarrean.
- 2007ko apirilean «La Traducción y los libros de estilo para la lengua vasca», Murtziako Unibertsitateko XXV Congreso Internacional de AESLA (Asociación Española de Lingüística Aplicada) izeneko biltzarrean.
- 2007ko uztailean «La traducción a la lengua vasca de los adjetivos relacionales del ámbito económico utilizados en textos administrativos», Bartzelonako VI Simposio Internacional de Terminología. Literalidad y dinamicidad en el discurso económico izeneko biltzarrean, .
- 2007ko irailean «Los estudios de traducción en el País Vasco: español-vasco/vasco-español», 5th EST Congress-Ljubljana 2007: Why TS Matters izeneko biltzarrean.
- 2007ko irailean «Loanwords and semantic borrowings of computer and internet terminology in Spainish and Basque», Valladolideko Unibertsitateko Cristina Bayón Garcíarekin batera, Lisboako VI Congresso Internacional da Associação Europeia de Línguas para Fins Específicos 6th International AELFE Conference izeneko biltzarrean.
- 2008ko urtarrilean «Birformulazio-estrategiak eta komunikagarritasuna administrazioko testuetan», Leioako Espezialitateko hizkerak eta terminologia III: espezialitate hizkeren didaktika eta komunikazioa izeneko jardunaldietan.
- 2008ko apirilean «La traducción a la lengua vasca de las locuciones prepositivas de los textos administrativos» Almeriako XXVI Congreso Internacional AESLA izeneko biltzarrean. Hauxe izan zuen azkeneko kongresua.
- 2008ko maiatzean, argitaratu zen Gramatika Jaietan. Patxi Goenagaren omenez liburuan «Euskal estilo-liburuetako gramatika-arloko itzulpen-gomendioez» idatzi zuen artikulua azaltzen da.
2008ko maiatzean Bartzelonan egin zen Congreso Internacional de Neología en las lenguas Románicas izeneko jardunaldietan ere aurkezpen bat hitzartua zuen. Honako hau zen gaia: Palabras y términos prefijados españoles de textos administrativos: ¿neologismos de creación propia o neologismos de préstamo en lengua vasca?.
Argia aldizkarirako egin zituen kolaborazioetan ere jardunaldi horietako batzuen laburpen-artikuluak idatzi zituen.
Axunek itzulpengintzako alorrean aurkeztutako ponentzia gehienek administrazio-hizkerarekin eta administrazio-itzulpenarekin zuten zerikusia, izan ere Administrazioko Euskarari buruzko doktorego-tesia prestatzen ari baitzen Miren Azkarate irakaslearen zuzendaritzapean.
2008ko urrian, Axunen artikuluez osatutako Itzulpengintza-estrategiak liburua aurkeztu zuten Ibarran. Literatur itzulpena zuen aztergai, gaztelaniara itzulitako euskal obra batzuen itzulpena zehatzago esanda, Axunek berak zioenez, oso garrantzitsua baita euskal literatura gaztelaniara eta beste hizkuntza batzuetara itzuli eta beste literatura-sistema batzuetan txertatzea. Eusko Ikaskuntzak emandako laguntza batzuei esker urtero-urtero artikulu bat idazteko ohitura hartu zuen, proiektu bakarraren ikuspegiarekin, etorkizunean liburu osoa izango zenaren kapituluak osatuz. 2005, 2006, eta 2007. urteetan idatzi zituen artikuluak, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano eta Ramon Saizarbitoriaren literatur obra batzuen gaztelaniazko itzulpenaz. Hiru artikulu horiek osatzen dute liburua. 2008an ere eskatu zuen laguntza baina zoritxarrez ez zuen lanik egiteko aukerarik izan.
Euskarara itzulitako liburuak eta artikuluak
- Linazasoro, Iñaki: IBARRA Todo un pueblo - Erabateko herria, Ibarrako Udala, 1997 (euskaratzailea, Axun Aierbe).
- Solé I Camardons, Jordi: Soziolinguistika Gazteentzat, UEUren Soziolinguistika Saila, 1991 (euskaratzailea, Axun Aierbe eta beste zenbait).
- Kortazar, Jon: Euskal Literatura XX. Mendean, Pramés, Zaragoza, 2000 (euskaratzailea, Axun Aierbe).
- Cabré, Mª Teresa: «Terminologia ala terminologiak? Hizkuntza-espezialitatea ala diziplinarteko alorra?», in Uztaro, 40 (2002), 63-74 (euskaratzailea, Axun Aierbe).
- Sager, Juan Carlos: «Terminologia eta itzulpengintza», in Uztaro, 43 (2002), 53-66. (euskaratzailea, Axun Aierbe).
Administrazio-itzulpengintzaz egindako azterlanak
- AIERBE MENDIZABAL, Axun: «La traducción del género en el lenguaje administrativo: El caso de la lengua vasca» in SANTAEMILIA, José (arg.) (2003): Género, lenguaje y traducción, Departament de Filología Anglesa i Alemanya, Universitat de València & Generalitat Valenciana, Conselleria de Benestar Social, Dirección General de la Mujer, Valentzia, 516-526.
- AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Administrazioaren iragarkiak: publizitate-arloko hizkera?» in ALBERDI LARIZGOITIA, Xabier & UGARTEBURU GASTAÑARES, Iñaki (arg.) (2003): Espezialitate-Hizkerak eta Terminologia: Jardunaldiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 255-270.
- AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Análisis comparativo del discurso en textos administrativos en lengua española y en lengua vasca» in Manuel Casado Velarde, Ramón González Ruiz y Mª Victoria Romero Gualda (arg.) (2006) Análisis del discurso: lengua, cultura, valores. Actas del I Congreso Internacional Universidad de Navarra, Pamplona, noviembre 2002, Arco/Libros, Madrid, 1845-1856.
- AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Gaztelaniazko agindu- edota betebehar-balioko geroaldiaren ordainak euskarazko administrazio-testuetan», in Ugarteburu Gastañares, Iñaki; Salaburu Etxeberria, Pello (arg.) (2007): Espezialitateko Hizkerak eta Terminologia II. Euskara estandarra eta espezialitate hizkerak, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 171-184.
- AIERBE MENDIZABAL, Axun: «El léxico específico y la terminología de las noticias de prensa en lengua vasca relacionadas con temas administrativos» in RUIZ MIYARES, Leonel; ÁLVARO MORENO, Celia E. & ÁLVAREZ SILVA, María Rosa (arg.) (2003): VIII Simposio Internacional de Comunicación Social Santiago de Cuba, 20-24 de enero de 2003, Actas-II, Centro de Lingüística Aplicada, Ministerio de Ciencia, Tecnología y Medio Ambiente, Santiago de Cuba, 714-719.
- AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Las unidades fraseológicas eventivas del lenguaje administrativo español y su traducción a la lengua vasca» in D. Luque Durán / A. Pamies Bertrán (arg.) (2007) Interculturalidad y Lenguaje, II: Identidad cultural y pluralidad lingüística
- AIERBE MENDIZABAL, Axun: «La traducción a la lengua vasca de los adjetivos relacionales del ámbito económico utilizados en textos administrativos» in M. T. Cabré, C. Bach, C. Tebé (arg.) (2008). Literalidad y dinamicidad en el discurso económico VI Actividades de IULATERM Verano (09 - 12 de julio de 2007), IULA, DOCUMENTA UNIVERSITARIA, Bartzelona, 187-200.
- AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Euskal estilo-liburuetako gramatika-arloko itzulpen-gomendioez» in Gramatika Jaietan. Patxi Goenagaren omenez liburuan, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2008, 1-12.
- AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Birformulazio-estrategiak eta komunikagarritasuna administrazioko testuetan» in Pello Salaburu Etxeberria, Iñaki Ugarteburu Gastañares (argit.) (2008) Espezialitateko hizkerak eta terminologia III: «Espezialitate Hizkeren Didaktika eta Komunikazioa, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 235-240.
Jardunaldiei buruz egindako laburpenak
- AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Euskalkien erabilera administrazioan» in Argia, 1.856 (2002), 16-17.
- AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Terminoen peskizan» in Argia, 1.871. (2002), 18-19.
Literatur-itzulpengintzaz egindako azterlanak
- AIERBE MENDIZABAL, Axun: Itzulpengintza-estrategiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2008.
Hiru urte jarraian:[2]
- 2001ean Felix Ugarte Itzulpen saria, Teresa Cabré hizkuntzalari katalanak Montrealen argitaratzen den META aldizkarian argitaratutako artikulu bat itzuli zuen frantsesetik: (Terminologies ou terminologies? Spécialité linguistique ou domaine interdisciplinaire?) «Terminologia ala terminologiak? Hizkuntza-espezialitatea ala diziplinarteko alorra?».
- 2002an, Felix Ugarte Itzulpen saria, Juan Carlos Sagerren artikulu bat («Terminología y traducción») itzuli zuen gaztelaniatik: «Terminologia eta Itzulpengintza».
- 2003an, Felix Ugarte Itzulpen saria, Laura Santamariaren artikulu bat («La traducció jurídica, paraula de traductor?») itzuli zuen katalanetik: «Itzulpengintza juridikoa, itzultzailearen hitza?».
Gasteizko Letren Fakultateak omenaldia egin zion 2009ko apirilaren 1ean, bertako irakasle eta dekanorde izan baitzen. Axun Aierbe zenaren lankide, ikasle eta adiskideak bildu ziren familiarekin batera, haren oroimenean. Ekitaldi hartako parte hartzaileak izan ziren Fernando García Norga, Letren Fakultateko dekanoa, Xabier Paya, itzultzaile eta ikasle ohia, Jon Kortazar, Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna eta Axunek parte hartu zuen euskal literaturako ikerketa-proiektuaren ikertzaile nagusia, Miren Azkarate Villar, Axunen irakasle izandakoa eta tesi zuzendaria, eta artean Kulturako sailburua, eta, EIZIEko kide den Maite Imaz Leunda.[2]
EIZIEk ere bere ekarpena egin nahi izan zuen EHUn egin zitzaion omenaldian eta Axun Aierbek Itzul posta-zerrendara bidali zituen mezuen arteko bat berreskuratu zuen egun horretan 2tzul-blogean argitaratzeko. 2tzulbloga 2008ko urrian sortu zen, ItzuL posta-zerrendaren osagarri gisa, ItzuL posta-zerrendako eztabaidetan sortzen diren ekarpen interesgarriak modu sistematikoan jasotzeko. Eta Axunek 2002an funtzionatu eta preskribatu moduko aditzen erregimenaren inguruan Itzulera bidalitako mezuak merezi du blog horretan egotea. Izan ere, ia 5 orrialdeko mezua da; beraz, artikulua, mezua baino gehiago eta bereziki landutako artikulua gainera. Gaurkotasunaren aldetik ez du ezer galdu; artikulu sakona eta oso interesgarria da itzultzaileontzat nahiz hizkuntzalarientzat.[2]