Arkitektura neoklasikoa XVIII. mendearen bigarren erditik XIX. mendearen lehen erdira arte, Neoklasizismo garaian, europar kulturak garatu zuen arkitektura estilo nagusia da. Greziar eta erromatar arkitekturan oinarritzen da gehien bat, hau da, Antzinateko arkitektura klasikoan.
Neoklasizismoa eta erromantizismoa
XVIII. mendean pentsamendu artistikoaren zutabeak arrazoia eta sentimendu erromantikoa dira. Neoklasizismoak antzinate klasikoko estiloa berreskuratzea zuen helburua. Aldiz, erromantizismoa mugimendu zabalagoa eta definitzen zailagoa da. Nolabait esateko, izadira itzultzea eragozten duten bide guztiak bertan behera uztea eta berezkotasuna zen erromantikoen helburu gorena. Erromantikotasunak hein batean izpiritu arrazionalaren murriztailea zen.
Hala ere, aditu askoren ustez, erromantizismoaren baitako joera bat baino ez da neoklasizismoa, artista erromantikoek beren obrak gauzatzeko behar zituzten estiloetako bat, beren helburuak lortzeko erabili zituzten gainerako estiloak baino indar handiagoa izan zuena, ordea. Azken barrokoaren eta, batez ere, rokokoaren mugimendu eta irregulartasunari aurre egiteko neoklasikoa erabili zen, hau da, harmonia betearen eta berezko soiltasunaren estiloa, besteak beste. Antzinate klasikoko moldeak berreskuratzeko joeraz gainera, erromantizismoaren barruan aipagarria izan zen, XIX. mendearen hasieran batez ere, artista erromantikoek ezaugarri gotikoak berreskuratzeko egindako ahalegina. Estilo klasikoetatik gotikoetarako aldaketa horretan eragin handia izan zuen abertzaletasunak, nahiz eta arrazoi etikoak eta erlijiosoak (zintzoa eta kristaua zela esan ohi zen) ere eman ziren. Izan ere, Ingalaterrak, Frantziak eta Alemaniak beren abertzaletasuna azpimarratzeko adierazpidetzat hartu zuten gotikoa.
Arkitekturaren ezaugarriak
Printzipio nagusiaren muina, arrazoia sentimenduari gailentzean datza. Greko-erromatar aitzin aroaren oroimena izan zuen ardatz, arkitekturaren esentziaren bilaketan. Neoklasizismoko arkitekturan, eraikuntzak elementu sinpleen batuketaz konposatzen dira, izaera trinkotik aldenduz. Izaera tektonikoa du, egiturak berak eraikuntza definitzen du. Konposizioa eta eraikuntza batera doaz, eta zutabea berragertzen da bere izaera tektonikoaz. Apaingarriak murrizten doaz, soiltasuna indartuz. Simetria, soiltasuna, kolore murriztasuna, garaipen arkuen erabilera, aurrealdea hiru partetan konposatzea, ordena bakarraren erabilpena... oso ezaugarri nabariak dira.
Garapena
Antzinateko estiloa berreskuratzeko joeran garrantzi handia izan zuten XVIII. mendearen erdialdean egindako arkeologia azterketek. Azterketa haietatik ateratako ondorioak artista neoklasikoen inspirazio iturri izan ziren. Frantzian eta Napoleonen inperioarekin lotura zuten herrialdeetan Erromako estilo klasikoari jarraituz osatu zen estilo neoklasiko deritzon hori, eta aldiz, Napoleonen kontrako aliantzako herrialdeetan, bereziki Britainia Handian eta Alemanian, Greziako antzinako estiloa hartu zuten oinarri. Dena dela, gero eta gehiago zabaldu zen molde greziarrekiko atxikimendua.
Arkitektura neoklasikoaren oinarri teorikoak Ingalaterran (palladianismoa), Frantzian (Laugier) eta Italian (Lodoli eta Milizia) finkatu ziren.
Eraikin motari dagokionez, erakunde politiko-sozial berrien helburuei jarraituz, neoklasizismoaren garaiko arkitekturan gizartearen eta estatuaren onurarako eta erabilerarako obrak osatu ziren oro har. Eskolak, museoak, erietxeak, azokak, espetxeak etab. eraiki ziren batez ere, eta hirigintzak gero eta garrantzi gehiago hartu zuen[1].
Europan
Britainia Handia herri emankorrena izan zen arte mota honetan. Italiak baino lehenago agertu zuen klasizismorako joera Inigo Jones (1573-1652) Palladioren jarraitzailearekin. William Chambersek (1723-1796) tradizio hori areagotu zuen, eta Robert Adamek (1728-1792) garrantzi handia eman zion barne dekorazioari. Henry Hollandek (1745-1806) neo-grekoa edo Greek Revival joera abiarazi zuen. William Wilkins (1776-1839) eta Robert Smirke (1780-1867) dira joera horren arkitekto nagusiak. Lehenak Londresko National Gallery egin zuen, eta British Museum bigarrenak. John Soane (1753-1837) neoklasizismoa berritzen saiatu zen eta George Dancek (1741-1825), kontzepzio erromantikoak agertu zituen. John Nashek (1752-1835) eraikuntza multzo handiak egin zituen, hala nola Londresko Regent’s Parkeko Cumberland Terrace (1827).
Frantzian, Ange-Jacques Gabrielek (1698-1782) neoklasizismorako trantsizioa bideratu zuen, Versaillesko errege-opera (1769) eta Parisko Concorde plazarekin (1762-1770). Parisko Sainte-Geneviève eliza (gaurko Panteoia) Jacques-Germain Souffloten (1713-1780) obra da. Jacques Denis Antoinek (1733-1801) La Monnaie jauregia (1777) eraiki zuen. Marie-Joseph Peyre (1730-1785) eta Charles De Wailly (1730-1798) neoklasiko zorrotzaren jarraitzaileak ziren, eta Odeon antzokia (1782) eraiki zuten. Halaber, azpimarratzekoa da Victor Louis en (1731-1800) Bordeleko Antzoki Handia (1780). Étienne-Louis Boullée (1728-1799) eta Claude Nicolas Ledoux (1736-1806), besteak beste, arkitektura proiektu utopikoen egile izan ziren. Napoleonen etorrerarekin, arkitektura eta hirigintza, are gehiago, agintaritzaren zerbitzura jarri ziren. Arkitekto nagusiak Charles Percier (1764-1838) eta Pierre Fontaine (1762-1853) izan ziren.
Italian, hasierako arkitekto interesgarrienak Lombardian bildu ziren: Giuseppe Piermarini (1734-1808), Milango La Scala antzokiaren egilea (1778), Simone Cantoni (1739-1818), Luigi Canonica (1762-1844). Napoleonen garaian, Giovanni Antonio Antolini (1756-1841) eta Luigi Cagnola (1762-1833) nabarmendu ziren. Erroman, Giuseppe Valadierek (1762- 1839) proiektu handietan esku hartu zuen (Piazza del Popolo).
Espainian, San Fernandoren Akademiak zabaldutako arauetan oinarritu zen neoklasizismoa. Bestalde, Italiatik arkitekto asko joan ziren Madrila, beren kabuz edo Espainiako erregeek deiturik. Ventura Rodríguez (1717-1785) eta Juan de Villanueva (1739-1811) dira espainiar arkitekto nabarmenenak.
Germaniar herrialdeetan, Friedrich Gilly (1772-1880) berritzaile handia izan zen Berlinen. Karl Friedrich Schinkel (1781-1841) aurrekoaren dizipuluak estilo klasikoa zabaldu zuen Prusian.
Errusian, Katalina II.ak eta haren ondokoek ahaleginak egin zituzten, San Petersburgori lehenbizi eta Moskuri gero, hiriburuari zegokion duintasuna emateko. Xede horrekin, kanpoko arkitektoak ekarri zituzten: Charles Cameron (1740-1812), Giacomo Quarenghi (1749-1817), etab. Errusian bertan ere, arkitekto ohargarriak sortu ziren, hala nola, Andreian Zakharov (1761-1811).
Ameriketan
Ipar Ameriketako Estatu Batuei dagokienez, inon ez du arkitektura estilo batek demokraziaren sorrerarekin bat egin herrialde horretan bezala. Izan ere, independentzia eta nazioaren eraikuntza estilo horren hedapenarekin batera agerturik, tenplu grekoa eraikuntza publikoen eredu bihurtu zen: Richmondgo Kapitolioa (1785-1789), Virginiako Unibertsitatea (1804-1827).
Euskal Herrian
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea ilustrazioaren aitzindaria izan zen Hego Euskal Herrian eta Espainian. Lagundiak argi zuen marrazketak zuen garrantzia, eta Euskal Herrian sei eskola ezarri zituen. Eskola hauetan marrazketaz gain, geometria, nautika, arkitektura hidraulikoa eta arkitektura irakasten zen. Ikasle hoberenak, Madrilgo San Fernando Akademiara joan ziren. Euskal Neoklasizismoko pertsonaia eragingarrienen artean Fiscal Campomanes, Justo Antonio Olagibel, eta Silvestre Perez nabarmentzen dira.
- Elizak: Iruñeko Andre Maria Erreginaren katedrala (Nafarroa), Erdoiztako baseliza (Gipuzkoa), Mutrikuko Jasokundeko Ama Birjinaren parroki-eliza (Gipuzkoa),
- Plazak: Gasteizko Plaza Berria (Araba), Donostiako Konstituzio plaza (Gipuzkoa), Tolosako Euskal Herria plaza (Gipuzkoa).
- Bestelakoak: Gernikako Batzarretxea (Bizkaia), Gasteizko Arkupea (Araba).
Arkitekto neoklasikoak
Euskal Herrian
Kanpoan
- Robert Adam
- Étienne-Louis Boullée
- Claude Nicholas Ledoux
- Ange Jaques Gabriel
- David Gilly
- Friederich Gilly
- Nicholas Hawksmoor
- Inigo Jones
- Ventura Rodriguez
- Karl Friedrich Schinkel
- John Soane
- Jacques-Germain Soufflot
- Juan de Villanueva
- Leo Von Klenze
- Christopher Wren
Bibliografia
- Zenikazelaia, Javier. Arkitektura neoklasikoa Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, 1990. ISBN 84-86641-12-8
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.