matematikaria eta politikoa From Wikipedia, the free encyclopedia
Anjeles Iztueta Azkue (Tolosa, 1954ko urriaren 16a) euskal matematikaria, irakasle, eta politikaria da. Eusko Alkartasuneko kidea. Emakunden eta Eustat-en egin du lan, betiere ikerketa eta estatistika matematikoaren arloan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua ere izan zen Juan Jose Ibarretxe lehendakaria zela (2001-2005).[1]
Anjeles Iztueta Azkue | |||
---|---|---|---|
(2017) | |||
2001 - 2005 | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Tolosa, 1954ko urriaren 16a (70 urte) | ||
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Valladolideko Unibertsitatea | ||
Hizkuntzak | euskara gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | estatistikaria, politikaria eta unibertsitateko irakaslea | ||
Enplegatzailea(k) | UNED Euskal Herriko Unibertsitatea Deustuko Unibertsitatea EUSTAT (1982 - 2018) Emakunde (1989 - 1993) | ||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||
Jasotako sariak | ikusi
| ||
Kidetza | Eusko Ikaskuntza Emakunde Udako Euskal Unibertsitatea Innobasque International Statistical Institute Asmoz Fundazioa | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Alderdi politikoa | Eusko Alkartasuna | ||
Matematika Zientzietan lizentziatura eta gradu-tesina eginak ditu Valladolideko Unibertsitatean. Bertan egin zuen gero doktorego ikastaroen ziklo osoa ere.[2] Estatistikako kontzeptuak eta metodologia ondo menperatzen dituenez hainbat tesitan eta proiektutan aritu izan da alde estatistikoa lantzeko aholkulari estatistiko-matematiko gisa. Egindako ekarpenak batez ere bi alor hauetan izan dira: batetik, estatistika ofizialetako eta ikerketa soziologiko, ekonomiko, osasun eta hizkuntzetarako lagin-diseinu konplexuak, eta bestetik, Benzécri-ren L´Analyse des donnees[3] eskola frantseseko aldagai anitzeko analisi estatistikoak.
Eusko Jaurlaritzan aritu izan zenean Unibertsitate Sistemaren Legea, Euskal curriculuma eta Haur-eskola Partzuergoaren Dekretua onartu ziren, besteak beste.[1]
Matematika euskaraz landu zituzten aitzindarietako bat izan zen Iztueta 1970eko hamarkadan, batez ere estatistika arloan aritu zen bera. EAEko Euskararen Aholku Batzordeko kidea ere izan da hainbat urtetan.[4] Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan da (2014-2023), Eusko Ikaskuntzan Arabako lehendakariordea (2016-2023), eta 2021az geroztikUdako Euskal Unibertsitateko Talde Eragileko kidea da.[5][6]
Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan da (2014/2023), Arabako lehendakariordea Eusko Ikaskuntzan (2016/2023) eta 2021az geroztik Udako Euskal Unibertsitateko Talde Exekutiboko kidea da.
Tolosako ikastolan ibili zen hasieran 1957-1960 urteetan, ezkutuko eta haserako ikastola haietako batean, gero 6 urterekin moja-eskola batera joan zen eta han libre erara egin zituen urtez urte bai batxilerra elementala baita goi mailako batxilerra. Urtean behin egiten zituzten azterketak Donostiako Peñaflorida Institutoan.[7][8]
Hamasei urterekin beka bat eman zioten Unibertsitate Laboraletarako, eta Zaragozan egin zuen, orduan COU deitzen zen unibertsitate aurreko urtea. Matematika-ikasketak egin zituen gero Valladolideko Unibertsitatean soldata-beka deituriko laguntzarekin.[8]
Garai hartan Tolosa erabat erdalduna zen, baina Iztuetatarrenean euskaraz bizi ziren.[8]
1978an Udako Euskal Unibertsitateak Larraona ikastetxean (Iruñea) antolatu zuen lehen hamabostaldian parte hartu zuen, Matematika Sailean. Garai hartan Valladoliden zen matematika ikasle. Gerora ere urtero parte hartu zuen Larraonan. [9]
Sarrikon dagoen Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasle zela matematika euskaraz emateko lehen saiakera egin zuten 1977an. UEUko Matematika Saila izan zen ekinbide hori bideratzeko lan-taldea eta matematika hiztegia ere elkarrekin landu zuten, UEUren babesean.[9] Matematika euskaraz lantzen aitzindaria izan zen talde horretan ibili ziren hauek, besteak beste: Maria Jesus Alkain, Edurne Biritxinaga Gaztelurrutia, Maria Jesus Esteban Galarza, Karmele Fernandez Agirre, Jesus Mari Goñi Zabala, Jesus Mari Larrazabal, Xabier Mauleon, Karlos Santamaria Ansa, Arantza Urkaregi, Yosu Yurramendi, Mari Jose Zarate Azkuna eta Enrique Zuazua Iriondo.
Matematika orokorrean eta estatistika bereziki euskaraz landu zituzten aitzindarietako bat izan zen Iztueta. Bi liburu hauek argitaratu zituen UEUko lehenengo urteetan:
Matematikan eta estatistikan egindako ibilbidearen aitortza moduan 2000ko sarrera-hitzaldia emateko gonbidatu zuen UEUk. Hitzaldiaren izenburua hau izan zen: "Matematikak: zenbaki eta eredu bizidunak".
1977tik 1982ra Estatistika eta Matematika gaietarako irakaslea izan zen UPV/EHUn Sarrikon, Donostiako Elizaren Magisteritza Eskolan (Matematika lehen promozioan), Deustu-ESTEn (Estatistika bai lizentziaturan eta bai Masterrean), eta UNEDen (Psikologia Matematikoa). Hogeita bi urte besterik ez zuen irakasle hasi zenean; Valladolidetik itzuli berritan buru-belarri murgildu zen horretan, batez ere unibertsitatea euskalduntze-ahalegin hartan.[1]
Ikasle gisa lehenik, eta gero irakasle gisa ere, Euskal Herriko Unibertsitatearen alde lan egiten zuen inguruko lankideekin. Amets egiten zuten artean existitzen ez zen Euskal Herriaren zerbitzura eta euskalduna ere izango zen unibertsitatearekin, eta horren alde ahaleginak egiten zituzten. Garai hartan antolatu ziren lehen matematika klaseak euskaraz Sarrikon, eta Iztueta izan zen lehenengo irkaslea. Taldekoek Karlos Santamaria buru zutela landu zuten lehen matematika hiztegia. Leioako Zientzia Fakultatean hasia zen fisika euskaraz ematen Jose Ramon Etxebarria, kimika ematen Luis Mari Bandres. Horiek ziren imitatzeko eredua.[8] UEUko Larraona ikastetxean landutako UEUkide-sare hura beti izan da erreferente bat Iztuetaren ibilbide profesionalean.[9]
« | Nola sortu ziren zenbaki konplexuak? Zenbaki negatiboaren erroa askatu ezinik egon ziren —erraza ematen du baina zaila zen—, orduan esan zuten: -1 ren erroa, “i” da, eta horri zenbaki imajinarioa deituko diogu. Horrek bi arlotan pentsa arazten dit, zenbaki konplexuak beti dituzte bi zati, zati erreala eta zati imajinarioa. Errealitatean ere aurrera pausuak emateko beti erabili behar dugu errealismoa eta imajinazioa. Errealismotik bakarrik ez dugu ezer ez egiten eta imajinaziotik bakarrik ere ez, baina bien konbinazioa oso indartsua da aurrera egiteko. Formula horrek, errealismoa eta imajinazioa batze horrek, indar asko du | » |
1982an unibertsitate-irakaskuntza utzi zuen, sortu berria zen Eusko Jaurlaritzara joateko, ikerketa eta estatistika-matematikoaren arloan. Eusko Jaurlaritzako lehen lau urteetan arlo hura Metodologiaz, Diseinuaz eta Aholkularitza estatistiko-matematikoaz arduratzen zen, eta Eusko Jaurlaritzako beste arloetara ere eskaintzen zuen zerbitzu hori garaiko Estatistika Zuzendaritzak.
Gero 1986an Euskal Estatistika Erakundean (EUSTAT) sortu zen eta hor Iztueta Metodologia eta I+G+b arduraduna izatera pasa zen. Bizitza profesionaleko urte gehienak EUSTATen eman zituen.[14][15]
Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuan sortu zenean bertan lehen arduraduna izan zen Ikerketa, Plangintza eta Dokumentazioa atalean (1989-1993).
Matematikari moduan bere ikerketa-lanak batez ere arlo kuantitatiboan zentratu dira, baita estatistika ofizialetako metodologia eta diseinuetan. Estatistika ofiziala eta I+G proiektuetan Ikerketa-proiektuak zuzendu ditu eta EUROSTATek koordinatutako hainbat proiektuetan parte hartu du Europa mailan. Aholkularitza teknikoa, irakaskuntza eta lan eta ikerketa eremuak hauek izan dira: lagin-diseinu konplexuak, datuen sintesirako teknika kuantitatiboak eta aldagai anitzeko analisiak. ISI eta IASSeko kidea eta hauetako bi urtez behineko bilkuratan partehartzaile.
Hezkuntza-sistemaren analista gisa Eusko Jaurlaritzako Sailburua izan zen legegintzaldi batetan eta hainbat hitzaldi eman zituen bilkura eta kongresuetan. Hitzaldi horiek liburu batean bilduta daude eta horietan garatu zituen gai nagusiak bost izan ziren: kalitatezko eskola-eredu demokratikoa, unibertsitateen garapena eta kudeaketa, lanbide heziketa Europako estrategian, haur-eskolak antolatzeko arauak, ikerkuntza, enpresako estrategia, eta bizialdi osoko formakuntza.[17]
1980ean oso informazio estatistiko gutxi zegoen Euskal Herriari buruz, baina informazioa beharrezkoa zen edozein planifikaziotan. Gernikako Autonomia Estatutuak 1979an gobernantza-area gisa definitu zuen estatistika, eta gero Eusko Jaurlaritzak hasiera-hasieratik sortu zuen Estatistika Zuzendaritza gerora 1986 EUSTAT erakunde autonomoa izango zena.
Iztueta Eustat-en Ikerketa eta Metodologia Estatistiko-Matematikoaren arloaren arduraduna izan zen urte askotan. Metodologiak, prestakuntza, bekak, ikerketa-lankidetzak unibertsitateekin sartzen ziren egitekoen artean. EUETATek informazio asko bildu zuen urte guzti haietan eta ospea lortu zuen nazioartean. EUSTATen, NASTATen eta IINSEE Iparraldeko zerbitzuan zeuden datu guztiak batu izan ditu gero GAINDEGIA zerbitzuak, Euskal Herri osoko informazio estatistikoa eskaini ahal izateko, horretan kolaboratzaile eta bultzatzaile sutsua izan zen hasieratik.[8][18][19]
Iztueta nazioarteko ISI institutuko (International Statistical Institute) kide izendatu zuten 1996ean eta IASS elkartekoan (International Association of Survey Statisticians[20]) kide aktiboa izan zen hainbat urtetan. Bi urtez behin eginiko batzarretan parte hartu zuen 1983tik 1999ra aldian.
1983-1999 aldi horretan EUSTATeko Estatistikako Nazioarteko mintegia zuzendu zuen, nazioartean ospe handiko ikerlari eta metodologoen parte-hartzea bideratuz. Punta puntako matematikari eta estatistika ofizialetan adituak ziren metodologoekin harreman zuzena izan zuen (L. Kish, C.R. Cochram, C.R. Rao, F. Azorin…).
2010an Gaindegiak argitaratutako «Euskal Herriak: Erronka sozio-ekonomikoak | Gaindegia» liburuak kapitulu oso batean jaso zituen Iztuetaren ikuspuntu sozio-ekonomikoak.[18] Guztira 14 aditu hauen ikuspuntuak jaso zituen liburuak: Jon Azua, Michel Etchebest, Ainhoa Etxaide, Anjeles Iztueta, Nekane Jurado, Antxon Lafont, Juan Carlos Longas, Adolfo Muñoz, Mixel Berhokoirigoin, Paul Nicholson, Koldo Saratxaga, Pedro Luis Uriarte, eta Eduardo Zubiaurre.
Matematikatik kanpoko doktore-tesitan parte hartu zuen Iztuetak arlo estatistiko eta matematikoan aholkularitzan. Besteak beste lau tesi hauetan parte hartu zuen:
Urteetan zehar 50etik gora artikulu eta parte hartze izan ditu estatistikako kongresu eta nazioarteko foroetan.[23] Esaterako, artikulu hauek lotura dute Iztuetak estatistikan egin duen ikerketa-lanekin:
Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak sorturiko 15 lan baino gehiago bildu dira.
Estatistikako kontzeptuak eta metodologia ondo menperatzen zuenez hainbat proiektu ofizial eta pribatutan aritu izan da aholkulari estatistiko-matematiko gisa. Egindako ekarpenak batez ere alor hauetan izan dira: lagin-diseinu konplexuak, datuen sintesirako teknika kuantitatiboak eta aldagai anitzeko analisiak. Besteak beste proiektu hauetan aritu da:
Espezialitate-ikastaroak eman ditu, graduondo eta euskal administrazioko prestakuntza-plangintzetan, beti ere estatistika eta matematikaren arloetan, eta batez ere laginketa teknika estatistikoen arloan.
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak deituta 1999an Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gizarte Gaietarako Sailburuorde hasi zen.[30][31] Eta hurrengo legealdian, 2001ean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua izan zen.[32][33][34]
Hauek izan ziren sailburuak: Idoia Zenarruzabeitia (Lehendakariordetza eta Ogasuna eta Herri Administrazioa), Anjeles Iztueta (Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa), Javier Balza (Herrizaingoa), Ana Aguirre (Industria, Merkataritza eta Turismoa), Javier Madrazo (Etxebizitza eta Gizarte Gaiak), Joseba Azkarraga (Justizia, Lana eta Gizarte Segurantza) , Gabriel Maria Inclan (Osasuna), Miren Azkarate (Kultura eta bozeramailea), Sabin Intxaurraga (Lurralde Antolamendua eta Ingurumena), Alvaro Amann (Garraioa eta Herri Lanak), eta Gonzalo Saenz de Samaniego (Nekazaritza eta Arrantza).
Urte horietan Hezkuntza Sailak urratsak egin zituen gai hauetan: Haur Eskolak, Lanbide Heziketaren bikaintasuna, gehiengo sindikalarekin akordio zabalak, Euskal Curriculuma, euskara eta ereduen ebaluazioa...[35][36]
Hauek dira Iztuetaren lan taldeak finkatu zituen sei erronkak:[37][1]
« | Oraindik ere legeak alde baditugu ere, ez dira betetzen, eta euskara menpeko hizkuntza dugu. [...] Lortu behar dugu euskarak unibertsitatean balio erantsia izatea. | » |
—Anjeles Iztueta, 2010[18] |
Hezkuntza-sistema propio baten alde urratsa izan zen Unibertsitate Sistemaren Legea onartzea 2004an. Presio handiak izan ziren proiektuaren kontra, baina legearen aldeko kontsentsu zabala lortu zuen Iztuetaren taldeak eta legea lantzeko orduan handia izan zen parte hartzea. Ordura arte, unibertsitate publikoko irakasleek Espainiako funtzionarioa izan behar zuten, derrigor; legearekin, atea ireki egin zitzaion unibertsitateko irakasleria propioari, urteetako eskaera zenari. Unibertsitate-sistema osoarentzat egin zen legea (EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea). Esparru unibertsitarioan euskara berezko hizkuntzatzat hartzen zuen legeak, eta zentralitatea ematen zion. Gainera, euskarazko online unibertsitate bat sortzeko aukera ere zabaldu zuen legeak, nahiz eta gero oraindik horrelakorik ez den gauzatu.[38][39]
2022an «Euskal Unibertsitate Sistema: legea, erronkak eta etorkizuna» izenburuko artikulua idatzi zuen Jakin aldizkarian. Bi hamarkada pasata, honela ikusten zuen legearen garapena: batetik harrituta zegoen, asko eginda zegoelako, Ikerketan eta bikaintasunean pauso handiak emanda baitzeuden; bestetik Euskal Unibertsitate Sistema asko zabaldu zela, eta konplexutasun handiko ekosistema da gaur egun, EAEtik Euskal Herri osora lankidetza zabaltzeko ere ahaleginak egin eta urratsak eman dira.[40]
Euskal curriculuma ere onartu zen legealdi hartan, 2004an. Horretan ere kritika asko jaso zituen, baina eskola publikoen, ikastolen, kristau eskolen eta hezkuntza komunitateko eragileen artean adostu eta landutako proiektua zenez aurrera atera ahal izan zuten. Aldiz, Hezkuntza Saila Hezkuntza Sistemarako Lege bat ateratzen saiatu bazen ere, ahalegin haiek gelditu edo izoztu egin behar izan zituzten. Eta bestalde, Bertendonako institutuko irakasleen protesta oso mediatikoa izan zen garai hartan. Hori gertatu zen Hezkuntza sistemako funtzionarioen euskara mailari buruzko eskakizunak bete beharrekoak zirela Eusko Jaurlaritzak berretsi zuenean. Presioak izugarriak izan ziren, alde guztietatik.[38][42][43]
Emakunden egon zenean hasi zen arlo hau lantzen. Gero Gizarte Gaietako Sailburu-orde izan zenean I Euskal Familien Plana egin zutenean. arreta berezia eman zioten haur-eskolei. Azkenik Hezkuntza Ikerketa eta Unibertsitate Sailburua izanik onartu zuten Haur-eskola Partzuergoaren Dekretua.[44] Eskandinavia izan zen dekretu hura osatzeko erreferentzia nagusia. Garai hartan Iztueta 3 gazteren ama zen.
Dekretuak harrera ona izan zuen. Urrats nabarmena izan zen euskara sustatzeko eta herri txikiak sendotzearen alde.[45] Arrakasta horren froga gisa aipatu daiteke dekretuaren arabera sortutako haur-eskolek 10 urte bete zituztenean, orduko Sailburu Cristina Uriartek ekitaldira gonbidatu zuela Iztueta eta hitza eman ziola Sailak Iztuetari eskerrona adierazteko keinu gisa.[46]
Eusko Jaurlaritzako Kontseilaria izan zen zazpi urteetan hainbat hitzaldi eman zituen bilkura eta kongresuetan. Hitzaldi horietan garatu zituen gai nagusiak bost izan ziren: kalitatezko eskola-eredu demokratikoa, unibertsitateen garapena eta kudeaketa, lanbide heziketa Europako estrategian, haur-eskolak antolatzeko arauak, ikerkuntza, enpresako estrategia, eta bizialdi osoko formakuntza. Iztuetako taldearen helburuak eta printzipioak, lana, eta horren emaitzak liburu batean bildu zituen Leire 2004an. Liburu horretan Anjeles Iztuetak idatzitako artikulu guztiak, argitaratutako elkarrizketa guztiak eta bere hitzaldi eta prentsaurrekoetako testuak bildu zituen. Bigarrenik, kronologikoki ordenatu dira eta iturriak aztertu dira, ondoren gaien arabera multzokatzeko.[35]
Besteak beste, hauek izan ziren 2002 eta 2003 urteetan gai horietako bakoitzean garatu zituen hitzaldiak:
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu izan zen lau urteetan hitzaldiez gain hainbat prentsa-aurreko ere eman zituen. Prentsaurreko horien testuak jasota daude liburu batean.[35] Hauek izan ziren 2001, 2002 eta 2003 urteetan emandakoak:
2014tik 2023ra bitarte Eusko Ikaskuntzako Lehendakari ordea izan zen Araban, baita Innobasque-ko Zuzendaritza Batzordekoa 2016tik.[2][47][48][49][50]
Eusko Ikaskuntzan hainbat ekitaldi eta bilkura antolatzen parte hartu du. Esate baterako, 2017an "Gazteak-euskara binomio dinamikoa: erabilera sustatzeko gakoak" jardunaldia antolatu zuen Gasteizen.[51] Jardunaldi horren ondorioetan bi ardatz nagusi proposatu ziren: ikerketa-lerroak eta eragileentzako ekintza-proposamenak. Ildo horretatik tiraka, Eusko Ikaskuntza beka batekin, ikerketa lerro bat sortu zuen Joseba Fernandez de Landa soziologoak Ixa taldearekin batera. Geroago artikulu hauek argitaratu zituzten egindako lana dokumentatzeko:[52]
Gai horretan sakonduta, Fernandez de Landa soziologoak 2021ean Ikergazte saria irabazi zuen.[54][55]
Eusko Ikaskuntzaren barrutik antolatutako ekitaldi horietan Iztuetak ikusi du kontsentsua sortu dela aditu desberdinen artean, nolabait euskararen munduan badirudi paradigma aldaketa bat sortzen ari dela. Orain arte kontua zen euskara ikastea, baina orain gehiago da dakitenek erabiltzea. Zeren ikasi gehienek ikasten dute eskolan, baina kontua da ikasten duten horiek erabiltzera nola bultzatu. Zer nolako indarrak behar diren aztertu behar direla dio, kontrako indarrak ere badirelako, globalizazioaren garai honetan ia mundu guztia sare sozialetan eta aritzen den garai honetan. Iztuetaren ustez euskararentzat momentu oso interesgarria da, asko aurreratu da azken 50 urteetan baina erronka berriak ere badira eta hurrengo gailurretara heltzea ez da erreza izango.[2]
Profesional langilea eta aldi berean ama izaten hasi ziren aitzindarietako bat izan zen Iztueta 1970eko hamarraldian. Ordura arte ama lehenengo aldiz izatean ohiko zen bizitza profesionaletik erretiratzea eta etxeko bizimoduan bakarrik aritzea. Lanean jarraitzeko erabakia oso argi zuenez, moldatu egin zen ama eta langilea izaten, biak ala biak.[8][1]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.