Zuberoan egiten den herri-antzerkia da, hasieratik amaiera arte bertsoz kantatzen dena From Wikipedia, the free encyclopedia
Pastorala Zuberoan egiten den herri-antzerkia da, kanpoan, herriko plazan, hartarako nahita jarrita dagoen antzeztoki edo triate baten gainean ematen dena. Antzezpena, hasieratik amaiera arte bertsoz kantatzen da, Zuberoako euskaran.
Duela gutxi arte, edo herriko gizonezkoek bakarrik, edo, gutxiagotan, herriko emakumezkoek bakarrik antzezten zuten, baina azken urte hauetan gizon-emakumeek parte hartzen dute haietan. Antzerki emanaldia, berez, süjeta edo pertsonaia nagusi baten bizitzan oinarritzen da eta gaiztoen eta onen arteko borroka baten arabera egituratua da.
Seguru aski Erdi Aroko antzerkian du jatorria, nahiz eta lehen idazkiak XVII. mendekoak izan. Horrek adierazten du ahozko literaturan garrantzi handiko adierazpidea zela. Lehenagoko aipamenak dauden arren, zalantzarik gabe datatutako pastoralik zaharrena "Sainte Elisabeth de Portugal" da, 1750ean Eskiulan antzeztu zena[1].
Urtero Zuberoako herri bati egokitzen zaio udan pastorala bi alditan antzeztea.
Zuberoako herri teatroan maskaradak eta pastoralak (edo trajeriak) bereizten dira. Haiez gainera, halere, izan dira lehenago, antzezmoduaren aldetik pastoralen antz zerbait zuten baina irri eginarazteko eginak ziren inauterietako fartsak (Bacchus, Pansart), eta xaribari gaietako fartsa laburragoak (Kaniko eta Beltxitine, Xiberua eta Martzeline,…). Hauek, ordea, aspaldi honetan ez dira antzezten, eta ez dute segidarik izan.
Ikertzaile gehienen arabera pastoralak Erdi Aroko Europako misterioen urruneko hondarrak dira, ziurrenik ere, zeharka, Frantziako nekazari antzerkiaren bidez Zuberoara helduak. Ez dirudi Zuberoatik kanpo antzerki mota horrek sekula errorik egin duenik Euskal Herrian, eta ez da argi noiz hasi zen Zuberoan. Lekukotasun segur bakarrak eta eskuizkribu zaharrenak XVIII. mendekoak dira. Oihenartek, 1665ean frantsesez egindako idazlan batean, Joanes Etxegarai izeneko pastoral idazle bat aipatzen du. Apaiza omen zen, eta "Artzain gorria" bertsotan egindako pastorala idatzi omen zuen, Donibane Garazin XVI. mendearen erdialdean eman izan zena. Ez da batere segur, ordea, Oihenartek pastoral hitza erabiltzen zuelarik, Zuberoako pastoralak bezalako antzerkiak gogoan zituela, frantsesez pastorale hitza asko moldetara erabilia izan baita letra gaietan XVI. eta XVII. mendean. Berdin gertatzen da "Saint Jacques" pastoralaren eskuizkribu batekin. Hartan 1634. urtea irakurtzen dute zenbaitek, baina beste batzuek dudatan ematen dute irakurketa hori, eskuizkribua XIX. mendekoa izanik, haren bukaeran ageri den zenbakia ere kopistak pastorala jokarazi zuen urteari dagokiola, eta egiatan 1834 dela, baitiote.
Horiek horrela, eztabaidak badira oraindik, Zuberoako pastoralak noiz hasi ziren finkatzerakoan. Batzuek türk deiturak gogora ekarrarazten dituen historiako garaiak kontuan edukiz, Mendebaldeko Europa oraino turkiarren beldur zen denbora, alegia, XVI. mendea bederen, aipatzen dute. Beste batzuek, aldiz, dokumentu seguretan bakarrik fidatu nahiz XVIII. mendean gelditzen dira, edo hortik ez gehiegi urruntzen. Georges Hérelle ikertzaileak egin zituen XX. mendearen hasieran pastoralei buruzko azterketa sakonak, eta hari esker aski ongi ezagutzen da nola ematen ziren duela ehun urte pastoralak. Nahiz eskuizkribu askotxo gelditu den (berrogeita hamar obra baino gehiagori dagozkienak), pastoral testu gutxi argitaratu da osorik orain arte ("Saint Julien d’Antioche" joan den mendean, "Charlemagne" 1991n, "Edipa" eta "Sainta Catherina" 1996n, eta zenbait fartsa). Pastoral zahar gehienek gai erlijiozkoa zuten, eta Bibliako pertsonaietan edo santuen tradizioan oinarritzen ziren ("Abraham", "Moise", "Saint Jacques", "Hélene de Constantinople", "Sainte Marguerite"). Beste sail bat osatzen zuten zaldun kantuak edo pertsonaia historiko fama handiko batzuk aipatzen zituzten pastoralek ("Aymonen laur semiak", "Robert le Diable", "Clovis", "Roland", "Napoleon"…).
Azken gerraren ondoren, Etxahun-Irurik berpiztu zituen pastoralak, bederatzi pastoral berri idatzi eta emanarazi zituelarik. Euskal gaiak erabiltzea, hizkuntza sotila eta kantuei leku zabalagoa ematea dira Etxahun-Irurik ekarri zituen berrikuntzarik garrantzitsuenak. Junes Casenavek ere eragin handia izan du pastoralen bilakaeran. Berak idatzitako obretan euskara jasoa erabiltzen da, historia ongi dokumentaturik dago eta bertsoen metrika finkoa da. Haren ondorengo pastoral idazle gehienek bide bera hartu dute[2]. Honi esker, era askotako aldakuntzak gertaturik ere, tradizioarekin egiazki hautsi gabe bizirik segitzen du Zuberoako herri antzerki mota berezi horrek, eta idazle berriek obra berriak idazten dituzte.
Pastoral berriek, zaharrekin erkatuz, dituzten bereizgarri nagusien artean hauek aipa daitezke:
Pastoralen gaiek bi denbora tarte bereizten dituzte, 1950. urtea mugarri izaki. Urte hortaraino, antzezpenak gai erlijioso (santu edo bibliako pertsonaietan oinarrituak) edo politiko-militarrak (Frantses estatukoak) izaten ziren. Etxahun-Irurik baina, pastoralak irauli zituen Euskal Herriko gaiak baliatzen hastean. 1950. urtetik aurrera beraz, euskal historian pisua izan duten pertsonaien inguruan egin ohi dira. Adibidez, Etxahunen bederatzi pastoraletarik zortzik euskal gaia dute: "Etxahun koblakari" (1953), "Matalaz" (1955), "Berterretch" (1958), "Antso Azkarra" (1963), "Le Comte de Tréville" (1966), "Chiquito de Cambo" (1967), "Pette Beretter" (1973). Gauza bera esan daiteke azken urteetan beste idazleek idatziriko pastoral jokatuez. Besteren artean, "Santa Kruz" (1992, Junes Casenave), "A. d’Oihenart" (1985, Allande Agergarai), "Abadia Urrüstoi" (1990, Jean Louis Davant), "Harizpe" (1992, Pier Paul Berzaitz), "Xalbador" (1991, Roger Idiart) eta "Telesforo Monzon" (2011, Johañe Bordaxar) ditugu. Lehenagoko pastoral ontzaileek, aitzitik, erdarazko herri literaturatik ateratzen zituzten pastoral gaiak, eta horregatik frantsesezko deitura batez aurkeztu ohi zituzten beren obretako pertsonaiak.
Gaiaren aukeraketa bi modutakoa izan daiteke. Posible da herriak gai bat aukeratu eta norbaiti horri buruz idaztea eskatzea edo eta idazle batek pastoral bat idatzi eta herri bati eskaintzea.
Mundu dualista bat irudikatzen da. Pertsonaiak onak edo gaiztoak dira.
Horiez gain pertsonaia zerutiarrak, guztien gainetik daudenak: aingeruak, apaizak, Jainkoa (hau ez da inoiz agertzen, norbaiten ahotsa bakarrik entzuten da)...
Eszenatokiak urteen poderioz (eta arrakastaren ondorioz), txikiak izatetik, guztiz prestatuak izatera pasatu dira. Handiak, pasarelekin, harmailez inguratuta...etab. Hasiera batean elizetan ospatzen ziren antzerkiak, baina ematen zen narrazio gordinengatik eraikinetik kanporatua izan zen.
Antzeztokiaren atzean hiru ate ageri dira. Bata, ikusleen ezkerreko aldean jarria dena, onen edo khirixtien alderdiko pertsonaiena da, eta kolore urdina dagokio. Bigarren atea, ikusleen eskuineko aldean dena, gaizto edo türken alderdiarena da, eta kolore gorria dagokio. Honen gainean deabru irudia duen zurezko panpina bat izan ohi da. Azken atea erdian dago, eta zuria da. Antzeztokiaren gainean eraikitako etxola moduko aterpe batean, musikariak egoten dira.
Pastoralen aurretik, munstra egin ohi da. Munstra, inguruko auzo eta herrietan egiten den deialdi bat da, pastoralaren egunean edo aurrekoan.
Antzezlanak, 3-4 oren irauten ditu, eta ondorengo egitura dauka:
Antzezlana publiko aurrean birritan errepikatzen da, eta aurretik entseguak edo mustrakak egiten dira.
Egun, musika talde oso batek zuzenean jotzen duen arren, lehenago txirula eta atabalaren hotsek soilik laguntzen zituzten pastoralak. Urteetan zehar hainbat berrikuntza sartu izan dira, eta adibidez 1991ko Harizpe pastoralean, sintetizadorea sartu zuen Pier Paul Berzaitzek.
Kantua da pastoralaren ezaugarri nagusienetakoa, bertsoek osatzen baitute antzerki osoa. Testua liburuetan biltzen da, ikusleek eskura izan dezaten. Liburuxkan euskara batuan ere gehitzen dira xiberotar zenbait hitz, eta frantsesez ere egoten da itzulita. Kantu gregorianoek garrantzi handia zuten lehen, pertsonaiak eszenatokira sartu eta irteten ziren bitartean[3]. Lehengo pastoraletan ematen ez zen beste ezaugarri bat, koruek abesten dituzten kantak dira. Etxahun-Iruri aitzindaria izan zen koruei pisu handiagoa ematen, aitzinetik bizpahiru kantu abesten baitzituzten, eta latinez[2].
Dantzak ere garrantzia du pastoraletan, eta urtez-urte ematen zaion pisua aldakorra den heinean, berritzailea ere izan da. 2011n Larrainen egindako pastoralean adibidez bi bandoen (batzuetan haien artekoak) dantzez gain, dantza modernoagoak tartekatu ziren.
Antzezleak, pastoralaren kargu dagoen herrikoak izaten dira orokorrean, bertako auzoetako edo batzuetan (jende gutxiko herrietan) alboko herrietako jendeaz lagunduta. Aitzina, soilik gizonezkoak ziren, eta emakumeen paperetan ere mozorrotutako gizonezkoek jarduten zuten. Egoera hori Junes Casenaveek idatzitako Santa Engrazi pastoralarekin, 1976an aldatu zen; urte horren uztailaren 27an, lehen aldiz emakumeek abesbatzan parte hartu zuten. [4]
Urtea | Herriak | Izenburua | Idazlea |
---|---|---|---|
1634 | Atharratze | Saint Jacques | |
Urtea | Herriak | Izenburua | Idazlea |
---|---|---|---|
1800 | Maule | Abraham | |
1799 | Clovis | ||
1798 | Urdiñarbe | Godefroy de Bouillon | |
1796 | Ürrüstoi | L'enfant prodigue | |
1796 | Lexantzü | Hèlëne de Constantinople | |
1796 | Aloze | Roland | |
1793 | Urdiñarbe | Godefroy de Bouillon | |
1793 | Garindaine | Œdipe | |
1792 | Ereta | Saint Louis | |
1790 | Ainharbe | Godefroy de Bouillon | |
1784 | Rivehaute | Hèlëne de Constantinople | |
1783 | Rivehaute | Hèlëne de Constantinople | |
1783 | Ezpeize | Saint Martin | |
1773 | Altzabeheti | Abraham | |
1770 | Onizepea | L'enfant prodigue | |
1770 | Sarrikotapea | Clovis | |
1769 | Altzabeheti | Saint Eustache | |
1769 | Zalgize | Richard sans peur | |
1760 | Larraine | Jean de Paris | |
1759 | Gamere | Œdipe | |
1750 | Eskiula | Sainte Elisabeth du Portugal | |
Urtea | Herriak | Izenburua | Idazlea |
---|---|---|---|
1900 | Lizinaga | François Ier | J. Aguer Burguburu |
1893 | Bildoze | Judith | |
1891 | Larraine | Jeanne d'Arc | |
1878 | Aronse | Moises | |
1866 | Arette | Jeanne d'Arc | J.B. Cassou |
1858 | Atharratze | Clovis | Jean Pierre Busson |
1857 | Jean de Paris | Juan Bordato | |
1857 | Atharratze | Nabukonodosor | Jean Pierre Busson |
1853 | Godefroy de Bouillon | ||
1849 | Ezpeize | Robert le diable | |
1849 | Donapaleu | Napoleon | |
1842 | Lexantzü-Zunharre | Jacques le Majeur | |
1840 | Barkoxe | Alexandre | |
1839 | Santa Grazi | Les trois martyrs | |
1839 | Atharratze | Santa Catherine | J.P. Saffores |
1836 | Atharratze | Astiaje | J.P. Saffores |
1835 | Eskiula | Charlemagne | Bassagaix |
1831 | Garindañe | Saint Pierre | Jean Mecol |
1830 | Lextarre | Saint Jean le Baptiste | J.P. Saffores |
1829 | Barkoxe | Moustapha | |
1827 | Eskiula | Jerusalem | Bessiger |
1826 | Arette | San Louis | T. Cassou |
1825 | Barkoxe | San Roque | Jean Chaten |
1820 | Etxarri | Samson | |
1820 | Arüe | Josué | |
1818 | Barkoxe | Les quatre enfants d'Aymon | Pierre Gorostibar |
1818 | Lextarre | Saint Joan Calibyte | Jean Mecol |
1818 | Larribarre | Sainte Marguerite | Jean Mecol |
1818 | Maule | Jean de Calais | Jean Mecol |
1816 | Lenbare | Œdipe | |
1811 | Omizepia | Roland | Jean Mecol |
1805 | Nabas | Ricardo sans peur | Jean Mecol |
1804 | Barkoxe | Sainte Gratien | |
1803 | Maule | Abraham | |
1803 | Donibane L. | Sainte Helena | Jean Pierre Rospide |
1802 | Maule | Sainte Genoveva | Pierre Fourcade |
Zuberoako urteroko herri-tradizioan egindako pastoralez gain, euskal antzerkigileek idatzi izan dituzte moldez pastoralaren egitura duten lanak, hala nola Piarres Lartzabalek[12].
Beste kasu batzuetan, moldeari jarraitu zaio baita antolakuntzan ere, bereziki XXI. mendean: Zuberoaz gaindiko euskal lurralde batzuetako herri edo elkarteak batu izan dira pastoralak egiteko. Esate baterako, Joxemiel Bidador zenari eskaini zioten Bidador pastorala Iruñeko hainbat lagunen artean[13], eta Portugaleten, Bizkaia Zubiaren 25. urteurrena ospatzeko ere Zubia izeneko pastorala egin zuten[12].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.