Israelek Gazako palestinarren aurka 2023an abiatutako operazio militarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Israelen Gazako inbasioa (2023-2024), egindako sarraskien ondorioz Gazako genozidioa ere deitua,[1][2][3][4] palestinarren kontrako Israelen operazio militar luze bat da, 2023-2024ko Israel-Palestina gerraren barnean. 2023ko urriaren 7an, Gazako hainbat komandok, Hamas erakundea gidari zutela, Israelgo eskualde mugakideei eraso egin zioten. Erasoari erantzuteko, Israelgo agintariek erreserbistak mobilizatu zituzten, eta eskala handiko operazio militar bati ekin. Luze gabe, Gazako zerrendaren inbasioa hasi zen: lehendabizi, Israelgo Armadak aire erasoak egin zituen; eta, gero, lehorretik zuzenean lurraldera sartu zen, bi eremu bereiz setiatuz: iparraldea eta hegoaldea.
Egunotan albiste da gertakari hau. Litekeena da orri honetako informazioa edozein unetan aldatzea, beraz. |
Israelen Gazako inbasioa | |
---|---|
Mota | Inbasio |
Honen parte da | 2023-2024ko Israel-Palestina gerra |
Denbora-tarte | 2023ko urria - |
Data | 2020(e)ko hamarkada |
Kokaleku | Gazako lur zerrenda |
Herrialdea | Palestina |
Yaron Finkelman (en) | |
Salman Habaka (en) | |
Parte-hartzaileak | |
Honen ondorioa | Gazako Zerrendako gosetea |
Pertsona hilak | 13.000 (2023ko azaroaren 23a) 12.000 (2024ko otsailaren 19a) 30.275 (2024ko otsailaren 29a) 21.052 (2024ko otsailaren 29a) |
Kronologia | |
UK Judges’ and Lawyers’ Open Letter Concerning Gaza (en) | |
Osatuta | |
Hartara, Israelgo Armada inbasioaren hasieratik Gazako zerrenda osoan suntsipena eta sarraskiak eragiten ari da, eta nazioartean hainbat jende Israelgo Gobernua Gazan genozidioa egiten ari dela salatzen hasi zen. Israelen oldarraldiaren oihartzuna Zisjordaniara eta Ekialde Hurbilaren zati batera hedatu zen, AEBren esku hartzearekin. Israelgo agintariek maiz adierazi zuten Hamasen buruzagiak zituztela jopuntuan. Aldiz, Zerrenda osoari era guztietako hornidurak (edateko ura, elikagaiak, argindarra, gasa...) moztu zizkioten, nazioarteko legediaren kontra. Milioi bat pertsonaz gorako Gazako hainbat eremu herritarrez husteko agindu zuten. Gainera, sistematikoki bertako kazetariak hiltzen ari da, horren guztiaren berri eman ez dezaten.[5]
2.300.000 pertsona lekualdatu dira Gazan, alegia, biztanleria osoa, israeldar erasoetatik babesteko; gosetea, egarria eta hondamendi orokorra zabaldu da. 2024ko azaro hasierarako, Israelen erasoek zuzenean 43.000 pertsonatik gora hil dituzte, eta milaka gehiago zauritu;[6] eta, Israelek inposatutako setioaren eta egindako suntsiketaren ondorioz (janaririk eza, ur edangarririk eza, mediku arretarik eza...), 2024ko uztailerako gutxienez ia 200.000 hil zituela kalkulatu da,[7][6] gehienak haurrak eta emakumeak, bitarteko teknologikoen erabilera handi batez. Israelgo Armadako gutxienez 635 soldadu hil dira 2024ko maiatza arte, palestinarrekin borroketan edo armakideek hilda.[8]
Biztanleria zibilaren kontrako Israelen eraso errepikakor, masibo eta latzek, biztanleen % 90 beren etxeak uztera behartu izanak[9] eta Gazako zerrendan eragindako azpiegituren eta bizilekuen suntsipen orokorrak (Israelgo Armadak zerrendako eraikin gehienak suntsitu ditu, % 70 eta % 85 artean)[7] gizateriaren aurkako krimenak, gerra krimenak eta genozidioa egitearen eta gerrari buruzko nazioarteko hitzarmenak urratzearen akusazioak erakarri dizkio estatu sionistari. Gainera, palestinarrak Gazako bizilekuetara itzul daitezen eragotziz, garbiketa etnikoa egiten ari dela egozten zaio Israeli.[10][11][12] NBEk bertako inoizko giza hondamendi handiena deitu dio Israelen erasoaldi honi. Protestak mundu osora zabaldu dira kaleetan zein unibertsitateetan. Nazioarteko krisi politiko handiena da, Ukrainako inbasioa hasiz geroztik, eta nazioartea bi polo nagusitan banatu du.
Gazako lurralde biziki jendeztatua «aire zabaleko espetxe» gisa deskribatu dute palestinarrek eta hainbat GKEk. 2006an Gazako hauteskundeak irabazi zituenetik, Hamasen kontrolpean dago lurraldea. 2007an Israelek lurreko, aireko eta itsasoko itxiera inposatu zion Gazari, eta urteak dira zerrendako herritarrak kinka humanitario larrian direla. Blokeo hori okupazio mota bat da, nazioarteko zuzenbidearen arabera.[13]
Egungo eskalada militarra urriaren 7an hasi zen, Gazako milizia politiko-militarrek, Hamas erakunde nagusia buru zutela, lur zerrenda horren egungo Israelgo ingurumarian hainbat eraso bortitz egin zituenean bertako militar eta egoiliarren kontra. Hala ere, ekintza sorta horrek beste haustura batzuk izan ditu aurrekari. 2023ko urrian hasitako gatazka militarra israeldarren eta palestinarren arteko gatazka historikoaren agerpen larri bat da, aurrekari hurbilenak 2023. urtearen udaberriko eta udako istilu eta erasoetan dituena.
2017ko urrian, AEBk eta Israelek iragarri zuten NBEko UNESCO utzi egingo zutela, «Israelen aurka» lanean ari zelakoan.[14] 2017ko abenduan, Donald Trump orduko AEBko presidenteak Jerusalem Israelgo hiriburutzat aitortu zuen, eta bertan enbaxada jarri, Tel Aviveko egoitzaren ordez. AEB hori egin zuen munduko lehendabiziko herrialdea izan zen.[15] Palestinan, suminez hartu zen erabakia. Mahmoud Abbas Palestinako presidenteak erantzun zuenez, «AEBko presidenteak nazioarteko ebazpen eta hitzarmen guztiak urratu ditu» eta «Jerusalem Palestinako Estatuaren hiriburua da, betiko».[15]
Gazatik at, jada uztailean, airetik zein lehorretik, Israelek operazio militar odoltsu bat egin zuen Jeninen, Zisjordanian, bederatzi palestinar hildako utziz, tartean bi haur, gerra bat pizteko arriskua ekarri zuena.[16] Istilu guztien artean, Hamasek israeldar judu ultraortodoxoak Al-Aksa meskitako zelaira sartzea aipatu zuen urriaren 7ko erasoaren sorburu nagusitzat, «profanaziotzat» joaz.[17] 2023ko urriaren 7an, Gazatik hainbat komando sartu ziren Israelgo aldameneko eskualdeetan Hamasek zuzendurik, eta agintari sionistak ezustean harrapatu. Hurrengo hiru egunetan, komando horiek, Israelgo armadaren erreakzioak eta palestinar kohete erasoek ehunka hildako eta zauritu utzi zituzten kolono israeldarren eta musika jaialdi bateko parte-hartzaileen artean. Komando palestinarrek 250 gatibu inguru eraman zituzten atzera Gazara.
Israeli eraso egin eta berehala, Benjamin Netanyahu Israelgo presidenteak «mendeku latza» agindu zuen Hamasen kontra.[18] «Hamas munduko lurrazaletik desagerrarazteko», israeldar segurtasun iturriek segurtatu zuten «lurrazala berdindu» behar zutela.[19] Israelek munduko armada ahaltsuenetako bat du, 2.200 tanke baino gehiagoz osatua eta 169.500 militar aktiborekin, eta urteko 3.800 milioi dolarreko AEBren babesaz.[20] Hamasek indar militar nabarmen txikiagoa du, ekipamenduz zein pertsona kopuruz.[21]
Indar militar israeldarrek kontraeraso militar zabal bati ekin zioten Hamasen erasoen ondoren, airez Gazako eraikinen kontra joz eta batzuk erabat suntsituz, tartean zirela osasun zentroak, OMEk jakinarazi zuenez. Gazako hamar milaka herritarrek beren etxeetatik ihes egin zuten.[22] Israeldar agintariek 2006tik kazetariak Gazan sartzeko debekua ezarri zuten, urriaren 7tik guztiz eraginkorra izan zen kazetarientzat Zerrenda horretan sartzeko baimena. Palestinar kazetariak geratu ziren berri-emaile bakar;[23] are, Israelek kazetariak jarri zituen jo-puntuan, Israel barnean zentsura estu bat ezartzeaz gain.[24]
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Gazari setio gogor bat iragarri zuen, erabateko blokeoa, lurraldeari eta bertako herritarrei janari, ur, elektrizitate eta gas hornidura moztuz.[25] Urriaren 12an, Israelgo Gobernuko Energia ministro Israel Katzek adierazi zuen Gazaren setioari eutsiko ziola Hamasek bahitutako israeldarrak askatu arte.[26] Urriaren hondarreko Tel Aviveko Unibertsitatearen iritzi inkesta batek azaleratu zuenez, israeldar juduen % 57k uste zuten Gaza gaineko lehen asteetako israeldar bonbardaketak ez zirela nahikoak izan; beste % 36,6k, berriz, egokitzat jo zituen egindako bonbardaketak.[27] Urriaren 7tik, Gazaren gainean, 150 eta 1.000 kilo arteko 12.000 bonba jaurti ziren bi hilabetetan Israelen errepresalia operazioan.[28]
|
Israelgo agintariek, gainera, agindu bat helarazi zieten Gazako palestinarrei: 24 ordu Gazako Zerrendaren iparraldea husteko, israeldar lur inbasio militar handi bat hasi baino lehen. Israelgo armadak terrorismoaren konplizetzat hartu zuen bertan geratutako edonor.[29] Eremu horretan, 1,1 milioi pertsona bizi dira.[30] Urriaren 11rako, 300.000 soldadu inguru prestatu ziren Gazaren atarian.[20]
Gazaren kontrako Israelen erasoaren unetik, urriaren 13rako, 338.000 pertsonatik gora lekualdatu ziren lurralde zerrenda horretan,[31] baina egun batzuk geroago, jada 1.000.000tik gora ziren.[32] Gatazka zehatz hau hasi aurretik, dena den, 3.000 palestinarrek baino gehiagok utzi bide zituzten beren bizilekuak.[33] Palestinar hildakoak 680tik gora ziren Hamasen erasoa hasi eta bi egunera, Gazako osasun ministroaren arabera;[22] urriaren 17rako, berriz, Israelek Gazako 3.000 pertsonatik gora hil zituen gatazka hasi zenetik, eta 12.500 pertsonatik gora zauritu, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
Gazan hildakoen herenak adingabeak ziren, Save the Children erakundearen arabera,[34] urriaren 20 arte 1.500 haur inguru Israelen bonbardaketetan, Al-Jazeeraren arabera.[35] Urriaren 14an, Israelek Gaza iparraldeko ospitaleak jo-puntuan jarri zituen, 2.000 pazientetik gorako 22 ospitale husteko agindua emanez, Osasunaren Munduko Erakundeak gogor gaitzetsi zuenez.[36] Al-Ahli Arabi ospitaleak hustua izateko Israelen hainbat ohartarazpen jaso zituen.[37] Israelen bonbardaketen artean, urriaren 17an, leherketa batek Zerrendako iparraldeko Al-Ahli Arabi ospitala partzialki suntsitu zuen, barruan ehunka pertsona zituela. 500 pertsonatik gora hil ziren haren ondorioz, eta ehunka zauritu. Israeli egotzi izan zitzaion bonbardaketa, Israelek hori ukatu egin zuen arren, eta Jihad Islamikoari leporatu.[38]
Israelen zela, Biden AEBko presidenteak, berriz, sinesgarritasuna eta babesa eman zizkion Israeli.[39] Urriaren 19rako, Israelek 250 ospitale bonbardatu zituen. Une horretan Rafahko pasabidea, Egiptoren eta Gazaren arteko mugan, nazioarteko giza laguntza iristeko bide bakarra zen. Gainera, milaka palestinar bertan pilatu ziren ihesi hura noiz gurutzatuko, baina Israelek eta Hamasek ez zuten hori irekitzeko su eten bat adosteko asmorik agertu.[38]
Urriaren 14an, Netanyahuk agindu zuen Israelek Gaza airez, lehorrez eta itsasoz inbadituko zuela.[40] Esperotako lehorreko interbentzio militarra, ordea, atzeratzen joan zen. Urriaren 26rako, Israelen tankeak Gaza iparraldeari erasotzen hasi ziren, bertan sartu-irtenak eginez,[40] lehorreko inbasio militar handia prestatzera bideratua.[41]
Urriaren hondarrean, Israelek areagotu zituen lehorren interbentzio militarrak, eta Gazako komunikazio guztiak eten, telekomunikaziokoak barne, laguntza humanitarioko erakundeei ere eragin ziena.[41] Hartara, israeldar agintariek bigarren fasea deitu zutenari ekin zioten, «Hamasen gobernu egiturak eta gaitasun militarrak desegiteko eta bahituak askatzeko»[42]. Urriaren 29ean, Gazako lehorreko inbasio handiaren ondoren, Israelek bertan Hamasik gabeko ordena erabat berria ezarriko zuela adierazi zuen. «Gaza ez da inoiz itzuliko izan dena izatera», Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallanten esanetan.[43]
Netanyahuk eta Yoav Gallant Israelgo defentsa ministroak adierazi zuten azaroaren 6an Israelen tropek Gaza Hiria estu inguratu zutela, eta haren barnean sartu zirela. Hartara, Gazako Zerrenda bitan zatiturik geratu zen: batetik, iparraldea edo Gaza Hiria eta, bestetik, Zerrendako gainerako hegoaldeko lurraldea.[44] Lurraldearen erdibitze hori indarrean zen artean ere 2024ko urrian. Bi eremuak 6,5 kilometroko korridore batek banatzen ditu, Israelgo indar militarrek okupatua eta Netzarim Korridorea deitua, ipar eta hego eremuen arteko komunikazioa eragozteko. Armada okupatzaileak, bestalde, Gaza osoko periferiako lur eremuan hartu zituen posizioak.[45]
Azaroaren 6an, agintari militar israeldarrek lau orduko epea eman zieten inguratutako eremu horretan zeuden zibilei, bertatik atera zitezen.[46] Israelek, era horretan, hiria hustu nahi zuen.[47] Milaka palestinarrek, 50.000 IDFren arabera, Gaza hegoalderako bidea hartu zuten bandera zuri bat zeramatela.[46] Armadaren esanetan, 450 «helbururi» egin zieten eraso, eta horien artean ziren Hamasen milizianoak, azpiegiturak, behaketa postua, lur azpiko tunelak eta tankeen kontrako misilak jaurtitzeko postuak, besteak beste.[48] Israelgo Defentsa Indarrak pozik agertu ziren, adieraziz israeldar aire erasoek Hamasko dozenaka buruzagi hil zituztela,[49] horien artean Hamasko bigarren buruzagi gorena.[50] Lehorreko israeldar indar militarrak Gaza Hirira sartu ahala, kale borrokak areagotu egin ziren. Azaroaren 14rako, ospitale bakarra geratzen zen funtzionamenduan Gaza osoan, eta Israeldarrek jo-mugan jarri zuten.[51]
Une horretan, Al-Xifa Ospitalea bihurtu zen borroken erdigune, eta israeldar aire misilek inguruetan eztanda egin zuten. Ekipamendu eta horniduraren faltaz, 40 paziente hil ziren bertan.[51] IDFk adierazi zuenez, Hamasen parlamentua, gobernu egoitza eta poliziaren kuartel nagusia hartu zituen mendean, Israelgo The Times of Israel egunkariak azaldu zuenez.[52] Urtarrilean, Israelek adierazi zuen erabat azpiratu zutela Hamas Gaza iparraldean, baina maiatzaren erdialdetik «erabat kontrolatzen» omen zuen berriz Jabalia.[53]
Israelen Gazako Zerrenda hegoaldeko setioa eta lehorreko inbasioa ekain arte luzatu zen aire eraso eta sarraski ugariren ondoren.
Abenduaren 1ean, Israelgo armadak Gazako Zerrendaren mapa 600 eremu zenbakitutan banatu zuen, eta zibilei horiek identifikatzeko eskatu, gero bloke barruti horiek ebakuatu zitzaten horretarako agindua ematen zenean eta bonbardatu baino lehen. Hala ere, hustuketa metodo hori ez zen fidagarria suertatzen.[54] Abenduaren hasieran, Gaza hegoaldea milioi bat palestinar iheslariren aterpe bilakatu zen urriaren 13tik israeldarrek Gaza iparraldea husteko agindu zuenetik. UNRWAko instalazioetan, 250.000 errefuxiatu aterpetu ziren.
Israelek Khan Yunisi egin zion eraso, Gazako bigarren hiri handienari, eta Israelek «gerra eremu arriskutsu» izendatu zuen. Abenduaren 4an, lehorreko tropa israeldarren buruak adierazi zuen «ia-ia» amaitua zutela Gaza iparraldeko operazio militarra eta,[55] presoen elkartrukea bertan behera geratu ondoren, Israelek areagotu egin zituen Gaza hegoaldean bonbardaketak, bereziki Khan Yunisen. Urtarrilaren 6an, Israelgo armadak segurtatu zuen «osoki desegin» zuela Gazako Zerrenda iparraldeko Hamasen egitura militarra, eta orain soilik erdialdean eta hegoaldean jarriko zuela indarra.[56]
Urtarrilaren 22an, Ilargi Gorria erakundeak salatu zuen Israel bere egoitza bonbardatzen ari zela Khan Yunisen, dronak ere baliatuz; Israelgo armadak adierazi zuen «Hamasen brigada baten gotorlekua» zela.[57] Abendu hasieran, Avichai Adree Israelgo Armadaren bozeramaileak Gaza hegoaldeko hainbat herritako biztanleei beren etxeetatik alde egiteko adierazi zien, «ekintza gogorrak» egingo zituztelako herriotan.[58] Bi egunetan, Israelen aire erasoek 800 pertsona hil zituzten Gaza osoan.[55] Abendu amaieran, Herzi Halevi Israelgo armadako buruak, The Wall Street Journal egunkarian argitaratu oharrean, iragarri zuen gerrak hilabeteak iraungo zuela, helburutzat hartuz «Hamas suntsitzea», «Gaza erabat desmilitarizatzea» eta «Palestinako gizartea deserradikalizatzea».[59] 2024ko urtarrilaren 1ean, Israelgo Defentsa Indarrek adierazi zuten aire eraso batean Adil Mismah, Hamasen eliteko indarren buruzagia, hil zutela.[60]
Urtarril erdialdera, telekomunikazioen erabateko blokea ezartzearekin batera, gogortu egin ziren Gaza erdialde eta hegoaldeko israeldar erasoak; urtarrilaren 18an, militar israeldarrek adierazi zuten «dozenaka terrorista akabatu» zituztela etxez etxeko borroketan.[61] Urtarrilaren 22a, berriz, egun beltzena izan zen israeldar armadarentzat, 24 soldadu hil ondoren, haietako gehienak jarritako minak lehertzean eraitsitako eraikinen pean hilik.[57] Urtarrilaren 22tik, Israelek gogor eraso zion Khan Yunisi eta Israelgo iturriek adierazi zuten inguraturik zutela hiria. Tanke eraso batek NBEren babespeko eraikin bati eraso egin zion, 800 pertsonaz beterik zegoenari, bederatzi hildako eta 75 zauritu utziz. Israeldar armadak hilabeteetako azken borroka handitzat jo zuen; milaka pertsona geratu ziren harrapaturik bertako ospitaletan.[62]
Abendu hasiera arte, Israelgo agintariek Gazako hegoaldea eta Rafah leku segurutzat jotzen zuten beren bonba erasoetatik babesteko.[63] Abenduaren 3an, Israelgo agintariek Khan Yuniseko zibilei hiriaren % 20 husteko agindu zieten, bertako aterpetxeak eta aterpetuak barne. Askok hegoalderago jo zuten, Rafahra.[64] Abenduaren 12 baino lehen, areagotu egin ziren Rafahren kontrako israeldar aire eta lur erasoak, palestinar iheslariak aterpe bila hegoaldera hurbildu ahala. Zibilen kontrako bonbardaketak gauez ere izan ziren, herritarren artean gosetea zabaldu ahala.[63]
2024ko otsailaren 2an, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak adierazi zuen Hamas garaitua izan zela Khan Yunisen, eta berehala Rafahra oldartuko zirela. Rafah Egiptorekin muga duen hiria da, eta horixe zen palestinarren eskuetan geratzen zen azken posizioa.[65] Israelek ia egunero egiten zituen aire erasoak Rafahren kontra. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, otsailaren 9an, adierazi zuen aginduak eman zizkiela IDFko buruzagiei planak egiteko luze gabe Rafahra sartzeko eta «zibilak ebakuatzeko», hiri horretan kanpin denda inprobisatuetan pilatzen ziren palestinarren artean panikoa piztu zuena.[66]
Otsailaren 10ean, Israelen aire erasoek dozenaka pertsona hil zituzten Rafahn Une horretan, milioi bat pertsonatik gora pilatzen ziren Rafahn, berez 280.000 pertsonaren bizileku. Egiptokorekin tentsioa areagotu zen. Herrialde horretako kanpo ministroak ohartarazi zuen Rafahren gaineko eraso batek hondamendi bat ekarriko zuela, eta ministro horrek adierazi zuen ere Israelek palestinarrak «beren lurraldetik kanporatzea» zuela helburu, Sinaira, hain zuzen ere.[66] Hamasek Israelen «genozidio xedea salatu zuen».[67]
Otsailaren erdialderako, Rafahn babesa hartu zuten palestinarrak bertatik ihes egiten hasi ziren.[68] Israelen erasoaldia, ordea, atzeratuz joan zen: otsailaren 19an, Israelek iragarri zuen martxoaren 10ean sartuko zela Rafahra lehenago israeldar gatibuak aske ez utziz gero.[69] Martxoaren 4an, hala ere, Israelen aire eraso batek hamalau palestinar hil zituen gutxienez, asko haurrak, eta etxebizitza eraikin bat eraitsi.[70] Martxoaren 16an, Israelek Rafah inbaditzeko plana onartu zuen, bertan 1,4 milioi palestinar aterpetzen zirenean, Israelen kontrako nazioarteko kritiken erdian.[71]
Israelek Rafah ekialdea «ebakuatzeko» dei egin zien bertako ehunka mila pertsonei, eta Khan Yunis jendez metatura lekualdatzeko.[72] Aldi berean, Israelek Rafahren lehorreko inbasioa jarri zuen abian, Rafahren Egiptoko mugara heldu zen, eta bertako postua atzeman zuen,[73] baita igarobidea itxi ere; IDFk, operazio hori eta muga itxiera justifikatzeko, adierazi zuen Rafahko posizio hori «helburu terroristetarako» erabiltzen zela.[74] Israelgo indar militarrek aire bidezko laguntza humanitarioa moztu zuten.[75] Unicefek Rafahn zeuden 600.000 haurren ataka larriaz ohartarazi zuen.[72] Rafahkoa zen ordu arte erregaia, sorgailuak eta komunikaziorako ekipoak Gazan sartzeko igarobide bakarra.[74][oh 1]
UNRWAK informatu zuen 800.000 pertsonak ihesari eman ziotela maiatzaren 7an Rafahren inbasioa hasi zenetik (maiatzaren 18ko datua). Artilleria tiroak eta aire erasoak konbinatu ziren. Al-Qods Brigadek, Jihad Islamikoaren adarrak, adierazi zuten gogor egin zietela tropa israeldarrei hiriaren ekialdean.[53] Maiatzaren 24an Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli Rafahren gaineko ofentsiba eteteko agindu ondoren,[76] maiatzaren 27an, Israelek Rafah ipar-ekialdea bonbardatu zuen: kanpin denden kanpaleku batean, sarraski bat eragin zuen, 40-50 pertsona hil eta zauritu ugari eraginez, beste toki batzuetatik bertara ihes egindakoak.[77]
Israelek adierazi zuen Hamasko goi funtzionario bi hil zituela erasoan, «zehaztasun handiko munizioa» baliatuz. Erasoa Hamasek Tel Avivera eta Israelgo beste hiri batzuetara zenbait suziri jaurti eta gero etorri zen, estatu sionistaren defentsa sistemak geldiaraziak.[78] Rafahko ofentsiban, milioi bat pertsonak baino gehiagok ihes egin zuten hiritik, eta Israelgo armadak «gune seguru» izendatuetan ere eraso egin zien.[79] Ekainaren 17an, 65.000 lekualdatu baizik ez ziren gelditzen Rafahn, gehienek kostaldeko Al-Mawasid-era ihes egin baitzuten.[80] Baja kopuruaren kontrako aldean, ekainaren 15ean adierazi zenez, milizia palestinarrek zortzi militar israeldar hil zituzten Rafahn tropak garraiatzeko ibilgailu baten kontra egin erasoan; informazio hori IDFk, Israelgo indar armatuek, berretsi zuten;[81] israeldarren kontra hilabetetan egin eraso hilgarriena izan zen.[82]
2024ko urtarril erdialdera, Israelek betetzat hartu zituen Gaza iparralderako zituen helburuak: okupazioa eta Hamas suntsitzea. Geroztik, kemen militar osoa Gaza hegoaldeko eskualde eta hiriak inbaditzera eta bertako miliziak zapaltzera bideratu zuen. Rafahren kontrako ofentsiba hilabetetan atzeratu ondoren, Israelen azken erasoa 2024ko maiatz-ekainean heldu zen, Rafah Gazako beste eskualde ugaritako iheslariz beterik zegoenean.
Israeldarrak Egiptoren Rafahko mugara heldu ziren, laguntza humanitarioa sartzea eragotzi zuten, eta palestinarren bizi ataka guztiz larritu zuten. Geroztik, behar hornigaiak sartzea eragozteaz gain, Israelek berritu egin zituen lurralde okupatuetako askotariko erasoak eta sarraskiak, bereziki errefuxiatu kanpaleku jendeztatuetan, adieraziz Hamasko buruzagiak edo gerlariak hiltzeko egiten zuela.
2024ko otsailaren 4an, Al-Xifa Ospitala israeldar indar militarrek setiaturik zegoen Gaza Hirian. Bertan aterpetzen ziren osasun langileak, pazienteak eta bertan babesa hartu palestinarrak; israeldarrek frankotiratzaileak baliatu zituzten ospitalearen ingurumarian, eta gutxienez zazpi palestinar hil.[83]
Martxo erdialdean, Israelek beste operazio militar bat egin zuen Gaza iparraldeko Al-Xifa ospitalean, laugarrena, «Hamasen aurkako operazio bat», aditzera eman zuenez. Ospitalera, lehendabizi, soldaduak sartu ziren eta, gero, ibilgailu militarrak, tankeak, droneak eta beste.[84] Israelgo militarrek adierazi zuten 90 pertsona hil zituztela hiru egun iraun zuen setio horretan. Erasoaren aurretik, 7,000 pertsona hartu zuten bertan aterpe.[85]
Apirilaren 1ean, Israelgo armada Al-Xifa ospitaletik erretiratu zen bi asteko setioaren ondoren. Armada horrek adierazi zuen 200 miliziano hil eta Hamaseko eta Jihad Islamikoko 500 kide identifikatu zituztela, eta 800 bat susmagarri galdekatu. Hamasek kudeatu Gazako Osasun Ministerioak adierazi zuen israeldar oldarraldi horrek gutxienez 400 pertsona utzi zituela hilik, eta gosea eta egarria arma gisa erabili zela.[86]
Bada, maiatzaren 12an, Israelek ofentsiba berri bati ekin zion Jabaliako errefuxiatu esparruan, 100.000 pertsona biltzen zituena. Ordu txikietako erasoan, Israelgo indarrek 40 palestinar hil zituzten, gehienak haurrak eta emakumeak, Al Jazeera hedabideak adierazi zuenez. Zibilak gau osoa eman zuten jendea eraikinen aurrietatik ateratzen, askotan alferrik.[87] 2024ko maiatzaren 18ean, Israelgo armadak operazio militar gogor bati ekin zion Jabalian, eta Jabalia mendebaldeko auzoak «ebakuatzeko» agindu zuen, adieraziz bertatik jaurtitzen zirela koheteak Israelgo herrietara. Hamas «suntsitzeaz» mintzatu zen, Israelgo politikan eta estatu gorenean desadostasunak agertu ahala, inbasioaren osteko Gazaren gobernuaz eta estatusaz.[53] Maiatzaren 31n, Israel Jabaliatik eta inguruetatik atera zen, operazioa amaitu eta ingurunea erabat suntsitu ondoren.[88]
Ekainaren 6an, Israelen indar militarrek sarraski bat eragin zuten Gaza erdialdeko UNRWAko ikastetxe batean, errefuxiatuz betea. Bertan lo zeuden 40 pertsona suertatu ziren hilik, eta dozenaka zauriturik, tartean zirela haurrak. Zaurituak Al-Aqsa Ospitalera eraman zituzten, gainezka zebilena, ataka kaotiko batean. Israelen bozeramaileak adierazi zuen «eraso bat prestatzen ari ziren terroristak» hil zituztela, eta «UNRWAren ikastetxe baten barruko Hamasen gune bat» zela, «Al-Nuseirat eremuan».[89][90] Kanpalekuko hilketa hori beste operazio baten ataria suertatu zen. Izan ere, bi egunetara, Israelgo armadak bertako errefuxiatu esparruari eraso egin zion berriz bi leku desberdinetan.
Erasoaren ondorioz, 274 pertsona hil ziren, Zerrendako Agintaritzak zehaztu zuenez, horietatik gehienak haurrak eta umeak. Zaurituak, 698 ziren. Hala ere, estimatu zen hondakinen azpian hil asko zeudela.[91] Al-Aqsa Ospitalera eraman zituzten, baina ospitale horrek sorgailu bakar bat zuen funtzionamenduan. Operazio horretan, Israelek Nova musika jaialdian urriaren 7an bahitu lau gatibu askatu zituen, eta era mediatikoan aurkeztu Israelen. Hamasek adierazi zuenez, israeldarrek beste bahitu batzuk ere hil zituzten operazio berean. Une horretan, urriaren 7ako Hamasen 116 gatibu gelditzen ziren Gazan, baina horietatik 40 hilik bide zeuden.[92]
2024ko ekainaren hasieran, ez ziren amaitu Israelgo armadak Palestinako milizien aurka zuzendu operazioak. Izan ere, aurrez aurreko borrokak gertatzen ari ziren oraindik Zerrenda osoan, baita Zisjordanian eta iparraldeko mugan ere, Hezbolarekin.[91] Gazaren aurkako erasoalditik zortzi hilabetera, Israelgo armadak Zerrenda etengabe bonbardatzen jarraitzen zuen. Ekainaren 21-22an, nabarmen gogortu dituzte Gaza iparraldearen aurkako erasoak, eta, horien ondorioz, ehun palestinar baino gehiago hil eta ia berrehun zauritu zituzten 24 orduan. Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi zuenez, Gaza Hirian, «hiru sarraski» egin zituen Israelgo armadak, horietako bi errefuxiatuentzako kanpalekuetan: Al-Xati eta Al-Tuffah.[93]
Ekainaren 29an, Israelgo armadak berriz tankez okupatu zuen Gaza Hiriaren iparraldea, adieraziz «Hamas itzuli» egin zela, Israelek hilabete batzuk lehenago desegin ondoren. Milaka palestinarrek hiritik ihes egiteari ekin zioten, hegoalderantz eta ahal bezala.[94] Uztailaren hasieran, Israelgo armadak hainbat aire eraso egin zituen, dozenaka hildako eraginez Gazako hainbat lekutan (27 gutxienez). Igandeko egunsentian, iheslariak aterpetzen zituen ikastetxe bat bonbardatu zuen, lau pertsona gutxienez erailez. Egun bat lehenago, Israelek NBEren ikastetxe bati eraso egin, 16 pertsona hil eta dozenaka zauritu zituen.[95]
Uztailaren hasieran, anabasaren eta izuaren erdian, beste palestinar exodo bat jazo zen Gazako Khan Yunisen, Israelgo armadak hiria bonbardatu eta ehun milaka pertsonak (250.000 inguru) ihesari ekin ziotenean, noraezean. Kasu honetan ere, Israelek tokia husteko («ebakuazio») agindua eman zien Khan Yunisko herritar eta aterpetuei. Jada urtarriletik apirilera, IDFren bonbek hiria suntsitu zuten, eta lehorretik hiria okupatu. Hilabete horretan, atzean hiri txikitua utzirik eta arreta osoa Rafahn jarririk, bertatik irten zen. Armadak, izan ere, ofentsiba berriak egiten zituen Gaza osoan aurrez jada txikiturik utzitako eremuetan. Erabat kolokan ziren ura, jakiak eta elektrizitatea eskuratzeko aukera.[96][97][98]
Uztail erdialdean, Israelek bonbardaketak jarraitzen zituen lehenago okupatu eskualde eta hirietan. Uztailaren 13an, lekukoek ikusi zutenez, bost misil astunek Al-Mawasiko iheslari palestinarren denda kanpaleku bat jo zuen Gaza hegoaldean, bertan sarraski bat eraginez: 90 pertsonatik gora (hasieran, 70 adierazi ziren) eta 300 zauritu inguru. Israelek iheslariak aterpetzeko "ingurune babestu" izendatua zuen eremu hori. Lehenago, artean informazioa ematen zuen Hamasen Gazako gobernuak adierazi zuen beste israeldar eraso batek 100 pertsona inguru hil zituela eremu berean.[99][100] Israelgo agintariek adierazi zuten Mohammed Deif Hamasen buruzagi militarretako bat eta Rafe Salama erakundeko segurtasun arduraduna bat jarri zituela jomugan.[101]
Uztailaren 21ean, Israelek hainbat eraso egin zituen Gazan, gutxienez 64 pertsona hil, eta 105 zauritu. Erasoen biktima asko, ordea, artean haien hondarretan zeuden estalita. [102] Hurrengo egunetan, Israelek Khan Yunis errefuxiatu kanpalekuaren kontrako eraso bati ekin zion, eta gutxienez 84 pertsona hil eta 320 zauritu utzi Zerrenda osoan, baita adierazi ere «terroristak akabatzen» ari zela. Israelek babes eremu humanitario izendatu zuen lehenago Khan Yuniseko eremu hori. Bonbardaketetan, tankeak eta gerra hegazkinak erabili zituen.[103]
Israelek Abad al-Zeriei hil zuen bezala, Israelek Gaza hirian egin atzo zeresanik handiena eman zuten erasoak abuztu hasieran: Hassan Salama eta Nassr eskolak bonbardatu zituen hainbatetan. Bi eraso horien xedea Hamaseko kideak hiltzea zela jakinarazi zuen Tel Avivek; hala ere, 30 palestinar inguru hil zituen, eta, Palestinako Osasun Ministerioak abuztuaren 5ean jakinarazi zuenez, hildakoen %80 inguru haurrak ziren.[104]
Abuztuaren 8an, Israelgo indar militarrek adierazi zuten Gazako Zerrendan bi ikastetxeren kontra eraso egin zutela, Gazako defentsa zibilak berretsia: Al-Zahraa Ikastetxea eta Abdel Fattah Hamoud Ikastetxea, Gaza Hiriko ekialdean. Beste batzuetan bezala, Israelen bozeramaileek adierazi zuten Hamasen kontrolguneak zirela. Gainera, Wafa berri agentziak zabaldu zuen israeldarrek Bureij errefuxiatu kanpalekuaren kontra jo zutela, eta gutxienez 15 palestinar hil, baita dozenaka zauritu ere.[105]
Bi egun geroago, Israelek gutxienez ehun pertsona hil zituen Gazako eskola bat bonbardatuta Gaza hirian zegoen eskola baten aurka egin zuen erasoan (Al-Tabieen ikastetxea). Ohiko legez, Israelek adierazi zuen «Hamaseko komando baten aurkako» operazioa izan zela, baina Hamasek erantzun zuen soilik zibilak hil zituztela. Gainera, Israel Khan Yunisen aurreko egunean lurrean hasitako operazioarekin jarraitzen zuen. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 60.000 eta 70.000 artean ziren azken orduetan hiriko ekialdeko auzoetatik ihes egin behar izan zuten pertsonak.[106]
Abuztuaren 12an jakinarazi zenez, Israelek 20 ikastetxeri egin zien eraso hilabeteko epean, eta gutxienez 274 hildako eragin. Hamasek errefuxiatuen babeslekutzat definitu dituena; Israelek, berriz, Hamasen ezkutalekutzat («terroristak»). NBEk egiaztatu zuen gehienak haurrak eta emakumeak zirela. Gainera, hogeita lau orduan, Israelek 30 jopunturi egin zien eraso, «milizianoak, arma biltegiak eta koheteak jaurtitzeko tokiak», erasotzaileek adierazi zutenez. Erasoek nazioarteko eragile askoren gaitzespena jaso zuten.[107] Bitartean, Israelek Gazako Zerrendan espiatzeko ahaleginak areagotu zituen, premiaz eta goseteak jotako palestinarren artean kolaboratzaileak eta informazioa bilatuz, haien ataka larria goxatzearen truke, batzuetan amutzat ustezko ekimen humanitarioak baliatuz eta senitartekoak hiltzearekin mehatxatuz.[108]
Israelen erasoek zibilen kontrako sarraski gehiago eragin zituzten hurrengo egunetako erasoetan. Abuztuaren 17an, Israelen eraso batek familia bateko 15 kide guztiak hil zituen Gaza erdialdean, bederatzi haur tartean. Bitartean, Israelek Maghazi errefuxiatu kanpalekua husteko agindu zuen.[109] Krisi humanitario larriaren erdian, abuztuaren 29an, Israelgo armadako kideek, beste batzuetan jada jazo bezala, tiroka hartu zuten bi ibilgailuko laguntza humanitarioko karabana, NBEaren Elikagaien Programa Humanitariokoa, beren ibilbidea behin eta berriz jakinarazi zieten arren israeldar agintariei. Ondorioz, bertan behera geratu ziren aldi baterako NBEko enplegatuen laguntzarako joan-etorriak.[110] Abuztuaren 30ean, Israelek bukatutzat jo zuen Gaza hegoaldeko eta erdialdeko zati batean hogeita bi egun lehenago hasi ofentsiba armatua: Khan Yunisko eta Deir al-Balah erdialdeko hainbat eremu. Biztanleria zibilari eraso egin zioten; gainera, Israelgo iturrien arabera, 250 borrokalari «garbitu» eta tunelen 6 kilometro suntsitu zituzten.[111]
Ikasturtea hastearekin batera, Israelen erasoak ez ziren eten Gazan. Zerrendako ataka larriaren ondorioz, aurreikusi zen 630.000 haur palestinarrek ez zutela ikasturtea hasi ahal izango.[112] Gazako palestinar ugarik al-Masawi «gune humanitarioan» hartu zuten babesa Israelengandik (Khan Yunis), ehun milaka pertsonak. Bada, Israelen aire eraso batek 19 pertsona hil zituen gutxienez irailaren 10ean, eta beste 60 zauritu. Gutxienez, lau misilek jo zuten ingurunea, errefuxiatuen denden gainera eroriak. Misilek bederatzi metro inguru sakoneko zuloa egin zuten. Erasootan, familia osoak desagertu ziren. Ohi bezala, Israelgo Armadak terroristen kontrako erasotzat jo zuten, eta argudiatu Hamasen kontrolgunea bertan zegoela.[113]
Astean bigarrenez, Israelgo Armadak eremu humanitario bati eraso egin zion. Gaza erdialdeko Al-Nuiserat hiriko eskola bat bonbardatu zuen irailaren 11ko ilunabarrean, eta eskola hori kudeatzen zuen UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak jakinarazi zuenez, gutxienez hemezortzi lagun hil zituzten, eta beste hainbeste zauritu; horien artean, erakunde horretako sei langile humanitario. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak gogor gaitzetsi zuen erasoa eta «Gazan gertatzen ari dena».[114] Irail erdialdean, Netanyahuren gobernuak Gaza bonbardatzen jarraitu zuen etengabe.[115]
Irailaren 18 eta 19an, Rafah mendebaldea jarri zuten jomugan, zehazki Al-Mawasi eremua. Gazako beste hainbat tokitatik ihesi joandako ehunka desplazatu zeuden bertan aterpe hartzen. Gaza Hiriaren hego-ekialdea ere bonbardatu zuten, eta tiroketak izan ziren Khan Yunis ekialdean.[115] Irailaren 23an, Gazako Osasun Ministerioak azaldu zuen Israelen erasoek 24 palestinar hil zituztela eta 60 zauritu utzi 24 orduan.[116] Irailaren 26ko beste eraso batean, Israelek Hafsa al-Falujako ikastetxeari egin zion eraso, Jabalian, hamabost pertsona erailez, eta dozenaka zauritu utziz. Biktimak «aterpetuak eta dendetan bizi ziren desplazatuak» ziren, «krimen bat, eta genozidioaren jarraipena», Hamasek adierazi zuenez.[117]
Israelek hainbat fronte ireki zituen. Haren Libanoko ofentsiba eta lurreko inbasioaz gain, Iranek aire eraso masibo bat zuzendu zuen Israelen kontra, eta huthiak erasoka aritu ziren urriaren 7tik. Aldiz, Israelek ez zuen Gazaren kontrako oldarra baretu. Urriaren 2an, zenbait eraso egin ditu Israelek Gazan. Hiru eskola bonbardatu ditu zerrendan, «Hamasen gordelekuak» zirela argudiatuta. Reutersek kaleratu du, eskola horietan zeuden medikuak aipatuz, barne desplazatuen familiak baino ez zeudela bertan. Ez dute zehaztu zenbat lagun hil dituzten eskoletako erasoetan, baina zerrendako Osasun Ministerioaren datuen arabera, gaueko erasoetan 60 palestinar hil dituzte gutxienez.[118]
Urriaren 5ean, Israelgo militarrek adierazi zuten Hamasen kontrolgunea atzeman zutela eta, ziotenez, ikastetxe batean zegoen ezkutaturik.[119] Aldi berean, Israelgo gerra hegazkinek eta artilleriak ukaldi gogorrak jo zituzten Nuseyraten eta Burejen, Israelek Gaza erdialde eta iparraldean beren bizilekuak husteko eta joateko esaten zien bitartean palestinarrei. Jendea, ordea, noraezean zebilen. Osasun iturriek adierazi zuten bonbardaketek 25 pertsona hil zituztela. Gazako erdialdean, milioi bat pertsona zeuden harrapaturik orduan israeldar armadaren pean.[120]
2024. urtea hasi berritan, urtarrilaren 2an, drone batek Beiruten hegoaldea bonbardatu zuen arratsaldean, eta eraso horretan, besteak beste, Saleh al-Aruri hil zuten, Hamasen adar politikoko buruzagiordea eta Al-Qassam Brigaden —adar militarraren— sortzaileetako bat,[121] baita erakunde islamistako beste sei goi kargudun ere.[122] Libanoko hedabideen arabera, Israelgo armadak egin zuen bonbardaketa. Hamaseko bozeramaileek eta PANeko gobernuburuak Israeli egotzi zioten errua.
Kolpe gogorra eman zitzaion Hamasi. Izan ere, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak astebete lehenago adierazi zuen Israelgo armada zazpi frontetan ari zela borrokan: «Fronte asko dituen gerra batean gaude: Gaza, Libano, Siria, Judea eta Samaria [Zisjordania], Irak, Yemen eta Iran».[121] Zisjordanian greba orokorrerako deia egin zuten, eta, Al-Jazeera Qatarko telebistak jaso zuenez, mendekua eskatzen ari ziren hango herritarrak. Hezbola milizia xiitak, berriz, jakinarazi zuen hilketa hori ez zela «zigorrik gabe» gabe geratuko.[122] Erasotako erakundeak ere, Hamasek, mendekua agindu zuen.[123] Atentatuaren ondorioz, gerra inguruko herrialdeetara hedatu zitekeelako kezka piztu zen nazioarteko eragile nagusien artean.[122] Izan ere, ia aldi berean, atentatu batek ia 100 pertsona eta 284 zauritu hil zituen Teheranen eta, dolu eta protestarako bildutako irandar jendetzek Israelen eta AEBren kontrako aldarriak bota arren, Estatu Islamikoak bere egin zuen Teherango erasoa.[124]
2024ko apirilaren 10ean, Israelen aire eraso militar batek Ismail Haniyeh Hamasko buruaren bi semeak eta hiru biloba hil zituen Gaza iparraldean.[125] Haniyeh-k adierazi zuen horrek ez zituela aldatuko Hamasek zituen planak.[126] 2024ko ekainaren 25ean jakinarazi zenez, Israelek Haniyehren hamar senitarteko, arreba ere tartean, hil zituen Al-Xati errefuxiatu eremuaren kontrako bonbardaketa batean, Zerrendaren iparraldean. Horren berri ezagutu ondoren, Haniyehk adierazi zuen hilketa horiek («martiriak», deitu zienez) ez zutela geldiaraziko «erresistentzia», eta su-etena zela Israelekin akordio batera heltzeko ezinbesteko baldintza.[127]
Uztailaren hasieran, Israelen aire eraso batek Rawi Mushtaha hil omen zuen, orduko Gazako gobernuburua, Israelgo Estatu Nagusiak urriaren hasieran berretsi zuenez. Berak ezarri omen zuen Yahya Sinwarrekin batera Hamasen segurtasun sistema orokorra.[128] Uztail erdialdean, Israelen aire eraso batek sarraski bat eragin zuen (ikus gorago); Israelen bozeramaileek adierazi zuten «terroristak» jarri zituztela jo-puntuan, alegia, Muhammad Deif buruzagi militarra (eta, Israelen iritziz, urriaren 7ko erasoen arduradunetako bat) eta Rafe Salama, beste buruzagi bat. Ez zen argitu hil ote zituzten.[129] Uztailaren hondarrean, Libanoren eta Israelen arteko mugaz bi aldeetako tentsioa berriz berotu ahala, misil batek, ustez Israelek jaurtiak, Ismail Haniyeh Hamasko buruzagi nagusi eta arduradun politikoa hil zuen Teheranen, Masoud Pezeshkian Irango presidente berriaren inauguraziora joan eta ostatu hartutako eraikin batean zegoela.[130] Abuztuaren 5ean, Israelek baieztatu zuen Abad al-Zeriei hil zuela aire eraso batez, Gazako ekonomia ministroa.[131]
Abuztuaren 18an, Israelek baieztatu zuen Ahmed Abu Ara eta Rafat Doasi Hamasko buruzagiak, ohi bezala «terroristak» izendatuak, hil zituela FDI eta Shin Bet-en arteko operazio koordinatu batean. Azpiegitura militarreko kidea omen zen bata, eta lehergailuen ekoizpenean inplikatua bestea. Aire bonbardaketa batean hil zituzten, Jeninen, Zisjordanian.[132] Al-Masawiko irailaren 10eko sarraskian, Israelgo Armadako bozeramaileek adierazi zuten urriaren 7ko erasoetako bi bururi egin ziotela eraso: Samer Abu Daqqa, Hamasko aire unitateko burua, and Osama Tabesh, Hamasko behaketen eta jomugen burua.[133]
Urriaren 17an, Israelek iragarri zuen Yahya Sinwar Hamaseko burua hil zuela, Ismail Haniyehren ondorengoa, eta haren gorpuaren DNA frogek horixe berretsi zutela. Rafahn hil zuten, infanteria tropen eta Hamaseko milizianoen arteko borroketan.[134] Zabaldutako informazioaren arabera, israeldar patruila batek bi borrokalari talde palestinar ikusi zituen mugitzen eraikinen artean, eta elkar tirokatu zuten, hiru gerlari palestinar hil zituena. Sinwarek, zauriturik, aterpea bilatu zuen eraikin hondatu batean, baina atzetik zuen segika drone bat, identifikatu zuena. Sofa batean pausaturik, Sinwarek, artean, denbora izan zuen droneari makila bat botatzeko. Gero, israeldarrek tokia bonbakatu zuten, eta haren gorpua atzeman, Israelgo laborategi batera eramateko.[135]
Israelgo Armadak Sinwarri egozten zion 2023ko urriaren 7an milizia palestinarrek Israelen aurka egin erasoaren «egile intelektuala» izatea; eta denbora anitz eman zuen haren atzetik. Netanyahu lehen ministroak aditzera eman zuen Hamas garaitua izan zela: «Hamasen osteko lehen eguna» deitu zion, eta gehitu ere «Deabruak kolpe gogorra hartu du[ela] gaur. Lanean jarraituko dugu bahituak berreskuratu arte. Hamasek ez du boterean jarraituko».[134] 18an bertan, Hamasek berretsi egin zuen haren heriotza, borrokan gertatu zena.[135]
Argia aldizkariaren azaroaren 29ko estimazioaren arabera, Israelen erasoetan ordu arte hildako palestinarren % 95 zibilak izan ziren, kontuan hartuz gero ordurako 20.000 palestinar hil bide zituztela.[136] Urriaren 7az geroztik, milioi erdi adingabek utzi behar izan dituzte euren bizitokiak, Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtseko Ekialde Hurbilerako zuzendari Adele Khoderrek emandako datuen arabera. Haur horiek «ia edateko urik gabe, jendez betetako eremu txikietan eta babesik gabe» daudela gehitu zuen.[137] Abenduaren 27an, Gazako biztanleen % 85 lekualdatu behar izan ziren, beren bizilekuak atzean utzita.[138] Eskalada militarra hasi eta urtebetera, 2024ko urriaren 7an, 1,9 milioi palestinarrek utzi zituzten beren etxea Gazan, jatorriz 2,1 milioi pertsonako biztanleriatik, eta noraezean zebilen batetik bestera Gazako eremu murritzean. Gazak Baztanen pareko azalera du eta, bertan, Gipuzkoak eta Bizkaiak batera besteko biztanleria.[139]
Gaza Media Officeren arabera, urtarrilaren 4an azaleratu zenez, urriaren 7tik Israelek 65.000 tona bonba jaurti zituzten ordu arte Gazaren gainean, misilak eta bonba erraldoiak, horietako batzuk ia tona bat leherkariz beteak.[140] 2024ko uztailean argitaratu zenez, 15 urte beharko ziren Israelek Gazako genozidioan sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko.[141]
Israelen erasoetatik harago, nabarmendu zuen adingabeek «arrisku handiak» dituztela gaixotasunak garatzeko. «Haur izateko lekurik arriskutsuena da Gaza». Gazako zibilen hilketa masiboaz gain, Israelek Zerrendako palestinarren artean gosete eta gaitza zabaltzen joatea erabaki zuen.[142] Urriaren 12an, NBEk adierazi zuen une horretan 650.000 palestinarrek ur eskasia jasaten zutela.[26] Ataka horretan, egun berean, milaka herritarrek, horien artean asko desplazatuak, NBEren UNRWA agentziako eraikinetan indarrez sartu, eta irina zein bestelako elikagaiak eraman zituzten. Elikagai horiek Rafahtik kamioietan sartutako laguntza humanitarioa zen.[143][144] Urtarrilaren 20an, 650.000 palestinarrek gosete handia jasaten zuten, UNRWAk hala salaturik.[57] Azaro hasieran, Israelen bonbardaketek sarraskia eragin zuten Jabaliako errefuxiatu esparruaren kontrako erasoan, gutxienez 400 pertsona inguru.[145] Azaro hasieran, Gaza-Egiptoren arteko Rafahko muga ireki zitzaien zauritu eta herritar batzuei, eta hiritartasun bikoitzeko palestinarrei.[146]
Gazaren kontrako erasoan, Israelek jo-mugan jarri zituen hala ospitaleak eta nola bizilekuak.[147] Azaroaren 3an, Israelgo indar armatuek al-Xifa Ospitaletik Rafah-ko mugara zauritu larriak zeramatzan anbulantzia konboi bat bonbardatu zuten; aldi berean, ikastetxeak, meskitak eta ospitaleak bonbardatu zituen, ihesi zihoazen herritarren aterpe aizun bilakatuak, hala nola al-Fakhoora ikastetxea, Jabaliako errefuxiatu esparruan.[148] Abenduaren 17an, israeldarrek berriz bonbardatu zuten errefuxiatu esparru hori, eta gutxienez 90 hildako eta 100 zauritutik gora eragin.[149] Israelek segurtatu ohi du bere erasoen ituan Hamasen instalazio militarrak eta ezkutalekuak daudela, eta erakunde horrek ezkutu gisa baliatzen dituela leku horiek, zehazki al-Xifa Ospitalearen sotoaldea, «baita NBEren egoitzak ere».[150][151]
|
Al-Xifa Ospitaleko langileek aditzera eman zutenez, azaroaren 15erako israeldarrak ospitalera sartu ziren tiroka, kaosa eta etsipena zabalduz bertako 650 paziente eta aterpetutako 5.000-7.000 zibilen artean.[51][152] Israeldarrek ur eta oxigeno hoditeria leherrarazi ondoren, ospitaletik bertan aterpetuak «egarriz hiltzen» ari zirela ohartarazi zuten.[152] Israeldar indarrek abeletxeak suntsitu zituzten, eta gosetea Gazako herritarren kezka nagusi bilakatu zen,[153] prezioak hirukoiztuz.[154] Azaroaren 17an, gosete arriskua berehalakoa zen, NBEk adierazi zuenez.[155] Indar israeldarrek babesleku izendatutako eraikinak eta eremuak bonbardatzen jarraitu zuten; azaroaren 18an, NBEren ikastetxe bati eraso egin zioten, hamarnaka hildako eraginez, asko haurrak eta emakumeak.[153]
NBEk abenduaren 12an adierazi zuenez, Gazako herritarren erdiak goseteak jota zeuden.[63] 2024ko otsailaren 29an, sarraski bat gertatu zen Gaza Hirian, Israelek laguntza humanitarioaren bila bildutako 100 pertsonatik gora hil eta gutxienez 760 pertsona zauritu zituenean.[156] Abenduko datuen arabera, haurrek behar zuten uraren % 10 edaten zuten egunero.[157] 2024ko martxoaren 4rako, NBEk azaldu zuen hamasei haur hil zirela malnutrizioaren eta osasun arreta gabeziaren ondorioz.[158] Apirilean zabaldu zenez, Gazako Zerrendako 576.000 pertsona, biztanleriaren laurden bat, gosetea jasateko zorian ziren, NBEren arabera.[159] UNRWAk 2024ko irailean kalkulatu zuen miloi bat pertsonatik gora geratuko zirela janaririk gabe hilabete bukaeran.[160]
Apirilaren 14an, Gaza hegoaldean aterpe hartu zuten milaka palestinarrek, asko Rafahn babestuak, etxerako bidea hartu zuten, Gaza iparraldera, nekeak jota. Aldiz, FDI israeldar armadaren sua aurkitu zuten, tankeen zein fusil bidez itzultzen ziren iheslariei tiro egiten zietenak, CNNren arabera. Askok berriz hegoaldera buelta ematea erabaki zuten. Israelek gerra eremu aktibotzat zuen artean ere Gaza iparraldea.[161] Maiatzaren 27an, Israelgo armadak Rafah ipar-ekialdea bonbardatu zuen (ikus goian): milaka pertsona lekualdatuz beteriko kanpaleku bat, Israelek bonbardaketaz lehenago mehatxatu ez zuena. Haatik, tokia bonbardatu eta 40-50 pertsona hil zituen.[77] Ekainaren 17an, Rafahn aste batzuk lehenago israeldar ofentsibatik ihesi pilatzen zen 1,4 milioi pertsonako jende oldearen gehiengoa Al-Mawasadera lekualdatu zen, Israelek «eremu seguru» izendatua.[80] Hala ere, luze gabe, Israelek kostaldeko iheslarien denda eremu hori ere bonbardatu zuen, eta gutxienez zazpi pertsona hil.[162] Eskalada militarraren hasieratik hamaika hilabetera, kalkulatzen zen Gazako herritar guztiak lekualdatu behar izan zirela beren bizilekuetatik aterpe bila, Israelen erasoetatik ihesi: 2.300.000 pertsona.[163]
Ekainean, israeldar indar militarrek lurralde osoa okupatu ondoren, sistema palestinarra bertan behera geratu, eta zabor bilketa ere eten egin zen. Hilabetearen bukaeran, zaborra milaka tonatan pilatu eta usteltzen zen, eta bildu edo tratatu gabe gelditzen, gaitzei bidea irekiz. UNRWAk salatu zuen Israelek ez zuela uzten zaborra biltzen eta bizi baldintzak «ezin okerragoak» zirela. Izan ere, zaborraz gain, beroa, edateko ur eta elikagaien zein saneamenduaren falta zela eta, gaitz agerraldiak ugaldu ziren.[164]
Azaroaren 24an, 96 orduko pausa humanitario bat hasi zen Gazan, Egipto, Qatar eta Estatu Batuen bitartekaritzaz.[165] Pausa horretan, adostu zen palestinar-israeldar gatibuen elkartrukea egitea: Hamasek bahituta Gazara eramandakoak eta Israelek bere espetxeetan preso dituenak. Aldi horretan, hornigai eta elikagai gehiago hasi ziren sartzen Gazara Rafah-ko pasabidetik.[166] Azaroaren 27an, menia hori beste bi egunez luzatu zen. Horretarako, palestinarrek beste 50 gatibu askatzea jarri zuten baldintzatzat.
Horien trukean egunean 30 preso palestinar espetxetik irteteko eskatu zuen Hamasek. Hargatik, Netanyahuk adierazi zuen pausaren ostean berriz gogor joko zutela: «Gerran jarraituko dugu gure helburu guztiak bete arte: bahitutako guztiak etxera itzultzea, Hamas erabat desagertzea eta Gaza Israelentzat inoiz gehiago mehatxu bat ez izatea».[167] Astebeteko pausaren ondoren, borrokak abenduaren 1ean [Euskal Herriko] goizeko 6etan hasi ziren berriz: israeldarrek kohete bat geldiarazi zuten; gainera, israeldarrek bonbardaketa gogorrei berrekin zieten.[168]
2024ko maiatzaren 6 arte, Israelgo agintariek atzeratu egin zuten Rafah hiriaren kontrako lehorreko eraso militar bat. Bitarte horretan, aire erasoak nagusitu ziren, udaberrian ehunka palestinar herritar hil eta zauritu zituztenak hiri horretan, baita askotariko txikizioak eragin ere azpiegitura zibiletan. Apiril hasieran, Hamasek eta Israelgo gobernu ordezkariek adierazi zuten prest zeudela menia batera heltzeko, Qatarko zein Egiptoko bitartekarien hitzarmen proposamen batean oinarrituz. Hamasek onartu egin zuen proposamena, eta jendetzak Rafahko kaleetan ospatu zuen. Aldiz, poz hori laster zapuztu zen, Israelek atzera egin eta, apirilaren 7ko ordu txikietan, Rafahren bonbardaketari ekin zionean.[75]
2024ko abuztuan, Israelen Gazako erabateko blokeoaren eta ofentsiba militar berri baten erdian, egiaztatu zen polioak hainbat umeri erasan ziela. Ondorioz, Israelgo agintariek eta Hamas erakundeak hiru eguneko pausa humanitarioa adostu zuten, OMEk babestua. Kanpaina, irailaren 7an hastekoa zen Gaza erdialdean, eta gero iparraldera zein hegoaldera zabaltzekoa.[169]
Gerra luzatu ahala, Israel eta Palestinako lurralde mugakideetara zabaldu zen tentsioa, lehenik eta behin Israel eta Zisjordaniara bertara eta, berehala, Libanoko hegoaldeko mugara, Hezbola mugimendu islamistarekin dagoen gatazka puntuetara. Berehala, nazioarteko potentzien arteko jokaleku bero bihurtu zen, atzean zirela nagusiki AEB eta Iran, baita Europar Batasuneko herrialdeak eta Errusia ere.
Israelgo palestinarrek askotariko zigor eta ondorioak jasan dituzte, hala nola lan kaleratzeak, jazarpenak eta atxiloketak. Palestinarren kontrako oldarra Nakba errepikatzeko arriskua benetako bihurtu du, krisi hau hasi baino lehenagotik zetozen neurriak gauzatuz edo areagotuz.[170] Zisjordania, berriz, PAN Palestinako Aginte Nazionalak kudeatzen du, eta lur palestinarra da, berez.[167] Hamasen urriaren 7ko erasoen ondoren, arreta guztia Gazara bideratzen zen bezala, aldi berean israeldar indarrek 31 palestinar hil zituzten bakarrik astebetean.[171] 2023ko urriaren 7tik 2024ko uztailaren 31ra bitartean, Israelgo indarrek eta kolonoek 116 haur palestinar hil zituzten balaz Zisjordania okupatuan. % 90 gorputz adarretan, buruan edo hainbat ataletan tirokatu zituzten, eta horrek esan nahi du Israelgo tiratzaileek hiltzera tiro egiteko politikari jarraitzen diotela.[172]
NBEk 2024ko martxo hasieran azaldu zuenez, Zisjordaniako israeldarrek palestinarrei tratu iraingarria eta giza legearen kontrakoa, sexu jazarpena eta bortxaketa mehatxuak egin zizkieten beren operazioetan.[173]
PAN Palestinako Aginte Nazionalak Nazio Batuen Erakundeari eta giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeei eskatu zien «berehala» esku hartzeko Palestinan, «okupazio indarrak herritarren aurka misilekin eta droneekin egiten ari diren erasoak geldiarazteko».[174] Hala 2023ko azaroan nola 2024ko otsailean, Amnistia Internazionalak israeldar indarrek eragindako giza eskubideen urraketa larriak salatu zituzten, tortura kasu oso ohikoak eta indarkeria hilgarriaren erabilera neurrigabea eta legez kanpokoa.[175][176] 2024ko otsailaren 27an, Zisjordanian oinarritutako Palestinako Gobernu osoak dimisioa eman zuen, Palestinak bizi zuen ataka jasanezina zelakoan.[177]
Libanoko frontean, tentsioa hasieratik handitu zen, eta bi aldeek, Hezbola talde indartsua ere tartean, tiroketak eta su erasoak trukatu zituzten hilabete batez.[178] Urriaren 30ean, Israelek hegazkinez eraso egin zion Libanori eta Siriako Hezbolari, bertako kohete-jaurtigailuak neutralizatzeko, adierazi zuenez. Astetan, Israelek zein AEBk hainbat aire eraso egin zituzten Siria gainean.[179] Abenduaren 8tik 9ra, Israelek areagotu egin zituen Hezbola talde miliziaren aurkako aire erasoak, nahiz eta une horretan ez zen inor hil. Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeeren arabera, miliziaren egoitza nagusiari egin zioten eraso.[180] Libanoko fronteko giroa gaiztotu egin zen 2024ko ekainaren 19an. Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek X sare sozialean idatzitako txio batean ohartarazi zuen armada «prest» zegoela Hezbola milizia xiitarekin «erabateko gerra bat» hasteko.[93] Irailaren 18-19an, Hezbolako kideen gailu eletroniko ugari urrunetik eztandarazi eta aire erasoz haren buruzagi gorenak erail ondoren, Israelek ofentsiba oso bati ekin zion Libano hegoalde eta ekialdean.
AEBk Itsaso Gorrian gerraontziak zabaltzeari erantzunez,[181] Yemengo matxino huthiek mehatxu hau egin zuten abendu erdialdean: Itsaso Gorria zeharkatzen zutela eta Israel helmuga duten ontzi guztiei eraso egingo zietela, baldin eta Israelek «berehala» laguntza humanitarioa, hala nola elikagaiak eta osasun baliabideak, Gazara sartzen uzten ez bazuen.[180] Huthiek Iranen babesa dute, eta Itsaso Gorrikoa munduko itsas ibilbide komertzial aktiboenetako bat da.[181] Abenduaren erdialderako, huthiek zortzi itsasontziri egin zieten eraso Yemengo Bab el-Mandeb itsasartean. Ondorioz, petrolioaren prezioek goranzko joera hartu zuten.[182][183]
Siriako Gerra Zibilak iraun bitartean, Israelek ehunka eraso egin zizkion Siriari, baina urriaren 7tik areagotu egin zituen, batez ere Iranen babespeko indarren eta Siriako armadaren kontra. Abenduan, Israelen aire eraso batek Irango Zaindari Iraultzaileen jeneral goren bat hil zuen. Ekialde Hurbilean tentsioak gora egin ahala, 2024ko urtarrilean, Israelek aire eraso bat jo zuen Damaskon, eta 5 pertsona hil eraikin batean bilduta zeudela. Israelek adierazi zuenez, Iranekin lerrokatu buruzagiak ziren.[184] 2024ko otsailaren 2an, Estatu Batuek Siriako eta Irakeko dozenaka punturi egin zioten eraso, Jordanian egun batzuk lehenago soldadu batzuk hiltzearen ordainetan.[185]
Hezbolak, abenduaren 7an, gutxienez bost misil jaurti zituzten AEBk Bagdaden zuen enbaxadaren aurka. Erasoaren harira, Irakeko lehen ministro Xia al-Sudanik bere gobernuaren baimenik gabe «ez erantzuteko» eskatu zion AEBri. Hasieran, ez zuen inork erasoa bere gain hartu.[180] 2024ko otsailaren 2an, AEBren eraso militarrak jazo ziren Irak eta Siria arteko mugan.[185] Irakeko agintariek adierazi zuten AEB buru duen koalizioa gatazka eta «desegonkortasun faktore» bat bihurtzen ari zela Ekialde Hurbilean, eta koalizio horren Irakeko misioa etetera bultzatzen ari zela Irakeko gobernua.[186]
Gerra krimenak Israel-Palestina gerran 2023-2024. urteetan gertatu dira. Gerra horretan, bi alde nagusiek, Israelek eta palestinar erakundeek, elkarri leporatu diote gerra krimenak egitea. Hala ere, intentsitate eta luzera aldetik, nabarmen ugariago dokumentatu da Israelen kontrako ebidentzia. Bi ataletan banatzen dira era honetako krimenak: batetik, Hamas eta erakunde politiko militar palestinarrek Gazatik urriaren 7an egin eta hurrengo bi egunetan egin erasoak eta bahituen gaineko giza eskubideen urraketak eta, bestetik, hurrengo hilabeteetan Israelen indar armatu eta buruzagiek palestinar herritarren eta gatibuen gainean eragindakoa, aire erasoen bidez zein lehorreko inbasioan eta Zisjordaniako askotariko erasoetan.
Gerrak iraun bitartean, hainbat gerra krimen erregistratu dira, nazioarteko zuzenbidearen arabera tipifikatuak. Zibilen hilketa indiskriminatua da horietako bat, baita ikastetxeei eta ospitaleei eraso egitea ere. Palestinako Defentsa Zibileko bozeramaile Mahmoud Basalek nabarmendu zuenez, «honelako sarraskirik ez da izan gure historian. Aurreko gerretan triskantzak izan ditugu, baina hau genozidio baten parekoa da».[187][188] Urri erdialdean, NBEk adierazi zuen Gazakoa «inoiz ez bezalako giza hondamendia» zela.[189] Abendu hasieran, Michael Fakhri NBEren Gazako Erreportari Bereziak, herritarren janaria eskuratzeko ezintasunari loturik, «genozidio» deitu zion gertatzen ari zenari, gogora ekarriz Gazako palestinar guztiak gosetea jasaten ari direla.[64]
2024ko uztailaren bukaeran argitara zen Israelek Gazako zerrendaren ur hornidura % 94 murriztu zutela 2023ko urriaz geroztik. Biztanleriari ura ukatzea gerra krimena da nazioarteko legearen arabera. Oxfam nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeak adierazi duenez, Gazako zerrendako ur zikinen tratamendurako instalazioen % 100 suntsitu du Israelek. Oxfamek argitaratutako Uraren Gerra Krimenak izeneko txostenean ondorioztatu dute Israel gerrarako arma gisa erabiltzen ari dela ur eskasia, eta «osasun hondamendi hilgarria» sortu duela Israelek urarekin. Oxfameko ordezkari batek BBC hedabidean salatu zuenez, sistematikoki blokeatu dizkiete sartu nahi izan dituzten komunak eta garbiketarako gaiak, janaria eta bestelako hornikuntzez gain.
Soldadu israeldarrek berek sare sozialetan argitaratu zuten nola leherrarazi zuten Gaza hegoaldeko Rafah hiriko ur erreserben sistema osoa; sistema horrek milioitik gora pertsonari ematen zien zerbitzua. Heidi Matthews Nazioarteko Lege Kriminaleko irakasle eta adituak adierazi zuen uren tratamendurako instalazio bat suntsitzea gerra krimena dela bere horretan. Eta gainera, Israelek «argi dakienez» horrek poliomielitisa zabaltzea eragingo duela Gazan, «asmo genozidaren froga» da Rafahn gertatutakoa, Matthewsen arabera.[190]
Urriaren 7an Hamasek eta beste zenbait erakunde politiko-militar palestinarrek Israeli eraso egin ziotenetik, askotariko protestak eta elkartasun ekitaldiak antolatu dira munduan eta Euskal Herrian. Protestak Israelen zein Palestinaren aldekoak izan dira, baina gerrak aurrera egin ahala eta Al-Ahli Arabi ospitala leherrarazi ondoren, areagotu dira munduan Israelen bonbardaketak salatzeko protestak, batez ere Ekialde Hurbilean, baina baita Europan eta Estatu Batuetan, bertako buruzagi politikoen kontra, Israel babestearren. Hainbat ahotsek garbiketa etnikoa salatu dute.[191]
Euskal Herrian, manifestazio ugari egin dira, besteak beste Iruñean, Donostian, Bilbon edo Baionan. Ipar Euskal Herrian, bereziki, protestek agintarien eragozpenak, debekuak eta, oro har, zapalketa kausitu dute. Urriaren 19an, Baionan 120 pertsona elkarretaratu ziren, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren deiari erantzunez. Herriko etxe aitzinean antolatua zuten bilkura debekatu zuen suprefeturak, eta poliziak plaza hartu zuen.[192]
2023ko abenduaren 8an, 3.000 pertsona elkartu ziren Gernikan, Gernika-Palestina herri ekimenari erantzunez. Elkarretaratze horretan, bildutakoek Palestinako bandera bat eta Picassoren Guernica koadroaren zati bat osatu zuten.[193] 2024ko urtarrilaren 28an, berriz, milaka manifestarik martxa bat egin zuten Ordiziatik Beasainera, Israelekin harremanak dituzten euskal enpresen eta erakundeen «konplizitatea» salatzeko, CAF enpresarena «bereziki».[194]
2024ko otsailaren 29an, Euskal Herriko hainbat sortzailek eta artistak bat egin zuten Palestinako «genozidioa» eteteko eskatzeko, tartean zirela Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Maia eta Igor Otxoa, besteak beste.[195] 2024ko martxoaren 17an, milaka lagunek egin zuten bat kulturgileen deiarekin. Donostian egindako manifestazio horretan, Palestinari elkartasuna adierazi zioten, eta «genozidioa» eteteko eskatu. Haizearen Orrazian, protestariek performance bat antzeztu zuten, lurrean hilotz plantan sarraski bat irudikatuz.[196][197]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.