From Wikipedia, the free encyclopedia
Israel-Palestina gerrari buruzko protestak eta elkartasuna (2023-2024) gerra horri buruz Euskal Herrian eta munduan piztu diren mobilizazioak eta elkartasun adierazpenak dira. Hor sartzen dira hala urriaren 7-10eko Hamasen eta erakunde politiko-militarren erasoei buruzkoak nola hurrengo urte erdi eta luzaroagoko Israelen Gazako eta Zisjordaniako kanpainari buruzkoak. Israelgo zibilen zein militarren kontrako hasierako erasoak erreakzioak eragin zituen munduko politikari eta agintari ugariren artean, baita Israelen aldeko kale protesta batzuk ere; bigarren fase luzeagoan, berriz, palestinar herriaren aldeko herri mobilizazioak nabarmen areagotu ziren, Israelen gerra krimen eta genozidio salaketa gero eta gehiagoren erdian. Euskal Herrian, Israelen kanpaina militar luzearen kontrako eta palestinarren aldeko protestak eta jarrerak nagusitu dira, hala kalean nola kulturan eta, are, politikan.
Urriaren 7an Hamasek Israeli eraso egin zionetik, askotariko protestak eta elkartasun ekitaldiak antolatu dira munduan. Protestak Israelen zein Palestinaren aldekoak izan dira, baina gerrak aurrera egin ahala eta Al-Ahli Arabi ospitala leherrarazi ondoren, areagotu dira munduan Israelen bonbardaketak salatzeko protestak, batez ere Ekialde Hurbilean, baina baita Europan eta Estatu Batuetan, bertako buruzagi politikoen kontra, Israel babestearren. Hainbat ahotsek garbiketa etnikoa salatu dute.[1] Parisen, milaka bildu ziren urriaren 22an, baita 19an ere, agintariek debekatu zutena.[2] Pariseko prefetaren arabera, «Palestinaren aldeko ekitaldiak debekatzeko arrazoia ez [zen] politikoa, morala baizik». Madrilen, Bartzelonan eta Zaragozan, milaka pertsona atera ziren kalera, «genozidioaren» kontra.[3]
Kontrako aldean, urriaren amaieran, Espainiako hiriburuko udalak Ohorezko Domina esleitu zion Israeli; alkateak adierazi zuen ezin dela onartu Israelen eta Hamasen arteko «ekidistantziarik».[4] Urriaren 19an, berriz, Washingtonen, protestari juduak Kapitoliora sartu ziren, «ez nire izenean» goiburu harturik, Israelek Gazaren kontra zeraman kanpaina militarraren kontra; ehunka protestari atxilotu zituzten.[5] Urriaren 28an, New Yorkeko Grand Central geltokian, «palestinarren genozidioa amaitzearen» aldeko juduek eta atxikitako beste protestari batzuek elkarretaratzea egin zuten berehalako su-etena eta bakea erreklamatzeko; poliziak ehunka atxilotu zituen.[6] Interneti dagokionez, urriaren 26an, Meta korporazioak Gazako irudiak plazaratzen zituen jarraitzaile ugariko palestinarren aldeko Instagrameko kontu bat itxi zuen, adieraziz «segurtasuna kolokan» jartzen zuela.[7]
Alemaniako alderdi politiko nagusiek, ezkertiarrek ere bai, hala palestinar nola palestinarren aldeko adierazpenak eragotzi dituzte, «Israelen kontrako izua» eta «terrorismoa» babesten dutelakoan.[8] Estatu Batuetako unibertsitateetan, hautsak harrotu zituen Gazako palestinarren kontrako Israelen operazioak, bereziki ikasleen protestak harrotuz. Aldiz, hainbat erakunde publikok zein pribatuk, Alderdi Demokratako sektore handi bat eta Anti-Defamation League erakundea tartean, «antisemitismo» akusazioak atera zituzten.[9] Iranen, berriz, 2023ko azaroan, milaka atera izan ziren kalera Gazako hilketengatik eta AEBren zein Israelen kontra protestan.[10]
Apirilaren hondarrean, berpiztu egin ziren AEBko unibertsitateetako protestak, New Yorkeko Columbia erdigunean zela. Ikasleek Occupy Wall Street antzeko mugimendu bati ekin zioten. Polizia campus horretan sartu zen, eta ikasle protestarien kontra jo, 130 ikasle atxilotuz. Irakasleek gogor salatu zuten poliziaren oldarraldi hori, eta haietako 400 unibertsitateko togaz jantzirik agertu ziren ikasle protestariei babesa adierazteko, baita Columbiako presidentearen dimisioa erreklamatu ere.[11] AEBko beste unibertsitateen artean ziren Berkeley, Barnard, Yale eta beste. Bakearen aldeko Juduak mugimenduak protagonismoa hartu zuen protesta horietako batzuetan.[12]
Laguntza humanitarioa eta elkartasuna uztartuz, Istanbulen hainbat astez kaian pausaturik egon zen "Askatasunaren Ontzidia", hiru itsasontziz osatua. 2024ko apirilaren 6rako, prest omen zegoen, antolatzaileek ziotenez. Akdeniz itsasontziak, zehazki, laguntza humanitarioa zeraman eta, antolatzaileek esan dutenez, baimena zuen bidaia apirilaren 26a hasteko, portuko agintaritzek «beharrezkoa den dokumentazio guztia» baitzuten, eta haien oniritzia jasoa zuten. Ontzidiak laguntza humanitarioko 5.000 tona zituen prest Gazara garraiatzeko. Laguntza hori «hil ala bizikotzat» jo zuten antolatzaileek. Aldiz, Israelgo exekutiboaren nazioarteko presioek beren helburua lortu zuten: Guinea Bissauk bere banderako ontzidiari eragotzi egin zion itsasoratzea, sine die atzeratuz. Gutxienez, hiru euskal herritar zeuden ontzidiko bultzatzaileen artean.[13]
2024ko maiatzean, Israelen Rafahko lehorreko inbasioaren aukera hurbildu ahala, era guztietako mobilizazioak, hala nola protesta kanpaldiak, egin ziren mundu osoko unibertsitateetan, baita poliziak gogor hartu ere batzuetan. Estatu hauetako unibertsitateak izan ziren, besteak beste: Kanada, Erresuma Batua, Frantzia, India, Libano, eta Australia.[14] Oxford Unibertsitateak harremanak eten zituen Barclays eta Rolls-Royce konpainiekin.[15] Espainian, Madrilen ikasleek protesta kanpaldia jarri zuten abian Unibertsitate Konplutentsean, bat etorriz nazioarteko besteekin.[16] Maiatzaren 3rako, AEBn 2.200 lagun atxilotu zituzten jada Palestinaren aldeko protestetan. Los Angelesko UCLA izan zen protesten erdiguneetako bat, hainbat unibertsitateren artean. Kaliforniako Unibertsitatean, Israelen aldeko taldeak agertu ziren Poliziaren bistan makilez eta metalezko barrez armaturik, eta manifestariei eraso egin zieten.[17]
Ia aldi berean, Europako Amsterdamen, aztoramen handia bizi izan zen Palestinaren aldeko ikasleen mobilizazioetan: unibertsitateak blokeatu eta zirkulazioa oztopatu zituzten. Poliziak, berriz, protestariak borra ukaldika hartu zituen, eta 30 pertsonatik gora atxilotu. Vienako Unibertsitatean, tentsio unean bizi izan ziren. Ingalaterran, Cambridgeko Unibertsitateko ikasleek eta langileek eskatu zuten goi-mailako ikastetxe horrek inbertsiorik ez egiteko Israeli armak hornitzen zizkioten enpresetan. Espainiako Espainiako Unibertsitate Errektoreen Konferentziak (CRUE) iragarri zuen bertan behera utziko zituela Israelgo ikastetxe eta ikerguneekiko harremana, baldin eta «bakearen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren aldeko konpromiso irmoa» adierazten ez bazuten.[18] Tentsioak Estatu Batuetako graduazioetara heldu ziren, ikasleek Palestinaren aldeko salaketa aldarriak eta protestak egitean ospakizun ekitaldietan. Polizia bortizkeria handiz zapaldu zituen protesta adierazpenak.[19]
Bitartean, nazioarteko begirada guztiak Malmö hiriko Eurovision kantu lehiaketara bihurtu ziren. Israelen parte-hartzearen kontra, protesta biziak izan ziren ikuskizun egoitzaren kanpoaldean, milaka manifestari tartean, segurtasun neurri zorrotzen erdian. Protestarien artean zen Greta Thunberg klimaren aldeko aktibista, eta mintzatu zen Israelen Gazako interbentzio militarraren kontra protestatzeko eta «ekiteko betebehar moralaz».[20][21] Gainera, maiatzaren 11ko ekitaldi nagusian eta lehenagoko entseguetan zein kanporaketan, txaloak ez ezik, Israelgo ordezkariak askotariko arbuio txistuak eta oihuak eta gaitzespen adierazpenak entzun zituen.[22][23] Eurovisioni boikota egiteko deiak zabaldu ziren. 2022an Errusiari debekua ezarri zitzaion bezala, mila suediar kantari inguruk Israeli parte hartzea debekatzeko erreklamatu zuten, «Israel Gazan egiten ari den sarraskia» ikusita.[24] Flandriako Telebistako langileek «Israelen genozidioaren» kontrako mezuak sartu zituzten Eurovisionen emisioetan.[25]
Eskalada militarra urtebete joan zenean, ikasleek Palestinaren aldeko manifestazioa egin zuten Columbia Unibertsitatean, New Yorken, «Free, free Palestine» oihukatuz. Campus kanpoaldean, berriz, israeldarren aldekoak elkarretaratu ziren, urriaren 7ko gatibuak etxeratzearen alde.[26]
|
Euskal Herrian, manifestazio ugari egin dira, besteak beste Iruñean, Donostian, Bilbon edo Baionan. Urriaren 19an, Baionan 120 pertsona elkarretaratu ziren, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren deiari erantzunez. Herriko etxe aitzinean antolatua zuten bilkura debekatu du suprefeturak, eta poliziak plaza hartu zuen.[27] Urriaren 27an, halaber, prefeturak Palestinaren aldeko Mauleko eta Baionako manifestazio bana debekatu zituen[28]. Dena den, antolatzaileek 27ko Mauleko protesta[29] eta 28ko Baionakoa[30] mantentzea erabaki zuten eta biak egin ziren presentzia polizial nabarmenarekin.
Donostian, milaka herritarrek elkartasuna adierazi zioten Palestinari urriaren 21ean egindako manifestazio nazionalean.[31] Hainbat pertsonaia ezagunek sinatutako Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak deitu zuen manifestazioa eta Gazako «genozidioa» eteteko eta Palestinaren kontrako «okupazioa» bukatzeko eskatu zuten.[32] Egun berean, Real Sociedad eta Osasunaren arteko futbol partidan, zaleek ehunka Palestinako bandera atera zituzten harmailetan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren debekuari aurre eginez.[33] Urriaren 28an milaka herritar bildu zituen beste manifestazio nazional bat egin zen Bilbon «Gora palestinar erresistentzia! Sionismoa genozida» lelopean, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatuta.[34][35]
Azaroaren hasieran, Donostian, Ertzaintzak PSEren Prim kaleko egoitzaren aurreko protestarien kontra kargatu zuen, zaurituak eraginez, elkarretaratzearen GKS erakundeko deitzaileek segurtatu zutenez.[36] Iruñean, hainbat manifestazio eta elkarretaratze egin ziren urrian Israelen erasoaren eta «genozidioaren» kontra.[37][38][39] Azaroaren 7an, hainbat sindikatuk eta gizarte eragilek elkarretaratzeak deitu zituzten udaletxeen aurrean, eta milaka pertsona bildu ziren Gazaren kontrako Israelen erasoaren eta genozidioaren aurka.[40]
2023ko abenduaren 8an, 3.000 pertsona elkartu ziren Gernikan, Gernika-Palestina herri ekimenari erantzunez. Elkarretaratze horretan, bildutakoek Palestinako bandera bat eta Picassoren Guernica koadroaren zati bat osatu zuten.[41]
2024ko urtarrilaren 28an, berriz, milaka manifestarik martxa bat egin zuten Ordiziatik Beasainera, Israelekin harremanak dituzten euskal enpresen eta erakundeen «konplizitatea» salatzeko, CAF enpresarena «bereziki».[42]
Palestinaren alde mundu osoko unibertsitateetan egiten ari ziren protesta ekintza eta kanpaldiekin bat etorriz, 2024ko maiatzean, Hego Euskal Herriko lau unibertsitate campusetan protesta kanpaldiak egin ziren, baita lanuzte deialdiak ere. Ikama ikasle mugimenduak bat egin zuen haiekin.[43] 2024ko maiatzaren 11n, milaka pertsona elkartu zen Euskal Herriko 50 udaletxetan baino gehiagotan Gernika Palestina Herri Ekimenak deiturik.[44] Lau egun geroago, 1948ko Nakbaren urteurrena zela eta, Euskal Herriko Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kolektiboak deiturik (BDZ), milaka pertsona atera ziren kalera Euskal Herrian «Nakba berria» salatzeko eta genozidioaren alde. Bilbon atera zen jende gehien, 3.000 pertsona inguru.[45] Euskal Herrian, hain zuzen, Israeli boikota egiteko deialdiak eta kanpaina egin ziren.[46] Ildo beretik, maiatzaren 18an, milaka pertsona manifestatu ziren Iruñean Palestinarekin Elkartasuna elkarteak deiturik Gazako genozidioa geldiaraztearen, Palestina «erabat deskolonizatzearen» eta Israel «desagertzearen» alde.[47] Maiatzaren 25ean, emakumezko Champions Leagueko finala jokatu zen Bilboko San Mamesen, eta bertan Palestinako genozidioa salatzeko bandera bat erakutsi zen zelaian bertan, partida hasi baino lehen.[48]
Ekain hasieran, Artzain Onaren plazan, GKS erakundeak Palestinaren aldeko kanpaldia egin zuen, bertan ehunka gazte elkartuz, eta salatu zuten NATO zein Europar Batasuna «genozidioaren» konplize zirela.[49] 2024ko ekainaren 8an, Yala eta Gernika-Palestina Herri Ekimenak deiturik, manifestazio nazional bana egin ziren Iruñean eta Bilbon Palestinaren aurkako «genozidioa» geldiaraztea eskatzeko, milaka manifestari bilduz eta, horietan, performance banatan sarraskiak berritxuratuz.[50]
Ekainaren 15ean, Palestinarekin Erantzukizuna elkartasun taldeak elkarretaratzea deitu zuen Beasainen, CAF enpresaren urteko batzarrean, Jerusalem ekialdean eta, oro har, Israelekin kontratuak eta harreman ekonomikoak zituela salatzeko. Hamarka protestari elkartu ziren, Ertzaintzaren begiradapean.
|
Gasteizko Andra Mariaren jaietan, txupinazoan palestinar bandera erakusteko herritarren ekimena debekatu egin zuen udalak, EH Bildu alderdiak salatu zuenez. Adierazpen askatasunaren kontrako agindutzat jo zuten.[51] Donostiako Klasikoan, toki ugaritan agertu ziren Palestinako banderak. Izan ere, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak palestinarren aldeko elkartasuna agertzeko eskatu zuen: «gure ikurrei Palestinako ikurrak gehitzea». Aurrez, Gernika-Palestinak eskatua zuen Israel-Premier Tech txirrindulari taldeari Donostiako Klasikoan parte hartzea galarazteko, baina erakundeek ez zuten halako neurririk hartu.[52]
Urriaren hasieran, Gernika Palestina Elkarteak elkarretaratzeak deitu zituen udaletxeen aurrean hilaren 21ean, palestinarren genozidioaren kontra.[53]
Gerra hasi eta hamar egunera, Erresuma Batuko 2.000 inguru aktorek gutun bat zuzendu zioten gobernuari, leporatuz Israeli «gerra krimenak» egiten laguntzea eta horiek hauspotzea, eta menia bat eskatu zuten.[54] Urriaren 20 inguruan, AEBko hainbat aktorek, Susan Sarandon, Kate Blanchet eta Joaquin Phoenix tartean, hamarka aktorek Gaza gaineko bonbardaketak etetearen eta meniaren alde indar egiteko eskatu zioten Joe Biden AEBko presidenteari, gatibu israeldarrak salbu atera zitezen.[55] Hala Sarandonek nola Melissa Barrerak ondorio profesionalak pairatu zituzten Israelekiko posizio eta iruzkin kritikoengatik, baita «antisemitismo» akusazioak ere.[56]
Urriaren 25ean, PEN Internationalek berehalako su etenera, herritar zibilen babesera, gatibu guztien askapenera eta Gazaren setioa amaitzera deitu zuen.[57] Urriaren 27an, 93 artista frantsesek, Juliette Binochek eta Annie Ernauxk, besteak beste, berehalako su etena erreklamatu zuten Gazan, «gizateriaren izenean».[58] Espainian, azaroaren 7an, 300 artistak baino gehiagok manifestu bat idatzi zuten «Gazako sarraski, apartheid eta genozidioaren kontra» eta herrialde horretako gobernuaren utzikeriaren kontra.[59] Azaroaren 13an, Residente Puerto Ricoko rap-kantariak iragarri zuen utzi egingo ziola bere azken diskoa eta bideoak aurkezteari eta musika itzulia egiteari Gazan gertatzen ari zen «sarraski makabroarekin» ondoezak jota.[60]
2024ko otsailaren 29an, Euskal Herriko hainbat sortzailek eta artistak bat egin zuten Palestinako «genozidioa» eteteko eskatzeko, tartean zirela Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Maia eta Igor Otxoa, besteak beste.[61] 2024ko martxoaren 17an, milaka lagunek egin zuten bat kulturgileen deiarekin. Donostian egindako manifestazio horretan, Palestinari elkartasuna adierazi zioten, eta «genozidioa» eteteko eskatu. Haizearen Orrazian, protestariek performance bat antzeztu zuten, lurrean hilotz plantan sarraski bat irudikatuz.[62][63]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.