From Wikipedia, the free encyclopedia
XIX. mendea hasieran, Napoleon Bonapartek Frantziako politika zuzendu zuen garaian, Napoleondar Gerrak izeneko gatazka militarrak gertatu ziren. Horiek Europara hedatu ziren, baita Euskal Herrira ere. Euskal Herria gudu zelai bilakatu zuen guda Iberiar Penintsulako Gerra izan zen. Euskal Herrian, frantsestea edo frantzestada deitu zitzaion, Frantzian "Espainiako kanpaina", Espainian "Independentzia gerra", eta Erresuma Batuan eta Portugalen "Penintsulako gerra"[1].
Frantsesteak ondorio latzak izan zituen Euskal Herrian, hala Pirinioez iparraldera nola hegoaldera, armada kanpotarren presentzia eta ekintzagatik. Napoleonen indarrak bakarrik 80.000 izatera heldu ziren Euskal Herrian, eta Ipar Euskal Herriak orduan 120.000 biztanle inguru zituen. Euskal herritar horiek pairatu zituzten gerlariak mantentzearen kostua. Askok emigraziora jo zuten, Ameriketara.[2] Herritar askok eta eliteek jarrera kolaboratzailea hartu zuten iraultzaile frantsesekin. Hala ere, 1811tik aurrera jarrerak aldatzen joan ziren, eta askok mendira jo zuten, bandolero gisa lapurretara, iraultzaile frantsesei eraso eginez, baina ez bakarrik haiei.
1807ko urriaren 27an Manuel Godoyk sinatutako Fontainebleauko itunaren arabera, Espainiak eta Frantziak elkarrekin Portugal konkistatzeko kanpaina onartu zuten. Horretarako, Espainiako erresumak laguntza logistikoa emango zion frantses armada inperialari. 1807ko udazkenean bertan lehendabiziko frantses gudarosteek Bidasoko muga zeharkatzeari ekin zioten, teorian Portugalerako bidean.
Hala ere, bi hilabeteren buruan, Hego Euskal Herria osoan finkatu ziren, bertoko herritarren atsekaberako: Napoleonek herriaren babesa izango zuela pentsatu bazuen ere, armada atzerritarrari mantenua ematea ez zen herritarren gustukoa[3]. Dena den, herriak ez zuen maite edozein armada mantendu behar izatea, ezta zerbitzu militarra ere; Gipuzkoan, herritarrek eta bertako eliteek, foru erakundeek ere, jarrera kolaboratzailea agertu zuten lehendabiziko bi urteetan gutxienez. Euskal lurralde horretan, bidelapurrak edo erreboltariak ez ziren gipuzkoarrak izaten, nafarrak edo ipar euskal herritarrak baizik. Pierre Thouvenot brigada jenerala (1757-1817) Gipuzkoako gobernadore izendatu zuten 1808ko martxoan eta kargu horretan jarraitu zuen Araba eta Gipuzkoako eta Bizkaiko Jaurerriko gobernadore izateko gobernadore izendatu zuten arte[4].
Napoleonek D´Armagnac buruari Iruñeko Ziudadela bereganatzeko agindu zion. Horretarako, azpijoko bat jarri zuten abian: otsailaren 16an, elurtea probestuz, egun horretan frantziar gudariak elkarren aurka elur pilotak jaurtikitzen ari zirelako itxurak eginez Ziudadelara hurbildu ziren, betiere defendatzaileen gozamenerako. Gertu zeudenean ezkutatuta zeuzkaten euren armak atera, barnera sartu eta Ziudadela bereganatu zuten.
Aranjuezko altxamenduaren osteko Madrilgo maiatzaren 2ko gertaerek, hiru egun geroago Baionan Espainiako erregeak eta bere ordezkoaren abdikazioak eragin zituzten, Joseph Bonaparte enperadorearen anaia errege berri bilakatuz[5]. Egoera honetan, Fernando VII.ak aukeratutako gobernua aurka izan arren, Iberiar penintsula osoan altxamenduak eragin zituen, baita Hego Euskal Herrian ere. Ordurako eta Grande Armée osoa sartzekotan zegoen, Espainiako armada Logroño berreskuratu eta urriaren 17an Castaños jenerala Tuterara ailegatu eta bertan azaroaren 23an frantziarren aurkako gudua borrokatu zuen[6].
Udazken hartan Hego Euskal Herria gudu zelai bihurtu zen. Urriaren 31tik aurrera, Zornotza, Balmaseda eta Gueñes inguruan, Joaquín Blakek zuzendutako Galiziako armada Lefebvre mariskalak zuzendutako armadaren aurka aritu zen . Frantziarrek garaipena lortu zuten Durangaldea eta Pirinioen arteko bidea moztuz[7].
Gudu-zelaian armada erregularraren aurka garaipena lortu ezinik, gerrilla-taktikak erabiltzeari ekin zioten Napoleonen aurkariak. Hego Euskal Herrian, eta baita Espainian ere, partida ugari sortu ziren armada erregularra borrokatzeko[9]. Partida ospetsuenak gerrillari famatuak zuzenduak ziren:
1812ko uztailean, Erresuma Batuak esku hartu zuen gerran. Arthur Wellesley Wellington dukea Portugaletik sartu zen anglo-portugaldar armada baten aurrean[12]. Ciudad Rodrigon eta Arapilesen garaipenak lortu ondoren, Madrilerako bidea hartu zuen eta Joseph Bonapartek Valentziara ihes egin behar izan zuen. Nahiz eta frantziarrek kontraeraso egin eta erregea Madrilera itzuli, Errusiako kanpainan izandako porrotaren ondorioz, 1813ko hasieran, Bonaparte behin betiko bota zuten Madrildik.
Handik guda-frontea Euskal Herrira etorri zen, frantziarrak erretretan aurrera joan ahala. Ekainaren 21ean, Gasteizen gerraren gudu odoltsu eta nagusienetariko bat izan zen. Bertan, Joseph Bonaparte menderatu ondoren, Wellingtonek Donostia eta Iruñea hartzeko erasoaldiei ekin zien, frantziarrak Iberiar penintsulatik behin betiko botatzeko.
Wellington Donostia konkistatzeko ahaleginetan zebilela, bere portua garrantzi estrategikoa zuenez, 11.000 lagun bidali zituen Iruñera O'Donnell jeneral espainiarraren agindupean. Frantziarren kontraerasoa saihesteko Rowland Hillen gudarosteari eskatu zion Pirinioetatik 80 kilometroko luzera zuen frontea kontrolatzea, batez ere, mendiko pasabideak[13].
Porrotaren ondoren, Soult mariskalak laster berrantolatu zuen bere armada, eta Iruñeko garnizioa babesteko kanpaina hasi zuen Amaiur eta Orreagako pasabideetatik[14]. Nahiz eta kanpainaren hasieran garaipenak izan, nafar orografia eta aliatuen defentsa sutsuak laster geldiarazi zuten frantziar armada. Wellingtonek armada berrantolatu eta, 1813ko abuztuaren 1ean, Soraurengo guduan berriro menderatu zituen frantziarrak.
Abuztuaren 31n, Soultek beste saiakera bat egin zuen Donostiako garnizioari laguntzeko. Hala ere, Galiziako armadak San Martzialen eutsi eta frantziarrak bota zituen Gipuzkoatik. Gudua pasa eta gero, anglo-portugaldar armadak hiru egunez arpilatu zuen Donostia: hiria erretzeaz gain, bertokoak erail eta bortxatu zituen[15][16].
Napoleon Pirinioetako mugaren defentsa prestatzen ari zela, Fernando VII.a Espainiakoarekin negoziatu zuen. Bakearen truke, espainiar erregeak koroa berreskuratu zuen[17].
Baina gerra ez zen bertan bera gelditu, anglo-portugaldar armadak ez zuelako bakea sinatu, Espainiako erregeak baizik. Suchetek, orduan, Ipar Euskal Herrira eraman zuen gudu zelaia. Irailean eta urrian lehenengo borrokak Ekialdeko Pirinioetan izan zirenez arren, azaroan mendebaldera jo zuten. Hilaren 10ean, hain zuzen ere, Ugaranako gudua izan zen. Hilabete bat beranduago Basusarrin borrokak izan ondoren, abenduaren 9 eta 13 artean Errobiko gudua egin zuten Baiona inguruan[14].
Ipar Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian frantziarrek jasan zuten moduan, Wellington beldur zen gerrilla-gudua jasango ote zuten. Hori zela eta, Ugaranako gudua eta gero, espainiar gudarosteek bertako euskaldunak arpilatzeari ekin ziotenean, etxera bidali zituen haiek. Pablo Morilloren dibisioa baino ez zuen mantendu, Erresuma Batuko gobernuak ordaindua zelako. Era berean, beste herrialdeetako soldaduak zigortu egin zituen arpilatzen harrapatzen bazituzten.
Nolanahi ere, Espainian egin zuten moduan, frantses armadak bere herrikideak arpilatzeari ekin zion, Ipar Euskal Herriko euskaldunak gutxi frantsestuta baitzeuden. Soult horrelako jarrerak geldiarazten saiatu bazen ere, baita kapitain bat exekutatuz ere, ezin izan zuen eta, historialari batek esan zuen moduan, "bertokoak laster konturatu ziren beren nazioa salbatzeko bide bakarra aliatuen garaipena lortzea zela"[18].
Handik gerra Bearnorantz mugitu zen 1814ko apirilaren 14an Tolosako guduarekin bat gerra amaitu arte[19]. Ordurako Napoleonek kargua utzia zuen, apirilaren 12an zehazki, baina borrokak ez ziren momentu horretan eten, albistea ez baitzen fronteraino heldu. Azken borroka Euskal Herrian Tolosakoaren egun berean jazo zen, bi egun geroago: Baionako gudua[20].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.