Epistemologia, edo batzuentzat sinonimoa den gnoseologia, (grezieratik: ἐπιστήμη edo episteme, «ezagutza»; λόγος edo logos, «ikerketa») ezagutza zientifikoaren ekoizpena eta balioztatzea aztertzen dituen filosofia adarra da, epistemologiak zientziaren oinarriak eta metodoak aztertzen ditu[1], eta, harekin batera, etika, logika eta metafisikaren azpiesparru gisa ere jotzen da[2]. Epistemologoek ezagutzaren izaera, jatorria eta esparrua, justifikazio epistemikoa, sinesmenaren arrazionaltasuna eta erlazionatutako hainbat gai aztertzen dituzte. Epistemologiako eztabaidak, oro har, lau ardatz nagusitan biltzen dira[3][4][5]:
- Ezagutzaren izaeraren eta sinesmen batek ezagutza osatzeko beharrezkoak diren baldintzen analisi filosofikoa, hala nola egia eta justifikazioa.
- Ezagutza iturri potentzialak eta sinesmen justifikatua, hala nola pertzepzioa, arrazoia, oroimena eta testigantza.
- Ezagutza edo sinesmen justifikatuaren egitura, justifikatutako sinesmen guztiak oinarrizko sinesmen justifikatuetatik eratorri behar diren edo justifikazioak sinesmen multzo koherente bat baino ez duen behar.
- Eszeptizismo filosofikoa, zeinak ezagutzaren aukera eta erlazionatutako arazoak zalantzan jartzen duen, esate baterako, eszeptizismoak gure ezagutza arruntaren aldarrikapenetarako mehatxu bat ote den eta argudio eszeptikoen aurka geratzea posible den.
Epistemologia, ezagutzaren teoria gisa, ezagutzara garamatzaten zirkunstantzia historiko, psikologiko eta soziologikoez arduratzen da. Bestalde, ezagutza hori lortzeko irizpideak justifikatu edo baliogabetzen ditu. Era berean, kontzeptu epistemiko ohikoenen definizio argi eta zehatzak lortzea du xede, hala nola, egia, objektibitatea, errealitatea edo justifikazioa. Epistemologiaren lehen aztarnak Antzinako Grezian aurkitzen dira, besteak beste, Parmenides eta Platonen lanetan.
Antzinako Grezian, episteme gisa ezagutzen zen ezagutza doxa gisa ezagutzen zen ezagutzari kontrajartzen zitzaion. Doxa gizakiaren ezagutza arrunta edo behe mailakoa zen, hots, hausnarketa kritiko zorrotz baten menpe ez zegoena. Epistemea, berriz, zorroztasunarekin landutako ezagutza zen. Hori dela eta, zientzia edota ezagutzaren teoriaz ari garenean, “epistemologia” behin baino gehiagotan agertzen den terminoa da.
Hainbat egilek epistemologia eta gnoseologia bereizten dituzte. Gnoseologia ezagutza eta pentsamenduaren azterketa orokor bat da; epistemologia, aldiz, zientziaren bitartez lortzen den ezagutzaren azterketa da. Beste hainbat autoreren ustez, “epistemologia” kontzeptuaren esanahia zabaltzen joan da eta “ezagutzaren teoria” kontzeptuaren sinonimo erabiltzen dute.
Bestalde, ezagutzaren teoria espezifikoak ere epistemologia badira, adibidez, epistemologia zientifiko orokorra, zientzia fisikoen epistemologia edo zientzia psikologikoa.
Sarrera
Gaur egun, epistemologiaren ideiaren inguruan dagoen aniztasun teorikoaren bi adibide Karl Popper eta Jean Piaget dira.
Popperren ustez, epistemologiaren auzia hiru aldagaik definitzen dute: 1) ezagutzaren baliozkotasunari buruzko interesak (subjektuak ezagutza lortzen duen modua aztertzea alferrikakoa da bere baliozkotasunari dagokionez); 2) ezagutzaren subjektibitatearekiko desinteresak (zientzia ikuspuntu objektibotik aztertutako hizkuntza logiko gisa soilik hartzen da), hau da, epistemologiak zientziaren adierazpenak eta haien arteko harreman logikoak (justifikazioa) lantzen ditu; eta 3) izaera logiko-metodologikoak; hau da, normatibo eta filosofikoak.
Piageten epistemologiaren printzipioek Popperrek proposatutako printzipioekin talka egiten dute. Izan ere, Piageten epistemologiari ezagutzaren balizkotasuna interesatzeaz gain, ezagutza horretara iristeko baldintzak ere interesatzen zaizkio. Horregatik du garrantzia epistemologian jakintza eskuratzen duen subjektuak. Horrez gain, epistemologia enuntziatu zientifikoen jatorriaz arduratzen da, baita dimentsio linguistiko eta logiko-formala gainditzen duten zientzien alderdi anitzez ere. Piagetentzat, epistemologiak izaera zientifikoa du; hau da, izaera teoriko eta enpirikoa, eta ez metodologiko eta praktikoa.
Autore guztiak ez dira jartzen ados arazo nagusietan, ezta beraien diziplinaren –epistemologiaren– izaerari dagokionez ere. Baina, hala ere, epistemologia giza-ezagutzaren izaera ezagutzea helburu duen zientzia dela esan daiteke, giza-ezagutzaren printzipioak, funtzionamendua, ezagutza motak eta metodoak ikertzen dituelarik. Javier Monserraten arabera, zera egiten du epistemologoak: esperientzia edo introspekzioan ematen diren prozesu kognitiboen auto-behaketa; giza errealitatearen esperientziak duen egituraren behaketa; gizakiak kulturalki erabiltzen duen ezagutza nola azaltzen den aztertu; ezagutza zientifikoaren garapena eta historia ikertu; eta azkenik, giza ezagutzaren inguruko hausnarketa zientifikoak eta ikerketak egin.
Ez da erraza epistemologia eta antzeko beste zenbait diziplina bereiztea. Normalean, “epistemologia” terminoaren mugak komenigarritasun eta erabilgarritasunaren arabera definitzen dira, eta ez egiatasun edo faltsutasun printzipioen arabera. Baina adostasuna badago ere, adostasun prekarioa da; izan ere, ezagutzaren inguruko hausnarketa ezagutza dinamiko eta konstituzionala den heinean, termino horren mugak maiz aldatzen dira.
Ildo horri jarraituz, “epistemologia” kontzeptuak eta “ezagutzaren teoria” kontzeptuak muga zehaztugabeak dituzte. Bi kontzeptu horien arteko erlazioa espezie eta generoaren arteko erlazioaren arabera azal daiteke. Ezagutzaren teoria generoa izango litzateke, eta epistemologia, aldiz, espeziea, ezagutza mota jakin bat aztertzen duelako: ezagutza zientifikoa. Neopositibista eta enpirista logikoen arabera, ordea, ez dago diferentziarik bi kontzeptu horien artean, soilik ezagutza zientifikoak merezi duelako “ezagutza” terminoa. Hala eta guztiz, eskola horietako batzuk ezagutza mota desberdinak bereizten dituzte. Hauentzat, sentimenduak eta intuizioak ere ezagutza mota gisa kalifikatu daitezke, zeinak ez duten zientziaren ezagutza prozedura berdina jarraitzen. Fenomenologoek proposatu dute gizakiaren ezagutza-gaitasunak “esentzien intuizioa” delako horretara bideratu behar direla. Nahiz eta ezagutzaren teoria eta epistemologia desberdindu, kontuan izan behar da beti ezin dela egin bereizketa hori, “epistemologia” hitza, substantiboa den heinean, errazago ezartzen delako.
“Epistemologia” eta “zientziaren filosofia” kontzeptuen mugak ere ez dira oso nabariak. Zentzu zabalean, epistemologia zientziaren filosofiaren kapitulu bat izango litzateke, zientziaren filosofia praktikatzeko modu bat, hizkuntza zientifikoaren analisi logikoan oinarritzen dena. Bi kontzeptu horien desberdintasuna mantentzeko, zenbait autorek epistemologiak filosofiarekin zerikusirik ez duela esaten dute, lehena zientziarekin lotuz, zeina ezagutza mota bakarra izango zatekeen. Hala ere, ezin dira hain erraz bereizi zientziaren gaineko hausnarketa (epistemologia) eta filosofia. Lehenik eta behin, egungo epistemologia egiteko modu asko filosofiari lotuta egon direlako, hara nola, Meyerson, Cassirer, Brunschvicg, Eddington, Bachelard eta Gonsethen teoriak. Bigarrenik, epistemologiaren zenbait arazok bere muga propioak gainditzen dituelako, izaera orokorra (filosofikoa) duten arazoak direlako; eta azkenik, epistemologiak ezin dituelako arazo parazientifikoak lantzeari utzi, zeinak tradizio filosofikoaren parte izan diren.
Horrez gain, ez da erraza epistemologiaren eta metodologia zientifikoaren mugak bereiztea. Diziplina desberdinak al dira? Metodologia, diziplina gisa, epistemologiaren zati bat da? Tradizionalki pentsatu izan da epistemologiak ez zituela metodo zientifikoak ikertzen, azken hauek “metodologia” deituriko logikaren zati bati zegokiola pentsatzen zelako. Epistemologiak, beraz, zientzia ezberdinen ondorio, hipotesi eta printzipioak zituen ikerketa objektu gisa. Gaur egun ez da bereizketa hori onartzen. Gainera, zaila da zientzien printzipio, balio eta objektibitatea aztertzea, zientziaren prozeduren izaera eta balioaren inguruko galderarik egin gabe. Zentzu horretan, Piageten adierazi du hausnarketa epistemologikoa zientzia jakin baten krisiaren ondorioz etortzen dela, eta krisi horiek aurreko metodoak gainditzen dituen metodo berri baten agerpenak eragiten dituela. Horrek esan nahi du metodo zientifikoen analisia ezin dela hain erraz banandu epistemologiarengandik. Hori horrela izanik, gaur egun metodologia epistemologiaren esparruan sartzen den jakintza diziplina gisa kontsideratzen da, eta ez logikaren barruko diziplina gisa.
Dena den, orokorrean, komenigarria da ez nahastea epistemologia eta:
- Gnoseologia. Termino hori ezagutzaren teoriarekin identifikatzen da, zeina orokorrean ezagutzaz —egunerokoa, filosofikoa, zientifikoa, matematikoa, etab.— arduratzen den filosofiaren adar bat den.
- Zientziaren filosofia. Diziplina hori epistemologia baino zabalagoa da. Zientziaren filosofiaren markoaren barnean lantzen diren zenbait gai ez ditu zalantzan jartzen epistemologiak edota zuzenean ez dira bere ikerketa objektua.
- Metodologia. Diziplina gisa, metodologia epistemologia baino mugatuagoa da. Metodologoak ezagutza handitzeko estrategia edo bideak bilatzea du helburu, baina inoiz ez ditu zalantzan jartzen komunitate zientifikoak egiazkotzat hartzen dituen ezagutzak.
Historia
Epistemologia, zentzu zorrotzean, Errenazimenduarekin hasten da. Bertan, ezagutza zientifikoa fenomenoen ezagutza, analisi eta sintesi gisa azalduko da; hots, giza esperientzian ematen den errealitatearen manifestazio edo agertzeko moduaren ezagutza, analisi eta sintesi gisa. Zientziaren metodologia, beraz, esperientziako fenomenoen kritika arrazional gisa ezarriko da. Zientziaren metodologiaren heltze momentuko autore garrantzitsuenak hauek dira: Kepler (1571-1631) Galileo Galilei (1564-1642), Francis Bacon (1561-1626), Rene Descartes (1596-1650), Isaac Newton (1642-1727), John Locke (1632-1704), Leibniz (1646-1716) eta Kant (1724-1804). Baconen Novum Organum, Descartesen Metodoaren diskurtsoa, Spinozaren Tractatus de intellectus emendatione, Malebrancheren Egiaren bilaketaz obrek ohar garrantzitsuak zituzten epistemologoentzat, nahiz eta zentzu hertsian ezin diren epistemologiako liburuak kontsideratu. Agian, ondorengo epistemologia ondoen aurresaten duen XVIII. mendeko obra D’Alemberten Discurso premilimiar a la Enciplopedia da.
XIX. mendea
XIX. mende hasierako obra aitzindariak hauek dira: Dugald Stewarten La filosofía del espíritu humano (1814) obraren bigarren liburukia, Auguste Comten Curso de filosofía positiva (1826tik aurrera) eta John Herschelen Discurso preliminar al estudio de la filosofía natural (1830).
“Epistemologia” hitza oraindik garai horretan existitzen ez bazen ere, bi obra garrantzitsurekin hasi zen garatzen gaur egun epistemologiaz ulertzen dugunaren edukia: Bernard Bolzanoren Wissenchaftslehre (1837) eta William Whewellen Filosofía de las ciencias inductivas (1840). “Wisssenschaftslehre” hitzak “zientziaren teoria” esan nahi du. Bolzanok “Wissenschaft” hitzarekin ezagutza zientifikoari egiten zion erreferentzia, gainontzeko ezagutza forma oro baztertuz. Zehaztasun eta zorroztasunez, Bolzanoren obrak logikako oinarrizko zenbait nozio ikertzen ditu eta egungo metalogikako zenbait arazo aurreratzen ditu.
Whewellen ikerketek metodo historiko-kritikoari hasiera ematen diote. Baina lan handia suposatzen zionez, bi metodoak bereizi zituen eta lehenik historiari zegokion zatia argitaratu zuen, ondorengo zientzia induktiboen filosofiaren oinarria izango zena. Whewellek irekitako bideari jarraitu zioten bi obra epistemologiko garrantzitsuenetarikoak hauek izan ziren: Essai sur les fondements de la connaissance humaine et sur les caractères de la critique philosophique (1851) eta Traité de l´enchaînement des idées fondamentales dans les sciences et dans l´histoire (1861), biak Antoine-Augustin Cournotenak. Meritu garrantzitsuenetako bat zoriaren ideia epistemologiaren lehen mailan jartzea izan zen, denbora luzez legearen ideiaren aurkakoa eta zientziari arrotza zitzaion ideia gisa kontsideratua izan zena. Honela definitu zuen zoriaren ideia: bi serie kausal independenteen intersekzioa. Horrela, badirudi estatistikak eta probabilitateak egungo zientzian duen garrantzi handia aurreikusi zuela.
XIX. mendean, bide enpirista-positibistari jarraituz, epistemologia zientifikoa lantzeko beste zenbait saiakera ere egin ziren. Hemeretzigarren mendeko positibismo klasikoa Auguste Comte (1798-1857), John Stuart Mill (1806-1873), John Herschel (1792-1871), William Whewell (1794-1866) eta Herbert Spencerrek errepresentatu zuten. Ondoren, enpiriokritizismoak jarraitu zion Richard Avenarius (1843-1896) eta Ernst Machen (1838-1916) eskutik, eta mende amaieran eta XX. mendearen hasieran, Henri Poincaré (1854-1912), Pierre Duhem (1861-1916) eta Emile Meyerson (1859-1933) agertu ziren, guztiak enpiriokritizismoarekin loturiko autoreak, izan horri jarraipena eman ziotelako edota horren erreakzio gisa garatu zirelako.
XX. mendea
XX. mendean, epistemologia zientifikoa hiru eskola edo generazio garrantzitsutan bana daiteke: neopositibismo logikoa, arrazionalismo kritikoa eta postpopperianismoa.
Neopositibismoaren bi aitzindari nagusiak Bertrand Russell (1872-1970) eta Ludwig Wittgenstein (1889-1851) izan ziren. Beraien eraginpean sortu zen XX. mendeko bigarren hamarkadan Vienako Zirkulua. Eskola horrekin positibismoa neopositibismo logikoan bihurtu zen, XX mendeko epistemologia zientifikoko lehen eskola handia sortuz. Eskola horretako autore garrantzitsuenak Moritz Schlick (1882-1936), Otto Neurath (1882-1945), Herbert Feigl (1902), Félix Kaufmann (1895) eta Rudolf Carnap (1891-1970) izan ziren. Berlinen laster sortu zen neopositibismo logikoaren gune berri bat, zeinaren autore printzipalak Hans Reichenbach (1891-1953), Kurt Grelling (1886-1942) eta Walter Dubislav (1895-1937) izan ziren. 1931. urtean, Rudolf Carnapek neopositibismoaren beste gune baten sorrera bultzatu zuen Pragan eta A. J. Ayerrek neopositibismo logiko Ingalaterrara eraman zuen.
Bigarrenik, arrazionalismo kritikoa daukagu, K. Popperren epistemologia. Arrazionalismo kritikoa neopositibismo logikoak bultzatu zuen epistemologiaren oinarrizko ildoen aurkako erreakzio gisa ulertu behar da. Arrazionalismo kritikoak Vienako Zirkuluaren oinarrizko tesiak eztabaidatuko ditu eta zientziaren teoriaren eskola berria ezarriko du. Eskola honek 1934tik aurrera nagusitasuna eskuratzen joango da eta gero eta eragin handiagoa izango du Vienako Zirkuluko autoreen ondorengo eboluzioan; adibidez, Carnap edota Reichenbachengan. Popperren dizipulu nagusienetakoak Hans Albert eta John Watkins izan ziren. Popperren teoriak eragin handia izan zuen 50. eta 60. hamarkadetako zientziaren teorian, eta gaur egunera arte eragina izaten jarraitu du.
Azkenik postpopperianoak ditugu. Hauek, nahiz eta positibismoaren eta Popperren teoriatik edaten duten, ez dira ez bata eta ez bestearekin identifikatzen. Autore garrantzitsuenak T.S. Kuhn, P.K. Feyerabend, I. Lakatos eta N.R. Hanson dira.
Kontzeptu zentralak
Ezagutza
Epistemologiari buruzko eztabaida ia guztiak ezagutzarekin lotuta daude nolabait. Orokorrean, ezagutza, izan ere, norbait edo zerbaiten ezagutza, kontzientzia edo ulermena da, zeinak gertakariak (proposamen-ezagutza), trebetasunak (prozedura-ezagutza) edo objektuak (ezagututako ezagutza) izan ditzakeen bere baitan. Filosofoek, zerbait jakitearen artean, hiru zentzu ezberdinen bereizketa garrantzitsua egin ohi dute: zer jakin (proposizioen egia ezagutzea), nola jakin (ekintza batzuk nola egin ulertzea) eta ezagutzaren bidez jakin (zuzenean), objektu bat hautematea, ezagutzea edo beste modu batean kontaktuan jartzea)[6]. Epistemologia, batez ere, ezagutza forma horietako lehenengoaz arduratzen da, ezagutza proposizionalaz. Jakinaren hiru zentzuak ikus daitezke hitzaren ohiko erabileran. Matematikan, 2 + 2 = 4 dela jakin dezakezu, baina bi zenbaki batzen jakitea eta pertsona bat ezagutzea ere badago (adibidez, beste pertsona batzuk ezagutzea[7][8] edo norbere burua ezagutzea), lekua (adibidez norberaren jaioterria), gauza (adibidez, autoak) edo jarduera (adibidez, gehitzea).
Bere On Denoting artikuluan eta bere geroagoko Problems of Philosophy liburuan, Bertrand Russellek arreta handia jarri zuen ezagutza deskribapenaren bidez eta ezagutzaren araberako ezagutzaren arteko bereizketari.
Sinesmena
Epistemologian, oinarrizko kontzeptuetako bat sinesmena da. Sinesmena pertsona batek egiatzat hartzen duen edozeri buruz duen jarrera da[9]. Adibidez, elurra zuria dela sinestea elurra zuria da proposizioaren egia onartzearen parekoa da. Sinesmenak gerta daitezke (adibidez, elurra zuria da modu aktiboan pentsatzen duen pertsona bat), edo disposiziozkoak izan daitezke (adibidez, elur koloreari buruz galdetuz gero, elurra zuria da esango lukeena). Sinesmenaren izaerari buruz adostasun unibertsala ez dagoen arren, gaur egungo filosofo gehienek uste dute uste dute B sinesmena adierazteko joera bat B sinesmenari eusteko moduan dagoela[9]. Filosofo garaikideek hainbat modu ezberdinetan saiatu dira sinesmenak deskribatzen, besteak beste, mundua izan litekeen moduen errepresentazio gisa (Jerry Fodor), gauza batzuk egia izango balira bezala jokatzeko joera gisa (Roderick Chisholm), norbaiten ekintzei zentzua izateko interpretazio eskema gisa (Daniel Dennett eta Donald Davidson) edo funtzio jakin bat betetzen duten egoera mental gisa (Hilary Putnam)[9]. Batzuk gure sinesmenaren nozioari berrikuspen esanguratsuak eskaintzen ere saiatu dira (sinesmenari buruzko ezabatzaileak barne), mundu naturalean gure sinesmenaren kontzeptu psikologiko herrikoiarekin (Paul Churchland) bat datorren fenomenorik ez dagoela diotenak eta gure sinesmenaren nozio bibalentea (sinesmen bat daukat edo ez daukat sinesmenik) sinesmenaren nozio permisiboago eta probabilitate handiagorekin (sinesmen graduen espektro oso bat dago, ez sinesmenaren eta ezaren arteko dikotomia soil bat) ordezkatu nahi duten epistemologo formalak[9][10]
Egia
Egia gertaeren edo errealitatearen araberako izatearen propietatea edo egoera da[10]. Ikuspegi gehienetan, egia hizkuntzaren edo pentsamenduaren korrespondentzia da adimen independentea den mundu batekin. Horri, egiaren korrespondentziaren teoria deitzen zaio. Ezagutzarako beharrezkoak diren baldintzak aztertzea posible dela uste duten filosofoen artean, ia guztiek onartzen dute egia baldintza hori dela. Askoz ere adostasun gutxiago dago zergatik ezagutzaile batek jakin behar duen zerbait egia dela jakiteko. Ikuspegi horien arabera, zerbait jakiteak egia dela esan nahi du. Hala ere, hori ez da nahastu behar jakin ahal izateko jakin behar dela dioen ikuspegi gatazkatsuagoarekin (KK printzipioa)[3].
Justifikazioa
Justifikazio terminoa, epistemologian erabiltzen den moduan, sinesmen bat justifikatuta dago baldin eta arrazoi onak baditu. Labur esanda, justifikazioa norbaitek arrazionalki onargarria den sinesmen bat edukitzearen arrazoia da hori eusteko arrazoi ona dela suposatuz. Justifikazio iturriak pertzepzio-esperientzia (zentzumenen ebidentzia), arrazoia eta autoritate-lekukotasuna izan daitezke, besteak beste. Hala ere, garrantzitsua dena da sinesmena justifikatuta egoteak ez duela ziurtatzen sinesmena egia denik, pertsona batek justifika baitezake sinesmenak osatzea oso froga sinesgarrietan oinarrituta, baina, hala ere, engainagarria izanik.
Epistemologiaren arazoak
Egun epistemologiak planteatzen dituen arazoak bi talde handitan bana ditzakegu: batzuk, izaera orokorreko arazoak dira, zientzia orori eragiten dietelako; eta besteak, aldiz, zientzia jakin bakoitzari dagozkion arazo espezifikoak dira, zientzia bati soilik dagozkie edota zientzia jakin bateko adar bati.
Ondorengo hauek dira, besteak beste, izaera orokorreko arazoak:
- Lehenik, epistemologiak zientzia ezberdinen arteko harremanei erreferentzia egiten dieten arazoak planteatzen ditu: zientzia anizkoitzak, zientzien ugaritzea, zientzien arteko loturak, nola sakabanatzen diren eta nola koordinatzen diren. Antzinako arazoa zientzien sailkapena zen. Egun, ordea, arazoa aldatu egin da. Jada inork ez du nahi sistema zorrotz eta aldakaitz bat eraiki, zeinaren barruan zientzia partikular bakoitzak bere leku propio eta definitua izango zuketen. Nahiz eta beharrezkoa den erreferentziazko marko bat, berau irekia eta aldagarria izan behar da, zeinak zientzien arteko lotura eta berrantolaketa posible egiten duen.
- Bigarrenik, epistemologiak zientzia banatzen den bi talde handien arteko erlazioak inplikatzen duen arazoa planteatzen du. Orokorrean, zientzia formalen (logika eta matematika) eta zientzia errealaren arteko banaketa ontzat ematen da, baina ez da erraza bi zientzia modu horien arteko harremana definitzea. Matematika arrazionalaren jaiotzaz gero, etengabe galdetzen da ea nola den posible matematikaren azalpen logiko eta esperientziaren artean adostasuna egotea.
- Hirugarrenik, zientzia guztiek edo ia guztiek komunean dituzten nozioen analisiak ekartzen dituen arazoak ere lantzen ditu epistemologiak. Matematikariak, fisikariak, naturalistak eta lexikografoak termino berak erabili ditzakete, baina esanahi bera al dute?
- Laugarrenik, zientzien zati teorikoaren eta esperimentalen arteko harremana ulertzeko moduen zailtasuna epistemologiaren arazoa da. Zein da zientzian garrantzi handien duen zatia, teoria edo esperientzia? Ideal zientifikoaren dualtasunaren arazoa da.
- Bosgarrenik, zientzia formalei dagozkien arazo espezifikoen artean, logika eta matematiken harremanaren arazoa aurkitzen da. Matematika operazio logiko hutsa al da? Hau da, mugatu ahal daiteke matematika logikara? Horrez gain, epistemologia matematikoaren arazo bakoitzak bere korrelatua du logikan. Horrela, ezinbestekoa da azaltzea ea bi diziplinei dagozkien termino berdinek estatutu ontologiko bera duten edo ez.
- Seigarrenik, zientzia errealei dagozkien arazo espezifikoen artean, hiru arazo nagusi aurki ditzakegu: kontzeptuen egituraketa, azalpenen egitura eta ondorioen baliozkotasuna. Metodo esperimentalak dakartzan arazoek eta prozedura induktiboen izaera eta justifikazioek dakartzaten arazoek pisu handia dute, baina, hala ere, arazo garrantzitsuena batasunaren arazoa da: zientzia erreal guztiak zientzia batean barnebildu daitezke, zeinaren eredua fisikarena zatekeen?
- Azkenik, giza eta gizarte zientzien arazo epistemologiko partikularrak ditugu. Zientzia hauek, gertakariez gain, balioez ere hitz egiten dute. Izaki bat legeen arabera soilik definitu daiteke, baina ezin da horretara mugatu. Horrela eginez gero, prozedura horrek izaki horren indibidualtasunaren izaera esentziala baztertuko luke. Egiten den galdera ondorengoa da: mundu fisikoari dagozkien gertakariak eta gizakiaren munduari dagozkien gertakariak izaera berekoak al dira? Gizakiaren mundua legeez gain, sinbologia eta balio batzuk gordetzen ditu. Horrela, gizakiaren munduak analisi epistemologiko espezifikoa eskatzen du. Horregatik diote batzuk mundu fisikoa azaldu egin behar dela eta gizakiaren mundu ulertu egin behar dela.
Erreferentziak
Bibliografia
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.