From Wikipedia, the free encyclopedia
Elisabet I.a, ezizenez Erregina Birjina,[1] (1533ko irailaren 7a - 1603ko martxoaren 24a) Ingalaterrako, Frantziako (bere aldarrikapenetan baino ez) eta Irlandako erregina izan zen 1558ko azaroaren 17tik hil arte. Tudor dinastiaren 5. erregetza hartu zuen eta dinastia horren azkena izan zen.
Elisabet I.a Ingalaterrakoa | |||||
---|---|---|---|---|---|
1558ko azaroaren 17a - 1603ko martxoaren 24a ← Maria I.a Ingalaterrakoa - Jakue I.a Ingalaterrakoa eta VI.a Eskoziakoa →
1558ko azaroaren 17a (egutegi gregorianoa) - 1603ko martxoaren 24a ← Maria I.a Ingalaterrakoa - Jakue I.a Ingalaterrakoa eta VI.a Eskoziakoa → | |||||
Bizitza | |||||
Jaiotza | Palace of Placentia (en) , 1533ko irailaren 7a | ||||
Herrialdea | Ingalaterrako Erresuma | ||||
Lehen hizkuntza | ingelesa | ||||
Heriotza | Richmond Palace (en) , 1603ko martxoaren 24a (juliotar egutegia) (69 urte) | ||||
Hobiratze lekua | Westminster abadia | ||||
Heriotza modua | : septizemia | ||||
Familia | |||||
Aita | Henrike VIII.a Ingalaterrakoa | ||||
Ama | Ana Bolena | ||||
Ezkontidea(k) | ezkongabea | ||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||
Haurrideak | ikusi
| ||||
Leinua | Tudor etxea | ||||
Hezkuntza | |||||
Hizkuntzak | ingelesa frantsesa italiera latina | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | erregina eta monarka | ||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||
Erlijioa | anglikanismoa | ||||
Hartu zituen neurrietatik lehenengoetakoa eliza protestantearen ezarpena izan zen, Erromatik independentea eta oraingo Ingalaterrako Eliza bihurtuko zena. Ezkontza bat gauzatuko zuelakoan zeuden garaikoak, eta Legebiltzarrak behin baino gehiagotan eskatu zion hori, baina ez zuen sekula egin. Asko eztabaidatu da horren arrazoiaz, baina ez dago garbi zergatia. Elisabet zahartzen zihoan heinean, bere birjintasunak ospe handia hartu zuen.
Erreginak erlijioak zatitzen zuen erreinu bat jaso zuen XVI. mendearen bigarren erdian. Elisabeten erreinaldia urrezko aroa izan zen Ingalaterrako hainbat arlotan: William Shakespeare, Christopher Marlowe eta Ben Jonsonen antzezlanekin antzerkian; Francis Drake munduari bira eman zion lehen ingelesa izan zen; Francis Baconek bere iritzi politiko eta filosofikoak plazaratu zituen; eta Ipar Amerikako kolonizazioa hasi zen, besteak beste.
Filipe II.a Espainiakoarekin ez zuen harreman ona izan, eta berarekiko gerrak bi herrien ekonomiak lur jota utzi zituen.
Erreinaldiak 44 urte eta 127 egun iraun zituen eta Ingalaterrako historiako luzeenetakoa da, Elisabet II.aren, Viktoria I.aren eta Jurgi III.aren atzetik. Berrogeita lau urte horietan Ingalaterraren botereak gora egin zuen munduan, nahiz eta barnean erlijioak gatazka andana eragin zuen.
Elisabet I.a Placentiako jauregian, Greenwichen, jaio zen 1533 irailaren 7an.
Bere gurasoak Henrike VIII.a eta Ana Bolena izan ziren. Henrikek seme bat nahiago zuen, Tudor dinastiaren jarraipena ziurtatzeko; baina, jaio bezain pronto, printzesa egin zuten eta Ingalaterrako tronuaren oinordeko. Anak ezin izan zuen semerik izan eta exekutatu egin zuten, alabak 3 urte besterik ez zituenean, traizioa egitea, sorginkeria eta anaiarekin intzestua praktikatzea leporatuta. Gaur egun, kargu horiek ez dira egiazkoak kontsideratzen, baina bada garaiko korrespondentzia, Elisabet ez duena Henrikeren alaba kontsideratzen, adulterioaren ondorio baizik.
Honen guztiaren ondorioz, erregearen legez kanpoko alaba egin zuten Elisabet, eta printzesa titulua galdu zuen. Gortetik erretiratuta bizi izan zen, aitarengandik eta berak hartzen zituen emazte guzti haiengandik urrun, nahiz eta azkena izan zena, Katalina Parr, aita eta alabaren arteko erlazioa berpizten saiatu. Elisabet eta bere ahizpa zaharrena zen Maria Tudor, Katalina Aragoikoaren alaba, anaiaren atzetik, Jane Seymourren semea zen Eduardo printzearen ondoren, jarri ziren 1544an ezarri zen ondorengotza lerroan.
Elisabeten nortasunak amarenaren antza handia izan omen zuen: neurotikoa, karismatikoa, maitabera eta protestantea erabat. Hezurdura ere antzekoa omen zuten eta aurpegia ere bai; ile gorria, berriz, aitarena ote zen esaten zuten.
1547an, Henrike VIII.a hil zen eta bere semea zen Eduardo VI.ak hartu zuen ordea. Semea tronuan, Katalina Parr alarguna Thomas Seymourrekin ezkondu zen (Eduardoren osaba), eta Elisabet berarekin eraman zuen. Heziketa bikaina jaso zuen, eta ingelesaz gain, italiera, frantsesa, gaztelera eta latina ere ikasi zituen. Katalinaren eraginpean, Elisabet protestantismoan hezi zen.
Eduardo anaia tronuan egon zen bitartean, Elisabeten egoera ez zen batere ziurra izan, baina Eduardok ez zuen denbora asko iraun tronuan, 1553an hil baitzen, 15 urte zituenean. 1544ko Ondorengotza Akta urratuz, hil baino lehen lady Joana Grey izendatu zuen oinordeko, baina 2 hilabete besterik ez zuen tronuan iraun. Herriaren oniritziarekin, Maria Tudor sartu zen Londresen, eta Elisabet bere ahizparekin batera etorri zen.
Iritzi publikoari kasurik egin gabe, Maria Espainiako Filipe printzearekin ezkondu zen, ondoren errege izango zenarekin eta Filipe II.a izena hartuko zuenarekin, alegia. Herriak ez zuen ezkontza hori gustuko izan eta Maria erorarazteko beldur zen. Beldurrak ia-ia bete ziren 1544ko Wyatteko matxinadan, baina ez zuten ezer lortu. Hala ere, Elisabet preso hartu zuten eta Londresko Dorrera eraman, baina ez zioten heriotza zigorra aplikatu, noble batzuek horrela eskatzen bazuten ere.
Erreginak Elisabet Ondorengotza lerrotik apartatzeko ahalegin guztiak egin zituen, baina Legebiltzarrak ez zion utzi. Bi hilabete Londresko Dorrean giltzapetuta egon ondoren, Elisabet aske atera zen, Sir Henry Bedingfielden zaintzapean bazen ere. Urte horren bukaeran, Maria haurdun zegoen zurrumurrua zabaldu zen. Elisabeti utzi zioten gortera itzultzen, Filipe emaztea hilko zitzaion beldur baitzen, eta Elisabet izan zitekeen oinordeko egokia.
Berehala ukatu zuten Maria haurdun zegoenekoa eta, ahizpa tronuaren bidetik ezin zuenez apartatu, saiatu zen katolizismora bihurtzen; honek onartzen zuen planta egin zuen, baina ez zuen sekula protestantismoa utzi.
1558an, Maria hil egin zen eta Elisabet igo zen tronura. 1559ko urtarrilaren 15ean koroatu zuten eta Ingalaterran egin zen latinezko azken ospakizuna izan zen, bere ondorengoa zen Jakob I.ak ingelesezko erritua hasi baitzuen. Maria hil zenean, herria kalera atera omen zen ospatzera; Elisabet, ordea, askoz ere maitatuagoa izan zen.
Elisabeten erreinaldia hasi zenean, atzerriko politika zuhurtasun handiz eraman zuen aurrera. Espainiako Filipe II.ak ezkontza proposatu zion 1559an eta harreman arazotsuak izan zituen Eskozia eta Frantziarekin. Azken horrekin gerran zebilen, Maria zenak bere senarra Filiperi lagundu baitzion Frantziarekiko liskarretan.
Eskoziako erregina, Maria Estuardo, Margarita Tudorren (Henrike VIII.aren arreba) iloba zen. Lehengusina hau Frantzisko II.a Frantziakoarekin ezkonduta zegoen. Frantzian bizi zen, baina bere ama zen Maria de Guisak zuzentzen zuen erreinua eta Eskoziako katolikoen interesen alde egiten zuen gogor.
Frantziaren aurka zeukan gerraren ondorioz, Frantzisko II.ak Maria Estuardo emazteari eman zion laguntza Ingalaterrako tronua hartzeko eta amaginarreba zuen Maria de Guisak frantses tropak Eskozian egoten utzi zuen.
Mehatxuz inguraturik, Elisabet eta Filipe erlijio liskarrak alboratu eta indarrak bateratu beharrean izan ziren. Alde batetik, Elisabetek Frantziako Calaisen gaineko aginteari uko egitea lortu zuten. Cateau-Cambrésisko Itun hura sinatzen ari ziren bitartean, Frantzisko II.a hil egin zen eta, ondorioz, Mariak Eskoziara itzuli behar izan zuen 1561ean.
Horretaz gain, 1559an, Elisabetek eskoziar lider protestantea zen John Knoxen iraultza erlijiosoa babestu zuen, protestantismoa Eskoziatik baztertu nahian. Azkenean, eta Maria de Guise hil ondoren, Edinburgoko ituna sinatu zuten eta Frantziaren Eskoziaren gaineko eragina bertan behera geratu zen.
Elisabet inguratua zegoen Eskozia eta Frantziaren artean eta ondorioz Espainiarekin akordio moduko bat izatera behartua zegoen, nahiz eta biak erlijio ezberdinetakoak izan, bata protestantea eta bestea katolikoa. Baina denbora aurrera joan ahala, Ingalaterra eta Espainiaren arteko harremanak gutxitzen joan ziren, gehienbat Ingalaterrak eta Frantziak euren arteko lehiak alde batera utzi zituztelako.
Bitartean, Frantzian, Katalina Medici zegoen Karlos IX.aren erreginaorde lanean. Frantzisko II.a hil eta gero, ezin izan zuen Frantzisko Guisekoak hugonoteen artean sarraskia egiteari ekidin eta beste erlijio gerra bat piztu zen, Frantzisko eta Borboien artean. Elisabetek protestantismoari lagundu zion eta hartu zituen guneak Calaisekoagatik trukatzeko asmotan zebilen, baina 1563an, protestanteek eta katolikoek bakea sinatu zuten.
Eskoziako garaipena eta Frantziako porrotaren ondoren, Elisabetek eta Filipek ez zuten harreman bateratu gehiagoren beharrik ikusi eta Ingalaterra Frantziarantz hurbiltzen hasi zen.
Lehenengo urte haietan, Elisabetek Sir William Cecil (Lord Burghley 1572z geroztik) izan zuen Errege Idazkari eta, ondoren, Errege Diruzain izan zuen bere heriotzara arte, 1598. Horren ondoren, erreginak haren semeari utzi zion erantzukizun hori, Robert Cecileri, alegia.
Elisabet tronura igo bezain laster hasi zen erreginaren senarra zein izan beharko lukeeneko debatea eta Legebiltzarrak eskaera garbia egin zion erreginari. Elisabetentzako, ordea, errege ezkontide batekin agintea konpartitzea ez zen batere gustuko eta ezezkoa luzatzen joan zen.
Seme-alabarik gabe, Elisabeten oinordeko balizkoenak hurrengoa izan zitezkeen:
Elisabetek gorroto zien biei; Maria Estuardorekin liskar handiak izan zituen lehen eta katolikoa zen, gainera; Katalina Grey, berriz, erret oniritzirik gabe ezkondu zen eta bere ahizpak tronu ingelesa "lapurtu" zuen aurrez.
1562an, arazoa larritu zen, barizelak erregina harrapatu zuenean. Sendatu zen, baina Legebiltzarra berriro etorri zitzaion ezkontzeko eskatzera, ondorengotza ziurtatzea komeni zelako, baina Elisabetek berriro eman zien ezezko borobila eta 1566an legebiltzarra disolbatu zuen. Elisabetek funtsak biltzeko baimena eskatu zuen, baina ezkontzeko baldintza eskatu zien haiek jasotzeko. Erreginak berriro esan zuen ezetz. 1568an, Katalina Grey hil egin zen eta utzi zituen ondorengoak baliagarriak ez zirenez, Maria Estuardoren posizioa indartu egin zen erreinuaren tronuaren oinordetzan.
Hala ere, Mariak arazoak zituen Eskozia barnean; senarra hil zion asasinoarekin ezkondu zen eta herria jazarri egin zitzaion, Jakob semeagan behartuz eta Ingalaterrara alde eginez. Hemen oso harrera txarra izan zuen eta Sheffieldeko gazteluan giltzapetu zuten.
1568an, Albako dukeak errepresio bortitza egin zuen Herbehereetan eta Filipe II.ak Francis Drake eta John Hawkinsen ontzien aurka egiten zuen gogor. Elisabetek haien mehatxua sentitu zuen eta, Francis Walsingham bezalako aholkulariak protestantismoari laguntzeko eskatzen zioten bitartean, Indietako flota jartzeko aukerari heldu zion 1569an.
1569an, Elisabeten aurka egiteko Espainiaren laguntza espero zuten katolikoek zuzendutako Iparraldeko Matxinada izan zen eta James Fitzmaurice Fitzgeraldek Desmondeko matxinada egin zuen Irlandan. Kanpoko laguntza ezin lorturik, Elisabet garaile atera zen bi jazarraldi horietan, baina aita santuaren bula batek eskumikatu egin zuen 1570ean.
1571n, Ridolfí bankariak erregina erailtzeko planak egin zituen, Maria Estuardo tronuan jarri nahian eta Espainiaren laguntza izan zuen horretan, katolizismoa ezarri nahi baitzuen berriro. Cecilek izan zuen plan horren berri, ordea, eta konspiratzaileak, Elisabeten lehengusua zen Norfolk dukea tarteko, exekutatu zituzten.
Katolikoekin zituen arazoak gogortzen ari ziren, baina hau ez zen Elisabet Frantziarekin aliantza bat egiteko eragozpen izan. Oraingo honetan, erregina Henrike III.a Frantziakoarekin, etorkizunean errege izango zenarekin, ezkontza negoziatzera iritsi zen eta, hori gutxi balitz, Frantzisko Anjoukoa, haren anaiarekin ere bai, baina hau ere 1584an hil zen, ezkondu baino lehenago, alegia.
Elisabetek presio handiak izan zituen protestante holandarrei laguntza emateko eta, 1577an, horrelaxe erabaki zen. Elisabetek Leicesterreko kondea zen Robert Dudleyri eman zion agintea, baina hurrengo urtean, laguntza atzeratu zuten, Espainiarekin zituen arazoak gerra irekia ez bihurtzeko.
1579an, Elisabet eskumikatzen buldan oinarrituz eta aita santuaren laguntzaz, James Fitzmaurice Fitzgeraldek bigarren Desmondeko jazarraldia hasi zuen; Erromatik dirua eta soldaduak etorri baziren, Filipe II.ak ere bidali zuen taldetxo bat Irlandara eta prest agertu zen koroa hartzeko iraultza garaile ateratzen bazen. Hala ere, 1583rako, erreginak jazarraldia kontrolatzea lortu zuen.
Espainiak irlandar matxinoei lagundu zien, Filipe II.a Portugaleko tronuaz jabetu zen eta Herbehereetako protestanteak egoera larrian zeuden, Anberes ia eroriz. Frantziak, berriz, Espainiaren mehatxua gertu-gertutik nozitzen zuen. Elisabet holandarren errendizioaren beldur zen eta, hori gutxi balitz, Frantzia Espainiaren eskumakila izateko arriskua ikusi zuen. 1585ean, matxino holandarrei laguntza emateko aukera egin zuen eta Leicesterreko kondea bidali zuen 5.000 gizon eta 1.000 zaldiz osatutako armada bat gidatzeko.
Horren truke, ez zuen Holandako koroa onartu nahi izan, horrek gerra irekira eramango zuelako, baina, Brielle eta Vlissingengo portuak bereganatuko zituen. Hala ere, gauzak ez ziren nahi bezala atera eta bertan behera geratu zen guztia.
Elisabetek Espainiako barkuei erasotzen zizkien Francis Drake eta gainontzeko piratei laguntza eman zien eta hau ez zuen begi onez ikusi Filipe II.ak. Aitzakia baten zain zegoen Espainiako erregea Ingalaterrari gerra irekia deklaratzeko. Konspirazio katoliko berri bat izan zen Filipek bilatzen zuen aitzakia eta Londresko negozio gizon aberats batek, Anthony Babingtonek, erregina asasinatzeko ahalegina egin zuen eta Maria Estuardo koroatu. 1586an argitu zen konspirazioa eta, Maria bera partaide izan zela-eta, legebiltzarrak haren exekuzioa eskatu zuen. Elisabet gogor mantendu zen hasiera, baina azkenean, ezin eutsi eta Mariaren exekuzioa agindu zuen eta honek Filiperi esleitu zizkion tronurako eskubideak.
Handik aurrera, Filipek Ingalaterraren inbasio prestatzeko planari ekin zion, Elisabetek bere itsas armada indartzeko ahalegina egiten zuen bitartean. 1587an, Drakek Cadizi eraso zion eta hainbat ontzi suntsitu zituen eta Itsas Armada Garaiezina 1588ra arte atzeratu zuen. Hala ere, eguraldi txarren eragina, ingelesen erresistentzia medio, itsas armada ospetsu hark ez zuen ezer asko lortuko.
Itsas Armada Garaiezinaren hutsa ondo etorri zitzaion Elisabeti, Espainiaren balizko inbasioa erabat baztertuta geratu baitzen, baina herria ez zen hain erraz konformatu. Ingalaterrako soldaduek hilabeteetan ez zuten soldatarik jaso eta gabezia orokorra zen erabat. Erregina oraindik irabazteko itxaropenean zegoen eta 1589an, Lisboara bidali zuen espedizio bat, Itsas Armada Garaiezina baino handiagoa oraindik, Espainiari Ozeano Atlantikoan geratzen zitzaion itsas armadaren arrasto oro ezabatu eta Portugal Filipe II.aren aurka jazartzeko nahian. Kontraarmadak porrota galanta jaso zuen, ez zuen hiria konkistatzea lortu eta soldadu, marinel eta ontzi ugari galdu zuen, krisi ekonomikoa larriagotuz.
Arrakasta gehiago izan zuen holandarrei laguntzeko ahaleginean (8.000 gizon) edo Frantziako gerra zibilean Henrike IV.arei lagundu zionean (20.000 soldadu). Elisabetek Henrikeri laguntzean, Espainiaren arreta erakarri zuen eta holandarrak, errekuperatzen lagunduko zituen atsedena izan zuten ia dena galdua uste zutenean. Azkenean, katolikoen aldera joan zen garaipena, 1593an, Henrike katoliko egin baitzen, baina Elisabet Frantziaren lagun izaten jarraitu zuen Espainiaren arerio izateko horretan. 1596an, erreginak Frantziatik tropak erretiratu egin zituen, baina, berriro bidali zituen 2.000 soldadu, Espainiak Calais hartu zuenean.
Beste bi itsas armada ere bidali zituen Espainiaren aurka; bata 1596an eta porrota jasoko zuen amerikar koloniei eraso egiterakoan. Gainera, Francis Drake eta John Hawkinsek heriotza aurkituko zuten honetan. Bestea 1597an izan zen eta Cádiz sakeatu zuten.
Filipek bere aldetik, beste bi espedizio bidali zituen Ingalaterrarantz. Bata, Kornuallesko bataila, Kornualleseraino iritsi zen eta inguruko lurraldeak sakeatu zituen. Bigarrenak, ekaitz bortitz baten erdian, Fisterran aurkitu zuen amaiera.
Espainiaren aurkako gerretan nahastuta, Elisabetek Irlandako jazarraldiei ere arreta jarri behar izan zien. Irlandako Bederatzi Urteko Gerran (1594-1603), Red Hugh O'Donnell eta Hugh O'Neill ingelesen kolonizazioaren aurka jazarri ziren. 1599an, erregina 17.000 soldadu bidali beharrean izan zen, Robert Devereux, Essexeko kondearen agintepean. Aurreko urtean hila zen Espainiako Filipe II.a eta, hauen tropak eta Irlandakoak zapalduak izan ziren erabat. 1603rako Irlanda kontrolpean zegoen.
Elisabet erregina 1603ko martxoaren 24an hil zen, 69 urte zituenean. Badirudi oso ahul zebilela eta lo egiteko arazo handiekin. Westminstergo abadian eman zioten lur, bere ahizpa Maria I.aren ondoan. Hilobien gainean, zera jartzen du: Tronuan eta hilobian lagunak, hemen hartzen dute atseden bi ahizpek, Elisabet eta Mariak, berpizteko itxaropenean.
Henrike VIII.aren testamentuari jarraituz, Elisabeten oinordekoak Henrikeren arreba gazteena zen Maria Tudorren ondorengoak izan behar zuten, baina erregetzarako gai kontsideratu zen bakarra Jakob VI.a Eskoziakoa, Maria Estuardo ilobaren semea, izan zen eta Jakob I. Ingalaterrakoa izenarekin igo zen tronura.
Elisabeten erreinaldian, gehiengo katoliko bat zuen Ingalaterra gehiengo protestantea izatera pasatu zen. Maria I.ak katolizismoa ezarri zuen bere agintaldian eta, Elisabet koroatzeko ordua iritsi zenean, ez zuten apezpiku garrantzitsurik aurkitu eta Carlisleko apezpikuarengana jo beharrean izan ziren.
1559an, Ingalaterrako elizaren buru zen Elisabetek Bateratzeko Akta aldarrikatu zuen eta horrekin igandero elizara joateko derrigorra, koroapean zeudenek eliza anglikanoari zina egin behar zioten... Apezpiku katoliko gehienek uko egin zien aldaketa hauei eta kargua galdu zuten erreginaren aldeko zirenen onean.
Lehenengo urteetan, Elisabet saiatu zen tolerantea izaten katolikoekin, baina 1569 eta 1571ko jazarraldien ondoren eta, 1570ean, aita santuak eskumikatu ondoren, erreginaren jarrera gogortu egin zen haiekiko. 1584 eta 1585 artean, heriotza zigorra ezarri zien 1559an erregina tronura igo ondoren apaiz katoliko egin zirenei. Aurrez egindakoak, berriz, zahartzen joan ziren eta, pixkanaka, 1603an erregina hil zenean, gehiengoa protestantea zen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.