Bilbo-Loiu aireportua
Bizkaian kokaturiko nazioarteko aireportua From Wikipedia, the free encyclopedia
Bizkaian kokaturiko nazioarteko aireportua From Wikipedia, the free encyclopedia
Bilbo-Loiu aireportua — ofizialki Bilboko aireportua / Aeropuerto de Bilbao — (IATA: BIO, NAZE: LEBB) Aenak kudeatzen duen Bilboko nazioarteko aireportua da, Bilbotik 12 kilometrora. Loiu, Sondika eta Derio udalerrietako lurretan dago, baina bidaiarien terminala (La Paloma ezizenaz ezaguna) eta 12/30 pistako zati gehiena Loiu udalerrian daude; aldiz, Sondikan daude karga terminala, bidaiarien terminal zaharra (gaur egun zerbitzuz kanpo), aireportuko zerbitzu gehienak zein 10/28 pista; bestetik, 12/30 pistako zati bat Derion dago.
Bilbo / Bilbao | |||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bilboko aireportua Aeropuerto de Bilbao | |||||||||||||||||||||||
Kokapena | |||||||||||||||||||||||
Herrialdea | Euskal Herria | ||||||||||||||||||||||
Probintzia | Bizkaia | ||||||||||||||||||||||
Herria | Loiu, Sondika eta Derio | ||||||||||||||||||||||
Koordenatuak | 43°18′04″N 2°54′38″W | ||||||||||||||||||||||
Altitudea | 41 m, itsas mailaren gainetik | ||||||||||||||||||||||
Historia eta erabilera | |||||||||||||||||||||||
Irekiera | 1948ko irailaren 19a | ||||||||||||||||||||||
Inaugurazioa | 1955 | ||||||||||||||||||||||
Jabea | ENAIRE | ||||||||||||||||||||||
Kudeatzailea | ENAIRE | ||||||||||||||||||||||
Izenaren jatorria | Bilbo | ||||||||||||||||||||||
Arkitektura | |||||||||||||||||||||||
Arkitektoa | Santiago Calatrava | ||||||||||||||||||||||
Aireportua | |||||||||||||||||||||||
| |||||||||||||||||||||||
Zerbitzu hiria | Bilbo | ||||||||||||||||||||||
Webgune ofiziala | |||||||||||||||||||||||
Euskal Herriko eta Kantauri itsasoko ertzeko aireporturik garrantzitsuena da, bidaiari zein hegaldi kopuruari dagokionez. 2018an 5.469.453 bidaiari garraiatu zituen, aurreko urtearekin alderatuta % 10,0 gehiago, Aenaren sareko aireportuen artean 14.a izanik. Era berean, espainiar aireportu sistemak dituen 14 aireportu errentagarrienen artean dago. Gaur egun, aireportua Vueling Airlines, Volotea eta Air Nostrum airolineen aire-baseetariko bat da.
1927ko urrian Herri Lanen Batasunak Bilbon aireportua eraikitzeko hasierako pausuak eman zituen, Bizkaiko herrialdean hainbat esperimentu aeronautiko egin ondoren, eta aireportuaren kokalekua aztertzeko probintzia batzarra sortu zen. Hasiera batean Bilboko aireportua Galea lurmuturrean ezartzea pentsatu bazen ere, azkenik, 1936an, Aire-Nabigazioaren Zuzendaritza Orokorrak Sondika udalerrian aireportua instalatzeko baimena eman zuen, eta Bilboko lehenengo aireportu xumea eraiki zen. Hala ere, tokiaren gabezien ondorioz aireportuak ez zuen interes handirik jaso. Bilboko ingurua altuera erdi eta beheko mendiz inguratuta egoteagatik, aireportua kokatzeko biztanlerik gabeko bailara laua aurkitzea beharra zegoen.
Eraikitze lanak Espainiako Gerra Zibila gauzatu zen bitartean hasi ziren, eta hortik 1937ko ekainera arte aireportua ekintza militarrentzako aire-base gisa erabili zen. 1938an aireportuaren garapenaren bigarren aldia hasi zen, Bilboko Udalak Espainiako Gobernuarekin izapideak hasi baitzituen 1936ko hasierako proiektua aldatzeko, eta proiektu berria idazteko baimena eman zen, Herri Lanen Zuzendaritza Orokorrak onartutakoa.
1940an Sondika udalerrian aireportu zibila eraikitzeko akordioa lortu zen, udal eta estatu mailako erakundeen artean. Lanek luze iraun zuten eta 1948ko irailaren 19an aireportuak eguneko aktibitateak hasi zituen, Aviación y Comercio S.A. (Aviaco) airelineak Bilbo-Madril eta Bilbo-Bartzelona aire-bide erregularrak hastearekin batera. Bi urte geroago, 1950eko ekainaren 20an bidaiarien terminalaren eraikuntza amaitu zen eta aireportua ofizialki inauguratu zen, Carlos Haya izenarekin, bilbotar pilotu ezagunaren omenez.[1] Garai horretan, aireportuak 29/11 orientabideko asfaltozko pista zuen, 1.440 × 45 metrokoa (4.724 × 148 oin); eta lurrezko beste pista bat, 1.500 × 150 metrokoa (4.921 × 492 oin). Gainera, errodadura kalea, bidaiarien terminala, kontrol dorrea, irrati-baliza, goniometroa eta polizia, posta, mediku, meteorologia estazio, telefono eta depositua betetzeko zerbitzuz hornituta zegoen. Ondoren, 1955an, pista orokorra eta bidaiarien terminalaren aurrean kokatutako aireontzien aparkalekua lotzeko errodadura eraiki zen, 124 × 60 metrokoa (407 × 197 oin). Garai honetan CAMPSA enpresaren behin-betiko instalazioak eraiki ziren, hala nola erregaientzako andelak, aireportua erabiltzen zuten hegazkinei zein Bizkaiko Aeroklub Errealak erabiltzen zuen hangarrari zerbitzu emateko. Gaur egun instalazioek oraindik ere zutik diraute.
1964 eta 1965 artean aireportuaren eraginkortasuna hobetu zen, hurbiltze eta lurreratzeko sistema instrumentala (ILS) eta ekaitzak detektatzeko irrati meteorologikoa instalatuz, eta pista 2.000 metro (6.562 oin) luze izatera handituz, eta hegazkinentzako aparkalekua 12.000 m² (130.000 oin²) azalerara handituz. 1975an pistak bere jatorrizko zenbakipena aldatu zuen gaur egungo 10/28ra, deklinazio magnetikoaren aldaketaren ondorioz. Ondoren, 1977an, aparkalekua berriro ere handitu zen, operazioen igoeraren ondorioz momentu berean lau aireontzi aparkatzeko beharrari erantzunez.
Urte berean inauguratu ziren 12/30 orientaziodun pista orokor berria, 2.600 × 45 metrokoa (8.530 × 148 oin), plataformatik bi pistetara sarbide ematen dituzten errodadura pistak, eta lotura errepidea, eta horiei eta pista orokor berrian instalatutako ILS sistemari esker Bilboko aireportuak I. Kategoria lortu zuen hurrengo urtean. Pista berriak lehenengoaren orientabidea aldarazi zuen eraginkortasun hobea lortzeko eta eta inguruko udalerriei eragozpenak saihesteko, inguruaren hazkunde demografikoaren ondorioz aireportuko instalazioetatik gero eta hurbilago zeudenak. Orientabide berri horren ondorioz, 12/30 pistara hurreratzerakoan (normalean erabilitakoa, inguruko haize nagusiaren norabidea dela eta) hegazkinek Derioko hilerriaren gainetik hegan egin behar dute, haren ondoan pistako burua baitago.
1980ko hamarkadan zehar, ILS sistema berria jarri zen martxan, 10/28 pistaren osoko eraginkortasunerako, 12/30 pista orokorra ezgaitzekotan alternatiba izateko; hala, aireportua martxan jarraitu daiteke. Baldintza hau 2001eko otsailaren 7an gertatu zen, Bartzelona-El Prat aireportua jatorri zuen Iberia enpresako EC-HKJ matrikuladun Airbus A320-214 hegazkin batek aurreko lurreratze-trena apurtu zuenean, hurreratze eta lurreratze eragiketak egiten zituela zizailadura bat gertatu ondoren. 12/30 pista blokeatuta gelditu zen hainbat orduz, tokitik kentzea lortu zen arte; zorionez, ez zen aintzat hartu beharreko biktimarik. Garai berean kontrol-dorrearen instalazioak eguneratu ziren, eta komunikazio-zentro eta bidaiarientzako terminal berria (gaur egun zerbitzuz kanpo) eraiki ziren, bidaiarien igoera garrantzitsuari erantzunez. Gainera, hegazkinak aparkatzeko plataforma eta bidaiarien autoentzako aparkalekuak ere handitu ziren, eta aireportuko suhiltzaileen parkearen instalazioak ere hobetu ziren, eta egun oraindik ere erbiltzen den karga terminala eraiki zen.
1996an hegazkinak aparkatzeko plataforma berria eta dagozkien errodadura pistak eraiki ziren. Lan horiek lur mugimendu handiak suposatu zituzten, eta lindanoz kutsatutako lurrak biltzeko zelula berezia sortu behar izan zen. 1999ko maiatzean gaur egun martxan dagoen kontrol-dorrea zerbitzuan jarri zen, Santiago Calatrava arkitektoak diseinatutako El Halcón ("Belatza") ezizenaz ezaguna, erabilitako linea lirainengatik eta arkitekto berak ere diseinatutako La Paloma ("Usoa") bidaiarien terminal berriaren aurrean egoteagatik. Dorrearen kokapen berriari esker, kontrolatzaileek ikuspegi hobea dute, eta airean zein lurrean ere aireontzien operazioen kudeaketa hobetu da.
Bidaiarien eskaeraren igoera handiagatik eta Sondikako terminala handitzeko arazoengatik, Aenak Santiago Calatravari esleitu zion bidaiarientzako terminal berri baten diseinua, urtean 5 milioi inguru bidaiari jasotzeko gai izan beharko lukeena. Daukan formagatik, terminal berriak La Paloma ("Usoa") ezizena du, hegan egitera doan uso baten antza omen duelako. Porlanez eta beiraz egina dago eta kolore zuria nagusi da. Terminal berria aireportuko instalazioen iparraldean dago, zaharraren aurrean eta Loiu udalerrian, eta 2000ko azaroaren 19an inauguratu zen. 32.000 m² (340.000 oin²) azalera eraikia du, hiru solairutan banatuta (0 Solairua = Helduerak • 1 Solairua = Irteerak • 2 Solairua = Bulegoak) eta bidaiarientzako zerbitzu guztiak jasotzen ditu, diseinu argiarekin, eta munduko 10 aireportu terminalik ikusgarrienen artean dago.
Terminalak aireontziak aparkatzeko 21 plaza ditu, eta finger moduko sei pasabide, terminala eta hegazkinaren arteko ontziratze zuzenerako. Terminal berriaren ondoan autoentarako aparkalekua eraiki zen (P1), 2.974 plazaduna eta 95.000 m² (1.020.000 oin²) azaleraduna; eta 2006an egonaldi luzeetarako 672 plaza aparkalekua (P2) zerbitzuan jarri zen. 2018ko apirilaren 18an lehen aldiz aireportuko aparkalekuak eskas geratu zen, eta aparkaleku plaza guztiak bete ondoren, aireportuak behin-behineko konponbidea hartu behar izan zuen, beste erabilpenetarako zein erabilpenik gabeko espazioak gaituta, hala nola P1 aparkalekuaren gaineko estalkia edo P2 aparkaleku ondoko industrialdea. Momentuz, ordea, ez dago aparkaleku kopurua handitzeko asmorik.[2]
2009ko otsailean Aena eta Espainiako Sustapen Ministerioak terminala eta inguruko instalazioen handipena iragarri zuten, urteko edukiera 8 milioi bidaiarientzat handituz, eta 2014an martxan jarri beharrekoa.[3] Gaur egun, ordea, handipen lanak ez dira hasi.
Aire Segurtasunerako Estatuko Agentziaren (AESA) menpe eta segurtasun neurri internazional berriak betetzeko, 2014an 28 pistaren burua 550 metro (1.804 oin) mugitu behar izan zen, pista horretan aireratzeko itxaroten (holdinga) ari diren hegazkinek atzean duten 12/30 pistatik segurtasun distantzia mantentzeko. Horren ondorioz, 28 pistaren luzera 1.450 metrora (4.757 oin) moztu da, eta 10 buru dituzten eragiketetan jatorrizko 2.000 metroko (6.562 oin) luzera mantentzen da.
Aireportuak asfaltozko bi pista ditu: 12/30 pista, 2.600 metro luze eta 45 metro zabal dena; eta 10/28 pista, 2.000 metro luze (28 pista buru denean 1.450 metro luze erabilgarri) eta 45 metro zabal dena.
Aire nabigaziorako irrati laguntza batzuk ditu: I-Kategoriadun 2 ILS (hurbiltze eta lurreratzeko sistema instrumentala) 12/30 pistan (pista orokorraren buru bakoitzerako bana) loturiko DMEarekin. 10/28 bigarren mailako pistak ez du ILSrik. VOR Doppler Irrati Argi 1, loturiko DMEarekin. NDB "B" Irrati Argi 1, Galea lurmuturrean kokatutakoa, ia erabilpenik gabekoa. ATIS (Aireportuko Informazioaren Transmisio Sistema) 118.825 Mhz 1.
Aireportura helduera N-633 Bilboko Aireportura heltzeko autobidearen bidez egiten da. Autobide txiki hau BI-631 Bilbo-Mungia autobideari lotzen zaio.
Bilbotik aireportura heltzeko BI-631 errepidea erabil daiteke, Egirletako igoera zeharkatuta 20 minutu inguruko ibilbidean; edo Salbeko zubia eta Artxandako tuneletatik ibil daiteke, 10-15 minutu arteko ibilbidean eta azken kasu honetan bidesaria ordaindu beharra dagoela.
Bestelako inguruetatik heltzeko N-637 errepidea erabili behar da, Txorierriko korridorea zeharkatuta.
Bizkaibus Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko hiriarteko autobus zerbitzuaren A3247 (Bilbo - Aireportua) lineak Bilbo erdigunea eta aireportua lotzen ditu, geldialdiak Termibus, On Diego Lopez Haroko kale nagusia, Moyua, Errekalde zumarkalea eta La Paloma terminalean egiten dituela. Linearen ordutegia 5:15etatik 22:00etara da Bilbotik aireporturako norantzan, eta 6:15etatik 24:00etara aireportutik Bilborakoan, 15 minutuko maiztasunaz egunero.[4]
Lurraldebus Gipuzkoako Foru Aldundiaren hiriarteko autobus zerbitzuari dagokionez, DO04 (Donostia - Zarautz - Loiu Aireportua) eta DG12 (Oñati - Arrasate - Bergara - Eibar - Loiu aireportua) lineek Gipuzkoako aipatutako udalerriak eta Bilboko aireportua lotzen dituzte. DO04 linearen ordutegia 5:00etatik 21:00etara da Donostiatik aireporturako norantzan, eta 7:45etatik 23:45etara aireportutik Donostiarakoan, maiztasuna ordu betekoa izanik, eta asteburu eta jaiegunetan aireportutik Donostiarako lehenengo zerbitzua 6:45etan izanik. Bere aldetik, DG12 lineak irteerak ditu Arrasatetik aireportura 5:15, 8:00, 11:00, 14:00, 17:15 eta 21:15etan, lehenengo zerbitzua Oñatitik 5:00etan hasten delarik. Kontrako norantzan irteerak 6:45, 9:45, 12:45, 15:45, 19:15 eta 23:50etan dira aireportutik Arrasatera, azkeneko zerbitzua Oñatira luzatzen delarik.
Bilbo eta aireportuaren arteko ibilbidea 10 eta 15 minutu artekoa izan ohi da, taximetroaren araberako tarifa aplikatzen delarik.
Aireportutik hirigunera abiatzeko, La Paloma terminaleko heldueren parean 57 taxirentzako tokia dago, Federación Margen Derecha del Taxi enpresak ustiatutakoak.
Bilboko metroa aireportura helarazteko lanak 2009ko urrian hasi ziren, Bilboko aireportuarekin trenbide loturaren lehenengo zati diren Artxandako tunel berrien bidez. Bilbo eta Sondika udalerrien artean, Artxanda mendipean eraikitako trenbide bikoitzeko trazadura berria da, Txorierriko muturrean Olako geltokia eta Bilboko muturrean Matikoko geltokia lotuta. Tunelak 2017ko apirilaren 8an jarri ziren martxan, Metroaren 3. linearen irekierarekin batera, eta gaur egun Euskotrenen Txorierriko lineak erabiltzen du. Aireportuko geltokia aparkalekua eta La Paloma terminalaren arteko lurpeko pasabidean kokatuko da, eta trenek aireportua eta Bilboko Zazpikaleetako geltokia lotuko dituzte 15 minutuko iraupeneko bidaian.[5]
Gaur egun aireportuan dauden operazioak honakoak dira:
Helmuga | Hegazkin modeloa | Airelinea | Operazioen hasiera | Oharrak |
---|---|---|---|---|
Coruña | Airbus A320 | Vueling | 2019/06/02 | Airelinea berria[6] |
Porto-Francisco Sá Carneiro | Airbus A320 | Vueling | 2019/06/02 | Airelinea berria[6] |
Florentzia | Airbus A319 | Vueling | 2019/09/17 | Ibilbide berria[7] |
Azkeneko eguneraketa: 2019/04/16.[8]
Aireportuaren izena | Airelineak |
---|---|
Madril-Barajas aireportua | Switfair |
Azkenengo urteetako informazioa, bidaiari trafikoa, operazio eta zama kopuruari dagokionez:[11]
Azken eguneraketa: 2021ko urtarrilaren 19an.[12] |
Urtea | Bidaiariak | Aldea | Operazioak | Aldea | Zama (t) | Aldea |
---|---|---|---|---|---|---|
2000 | 2.556.373 | ▬ | 45.506 | ▬ | 4.038 | ▬ |
2001 | 2.491.770 | ▼ %2,5 | 44.166 | ▼ %3 | 3.674 | ▼ %9,1 |
2002 | 2.463.698 | ▼ %1,1 | 39.832 | ▼ %9,9 | 3.699 | ▲ %0,6 |
2003 | 2.850.524 | ▲ %15,7 | 44.009 | ▲ %10,4 | 3.813 | ▲ %3,1 |
2004 | 3.395.773 | ▲ %19,1 | 50.361 | ▲ %14,4 | 4.152 | ▲ %8,9 |
2005 | 3.843.953 | ▲ %13,2 | 56.285 | ▲ %11,8 | 3.956 | ▼ %4,7 |
2006 | 3.876.072 | ▲ %0,8 | 58.574 | ▲ %4,1 | 3.417 | ▼ %13,6 |
2007 | 4.286.751 | ▲ %10,6 | 63.076 | ▲ %7,7 | 3.230 | ▼ %5,5 |
2008 | 4.172.903 | ▼ %2,7 | 61.682 | ▼ %2,2 | 3.178 | ▼ %1,1 |
2009 | 3.654.957 | ▼ %12,4 | 54.148 | ▼ %12,2 | 2.691 | ▼ %15,3 |
2010 | 3.888.969 | ▲ %6,4 | 54.119 | ▼ %0,1 | 2.547 | ▼ %5,4 |
2011 | 4.045.613 | ▲ %4,0 | 54.432 | ▲ %0,6 | 2.633 | ▲ %3,4 |
2012 | 4.171.092 | ▲ %3,1 | 50.030 | ▼ %8,1 | 2.663 | ▲ %1,1 |
2013 | 3.800.789 | ▼ %8,9 | 42.683 | ▼ %14,7 | 2.536 | ▼ %4,8 |
2014 | 4.015.352 | ▲ %5,6 | 42.590 | ▼ %0,2 | 2.855 | ▲ %12,6 |
2015 | 4.277.725 | ▲ %6,5 | 43.862 | ▲ %3 | 2.872 | ▲ %0,6 |
2016 | 4.588.265 | ▲ %7,3 | 45.105 | ▲ %2,8 | 2.974 | ▲ %3,6 |
2017 | 4.973.712 | ▲ %8,4 | 46.989 | ▲ %4,2 | 1.956 | ▼ %34,2 |
2018 | 5.469.453 | ▲ %10,0 | 49.966 | ▲ %6,3 | 1.216 | ▼ %37,8 |
2019 | 5.905.804 | ▲ %8,0 | 51.591 | ▲ %3,3 | 979 | ▼ %19,4 |
2020 | 1.690.011 | ▼ %71,4 | 20.496 | ▼ %60,3 | 384 | ▼ %60,7 |
Azken urteotan Bilboko hiriak turismoan izan duen gorakadaren ondorioz, aireportuak eginiko hegaldi kopurua ere handitu da. Guggenheim Bilbao Museoa ireki zutenetik, Europa osoko konpainiak hasi dira Bilbora hegaldiak eskaintzen. Horietarik gehienak kostu txikiko hegazkin konpainiak dira; baina, beste aireportuetan ez bezala, Bilbon ezartzen direnek ez dute inolako diru laguntzarik jaso.
2006. urtean 3.876.072 bidaiari pasatu ziren Bilboko aireportutik. Horietarik 1.020.286 nazioarteko hegaldietako bidaiariak izan ziren, eta 2.855.786 Espainia barneko hegaldietako bidaiariak.
2016an bidaiarien errekorra gainditu zen, 4.588.265 bidaiariekin. Hala, terminalak, 4 milioi bidaiarientzat proiektatuta, berriro ere bere edukiera gainditu zuen.[13]
2017an egoera bera izan eta aurreko urteko errekorra gainditu zen, 4.973.712 bidaiari zenbatuta eta aurreko urteetako datuen joerari jarraiki.
2018an berriro ere bidaiarien errekorra gainditu zen, lehen aldiz bost milioi bidaiari baino gehiago zenbatuta, zehazki, 5.469.453.[14]
Postua | Airelinea | Bidaiariak (2017) | 2016-2017 aldea | Merkatu kuota |
---|---|---|---|---|
1 | Vueling Airlines | 1.706.065 | ▲%5,66 | %34,3 |
2 | Lufthansa | 504.459 | ▲%6,50 | %10,14 |
3 | Iberia | 494.643 | ▲%6,33 | %9,94 |
4 | Air Europa | 450.853 | ▼%10,89 | 9,06% |
5 | EasyJet | 285.680 | ▲%33,74 | 5,74% |
6 | Norwegian Air International | 205.670 | ▲%170,18 | 4,13% |
7 | KLM | 181.947 | ▲%25,18 | 3,65% |
8 | Air France | 179.098 | ▼%0,16 | 3,60% |
9 | British Airways | 171.808 | ▼%7,71 | 3,45% |
10 | Air Nostrum | 148.901 | ▲%2,88 | 2,99% |
Postua | Hiria | Bidaiariak (2017) | 2016-2017 aldea |
---|---|---|---|
1 | Bartzelona | 759.047 | ▲%32,30 |
2 | Madril | 743.712 | ▲%3,11 |
3 | Londres (Heathrow, Stansted eta Gatwick) | 407.226 | ▼%1,30 |
4 | Munich | 262.872 | ▲%11,01 |
5 | Frankfurt am Main | 242.638 | ▲%2,51 |
6 | Paris (Charles de Gaulle eta Orly) | 238.738 | ▲%11,52 |
7 | Amsterdam | 220.070 | ▲%14,16 |
8 | Sevilla | 182.853 | ▲%14,55 |
9 | Palma Mallorcakoa | 182.176 | ▲%17,32 |
10 | Málaga | 179.117 | ▼%1,05 |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.