Belar elikagarriak
Sukaldaritzan erabiltzen den belar mota / From Wikipedia, the free encyclopedia
Belar elikagarriak edo sukaldeko belarrak —edo belarrak, besterik gabe, adiera zabalean (belar aromatiko, usain-belar, sukaldaritza-belar edo ongailu-belarra)— elikadurarekin loturiko giza kontsumoan erabiltzen diren tamaina txikiko landare belarkarak dira. Ez dute zerikusirik belardiko landareekin, eta elikagai, sendagai, edo lurrin gisa prozesatu eta kontsumi daitezke horien hosto, kimu edo begiak. Zurezko enborrik garatzen ez duten zurtoinak izateak batzen ditu morfologikoki, baina era askotakoak izan daitezke. Nutrizioan duten balioarengatik kontsumitzen diren barazkiak eta beste landare batzuk eta ez dira kategoria honetan sartzen ohikoan.[1][2][3] Horien artean, kalitatez hobeak kontsideratzen direnei, belar on esaten zaie.[4]
Lagunarteko hizkeran, belarra da elikagaiak prestatzeko edota osasuna babesteko balio duen landarea eta, areago, kasu batzuetan arbola-hostoa ere (ezkia, ereinotza), erabiltzen den atala, hostoa edo zaina denean.[5]
Belarra eta espezia terminoek antzeko esanahia duten arren, bigarrena erabiltzen da hostoak eskuarki ez diren baina xede horixe duten landareen beste atal batzuk adierazteko: haziak, fruituak, sustraiak, azala, etab. Belar elikagarriak fresko eta osorik kontsumitzen dira normalean; espeziak, lehortu eta xehatu edo eho egin ohi dira, erabili aurretik.
Bereizketa horiek, dena den, sotilak dira eta autore eta erabilera batetik bestera aldatu egiten dira. Landare bat modu desberdinetan har daiteke, erabilitako atalen eta hauen erabileraren arabera. Horrela, martorri haziak espezia dira eta hostoak, berriz, belar aromatiko; ereinotz, ezki eta beste landare batzuetako hostoak kontsumitzen dira, belar aromatikoak izan gabe.
- Ereinotza edo erramua