From Wikipedia, the free encyclopedia
Balea arrantza[1] itsas ugaztun hauek harrapatzean datza, batez ere baleakia (haragia) eta lumera (koipea) lortzeko. Aspaldiko ekintza izanik ere, industria antolatu gisa euskal baleazaleek garatu zuten eta XVI. menderako, euskal kostaldeko industria nagusia bihurtu zen. Industria mundu osora zabaldu zen eta gero eta errentagarriagoa bihurtu zen merkataritzari eta baliabideei dagokienez.
Munduko ozeanoetako eskualde batzuek, animalien migrazio-bideetan zehar, baleen populazio bereziki handia zuten, eta baleontzien handien helburu bihurtu ziren. Industriak hazten jarraitu zuen XX. mendea amaiera alderaino. Horren ondorioz, balea espezie batzuk iraungiak edo galzorian daude, eta herrialde askotan balea arrantza debekatu zen 1969an, eta industria gisa debekatu 1980ko hamarkadaren amaieran [2].
Balea arrantza garaikidea eztabaidagai da oraindik ere. Kanadak, Islandiak, Japoniak, Norvegiak, Errusiak, Hego Koreak, Estatu Batuek eta Danimarkako Faroe Uharteek eta Groenlandiak XXI. mendean arrantzatzen jarraitzen dute. Arrantza komertziala babesten duten herrialdeek, bereziki Islandiak, Japoniak eta Norvegiak, Nazioarteko Balea Batzordearen (IWC, International Whaling Commission) debekua kendu nahi dute balea espezie batzuekin, baina aurkako herrialdeak eta talde ekologistak debekua mantentzearen alde daude. IWCren arabera, aborigenek baleak harrapatzen jarraitu ahal izango dute haien biziraupena bermatzeko [3]. Azken hamarkadetan, balea-behaketa ogibide garrantzitsua bihurtu da munduko leku askotan; herrialde batzuetan arrantza ordezkatzeraino, nahiz eta beste batzuetan bi ereduak tentsio deserosoan egon.
Baleak historiaurretik arrantzatzen ziren. Hasiera batean, kosta hurbileko animaliak harrapatzera mugatzen zen. Mendeak igaro ahala, arrantza-teknikak hobetzen joan ziren, itsas zabalean ontzi txikiak erabiliz zetazeoak zarataz izutuz eta kostaldera eramanez. Arrantza-mota hori espezie txikiekin erabiltzen zen, hala nola pilotu-izurdeek, belugak, narbalak eta mazopak [4].
Balea arrantzaren lehen irudiak Koreako Bangudae petroglifo neolitikoak dira, K.a. 6000koak ei direnak [5]. Nahiz eta oro har historiaurreko ehiza-harrapaketak eragin ekologiko txikia izan zuela jotzen den, Artikoko arrantza goiztiarrak ur gezako inguruneko ekologia aldatu ahal izan zuen.
Balea arrantza goiztiarrak eragin handia izan zuen kontinente desberdinetako kulturen garapenean [6]. Euskaldunak izan ziren baleak komertzialki harrapatzen lehenak, eta bost mendetan zehar nagusi izan ziren merkataritzan, Ipar Atlantikoko bazterrik urrunenetara hedatuz eta baita Hego Atlantikora ere. Erdi Aroan, Kantauri itsasoko kostaldeko herrietako talaietatik zaindariek alarma jotzen zuten baleak kostaldera hurbiltzen zirenean, Ipar Itsasoko ur hotzetatik ihesi. Orduan txalupak prestatzen ziren 10 edo 15 arraunlarirekin eta arpoilari batekin, zeinak arpoia animaliaren buruan sartzen saiatzen zen. Borroka gogorra izaten zen, animalia garaitu eta kairaino atoian eramaten zen arte[7].
XIX. mendean lumera eskaria handitu zen eta arrantza teknika modernoak garatu [8]. Hori dela-eta, arrantzak gorakada handia izan zuen XIX. mendetik aurrera, batez ere Europan eta Errusian. Garrantzi ekonomikoak gora egin ahala, herrialdeen artean gatazkak sortu ziren, adibidez, Errusia-Japonia gerraren arrazoi nagusia Japoniako itsasoko eta Ipar Pazifikoko balea-baliabideak eskuratzea izan zen.
XX. mendean zehar, zetazeoen munduko populazioa izugarri murriztu zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren ere, balea-txalupa gehienak gerrarako erabili ahal izateko berregokitu ziren garaian, arrantza bereizgabeak jarraitu zuen. 1948an adibidez, Balaena baleontziak hiru mila balea baino gehiago harrapatu zituen: 4.500 tona haragi, 163.000 upel olio jangarri (margarina egiteko), 10.000 upel balea-muin, 173.000 tona haragi-aterakin eta beste 3.000 tona haragi azienda-bazkarako. Herrialde gosetuak elikatzeko, honelako itsasontzien lana berreraikuntzarako ekarpen garrantzitsua izan zen. 1956an bakarrik, Errusiako fabrika batean, 980 tona balea-larru baino gehiago prozesatu zituzten zapata-zolak egiteko.
Baleen arrantza kontrolik eta erregulaziorik ez zegoenez, uste da XX. mendean 360.000 balea urdin hil zirela balea-ontziek harrapatuta. 1960rako, haien populazioa 1.000 ingurukoa baino ez zen [9].
Baleen ustiapena behar bezala zaintzeko eta modu kontrolatuan garatzeko, 1946an Nazioarteko Balea Batzordea sortu zen. 1986an, moratoria (etenaldi) bat ebatzi zen eta, horren ondorioz, zetazeoen arrantza komertziala amaitu zen. Baina aldi berean, arrantza zientifikoa baimendu zen, baita arrantza tradizionala ere, jarduera hori beren kulturaren parte den zenbait gizatalderentzat.
Gaur egun, IWCko kide diren herrialdeek ezin dute balearik arrantzatu merkataritza-arrazoiengatik, baina baimenduta dago helburu zientifikoekin egitea. Kontuan hartu behar da arau hori idatzi zenean, animalia hiltzea ezinbestekia zela informazioa lortzeko, beste aukera erabilgarririk ez baitzegoen [10].
Arrantza herrialdeka:
Balea arrantzak hainbat arrazoi ekonomikorengatik da erakargarria, eta horietako lehena, jakina, janari ekoizpena da. Balea bakar batek hainbat tona baleaki (haragi) ematen ditu, gizakientzat proteina eta koipe iturri esanguratsua izan daitekeena. Beste haragiekin alderatuta, baleakiak proteina gehiago (23,0 g 100 gramoko) eta koipe gutxiago (3,0 g 100 gramoko)[13] zen. Egun, oro har, gazia prestatzen bada ere, lehen freskoa jaten zen, kostatik hurbil arrantzatuz gero noski. Maiz, ketu eta marinatu egiten zen edo gatzunetan kontserbatzen zen[13] (kasu honetan pasta esaten zitzaion)[14].
Historian zehar, balea-olioak, lumera izena duenak, berebiziko garrantzia izan du ere, hainbat erabilera baitzituen: berotzeko, elikatzeko eta argitzeko[13]. Hala ere, elizetan ez zen erabiltzen argia egiteko, baizik eta oliba-olioa edo argizaria [13], ez baitzen besteak bezain fina. Kaxalote-olioa, adibidez, makinen engranajeak lubrifikatzeko erabiltzen zen, batez ere abiadura handian lan egiten zutenak eta doitasun handiko mekanismoak behar zituztenak. Zere-olioa argiztapen publikorako erabili zen: 26 metroko zere urdin batek 27 tona olio sortu zituen.
Hezurrak material gisa erabili ziren, bai karea egiteko bai eraikuntza material bezala [13]. Bizarrak, bere erresistentzia eta malgutasunari esker, XIX. mendera arte erabili ziren baleak[15] [13] egiteko (hortik datorkio izena), eguzkitakoak, euritakoak eta kortseak egiteko. Larrua ere aprobetxatu zen, gerrikoak eta uhalak egiteko. Hesteak lehortu eta sokak egiteko erabiltzen ziren. Animaliaren koipea kosmetikoak eta farmazia-produktuak egiteko ere erabili zen. Anbar grisa, kaxaloteak ematen zuena, lurringintzan erabiltzen zen lurrinak finkatzeko[16]; eta XVII. mendean bertute afrodisiakoak ere ematen zitzaizkion. Azkenik, balea muina[15] (sperma ceti), kaxalotearen burutik ateratako konposatu kimikoa, kandelak, xaboiak edo margarina ekoizteko erabiltzen zen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.