From Wikipedia, the free encyclopedia
Arte modernoa 1860ko hamarkadatik 1970ekora bitartean ekoitzitako artelanak eta garai hartako artistak barne hartzen dituen kontzeptua da. Halaber, definizio hau iraganaldiko tradizioak albo batean utzi dituen artearekin lotuta dago, esperimentazioaren izpirituak eragindakoa. Izan ere, artista modernoek esperimentatzen zuten ikusteko bide berriekin, eta artearen funtzioei eta gaien ezaugarriei buruzko ideia berriekin. Besteak beste, abstrakziorako joera oso markatuta dago artista moderno gehienengan.
Bestela, Bigarren Mundu Gerratik aurrera egindako arteari garaikidea deitzen zaio.
Eskultura eta arkitektura modernoaren sorrera XIX. mendearen bukaeran kokatzen bada ere, margolaritzarenak lehenago jar daitezke. Izan ere, margolaritza modernoaren hasiera markatzeko data ohikoena 1863koa da, urte horretan Édouard Manetek Le déjeuner sur l'herbe (Bazkaria belardian) margolana Parisko Salon des Refusés (Baztertuen Aretoa) delakoan erakutsi baitzuen. Lehenagoko datak ere proposatu dira, besteak beste, 1855 (Gustave Courbetek Artistaren langela aurkeztu zuen urtea) edo 1784 (Jacques-Louis Davidek Horazioen zina bukatu zuen urtea). [1] Erromantikoak, errealistak eta inpresionistak arte modernoaren aitzindariak izan ziren.
Mugimendu horien gaineko eraginak anitzak izan ziren: ekialde urruneko apaintzeko arteak, batik bat Japoniakoak, Europan aurkitu berriak; Turner eta Delacroix gisako margolarien berrikuntzak koloreei zegozkienez; eguneroko bizitza islatzean errealismo handiagoa lortu nahi izatea, Jean-François Millet gisako margolarien lanetan topatzen den bezala. Inpresionistek argudiatu zuten inork ez dituela "gauzak" ikusten, baizik eta gauzek islatutako argia, eta, hortaz, margolariek argi naturalean (en plein air) margotu behar zutela, eta ez haien langeletan, argiaren eraginak antzematen ez zirelako.[2]
Inpresionistek osatutako taldeak, Société Anonyme Coopérative des Artistes Peintres, Sculpteurs, Graveurs (Margolarien, eskultoreen eta grabatzaileen elkartea) izenekoak, barneko ika-mikak gorabehera, erakustaldi independienteak antolatu zituen, haien estiloa ezagutarazteko. Estilo hori, herrialde ezberdinetako artistek beraganatu zuten, geroago beste mugimenduekin gertatuko zen bezala.
(Gutxi gorabeherako kronologiarekin, artista nabarmenduenak aipaturik.)
Arte modernoaren kontzeptu abangoardista Estatu Batuetan sartu zen 1913ko Armory Show delakoan, eta batez ere Lehen Mundu Gerraren ondorioz Europatik ihes egin zuten artisten etorrerarekin, Francis Picabia kasu. Hala ere, Parisek artearen hiriburua izaten jarraitu zuen gerren arteko aldi osoan, eta baldintza hori ez zen New Yorkera iritsi Bigarren Mundu Gerra arte. Harrezkero, arte abangoardien zentroa AEBetara pasatzearekin, 1950-60-70 hamarkadetan, Estatu Batuetan sortutako estiloak agertu ziren jada arte modernoaren kontzeptua gainditzen dutenak. Joera berri sorta oso bat sortu zen, ordea: espresionismo abstraktua, op art, pop art, minimalismoa, happening eta performance arteak, arte kontzeptuala, fotorrealismoa, etab.).
Aldaketa geografikoaz gain, teorikoa ere gertatu zen 20. mendearen 2. zatian. Teoria postestrukturalistak "postmoderno" terminoa sortu du originaltasunaren eta berritasunaren aginduetatik (modernitatearen berezko elementuak) sortzen jarraitzeko ezintasuna izendatzeko; horren ordez, berrinterpretazioak eta etsipenak bezalako elementuak aipatzen dira, artearen kontzeptua zabaltzeko eta komunikazio-ekintza gisa ezartzeko. Adierazpen teoriko gehigarriak Rosalind Krauss eta eskola postestrukturalistaren idatzietan gertatu ziren, besteak beste[3].
Artea erakunde gisa zalantzan jartzea garai hori baino lehenagokoa izan zen izatez. Horixe izan zen Marcel Duchampen jarrera, Iturria (1917) bere obran adibidetzat hartuta. Eguneroko objektu hori testuingurutik kanpo dago, eta probokazioz erakutsi zuen artelan gisa (pixatoki bat alderantziz jarrita). Probokazio estetikoa, XIX. mendeko malditismotik, dandismotik eta dekadentismotik zetorrena (épater le bourgeois, burgesa eskandalizatzeko nahia), gerren arteko aldian (dadaismoa eta surrealismoa) ohiko leku izatera igaro zen, eta XX. mendearen erdialdera luzatu zen, happeningekin, absurduaren antzerkiarekin eta gerora sortutako beste probokazio psikoestetiko eta kulturalekin.
Artearen eta gainerako produktuen artean itxurazko bereizketa izaten jarraitzeko ezintasuna agerian geratu zen Robert Rauschenberg eta Andy Warhol bezalako artisten lanean, zeinak esplizituki masa-kontsumoko gainerako produktuekin identifikatzen baitzuten[4].
XX. mendearen amaieran, modernitatearen eta postmodernitatearen arteko eztabaidaren testuinguru intelektualean, artearen munduan etiketa "postmodernoa" zabaltzen hasi zen (arte postmodernoa, arkitektura postmodernoa, pintura postmodernoa, eskultura postmodernoa). Abangoardien krisia aldarrikatzen zen, eta genero edo arte tradizionalak (pintura, eskultura) jada ez ziren bitarteko berritzaileagoak bilatzen zituztenentzat adierazpen artistikorako bide nagusi, Instalazio artistikoen", "Esku-hartzeen" edo multimedia sorkuntzak esperimentatzeko aukera ematen duten teknologia berrien (bideoartea, arte digitala, media art, etab.) mesedetan.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.