From Wikipedia, the free encyclopedia
Zerra ertaina (Mergus serrator) Anatidae familiaren hegaztia da[1]. Euskal Herrian ez da oso ohikoa eta estuarioetan (Txingudi, Urdaibai, Abra, Urola, Artibai,...)[2] bakarrik ikusi ohi da, udazkeneko migrazioetan edo neguan. Pasean ere ikusi izan da kostaldeko lurmuturretatik (Higer edo Matxitxakotik, esaterako)[3]. Orokorrean, ale bakarrak edo oso talde txikiak izaten dira.
Zerra ertain | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Anseriformes |
Familia | Anatidae |
Leinua | Mergini |
Generoa | Mergus |
Espeziea | Mergus serrator Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 72 g arra: 1,135 kg emea: 908 g |
Zabalera | 0,87 m |
Arrautza | |
Helduek 51–62 cm-ko luzera eta 70–86 cm-ko hego-zabalera izaten dituzte.[4] Sexu dimorfismo nabarmena da. Arrak burua beltz-berdexka du, atzera egiten duen gandor harroarekin, lepoko zuria du eta bularra kafe kolorekoa; alboak ere beltzak dira eta hegaletan orban zuri handia du. Emeak, aldiz, burua eta lepoaren goialdea gorrixka du eta gorputza grisa; eztarria zuria du. Gazteek emearen antza dute, baina buruko gorrixka hori zertxobait ilunagoa izaten da.
Denek moko gorria dute, opakoa eta luzea. Mokoaren barnealdea zerratuta dago, eta hortik datorkie izena.
Hegaldian, lerro beltz fin batez bitan zatitutako ispilu zuria ikusten da, eta puntak gris ilun samarrekoak.
Bere habitat Ipar Amerika, Groenlandia, Europa eta Asiako ibai eta aintzirak dira. Afrikako iparraldera, Japoniara, Txinara, Kaliforniara eta Mexikoko golkora ere joan daiteke.
Espezie migratzailea da; emeak eta gazteak arrak baino lehenago joaten dira negupasako eremuetara, irailaren hasieran. Otsailaren amaieratik maiatzaren amaierara bitartean itzultzen dira ugalketa lekuetara.
Iberiar penintsulan neguko espeziea da, bakana, azaroaren hasieran eta apirilaren erdialdean agertu ohi da, eta maximoak neguan izaten ditu. Hala ere, migrazio-bideetan ere ikus daiteke, batez ere Kantauriko kostaldean. Euskal Herrian oso gutxitan ikusten da, eta azken urteotako zitak itsasadarretan egin dira, batez ere.
Mendietan, taigan eta tundran ugaltzen da; bai eta itsasbazterretan, uhartedietan eta barrualdeko ondo kontserbatutako aintziretan ere. Landaredia oparoa behar izaten du, habiak ondo gordetzeko. Ugalketa-garaitik kanpo, nahiago ditu itsasertzeko urak edo ur gezako masa handiak.
Bere dieta urpean igeri eginez harrapatzen dituen arrainetan oinarritzen da, horretarako baliatzen du zerradun-mokoa. Hegoak eta hankak erabiltzen ditu urpean igerian egiteko.
Ugalketa-zikloak hiru hilabete inguru irauten du, eta horietako bat inkubazioan erabiltzen da. Ugalketa-garaia maiatzaren erdialdean hasi eta irailaren bukaera arte luzatzen da.
Arrautza-kopurua aldakorra da (8-10), eta errunaldia belarrez eta hostoz estalitako habian egiten da. Habia beti dago uretatik hurbil eta zuhaitz eta sastraken sustraien artean, edo labarretako zulo eta arrailetan egoten da.
Zerra ertaina Lineok deskribatu zuen 1758an, eta izena eman zion: Mergus serrator. Ez da azpiespezie bereizirik ezagutzen.
Ugaltzeko habitat egokiak galtzea, urak kutsatzea, haien elikadura-baliabideak gutxitzea eta kaioek habiak harrapatzea dira haien kontserbazio-egoerari eragiten dioten faktoreak.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.