From Wikipedia, the free encyclopedia
Zapelatz arrunta (Buteo buteo) accipitridae familiako hegazti harraparia da, Eurasian bizi dena[1].
Zapelatz arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Accipitriformes |
Familia | Accipitridae |
Generoa | Buteo |
Espeziea | Buteo buteo Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Bizi itxaropena | 10 urte |
Masa | 0,925 kg 60 g arra: 790 g emea: 966,5 g |
Zabalera | 1,24 m |
Kumaldiaren tamaina | 2,8 |
Errute denbora | 34 egun |
Ohikoa da errepide bazterretako zutabe edota argi-indar zurtoinetan lasai asko pausaturik zapelatz arrunt bat ikustea, inguruneari begira, geldi. Deskantsatzen dagoela pentsa dezakegun arren, hori da bere ehiza-teknika nagusia, geldi itxarotea harrapakinen bat begiz jo arte. Bizkaieraz Basokapon-a izendatuta[2]
Linnaeusek deskribatu zuen espeziea lehendabizikoz, Systema naturae bere liburuan. Hala ere Falco buteo izena erabili zuen[3].
Zapelatzen azpiespezieak bi multzotan sailkatzen dituzte adituek:
Afrikako uharte batzuetan badaude lehendabiziko taldean lehen sailkatutako espeziemenak baina egun espezie ezberdinentzat jotzen direnak:
Tamaina ertaineko hegazti harrapari liraina da. Sexu-dimorfismo handia erakutsi ohi dute, eta emea arra baino handiagoa izan ohi da. Emeak 700-1.000 gramoko pisua izan ohi duen bitartean, arren pisua 550-850 gramo ingurukoa besterik ez da. Emeen luzera 56 cm ingurukoa izan ohi da, arrena berriz ez da 50 cm-ra iristen.
Hego nahiko luze eta zabalak dituen hegaztia da. Hego-luzera 110-140 cm bitartekoa izaten da eta hegaldatzean, hegoak igo eta aurrerantz bideratzen ditu. Buztan zabal eta motza dute, forma biribilduna. Azken ezaugarri hau baliagarria da tamaina antzerakodun miruetatik bereizteko. Burua berriz sendoa eta lepo motzekoa da.
Lumajea, hegazti hauetan, oso aldakorra izan daiteke. Helduetan, bizkarraldea marroi ilun kolorekoa izan ohi da, buruan hainbat orban zurirekin. Gorputzaren behealdeak, berriz, hainbat kolore izan ditzake, ilunak edo argiak, baina hegoen azpian kolore argiko orbanak nabari ohi dira. Paparra zurixka da hainbat orban ilunekin zertzelatua. Bertan ilargi erdi itxurako zona argi bat igarri ahal zaio. Buztanean zeharkako 7-10 xingola ilun eta fin izan ohi ditu, eta azken xingola iluna zabalagoa izaten da. Hanketako eta mokoko ezkoa horia da eta begiak arre edota arre-horiska kolorekoak izan ohi dira. Sexuak ez dira kolorearen arabera bereizten.
Gazteak, helduen oso antzerako lumajea duten arren, burua, bizkarraldea eta azpialdea zurixkagoak izan ohi dira. Gainera, buztanean ez da azkeneko xingola ilun zabala agertzen. Noizean behin indibiduo gazte oso argiak ere ikus daitezke.
Hegan egiten ari denean piiiii aaaa moduko soinu errukarria egiten du.
Zapelatz arruntak Europa, Afrika, Asia eta Ozeano Pazifikoko hainbat irlatan du jatorria. Egun, Europako lurralde gehienetan, Europa eta Afrika iparraldetik gertu dauden Atlantikoko uharteetan (Ingalaterra, Irlanda, Kanariar Uharteak, Azoreak, Cabo Verde) eta Mediterraneoko irletan aurki daiteke. Asian ia kontinente guztian dago, Europatik Ozeano Pazifikoraino. Afrikan, berriz, iparralde eta ekialdean aurki daiteke.
Euskal Herrian ia lurralde guztian aurki daiteke, erriberako hainbat txokotan salbu. Izan ere, Euskal Herriko paisaia, egokia da hegazti honentzat eta itsas-bazterretik goi-mendietara, eta hegoaldeko zuhaiztietaraino zabaltzen da.
Europa erdialdean, Ingalaterra, Japonian eta Asiako hainbat inguruetan bizi direnak sedentarioak dira. Europa eta Asia iparraldean habia egiten dutenak, aldiz, migratzaileak dira eta Europa eta Asia hegoaldean eta Afrikan igarotzen dute negua. Hainbat populaziok 13.000 kilometroko desplazamenduak burutu ditzakete. Zeharkaldiak lurraren gainetik egiten dituzte eta itsasoa Gibraltarko itsasartetik besterik ez dute zeharkatzen. Migrazioen eraginez, hegaztien pilaketak sortzen dira Espainia hegoaldean eta baina Ekialde Hurbilean ere. Azken ingurune honetan udaberrian 325.000 indibiduo zenbatu dira, uda Europa eta Asia iparraldean igarotzeko pasatzen direnak.
Euskal Herritik, abuztuaren bukaeran hasi eta urriaren lehen 2-3 asteetan pasatzen dira banaka edo talde txikietan zapelatz arrunt gehienak. Azkenak, azaroaren hasieran pasatzen dira. Iparraldeko zapelatz hauek, mendebalde eta mediterranioko eskualderantz jotzen dute eta bertako zapelatz sedentarioekin batera igarotzen dute negua. Batzuk, Afrikako ekialde eta hego-ekialderaino jotzen badute ere, beste batzuk Euskal Herrian bertan geratzen dira. Negutiar hauek normalki, bertakoek baino kolore argiagoa izaten dute.
Migrazio-garaian ikusten direnez gain, Euskal Herrian habiagile arrunta da eta espeziearen egungo egoera ona da. Bereziki Kantauriako eta subkantauriako eskualdeko baso eta arboladietan bizi da. Hegoalderantz goazelarik, eskualde mediterraniarrean, baso, nekazaritzarako lur eta soroetan soilik aurki daiteke; baina ez dago, ordea, soildutako Arabako Errioxan eta Nafarroako Erriberan.
Baso-inguruneak atsegin dituzten hegaztiak dira eta ehizarako leku irekiak eskaintzen dizkion baso eta baso-bazterrak aukeratu ohi ditu. Nekazaritzarako lurrez tartekatutako arboladiak, zelaiak, soroak, leku irekiak, eta baso mistoak ditu gogoko. Baso mistoetan ere bizi ohi dira eta neguan zuhaitz gutxiko ingurune irekiak erabili ohi dituzte.
Normalean 2.500 metrotik behera bizi ohi dira baina 4.000 metrotik gorako inguruetan ere ikusi izan dira. Zapelatz arruntek 6-7 km2 inguruko lurraldea izan ohi dute.
Habiak apirila eta ekaina bitartean egiten dituzte gure ingurunean eta bikoteak bere espezieko gainerako indibiduoetatik babesten ditu bai habia eta baita lurra ere. Habiak zuhaitzetan –koniferoak normalean- egin ohi ditu, baina zuhaitzik ez den lekuan zuhaixketan ere ikusi izan dira. Arraroa den arren amildegietan ere egiten du habia noizbehinka. Batzuetan, korbidoren batek egindako habi zaharren bat berritu edo besterik gabe, lapurtu egiten dute.
Habia konifero eta sastraken adarrekin egiten du eta metro bateko diametroa izatera iritsi daiteke. Maiz, aurreko urteko habia bera erabiltzen dute, material gehiago ezarriz. Barrualdean hosto berdeak eta goroldioa ezartzen dituzte lurzorua leuntze aldera.
Ugaztun txikiak dira zapelatz arruntaren jaki gogokoenak. Dieta, ordea, hegazti, txita eta arrautzekin osatzen dute. Gainera, animalia haragijale hau ez dago ehizaki-mota bakarrean espezializatuta eta elikagai espektro zabala du. Mikrougaztunez gain, sugeak, anfibioak, intsektuak (ortoptero, eta koleopteroak, adibidez), zizareak edota sarraskiak jan ditzake, arrainak barne.
Ingurune irekietan hegan, zutabeetan pausaturik edota lurrean oinez behatzen dute ingurua harrapakinak aurkitu ahal izateko. Jokaera bitxiak azaldu izan dituzte hegazti hauek. Horietako bat suteetan animaliak ihesean direnean ehizan aritzea izan da.
Ugalketa garaia neguaren bukaeran izan ohi da. Otsaila aldera, zeruan eztei-hegaldiak burutzen ikus daitezke hegazti hauek. Bikotea bata bestearen inguruan biraka hasten da eta planeoak, elkarrekin egindako bira azkarrak, hegalak itxiz goitik beherako jaitsierak eta bestelako mugimendu bereziak egiten dituzte.
Kumaldi bakarra izaten dute eta udaberrian, martxotik aurrera. Emeak arre-gorriz zipriztindutako 2-4 arrautza zuri jarri ohi ditu. 56 x 44 mm-ko arrautza hauen gainean emeak 33-38 egun pasatzen ditu eta tarteka ehiza utziz, arrak txandaren bat egiten dio txitaldian. Txitoak jaiotzerakoan 45 gramo inguru pisatzen dute eta luma zuriak izaten dituzte. Emeak, lehenengo 15 egunak habiatik ia mugitu gabe eman ohi ditu, baina hortik aurrera, arrarekin batera ehizan hasi beharko du txito aseezinak lasaitzeko. Halere, kume txikienak hil egiten dira gehienetan.
Kumeak, jaio eta hiru astera tente jartzen hasten dira eta 30 egunekin, lumaz jantzita egongo dira. 45-55 egunekin eta heldu itxurarekin, habia uzten dute. 2-3 urterekin ugalduko dira lehen aldiz, eta batez beste, 4-5 urte biziko dira.
Espezie monogamoa da, bikoteka bizi ohi dena.
Etsai natural gutxi dituen hegaztia da zapelatza, bera baino hegazti harrapari handiagoren batek, eraso egin diezaiokeena, akaso. Espeziearen biziraupena baldintzatzen duten faktoreak, ordea, gizakiak eragindakoak dira.
Zapelatz arruntak bularraldean ilargierdi itxurako orbain argi bat du lumadian. Bestalde, zapelatz liztorjaleak lepoa eta buztana luzeagoak ditu eta burua txikiagoa. Gainera, korronte termikoetan ziklatzen ari direnean zapelatz arruntak hegoak altxatzen ditu eta liztorjalean horizontalki mantentzen ditu.
Mundu mailan "mehatxurik gabe" sailkatuta dago. Halere, Estatu mailako zerrenda gorrietan jasota dago.
Espeziearentzat kaltegarri diren faktoreen artean, pestizida organokloratuak eta untxien populazioak kaltetu zituen gaitzak aipatuko genituzke.
Bestalde, tiroz hildakoen kopurua jaisteak, eta oro har, gehiago errespetatzeak, mesede handia egin diote azken urteetan. Horregatik, bai inguruko herrialdeetan bai gurean bertan ere, populazioek gora egin dute. Honela, duela 30 urte baino askoz errazagoa da harrapari dotore hau gure zeruan edo errepide bazterrean zelatan ikustea.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.