liburua From Wikipedia, the free encyclopedia
SPrako tranbia Unai Elorriaga algortar idazleak idatzitako lehen eleberria da, 2001ean argitaratutakoa. Gai nagusitzat Lucas izeneko agure baten osasunaren gainbehera du, haren buruko nahasmenarekin batera. Aldi berean, arreba Mariaren eta haiekin etxean bizi den Marcos gaztearen bizipenak kontatzen dira, beste pertsonaia batzuen istorioekin batera. Hari garbirik gabeko pasadizo multzo bat osatuz eta bizitakoaren oroitzapenak eta ilusioak besterik gabe bilduz, eleberriak pertsonaia guztien sentiberatasuna islatzen du, haien guztien ahots apal eta naturalarekin, Lucasen endekatzea ardatz. Horrekin bata, pertsonen arteko harremanak, iragana, gaur egungo gizarte alienatua eta heriotza ere hartzen dira gaitzat. Izenburuko SP siglek Shisha Pangma zortzimilakoari egiten diote erreferentzia,[1] tranbiekin batera Lucasen amets eta ilusio direnak. Elorriagak 2002ko Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen eleberri horrnekin; hala, sari hori irabazi duen bigarren euskal idazlea bilakatu zen, Bernardo Atxagaren ondoren. Gaztelaniazko itzulpena idazleak berak egin zuen.
SPrako tranbia | |
---|---|
Audioa | |
Unai Elorriaga, SPrako tranbia liburuaren pasarte bat irakurtzen. | |
Datuak | |
Idazlea | Unai Elorriaga Zubiaur |
Argitaratze-data | 2001 |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | SPrako tranbia, Un tranvía en SP, Der Traum vom Himmel über Nepal eta Lucas oder der Himmel über Nepal |
Herrialdea | Euskal Herria |
Orrialdeak | 153 |
ISBN | 978-84-8331-732-7 |
Sariak | Espainiako Narratiba Sari Nazionala (2002) |
Ebakuntza eginda eta buruko arazoekin ospitaletik ateratzen da, arreba Maria lagun duela, etxera itzultzeko. Anai-arreba izateaz gainera, adiskidetasun handiko harremana dute elkarrekin, bereziki haien arteko elkarrizketa umoretsuetan islatzen dena. Telebista ikustea gustatzen zaie biei. Etxera iristean Marcos izeneko gazte batekin egiten dute topo, etxea hutsik zegoelakoan sartu dena. Lucasek eta Mariak erabateko naturaltasunez onartzen dute gaztearen presentzia etxean. Marcos kaleko musikaria da, eta Roma izeneko neska gazte batek bere etxeko leihotik ikusi ohi du gitarra jotzen. Harengana hurbiltzeko, Marcos jartzen den lekutik hurbil koadroak jartzen ditu Marcosentzat, harik eta bien enkontrua gertatzen den arte. Maiteminduta, elkarrekin ibiltzen hasten dira. Lucas kalera ateratzen den aldi bakanak ere kontatzen dira, hala nola ziklistak herritik pasatzen ikustera joan baina azkenean horretan huts egiten duenekoa, eta arrebarekin Santu Guztien Egunean kanposantura doazenekoa. Lucasen eta Mariaren familiak Marcos etxean bizitzea begi onez ikusten ez duen arren, haiekin konfiantza handiko harremana ehuntzen joaten da. Roma ere Lucasen etxera etortzen hasiko da. Marcosek lana aurkitzen du bulego batean, eta geroago Romarekin Lisboara joango da plazer-bidaian. Bueltan, Lucasen osasuna makaltzen joango da eta Marcos izango da bereziki Lucas zaintzearen ardura hartuko duena. Azkenean, Marcos Nepalerako bidaia egiten du, Lucasek maiz amets egin duen bezala. Bueltan, Lucas hil egiten dela iradokitzen da kontakizunean.
Zortzi ataletan banatzen da eleberria. Lehenengoan, ospitaleko eszenak garatzen dira; bigarrenean, handi atera eta Mariaren etxera iristen direnekoa (non Marcos aurkitzen duten) agertzen dira. Hortik aurrera, etxeko giro intimistan egunerokotasunera itzulita, atalak bi azpiataletan banatzen dira: egun argia, non egunean pertsonaiei gertatutakoak kontatzen diren, eta iluntzea, non etxeko bizilagunak (Lucas, Maria eta Marcos) elkartu egiten diren, maiz telebistaren aurrean, egunean bizitakoa elkarri kontatzeko.[Tol 1]
Hariaren desegituraketa da eleberria moldatzen duen baliabide nagusietako bat: pasadizo eta eszena solteak, maiz esaldi laburrez kontatutakoak, dira eleberriaren muinari indarra ematen dio elementu testualak,[2] pertsonaia hautsien ahotsa naturaltasunez jasotze aldera. Elorriagak berak azaldu zuenez, tarteka hariak indarra galtzeak eta pertsonaien ahots espontaneoak jasotzeak, pertsonaien ikuskera berezia azaltzea, Lucasen buru-nahasmena batez ere, du helburu. Ildo beretik eleberriaren ahozkotasuna (errepikapenak, esaldi etenak, ...) eta hari nagusirekin loturik ez duten eta naif eta hutsalak diruditen pasadizo eta adierazpenak ere aipatu dira.[3] Oroitzapenak ere modu soltean agertzen dira, han eta hemen, jarraipen logikorik gabe, bizitzaren gainbehera eta oroimena galtzea adierazteko. Desegituratze hori, ordea, itxurazkoa da soilik, eta lotura ilogiko eta harrigarriak, denboren nahasketa eta oroitzapenen hutsaltasuna trebetasunez ehuntzen ditu Elorriagak, zahartzaroak ekarritako buru nahasmenduak islatzeko.[4] Desegituraketa hori indartzen duten elipsiak ugariak dira: eszena solteak irudikatuz eta beste eszenekin eten eginez, narrazioaren denbora-jarraikotasunari uko eginez, plazaratutako eszenak nabarmendu eta narrazioari erliebe ematea lortzen du Elorriagak.[Tol 2]
Errepikapenezko figurak ugariak dira, pertsonaien temak irudikatzeko ("...erretratuak egin behar genituela-eta; badakizu zelakoa den alemana. Erretratu normal bat egin dugu, elkarri helduta. Gero beste bat egin dugu: atzera begira eta prakak jaitsita. Badakizu, alemana. Eulalia andreari bidaliko diola esan digu. Eta badakizu zelakoa den Eulalia andrea")[SP 1] baina baita ere, pertsonaien arteko gatazka puntualak irudikatzeko ("-Ez naiz joango- Marcosek. Deitu behintzat- Mariak. Ez naiz mugituko. Deitu behintzat. Ez dut deituko")[SP 2]. Zahartzaroaren erakusgarri ere bada errepikapena, eleberrian bertan aipatzen denez: "Horixe da adinekoen abilidadea, gauzak hirutan esatea, edo lautan" [SP 3]. Errepikatzen den hori nabarmentzea ere du helburu; kasu horretan ohikoa da nabarmendu nahi dena esaldiaren hasieran jarri, gero horri buruzko xehetasunak eman, azkenik nabarmendu beharreko unitatea errepikatuz bukatzeko;[Tol 3] adibidez, "Ez nuen negarrik egin. Horrexegatik nago horrela. Ez nuen hileta-elizkizunean negarrik egin"[SP 4]. Elipsi gramatikala ere erabiltzen da unitate testualak nabarmentzeko; adibidez, "—Non dago Lucas, Maria? —Idazten. —Zertarako? —Burua ez galtzeko"[SP 5].
Pertsonifikazioa ere agertzen da testuan, modu iraunkorrean gainera; kasu garbi eta usuena don Rodrigo da. Don Rodrigo Lucasek etxeko sitsei batzuetan ematen dien izen propio eta kolektiboa da (—"Zein da don Rodrigo? Etxean ehundaka sits dago. —Baina guztiak dira bat; guztiak dira don Rodrigo")[SP 6]. Sitsak Lucasek bereziki, baina baita bere arrebak ere, nozitzen duten higaduraren adierazpena direla aipatu da.[4]; izan ere, zaharren etxeetan bakarrik bizi dira, Mariaren esanetan. Lucasek don Rodrigorekin hitz egiten duela kontatzen du Lucasen ariketa delako atalean. Lucasek etxean daukan kuku-erlojua ere pertsonifikatu egiten da, metaforatik gertuago bada ere: denboraren eta bizitzaren sinbolotzat erabiltzen da, gertakariak markatu eta iragarri egiten dituena ("Hari begira nengoen aita hil eta kukua gelditu zenean"[SP 7]; "-Galdetu kukuari-haserretu zen Lucas"[SP 8]). Etxeko animalia eta objektuen pertsonifikazio horiek etxekoen eta kanpokoen kontrastea nabarmendu egiten du, etxeko giro intimista eta berezia areagotuz.
Estilo zuzena nahiz zehar estiloak erabiltzen ditu idazleak kontakizun nagusian, eta barne bakarrizketa Lucasen ariketa, Mariaren ipuina eta beste pertsonaien atal pertsonaletan. Estilo zuzena bi eratara gauzatzen da: elkarrizketa-marrarekin gehienetan, baina baita ere narrazioan txertatutako komatxoen arteko esaldiekin.
2008an, Aitzol Aramaiok istorioa zinemara eraman zuen Un poco de chocolate filmaren bidez.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.