From Wikipedia, the free encyclopedia
María de los Remedios Alicia Rodriga Varo y Uranga (Anglès, Girona, 1908ko abenduaren 16a - Mexiko Hiria, 1963ko urriaren 8a), Remedios Varo izenarekin ere ezaguna, margolari surrealista, idazlea eta artista grafikoa izan zen.
Remedios Varo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | María de los Remedios Alicia Rodriga Varo y Uranga |
Jaiotza | Anglès, 1908ko abenduaren 16a |
Herrialdea | Espainia |
Bizilekua | Madril Paris Mexiko Hiria Bartzelona |
Heriotza | Mexiko Hiria, 1963ko urriaren 8a (54 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia (1924 - 1929) |
Hizkuntzak | katalana gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, eskultorea eta marrazkilaria |
Lantokia(k) | Paris Mexiko Hiria Bartzelona eta Madril |
Kidetza | Sociedad de Artistas Ibéricos (en) Grupo Logicofobista (en) |
Mugimendua | surrealismoa |
Genero artistikoa | figure (en) paisaia margolaritza interior view (en) |
remediosvaro.com | |
Madrilgo San Fernandoko Akademian ikasi zuten lehen emakumeetako bat izan zen. 1932an Bartzelonan bizitzen jarri zen, eta bertan publizitateko diseinatzaile gisa lan egin zuen, eta Kataluniako Logicophobista talde surrealistan sartu zen. 1937an Parisera joan zen Benjamin Péret poeta surrealistarekin eta 1941ean, naziak Frantziako hiriburura iristearekin batera, Mexikora erbesteratu zen. Ez zen inoiz Espainiara itzuli.
Varoren lanak bere irudimenetik sortutako mundua dakar non alderdi zientifikoa, mistikoa, esoterikoa eta magikoa nahasten diren.
Kontrako ustea zabalduta badago ere, Remedios Varok ez zuen inoiz Mexikoko nazionalitatea eskuratu, baina ez zen inoiz itzuli jaioterrira.
Anglèsen jaio zen, Gironan, baina 9 urte zituela familia osoa Madrilera aldatu zen. Bere aita, Rodrigo Varo y Zejalvo, ingeniaria eta librepentsalaria, esperanto ikaslea, gai sozialen eta mineralogiaren zalea, Andaluziako Cabra herrikoa zen. Bere ama, berriz, Ignacia Uranga y Bergareche, Argentinan jaioa zen eta guraso euskaldunak zituen. Remedios hiru anai-arrebatan bigarrena zen, eta beste biak mutilak ziren, Rodrigo eta Luis.
Bihotzeko arazoak izan zituen bizitza osoan eta txikitatik izan zuen pinturarako joera.
Rodrigo Varoren lanbidea zela eta, familiak berriz aldatu behar izan zuen, lehenik Marokora eta 1917an Madrilera, non Remediosek oinarrizko hezkuntza jaso zuen eskola katolikoetan eta geroago formakuntza artistikoa.
1924an, hamabost urte zituela, aitak bultzatuta, San Fernandoko Akademian sartu zen, eta akademiako lehen emakumezko ikasleetako bat izan zen. Garai horretan solasaldiak eta bizipenak partekatu zituen Ikasle Egoitzan artistekin, García Lorca eta Dalírekin, adibidez. 1930ean Madrilgo Marrazkilarien Batasunak antolatutako erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, eta urte hartan bertan, ikasketak amaitutakoan, irailaren 6an ezkondu zen Akademiako lankide batekin, Gerardo Lizarragarekin, Donostiako San Bizente elizan. Parisera joan eta han bizi izan ziren urtebetez.
1932an, Espainiara itzuli eta Bartzelona errepublikanora jo zuen, Gràcia auzoan bizitzera, han baitzituen etxea eta estudioa, Lesseps plazan[1] eta publizitateko ilustratzaile gisa ere lan egin zuen. Bartzelonan garai hartako giro politiko-libertarioan eta sortzailean sartu zen bete-betean.
1935ean Esteban Francés margolari surrealistarekin partekatu zuen estudioa eta honek André Bretonen zirkulu surrealistan aurkeztu zuen. Urte hartan bertan, Gerardo Lizarragarengandik banatu zen. Uztailean Marcel Jean iritsi zen Bartzelonara Óscar Domínguezekin, eta denen artean gorpu guztiz finak egin zituzten, collage harrigarriak sortuz. Urte berean bere marrazkiak erakutsi zituen Madrilen Josep-Lluís Floritekin batera, eta bere margolanen artean Composición izenekoa dago.
Logicophobista talde surrealista katalanarekin bat egin zuen[1]; haien asmoa zen arimaren barne egoera mentalak irudikatzen saiatzea, horrelako egoerak iradokitzen dituzten formak erabiliz. Talde horrekin elkarlanean, Remedios Varok L'Agent Double margotu zuen, bere estilo pertsonalaren aurrerapena. 1936ko maiatzean Logikofobia erakusketa historikoan parte hartu zuen Bartzelonako Catalònia liburu dendan artista hauekin batera: Artur Carbonell, Leandre Cristòfol, Àngel Ferrant, Esteve Francès, Gamboa-Rothwoss, AG Lamolla, Ramon Marinel·lo, Joan Massanet, Maruja Mallo, Àngel Planells, Jaume Sans, Nadia Sokolova eta Joan Ismael.
Espainiako gerra zibilean errepublikanoen alde egin zuen. Garai hartan eta errepublikanoei laguntzen ari zela, Benjamin Péret poeta surrealista frantziarra ezagutu zuen, Bartzelonara joana Nazioarteko Brigadetan[1]. 1937an, Péretek eta Remediosek Frantziara ihes egin zuten, bakoitzak bere aldetik, eta Parisen elkartu ziren gero; han egon ziren naziek okupatu arte 1941ean. Parisen, Remediosek ezagutu zituen André Breton, Max Ernst, Victor Brauner, Joan Miró, Wolfgang Paalen, Dora Maar eta Leonora Carrington.[2]
1937an Tokioko Surrealismoaren Nazioarteko Erakusketan parte hartu zuen eta Le désir (1935) lana Frantziako Minotaure aldizkari surrealistaren 10. zenbakian eman zen argitara. Pariseko eta Amsterdameko erakusketetan ere parte hartu zuen. Kolaboratu zuen Diccionnaire abrégé du surréalisme argitalpenean eta bere lanetako batzuk Trajectoire du Rêve eta Visage du Monde aldizkarietan agertu ziren. Latinoamerikarrentzako interprete eta itzultzaile lanak egin zituen.
Péret senarra espetxeratu zuten Bigarren Mundu Gerran parte hartzeari uko egin ziolako, naziak Paris inbaditzera zihoazela[3]. Remedios ere espetxeratu zuten, eta askatu ondoren lagun talde batekin alde egin eta Marseillara joan zen bizitzera, bertan errefuxiatu artista gehiagorekin eta intelektualekin, Villa Air-Bel-en, herrialdea uzteko bisaren zain. New Yorketik artista eta intelektualei Europatik ateratzen laguntzen zien Larrialdietako Salbamendu Batzordeko Varian Fry kazetariari esker, 1941eko urrian Casablancara (Maroko) iristea lortu zuten. Herrialde hartan hilabetea eman eta 1941eko azaroaren 20an Mexikora zihoan Serpa Pinto itsasontzia hartu zuten. Garai hartan, Lázaro Cárdenas presidente mexikarrak errefuxiatu politikoak hartzearen aldeko politika zuen, eta horri esker lanari ekin ahal izan zioten Mexikon.
Mexikoko 1940ko Nazioarteko Surrealismo Erakusketan, Inés Amorrek Mexikoko Arte Galerian zuzendutakoan, Remediosen Memoria de la Walkyria izeneko margolana egon zen ikusgai. Mexikon finkatu ondoren, Péret eta Remedios lagunen eta artisten zirkulu batean sartu ziren, non kide baitziren, beste batzuen artean, César Moro, Esteban Francés, Kati Horna[4], Gerardo Lizarraga, Leonora Carrington, Octavio Paz eta Eva Sulzer, erbesteratutako artisten mezenas garrantzitsua izan zena. 1940ko hamarkadan, Remediosek eskulanak, dekorazio eta publizitate lanak egin zituen, horietako batzuk Marc Chagallekin batera, Arte Ederren Jauregian estreinatutako Aleko balleterako jantzietarako. 1946ko maiatzaren 10ean Péretekin ezkondu zen Cholulan (Puebla), horri esker Hego Amerikan zehar bidaiatzeko pasaportea lortzeko.
1947an Benjamin Péretengandik banandu zen, eta poeta Parisera itzuli zen. Aurretik Mexikon izandako harremanei eta bere jarduerei esker, urte hartan Remedios Venezuelara joan zen, Latinoamerikako Institutu Frantseseko espedizio zientifikoko kide gisa, eta han eltxoei buruzko azterketa mikroskopikoak egin zituen paludismoaren aurkako kanpainaren barruan. Han, amarekin eta bere anaia Rodrigorekin ere elkartu ahal izan zen. Venezuelan, entomologiako marrazkilari gisa lan egiteaz gain, Bayerrentzako publizitate kartelak egiten jarraitu zuen eta bolada batez Venezuelako Malariologia Institutuan ere lan egin.
1949an Mexikora itzuli zen, eta han jarraitu zuen lanean publizitateko ilustratzaile gisa. 1952an berriro ezkondu zen, oraingoan Walter Gruen politikari errefuxiatu austriarrarekin. Hortik aurrera margotu beste lanik ez zuen egin. 1955ean, bere lanak jendaurrean aurkeztu zituen lehen erakusketa kolektibo batean, Mexiko Hiriko Diana galerian, eta hurrengo urtean bakarkako erakusketa bat egin zuen.[5]
Mexikon egon zen bitartean, Frida Kahlo, Diego Rivera eta beste artista batzuk ezagutu zituen, baina erbestean zeuden beste intelektual batzuekin adiskidetasun lotura sendoagoak izan zituen, bereziki Leonora Carrington margolari surrealista britainiarrarekin. Haien arteko adiskidetasuna funtsezkoa izan zen bientzat, bai margolanetan bai idazlanetan[1].
1955ean egin zuen bere lehen erakusketa Mexikon. 1958an, Varok lehen saria irabazi zuen Emakumezkoen Plastikaren Lehen Aretoan, Excélsior galerietan.
Mexikar muralismoaren garaian nabarmendu zen, ez muralista gisa, baizik eta Mexikoko hainbat erakundetan erakutsitako margolanekin, besteak beste, Kardiologia Institutu Nazionalean, Retrato del doctor Chávez (1957) margolana jarrita (bere kardiologoa zen Ignacio Chávez mediku mexikarrari egindako omenaldia).
Remediosen bizitza mistizismoaz inguratuta zegoen, eta bere intereseko gaiak teoria psikoanalitikotik alkimiara artekoak ziren, eta hala azaltzen da bere margolan askotan.
Adibidez, 1961ean egin zuen triptikoan, Hacia la torre, Bordando el manto terrestre eta La huida ieneko lanek osatutakoan, bere bizitzaren irudikapen surrealista egin zuen. Eta 1960ko Mujer Saliendo del Psicoanalista margolanean nabarmena da psikoanalisiaren eragina.
Bere bizitzaren bukaerara arte ez zuen lortu pinturari esker bizitzea. Bizirauteko lan artistikokoak egin behar izan zituen beti, batez ere publizitateko ilustratzaile gisa. Musika tresnak eta altzariak ere margotu zituen; Florián Reyren The Damned Village filmeko eszenografiak egin zituen; Giorgio de Chiricoren margolanen kopiak egin zituen enkarguz, eta antzerkirako eta balletarako jantziak eta burukoak diseinatu zituen Leonora Carrington eta Marc Chagallekin batera.
1963ko urriaren 8an hil zen Mexiko Hirian miokardioko infartu baten ondorioz. Bere estudioan margotu zuen azken lana zegoen, Naturaleza muerta resucitando, bai eta bere hurrengo margolanaren zirriborroa ere, Música del bosque.
Hil zenean, André Bretonek honakoa idatzi zuen: "Surrealismoak beretzat eskatzen ditu goizegi alde egin zuen sorginaren lanak".
Remedios Varo alkimiaren artistatzat hartuta dago, bere margolanetan inkontzientearen maitagarri-ipuinetatik ateratzen diren munduak berpizten dituena[1]. Margolariaren lana zabala eta konplexua da, eta estilo bereizgarria du eta antzematen erraza. Mercè Ibarz kultura kazetari eta ikerlari katalana nabarmendu da haren memoria berreskuratzeko lanean.
Remediosen margolanetan maiz ageri dira giza figura estilizatuak zeregin sinbolikoak egiten, elementu oniriko eta arketipikoekin.
Bere obra osoa mistizimo giroak inguratzen du, mundu laiko modernoaren figura adierazgarrietan gorpuztuak. Bere margolanetan ikonografia zientifikoarekiko zaletasun nabarmena ageri da. Horregatik, urteen poderioz margolariaren lanak gero eta maizago erabili dira dibulgazioko literaturan.
Bere mihiseak zorroztasun handiz eginak daude, eta batasun kosmikoa eta errealitatearen plano desberdinen arteko loturak islatzen dituzte: materia eta izpiritua, animalien, gizakien eta landareen mundua. Surrealistak liluratu zituen bere gai nagusietako bat emakumezko aztiarena da, inkontzientearekin gizonezkoek baino lotuagoa eta goi mailako ahalmenez hornitua. Originala da, batzuetan hain mespretxatua den etxeko giroan kokatzen duelako.
Remedios Varo bere lana Mexikon ezagutzera eman eta zabaldu zuen lehen emakumezko artistetako bat da, bertan bizi ziren beste artista batzuekin izan zituen harreman pertsonalei esker, hala nola Leonora Carrington margolari britainiarrarekin eta XX. mendearen erdialdeko elite artistiko eta intelektual mexikarreko beste batzuekin.
Bere margolanetako asko Mexiko Hiriko Arte Modernoko Museoan daude, eta askotan jarri dira ikusgai aldi baterako erakusketetan.
Remedios Varoren lanak eragin handia izan du artearen munduan, batez ere Mexikon, harrera egin zion herrialdean, batez ere bertan baita ezaguna margolaria.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.