jiu-jitsu borrokalari japoniarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Sadakazu Uyenishi (japonieraz: 上西 貞一 Uenishi Sadakazu , 1880–?) Raku ezizenez ezagunagoa, jiu-jitsu borrokalari profesional japoniarra izan zen, XX. mende hasieran Europan oso ezagun bihurtu zena. Hain zuzen ere, jiu-jitsua Japoniatik kanpo irakatsi eta praktikatu zuen lehen pertsonetako bat izan zen.[1] Euskal Herrira ere etorri zen, eta bertan jarraitzaile ugari izan zituen.
Sadakazu Uyenishi 1880an jaio zen, ziurrenik Honshuko Osaka prefekturan, Japoniako uharte nagusian. Bere aita, Kichibe Uyenishi, kirolari famatua izan zen, kenjutsu, hipika, igeriketa eta sumo borrokan. Sadakazuren lehen entrenamendu martziala kenjutsuan izan zen. Karrera militarra planteatzen ari zela, bere aitak jiu-jitsu entrenatzera animatu zuen eta bertako dojo batean izena eman zuen. Nerabezaroan hainbat jiu-jitsu lehiaketa irabazi zituen,[2] eta bō teknikan ere nabarmendu zen.
Raku gizon txikia zen: 1,35 metrotako altuera eta 54 kg zituen; horrek are ikusgarriago egiten zuen bere borroka.
1900. urtean, hogei urte zituela, Uyenishi Londresera bidaiatu zuen Edward William Barton-Wright ingelesak gonbidatuta (Barton-Wright bartitsu izeneko arte martzial eklektikoaren asmatzailea zen). Handik gutxira, Yukio Tani japoniar borrokalariarekin batera, Barton-Wright-en akademian irakasten hasi zen. Tani eta Uyenishi borrokalari profesional gisa ere nabarmentzen hasi ziren, Barton-Wright-ek sustatutako borroketan aurkari askoz handiagoak garaituz. [2]
1902 inguruan bartitsu akademia itxi eta gero, Uyenishik borrokalari profesional gisa jarraitu zuen, baita jiu-jitsu klaseak ematen ere. 1903an bere jiu-jitsu dojo propioa sortu zuen -Erresuma Batuko lehena- Piccadilly Circus-en . Eduardotar Aroko bizitza sozialean gogoz txertatu zen, eta arrakasta handia izan zuen "jaun exotiko dotore" paperean.
1905ean, Text-Book of Ju-Jutsu izeneko liburua argitaratu zuen, erreferentziazko lan ezaguna bihurtu zena.
1908an, borroka profesionalarekin batera, Uyenishi Aldershot eta Shorncliffe eskola militarretan instruktore bezala lanean hasi zen. Garai berean, arrakasta handiko bira profesional bati ekin zion Espainian, Portugalen eta Europako beste herrialde batzuetan, jiu-jitsu klaseak emanez eta tokian tokiko borrokalariekin erakustaldiak eta erronkak burutuz. [3]
Raku 1908an Japoniara itzuli ostean ere, dojoa bere ikasleen esku utzi zuen eta haietako bat (Edith Garrud) jiu-jitsua sufragisten artean zabaltzen aritu zen.[4]
Parish zirku-enpresa ingelesaren bidez etorri zen Euskal Herrira.[5]
Bilbon 1908ko abuztuan, "Zabalguneko Zirkua" zeritzon egurrezko antzokian aritu zen (gaur egungo Moyua plaza inguruan[6]); urte horretan Bilboko jaietako ekitaldi nagusia izan zen. Rakuk publikoa berarekin borroka egitera gonbidatu ohi zuen, normalean irabaziz. Fructuoso Sainz karreteroa izan zen garaituetako bat; gizon indartsua izan arren, medikuarenean amaitu zuen ukondoko ligamentuen esgintzearekin. Dena den, borroka garrantzitsuenak Bizkaiko Atletismo Federazioko kideekin egin zituen: besteak beste Juan Larrazabal, Feliciano Etxebarria, Manuel Aranaz Castellanos, Manuel Piquero, Antolin Elezkano, Vicente Blanco "Koxua" eta Felipe Abrisketa, batzuek borroka greko-erromatarrean aritzen zirenak. Feliciano Etxebarriak japoniarrari 3 minutu eustea lortu zuen, eta Rakuk borrokalari bizkaitarren dohaiak goraipatu zituen. Zabalguneko Zirkoko emanaldien azkenaurreko egunean eskandalua sortu zen, publikoan zegoen japoniar batek (Akishima Onoro izenekoa, Raku baino handiago eta sendoagoa) erronka bota baitzion, Rakuk onartu ez zuena. Onoro zarataka hasi zen, kirolarien eta enpresaren kontura gaizki esaka; publikoa ere eserlekuak antzeztokira botatzen hasi zen eta Rakuk aretotik alde egin zuen; ikuskizuna eten behar izan zuten. Azkenean erronka onartu zion Onorori; baita garaile atera ere. [5]
Vista Alegre zezen plazan ere aritu zen, Etxebarria enpresariak ekarria, Milles izeneko ingelesaren kontra; japoniar txikiaren eta ingeles handikotearen artekoak ikusmina handia sortu zuen, eta apustuetan 3.000 pezeta jokatu ziren, garai hartan dirutza zena.[5]
1908ko irailaren 29an, Campos Eliseos antzokian izan zen. Bertan, La Chelito kupletista famatuak "El Perro Chico" zarzuela antzezten zuen; ostean Rakuk, Dhego laguntzailearekin, jiu-jitsu erakustaldia egin zuen, Chelitoren beraren parte hartzearekin.[5]
1908ko azaroan, Miguel Unamunok hitz batzuk eskaini zizkion artikulu batean:
"Estando yo el mes pasado en Bilbao,apenas se hablaba allí entre los muchachos de otra cosa que de Raku,el luchador japonés. Nos molían los oídos con el nombre de Raku,en mi casa y en la mesa,a la hora de comer,mis dos hijos mayores no hablaban de otra cosa que de Raku, comentando sus proezas profesionales en el circo y en los café, fue durante unos días el héroe popular en Bilbao y Vizcaya toda.
Se veía a los muchachuélos ejercitándose en el Jiu-Jitsu por las calles.Hay que advertir que este hombre, fue a exhibir su arte a uno de los pueblos que más está desarrollada la afición a los deportes y uno de los pueblos donde más se estima, tal vez se sobrestima la fuerza física.
Hay que reconocer que Raku se hacía antipático al público, pero el verdadero motivo de la irritación de este contra él era ver la fuerza bruta abierta y sin dobleces, la brutalidad a que allí se rinde culto, sojuzgada por la destreza ,por habilidad, por el arte, por la ciencia al servicio de la fuerza también".
Bilbon eta Bizkaian jarraitzaile asko egin zituen; 1909ko azaroan Campos Eliseos antzokian beste emanaldi bat egin zuen, eta Rakuren eraginez jiu-jitsua Club Deportivo Bilbao elkartean urte askoan praktikatu zen, belaunaldi aldaketaren ondorioz baztertu zen arte.[5]
Tolosan 1908 urtean aritu zen, zezen plazan: Isidoro Ollagiegi "Eltzekondo" hernaniarra erraz garaitu zuen, baina Ramon Garate "Kaminero" urrestillarrari irabaztea gehiago kostatu zitzaion: 6 minutu.[5]
Rakuk aztarna sakona utzi zuen Tolosaldean: bere jarraitzaileek Piña Raku izeneko peña edo sustengu-taldea eratu zuten, eta 1926 eta 1935 urteen artean herrian oso aktiboak izan ziren: zezen plazan hainbat idisko-korrida eta bestelako ekitaldiak antolatu zituzten, ongintzarako dirua biltzeko. Gerora, piña-ren lokalean taberna ireki zen.[7]
Sadakazu Uyenishi Tolosan hitzartutako azken borrokara ez zen agertu. Jose Ramon Otaegi beizamarrarekin lotu zuen, baina borroka bertan behera gelditu zen (zezen plaza ikusleez beteta, eta Otaegi zain zeukala) Uyenishi ez baitzen agertu. Beizamarrari jendea oihuka hasi zitzaion orduan: «Zu zara benetako Raku! Zu zara Raku! Raku, Raku…»; Otaegik taberna bat zeukan, ordutik aurrera "Raku" bezala ezagutzen dena[8] (Aroztegieta kalea, 2).[7]
Txakur asko ere izan ziren, Raku izenekoak.[5]
1908. urtearen amaieran Uyenishi Japoniara itzuli zen, Londresko dojoa William Garrud ikaslearen ardurapean utziz (Edith Garruden senarra). Data horren ondoren bere bizitzaz ezer gutxi dakigu, baina Percy Longhurst britainiar jiu-jitsu ikerlariaren arabera Bigarren Mundu Gerra baino lehenago hil zen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.