Malware

From Wikipedia, the free encyclopedia

Malware

Malware (ingelesezko malicious software [«programa kaltegarri»] hitzetatik eratorria) software mota bat da, edozein sistema informatikori nahita ekintza kaltegarriak egiten dizkiona.[1] Era askotako ekintzak egin ditzakete: informazio lapurreta, funtzionamendua kaltetzea edo datuen eskuragarritasuna blokeatzea, besteak beste. Horien arteko konbinazioa ere gerta daiteke; gainera, askotan, erabiltzaileari xantaia egiteko erabiltzen dira.[2] Malware mota asko dago; ohikoenak birusak eta harrak dira, baina zabalduta daude troiatarrak, spywareak eta ransonwareak ere.[3] 1990ean Yisrael Radaik malware terminoa asmatu aurretik, software kaltegarria birus informatikotzat hartzen zen, nahiz eta birusak malware mota bat izan.[4]

Malwareari buruzko grafismoa. Hasierako birus informatikoetatik hasita, troiarrak, har informatikoak, eta ransomware.

Malware motak

Hainbat motako malwarea dago. Gainera, malware bat mota batekoa baino gehiagokoa izan daiteke aldi berean:[5]

  • Birusak: erabiltzailea konturatu gabe ordenagailuaren funtzionamendua aldatu egiten dute. Exekutatzen direnean ordenagailu edo sareko programak aldatzen dituzte, euren kodea beste programetan zabalduz.
  • Exploitak: segurtasun ahulezia batez baliaturik informazioa lapurtzeko erabiltzen den softwarea, berez malwarea ez den arren, beste erabiltzaileen sistemetara atzipena ahalbidetzen duen giltza da.[6]
  • Harrak: sistemaren memoria agortu arte bere kabuz etengabe ugaltzen den malwarea da.
  • Ransomwarea: erabiltzaileei euren sistema edo fitxategietara atzipena ukatzen dien malwarea da, bahisari baten truke baimen hori berreskuratzeko aukera ematen dute.[7]
  • Rootkitak: fitxategiak eta prozesuak ezkutatzeko erabiltzen diren tresna multzoa.[8]
  • Spywarea: erabiltzailearen baimenik gabe informazioa bildu ondoren beste sistema batera transmititzen duen malwarea.[9]
  • Troiarrak: Baimenik gabe urrutiko atzipena ematen duen malwarea. Izena Homeroren Iliadaren Troiako Zalditik datorkio.

Historia

Historialariek zalantzan jartzen duten arren, malwarea lehen aldiz 1970eko hamarkadan ARPANET sarean agertu zela diote gehienek. Hala ere, Apple-ek 1984an Macintosh 128k ordenagailu pertsonalaren merkaturatzea boom bat eragin zuen. Gero eta jende gehiago zen ordenagailu pertsonala ulertzeko gai, hala ere, batzuek jakintza horiek maltzurkeriak egiteko erabiltzea erabaki zuten. Hasieran, konputagailua ustekabeko eran jokatzea eragiten zuten bakarrik, hortaz, ez zuen kezka handirik suposatzen. Dena dela, ordenagailuen teknologiak aurrera egin ahala malwareak ere aurrera egin du. Azken bi hamarkadetan konputagailuek izugarrizko aldaketak izan dituzte, gainera, interneten etengabeko zabalkuntzaren ondorioz malwera duten webguneak nabariki ugaritu dira. 1980ko hamarkadan hainbat sistema eragileen aurkako programak egiten ziren, hala ere, gaur egun Microsoft Windows eta Android dira erasotuenak, izan ere, erabiltzaile gehien dituztenak dira.

Programa maltzurrak negozio bihurtu egin dira. Alde batetik, malwarea dirua irabazteko erabiltzen dute Hackerrek; bestetik aldetik, horren aurka lan egiten duten White Hat-ek. Azkenak normalean enpresek kontratatzen dituzte euren fitxategiak eta sareak babestu ditzaten[10].

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.