Remove ads
Baxenabarreko militar euskalduna, Frantziako Errepublikarentzat borrokatu zuena (1768-1855) From Wikipedia, the free encyclopedia
Jean Isidore Harizpe (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1768ko abenduaren 7a - Lakarra, Nafarroa Beherea, 1855eko maiatzaren 26a), lehenbiziko Harizpeko kondea, militarra izan zen, Frantziako Armadan aritu zena; 1851n, Frantziako marexal izendatu zuten.
Jean Isidore Harizpe 1768ko abenduaren 7an jaio zen, Baigorriko Gaineko karrikan. Etxalde handikoa zen, eta aitak apaiz batengana bidali zuen eskolatzera.[1] 1792an boluntario sartu zen Pirinioetako mugak babesteko sortu ziren Euskal Herriko Ehiztariak izeneko lau konpainietako batean. 1793an, Espainiaren aurkako Konbentzio Gerra hasi zelarik, Euskal Herriko Ehiztarien konpainia bateko kapitain izendatu zuten. Baigorri inguruan borrokatu zen Espainiako armadaren aurka; Arrola,[2] Izpegi eta Berderizko guduetan bereziki nabarmendu zen, eta koronel maila erdietsi zuen.[3]
Konbentzio Gerra 1795ean amaitu zen, Basileako Bakea izenpetu zenean. Horren ostean, Harizpe Bordelera igorri zuten, eta Garona Garaiko matxinatuen aurka borrokatu zen. 1799an, Grisons Kantonamenduko kanpainian jardun zuen, MacDonalden agindupean. Italiako kanpainian Moncey eta Bruneren agindupean ibili ondoren, Angulemako Euskal Herriko Ehiztarien brigada-erdiko buruzagi izendatu zuten 1802ko maiatzean.
1804. urtean, Frantziako Inperioa aldarrikatu zenean, Napoleonen konkista asmoen alde agertu zen Harizpe. 1805 eta 1806an Jacques Desjardinen dibisioan borrokatu zen. Alemaniako Jenako guduan zauritu zuten 1807ko urtarrilean, eta brigadako jeneral izendatu zuten ondoren. Soult marexalaren agindupean, Gludstadt, Heilsberg eta Friedlandgo batailetan parte hartu zuen, eta berriro zauritua izan zen.
Iberiar penintsulara jo zuen 1808an, Moncey marexalarekin, eta bost urtez borrokatu zen Espainiako gudarostearen aurka. Lannes marexalaren agindupean parte hartu zuen Tuterako guduan eta Zaragozako setioan. Lannes Frantziara itzuli zelarik, Suchet jeneralaren estatu nagusi-buru bilakatu zen. Belchite, Tarragona, Lleida eta Valentzian borrokatu ondoan, Ohorezko Legioa jaso zuen eta konde izendatu zuten. 1814an Ipar Euskal Herrira jo zuen, Soult marexalak deituta; Orthezen eta Tarben borrokatu ostean, erretreta jo behar izan zuen Okzitaniako Tolosaraino, ingeles osteei ezin eutsirik.
Borboi errege-erreginen berrezarpenean, San Luisen zaldun bihurtu zen. Napoleonen ondoan jarraitu zuen, hala ere, Ehun Egunetan (1815), Pirinioetako mugetako zaindari gisa, eta kargu guztiak kendu zizkion Luis XVIII.a Frantziako erregeak. Pirinioetako departamenduetako Komandante Nagusi izendatu zuten 1830. urtean eta Frantziako pare bost urte geroago. Bere barrutiko diputatua izan zen 1831 eta 1834an. Marexal titulua, ordea, Napoleon III.aren eskutik jaso zuen 1851. urtean. Bigarren Inperioko senatari izendatu zuten 1852an. Lakarrako bere gazteluan hil zen 1855ean, 87 urte zituela, eta bertako hilerrian dago hobiratua. Haren izena Parisko Garaipen Arkuan dago idatzia, mendebaldeko aldean.
Frantziarentzat euskal herritar guztiz eredugarria den arren, euskaltzale eta abertzaleen ikuspuntua ezin ezberdinagoa da. Adibidez, hauxe idatzi zuen Piarres Xarritonek 1991n:[4]
« | Harispe marexalari pastoral bat eskaintzen ziotela Muskildiarrek jakiteak ez zidala atseginik eman aitortu behar dut. Bainan ez baitut oraino ikusi delako pastorala gerta liteke gure ziberotar euskaltzaleak aski trebeak izaitea Baigorriko frantses militarraren berreskuratzeko. Agian bai! [...] Arrotzen alde odola ixuri duten euskaldun militar ospetsuen historiaz dihardugunaz geroz, Loiolaren mendeurrena gogoratzen zait [...] egia erran, beren alde borrokatu zen gipuzkoarraren berreskuratu nahiak Espainolen aldetik ez nau harritzen: handiagorik ikusi dugu, hala nola Xabierko seme ezaguna, espainoldu nahi digutelarik zenbaitzuek [...]. | » |
1991n Muskildi herriak Pier Paul Berzaitzek idatzitako Harizpe pastorala taularatu zuen eta hortik dator kritika.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.