hestegorrian kokatuta dagoen urdail-hesteetako minbizia From Wikipedia, the free encyclopedia
Hestegorriko minbizia, hestegorrian agertzen den tumore gaiztoa da. Hainbat motatakoa izan daiteke baina gehiengoek hurrengo sintomak aurkezten dituzte: disfagia (irensteko zailtasunak), mina eta pisu galera besteak beste; normalean biopsia bidez diagnostikatzen da. Tumore txiki eta lokalizatuak gehienetan kirurgia bidez tratatzen dira, tumore larriagoak , aldiz, kimioterapia, erradioterapia edo bien konbinazio bidez. [1]
Hestegorriko minbiziak normalean kartzinomak izaten dira, epitelioan edo hestegorria inguratzen duen azaleran gertatzen direnak. Bi mota bereizten dira:
Zelula eskamatxuen kartzinomak: gizon helduetan ematen den neoplasia gaizto ohikoena da. Ohikoagoa izaten da arraza beltzean, eta normalean alkohol eta tabakoaren kontsumoari lotuta egoten da.
Adenokartzinomak: esofago de Barret edo refluxu gastroesofagikoa izan duten pazienteekin erlazionatuta daude hauek.
Sintomatologia
Minbizi mota honen sintometako bat irensteko zailtasuna da. Horrez gain, minbizi honek sorrarazten duen odinofagiaren ondoriozko nutrizio faltagatik, pisu galera ematen da. Gainera, erre sentsazioa sorrarazten duen min handia egon ohi da, eta askotan handitu egiten da irensketaren ondorioz. Hasieran, ahotsaren aldaketa ematen da, eta gaixotasunaren garapenarekin grabeagoa bihurtzen da.
Tumore baten presentziak peristalsi normala aldatu egiten du (irensketa erreflexua), goragaleak, okadak, elikagaien berrahoratzea, eztula sorrarazten du. Modu honetan, sarritan pneumonia ere agertu egiten da. Batzuetan, tumorearen gainazala hauskorra da eta erraztasunez apur daiteke, hemorragiak sorraraziz eta hematemesia (odol okadak) sortuz. Tumorearen hazkuntza progresiboak, zenbait estruktura lokal konprimi ditzake beste konplikazio batzuk sortuz, adibidez, goiko bena kabaren sindromea. Denbora igarotzen den ahala, fistulak garatu daitezke hestegorrian eta trakean, pneumonia izateko arriskua igoaraziz. Azken honen ondorioz, eztula, sukarra eta elikagaien inhalazioa agertzen dira. [1]
Fase aurreratuetan, zabaldua izatea posible izaten da eta beste sintoma batzuk ager daitezke: ikterizia, aszitisa (aurreko bi hauek , gibeleko metastasiaren ondorioz agertzen dira), aire falta, pleuraren isurketa(bi hauek, biriketako metastasiaren ondorioz).
Kausak eta arrisku faktoreak
Arriskua areagotzen duten faktoreak:
Adina: gaixo gehienak 60 urtetik gorakoak dira. [1]
Generoa: gizonezkoetan ohikoagoa da.
Herentzia: minbizia duten gertuko familiar bat duten pertsonek probabilitate handiagoa izango dute gaixotasuna garatzeko.
Tabakoa erretzea eta kantitate handietan alkohola edateak arriskua handitzen dute.
Nitrosamina moduko substantzia dietetikoak hartzea.
Aurretik garezur eta lepoko minbiziak izatea, baita hestegorriko minbizia ere.
Gaixotasun zeliakoa izateak, batez ere diagnostikatu gabea bada.[2]
Errefluxu gastroesofagikoaren gaixotasuna eta Barrett-en hestegorriak mukosaren narritadura kronikoa eragiten dutelako.
Obesitateak 4 aldiz handitu dezake.
Helicobacter pyloriaren garrantzia hestegorriko adenokartzinomaren garapenean oraindik ezezaguna da. Hala ere, bakterioa gastritis kronikoan eragina daukala uste da, hau errefluxuaren arrisku faktorea da eta era berean beraz, hestegorriko minbiziaren arrisku faktorea.[3][4] Jakina da H. pylory gastritis kronikoan eta duodenoko ultzeran eragina daukala, izan ere, hainbat ikerketa frogatu dute hestegorriko mukosa kaltetzen duela. [5]
Arriskua gutxitzen duten faktoreak:
Aspirina eta antzeko beste farmako batzuk hartzen dituzten pertsonetan arriskua murrizten da.[6]
National Cancer Institute-ren arabera, kruziferoak (azaburua, brokolia, azalorea), begetal hori eta berdeak eta frutak dauzkaten dietak izatea, hestegorriko minbizia izateko arriskua murrizten dute.[7] Horrez gain, kafearen kontsumo kontrolatua arriskuaren murrizketan eragina duela frogatu da. [8]
Hestegorriko minbizia, munduko neoplasia gaiztoen frekuentziaren ordena jarraituta, 9.postuan egongo litzake eta garapen bidean dauden herrialdeetan 5. postuan egotera iritsi daiteke. Gaixotasunaren intzidentzia %600an igo da azkeneko 30 urtetan, gainera bost urteko biziraupen-tasa %15ekoa da.[9] Halako gaixotasunen ezaugarri epidemiologiko esanguratsu bat bere aldakortasun geografikoa da, 100,000 biztanletatik 5 kasu ematen dira Mendebaldeko Europan eta hego-ekialdealdeko Afrikan eta Iran edo Txina bezalako herrialdeetan 100,000 biztanleetatik 100 kasu baino gehiago eman ohi dira. Nagusiki gizonezkoetan ematen da, gizon/emakume arteko arrazoia 4:1ekoa izanik, nahiz eta hainbat herrialdeetan erlazioa hau murrizten den.
Txina, India, Japon, eta Amerikako Estatu Batuak eta Caspio itsasoa inguratzen duten lurraldeek kasuen intzidentzia altuena adierazten dute.[10] American Cancer Society-k estimatzen du 2007an zehar 15,560 kasu berri diagnostikatu zirela AEBtan eta orokorrean intzidentzia eta hilkortasun tasak altuagoak direla afroamerikarretan kaukasoarretan baino.[11][12]
Erreportaje batzuk diote hestegorriko adenokartzinomen intzidentzia igo egin dela azkeneko 20 urtetan, bereziki txuri ez hispanoetan.[13]
Diagnostikoa
Ebaluazio klinikoa
Edozein proba egin aurretik, medikuak historia kliniko eta esplorazio fisiko bat burutuko ditu, pazientearen sintoma eta ohiturei buruz informatzeko. Informazio horrekin, ikerketa zein probarekin gauzatu hautatuko du.
Kontrastezko azterketa erradiologikoak: Toraxeko erradiografia da, baina ez da hestegorria ikusten. Horregatik, kontrastea erabiltzen da, barneko lesioak lokalizatzeko. Erabiltzen den kontrastea barioa izan ohi da, eta ahi eran administratzen da. Honek, hestegorri eta hesteetako paretak estaltzen ditu, ingurua markatuz. Barioak X izpiak pasatzea galarazten du eta erradiografian egitura zurixka gisa ikusiko da. Paretako lesio irregularrak detektatzeko balio du, minbiziaren seinale izango direlarik.
Esofago-gastroskopia: hodi malgu bat esofagotik sartzean datza, hestegorriko mukosa eta pareta ikusteko asmoarekin.
Biopsia: Endoskopioaren bitartez, susmagarriak diren lesioak ikusiz gero, biopsiak hartzen dira, hau da, ehun zati bat hartzen da, ondoren histologikoki ikertuak izateko.
Behin lesioa diagnostikatua, gaixotasunaren distantzia, zein zabalkuntza zehaztea beharrezkoa da:
Toraxeko, abdomeneko edo pelbiko ordenagailu bidezko tomografia: erradiografiak egiten dira angelu desberdinetan. Teknika honen bidez tumorearen kokapen konkretua jakin dezakegu, baita minbizia beste ehun edo organo batzuetara(gibel eta gongoil linfatikoetara bereziki) zabaldu den edo ez.
Positroien bidezko tomografía (PET): Masa espezifikoak metabolikoki aktiboak diren ikertzeko erabiltzen da. Horrela, zelulen hazkuntza azkarregia detekta daiteke, minbiziaren seinale izan daitekeena. Gaixotasunaren agerpen goiztiarra detekta dezake, edo tratamendu baten efikazia probatu, honen ondoren tumorea itzuli den frogatuz.
Eko-endoskopia esofagikoa: Hestegorrian sartzen den endoskopioaren muturrean ultrasoinuak bidaltzen dituen zunda bat du. Hauek, gertuko ehunetan errebotatzen dute. Bertatik sortzen den irudia aztertuz, tumore-inbasio mailari buruzko informazioa lor daiteke (paretan zenbateko sakontasunean garatu den).
Tumorearen kokapenaren arabera, zein motakoa den suposatu dezakegu. Hestegorria, 3 zatitan banatzen da, eta adenokartzinomak zati distalean egoten dira, zelula eskamotxuen kartzinomak proximalago kokatzen diren bitartean.
Histopatologia
Hestegorriko tumore gehienak gaiztoak dira. Proportzio txiki bat (<%10) leiomiomak (muskulu leuneko tumoreak) edo estroma gastrointestinaleko tumoreak dira. Tumore gaiztoak normalean adenokartzinomak, zelula eskamatxuen kartzinomak, eta noizbehinka zelula txikien kartzinomak dira.
Tratamendua
Ikuspegi orokorra
Gaixotasun honen aurkako tratamendua hainbat faktoreren menpe dago: minbizi zelula mota (adenokartzinoma edo zelula ezkatatsuen kartzinoma izan daiteke), minbizia zein fasetan dagoen eta pazientearen osasun egoera orokorra, hala nola, izan ditzakeen beste gaixotasun batzuk kontuan izan eta nutrizioa eta aho higiene egokia duen edo ez.
Hestegorri minbizia pairatzen duten paziente batzuk askotan irensteko arazoak izaten dituzte. Kasu honetan hestegorrian “stent” bat - metalezko tutu elastiko bat – jartzen da. Gainera, pazienteek jateko arazoak izaten dituzte tumorearen kontrako tratamendua jasotzen duten bitartean, horregatik, “zunda nasogastrikoen” beharra izaten dute (sudurretik edo ahotik sartzen den hodi bat). Bestalde, beste paziente batzuei, ordea, gastrostomia bat egiten zaie; hau abdomenean zehar hodi elastiko bat sartzean datza, bertatik elikatu ahal izateko. Honi esker arnaste bidezko pneumonia ekiditen da.
Espezifikoa
Tratamenduari dagokionez, tumorea zehazki lekututa badago, kirurgia bidez kendu daiteke. Alegia, kasuen %20-30etan, zuzenean ebakuntza bidez sendatzen da gaixotasuna. Tumorea handiegia den kasuetan, ordea, ebakuntza egin baino lehen, beharrezkoa izaten da pazienteek kimioterapia eta erradioterapia jasatea, tumorea kirurgia egiteko bezalako tamaina izan arte. Orokorrean, aipatutako bi tratamenduen arteko konbinazioa jasaten du pazienteak, nahiz eta hainbat medikuk hori ez gomendatu.
Esofagektomia aurretik eta ondoren
Kimioterapiari dagokionez, orokorrean, zisplatino (karboplatino edo oxaliplatino) oinarria erabiltzen da, eta honi, fluorourazilo (5-FU) gehitzen zaio, modu jarrai batean zein hiru astetan behin. Orain dela gutxiko ikerketen arabera, epirrubizina (ECF) gehitze oso onuragarria omen da ere.[14] Kimioterapia kirurgia baino lehen edo ostean (berreskurapena arriskua txikitzeko) jaso dezake pazienteak. Kirurgia posible ez den kasuetan ere erabiltzen da kimioterapia. Azken kasu honetan, zisplatino eta 5-FU erabiltzen dira.
Erradioterapia kimioterapia zein kirurgia baino lehen, bitartean edo ostean eman daiteke. Beste kasu batzuetan, independenteki eman daiteke sintomak kontrolatzeko. Gaixotasuna kokatuta dagoen kasuetan, baina kirurgia posible ez denetan, erradioterapia erradikala erabili daiteke ere.
Bestalde, esofagektomia ere badaukagu. Tratamendu hau hestegorriaren segmentu baten ezabatzean datza. Ezabatze horren ondorioz, eztarria eta urdailaren arteko distantzia txikitzen da eta, beraz, digestio hodiaren zati bat (orokorrean, urdaila edo kolonaren zati bat) kutxa torazikoan kokatzen da. Dena dela, dagoeneko metastasia gertatu bada, esofagektomia, hau da, erresekzio kirurgikoa ez da erabilgarritzat jotzen. Hala ere, batzuetan esofagektomia egiten dute, kirurgia paliatibo moduan, hots, mina baretzeko.
Kirurgiaz eta esofagektomiaz gain, eta tratamendu posibleekin bukatzeko, laser bidezko terapia ere badaukagu. Kasu honetan, intentsitate handiko argi baten bidez, tumore zelulak suntsitzen dira. Tratamendu hau erabiltzen da kirurgia bidezko erauzketa posible ez denetan. Ildo beretik, laser terapia berezi bat aipatu behar da: terapia fotodinamikoa. Kasu honetan tumore zelulek droga jakinak xurgatzen dituzte, eta ondoren, argi berezi batekiko esposizioaren ondorioz, zelulek xurgatutako drogak aktibatzen dira eta suntsituak izaten dira.
Pronostikoa
Orokorrean hestegorriko minbiziaren pronostikoa nahiko txarra da, pazienteen gehiengoa berandu diagnostikatzen baita. Biziraupenaren munduko mailako indizea bost urtetara %5 baino txikiagoa da. Hala ere, pronostiko indibiduala minbiziaren egoeraren araberakoa da. Esaterako, hestegorriko mukosan garatzen den minbiziaren kasuan, bizirauteko %80ko probabilitatea dago, baina, aldiz, minbizia mukosa azpiko geruzara heltzen denean %50ra jaisten da. Halaber, minbizia geruza muskularrera heltzen bada biziraupena %20koa izango da; eta hestegorriaren alboko egituretara helduz gero, %7koa. Bestalde, metastasia pairatzen duten gaixoetan biziraupena 5 urtetara %3a baino baxuagoa da.Bukatzeko, kirurgia jasotzen duten pazienteek gutxi gorabehera %25eko biziraupen tasa dute.Hala eta guztiz ere, estatistika hauek guztiak hobetzen ari dira, minbizi honen inguruan zenbat eta kontzientziazio handiagoa egon orduan eta diagnostiko goiztiarragoa dagoelako.