Remove ads
Hesteetan bizi den bakterio-flora From Wikipedia, the free encyclopedia
Heste-flora, hesteetako flora edo heste-mikrobiota hestean bizi den mikroorganismoen multzoari deritzo. Mikrobio horiek harreman sinbiotikoa edo komentsalista mantendu ohi dute ostalariarekin. Mikrobio hauen artean, kopuruari dagokionez, bakterioak dira garrantzitsuenak, baina badaude ere onddoak eta protozooak.
Giza gorputzean dagoen bakterioen kopurua sekulakoa da: mikrobio gehiago ditugu giza-zelulak baino. Bakterio gehienak hestean daude, 10 bilioi inguru (1013 zelula)[1] [2]. Gorozkiekin bakarrik egunero bilioi bat bakterio baino gehiago kanporatzen ditugu (gorozkien pisu lehorraren herena bakterioei dagokie). Kopuru zehatza ezagutzen ez badugu ere, gutxi gorabehera 500 espezie bakteriar inguru gure hestean ditugula kalkulatzen da, gehien-gehienak ez-patogenoak, eta asko onuragarriak )[1] [3] [4]
Gizakiak ez ezik, animalia askok ere bakterioak behar dituzte haien digestio-aparatuan bizirik irauteko. Esaterako, bakteriorik ezean haurnaskariek ezin izango zuten zelulosa digeritu, ezta termita bezalako intsektuek ere (egurra jaten dutenak). Gure kasuan, heste-florak laguntzen digu, besteak beste, B taldearen bitamina batzuk eta K bitamina sintetizatzen [5].
Hesteko bakterio asko komentsalak dira, hots, ez diote inongo onurarik ekartzen haien ostalariari (ezta kalterik ere). Sinbiosi egiten dutenek, aldiz, onura ateratzeaz gain (ostalariak babesa eta elikagaiak ematen baitie) alde on asko ere eragiten dituzte ostalariarengan. Hona hemen aipagarrienak:
Espektro zabaleko antibiotiko bat ahotik hartzen denean luzaro, patogenoaz gain heste-flora ere kaltetua suertatzen da. Mikrobiota arruntik hestean ez badago, mikrobio oportunistek hartzen dute haien lekua (Staphylococcus, Proteus edo Candida albicans, esaterako). Egoera arruntean, organismo horiek ez dira hestean hazten, ezin baitute mikrobiota arruntarekin lehiatu. Hazten direnean, oportunista horiek gaixotasun bat eragiten dute. Antibiotiko-terapia bukatzen denean, mikrobiota arrunta berriz nagusitzen da, nahiz eta epe luze bat itxaron behar den hori gertatzeko [7].
Bakterioak ez dira berdin banatzen gure digestio-aparatuaren organo guztietan, tokian tokiko habitat oso desberdinak direlako: esaterako, urdailak pH oso azidoa dauka (2 ingurukoa), eta horrek nabarmen murrizten du bakterioen hazkuntza. Gauza bera gertatzen da heste meharraren lehenengo zatian.
Heste meharraren bigarren zatian (ileonean) eta, batez ere, heste lodian pHa askoz basikoago bihurtzen da, eta horrek bakterio kopurua areagotu egiten du. Hor bakterio anaerobioak nagusi dira, nahiz eta aerobio gutxi batzuk egon [6].
Bakterio aerobioek eta anaerobio fakultatiboek hestean dagoen oxigenoa erabiltzen dute, anaerobio hertsien hazkuntza errazten duena.
Heste-flora bakteriarra asko aldatzen da gizabanako desberdinen artean, baina nahiko egonkorra da denboran zehar gizabanako berean. 2009 urtean INRAren zientzialariek (Frantzian) agerian jarri zuten gizabanako guztiok bakterio gutxi batzuk konpartitzen ditugula hesteetan, heste-mikrobiotaren gune filogenetikoa osatuko luketenak [8].
Bakterioen artean hauek dira ohikoenak giza hestean:
Arkeobakterioak ere heste lodian egoten dira, metanogenoak izanik garrantzitsuenak
Bakterio hauek guztien artean, Bacteroides generokoak dira ugarienak heste lodian.
Azpimarratu behar da gizakien heste-mikrobiota aldatu egiten dela bakoitzaren dietaren arabera. Haragi asko jaten duten pertsonek barazkiez elikatzen direnek baino Bacteroides gehiago eta koliforme eta bakterio laktiko gutxiago izan ohi dituzte. Halaber, dietaren arabera ekoizten den gas kopurua eta gorozkien usaina ere aldatu egiten da
Haur jaioberrien hesteetan ez dago inongo mikrobiorik, ezta haien gorozkietan ere. Ondorioz, K bitamina eta B taldeko bitamina batzuk, heste-florako bakterioek ekoizten dituztenak, ez dituzte ume jaioberriek. Amaren baginako bakterio batzuk bereganatzen ditu jaioberriak erditze ostean, eta baita bere bizitzaren lehen egunetan ere, aho bidetik. Baina edoskitzearen bidez, bereziki, garatzen da umearen heste-flora: amaren esneak, batez ere, bakterioz hornitzen ditu umearen digestio-aparatua. Bakterio horien artean Bifidobacterium da nagusi
Aipatu egin da heste-floraren garrantzia hainbat bitaminen ekoizpenean, elikagaien digestio prozesuan, immunitate-sistemaren funtzionamenduan eta mikrobio oportunisten aurkako borrokan. Halaber, zientzialariek hainbat patologia gastro-intestinalen atzean (Crohn gaitza, kolon suminkorra, ultzeradun kolitisa...) heste-floraren aldaketak daudela azpimarratu egin dute [9]
Era berean, probiotikoen hartzeak beherako akutuak eta kolon suminkorraren sintomak hobetzen dituela agerian jarri da [10]. Gogoratu probiotikoen osagai nagusia bakterio biziak direla, heste lodian pilatuko direnak.
Azken urteotan gaixo batzuen heste-flora propio aldatu da prozedura berri baten bidez: gorotz-bakterioterapia. Prozedura honekin arrakastaz aurre egin zaie hainbat patologia gastro-intestinali: kolitis pseudomenbranosoari eta ultzeradun kolitisi, batik bat. Gizabanako osasuntsu baten heste-flora gizabanako gaixo baten hestean sartzean datza terapia berri hau.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.