Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
Garia (Triticum spp.),[1] ogi (Ipar.) izenaz ere ezaguna, landare loredun graminea belarkara da. Mundu mailan gehien ekoizten diren hiru ale nagusien artean dago artoarekin eta arrozarekin batera.[2]
Gari | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Poales |
Familia | Poaceae |
Generoa | Triticum |
Espezieak | |
T. aestivum T. aethiopicum | |
Datu orokorrak | |
Gaixotasuna | wheat allergy (en) eta gluten-related disorder (en) |
Ekialde Hurbilean etxekotu zen duela milaka urte, eta mundu osoan hazten da egun. Gehien ekoizten diren zerealetako bat da, artoarekin eta arrozarekin batera, eta haren aleak gizakiarentzat funtsezko elikagaietako dira, bereziki ogiaren osagai nagusi moduan, baina baita opilak, gozopilak, pasta, fideoak, kuskusa eta antzekoak egiteko ere. Horretaz gainera, garia hartzituta, garagardoa, alkohola, vodka edariak, besteak beste, eta bioerregaiak ere egin daitezke. Garia aziendentzako janari gisa ere landatzen da, eta gari landarearen lastoa abereak bazkatzeko nahiz eraikinen teilatuak egiteko erabil daiteke.
Gariak proteina kopuru handia du, baina baina haren proteina batek, glutenak alegia, erantzun immunologiko desegokia eragiten du pertsona zenbaitengan. Gaixotasun horri zeliakia deritzo.[3]
Gariaren jatorria Mesopotamian dago. Aurkikuntza arkeologiko zaharrenek Sirian, Jordanian, Turkian, Palestinan eta Iraken kokatzen dute. Duela 8.000 urte baino gehiago jatorrizko gari basatiak mutazio edo hibridazio bat izan zuen eta landare tetraploidea sortu zen, hazi handiagoak zituena eta ondorioz haizeak barreiatu ezin zuena. Gaur egungo Irak iparraldean dagoen Jarmo eremu arkeologikoan K.a. 6700. urteko buztin egosian[4] almidoi gariaren (Triticum dicoccoides) aleak aurkitu dira.[5]
Gizakia garia landatzen hasi zenean, nekazaritza iraultza izugarria sortu zen Ilgora Emankorra deritzon eremuan, Ekialde Hurbilean; izan ere elikaduran ehizakia nagusi izatetik zekale kopuru handia hartzera pasa baitzen populazioa. Elikadura aldaketa hura oso agudo gertatu zen, baina gure genomak ez du aldaketa nabarmenik izan azken 10.000 urteetan.
Gari labore orokortuak ekarri zuen, halaber, populazioak toki batean asentatzea, eta, garai bertsuan, ardiak edo ahuntzak etxekotu ziren. Giza komunitateak eratu ziren, gero eta konplexutasun maila handiagokoak; Sumer eskualdean idazketa asmatu zuten eta, horrekin, historiaurrea amaitu eta historia hasi zen.
Ekialde Hurbiletik Greziara, Ziprera eta Indiara hedatu zen gariaren landaketa K.a. 6500 urtearen inguruan. Ogiaren eta nekazaritzaren jainkosa greziarra Demeter zen, «ama jainkosa» esan nahi du. Pixka bat beranduago Antzinako Egiptora iritsi zen, K.a. 6000 inguruan eta Nilo ibaiaren ertzetan landatzeari ekin zioten. Egiptoarrak izan ziren ogia kopuru industrialetan ekoizten aurrenak[6]. Ondoren Erromara pasa zen. Inperioan zabalduz joan zen eta gaur egungo Alemanian eta Iberiar penintsulan K.a. 5000 urtearen inguruan azaldu zen[7]. Erromatarren mitologian Zeres zen gariaren eta nekazaritzaren jainkosa, hortik dator «zereal» izena.
Erromatarrek herritar behartsuenen elikadura bermatu zuten garia prezio apaletan ezarriz eta gari alearen ehotzea eta ogiaren ekoizpena erregulatuz. Edukiera handiko labeak erabiltzen zituzten ogia egiteko, elkarlanean. Gariaren eta ogiaren kontsumoa hainbestekoa zen ezen Bibliak berak ere garrantzia handia ematen baitio; 40 aldiz agertzen da «gari» hitza, 264 aldiz «ogia» eta 17 aldiz «ogiak». Ogia aipatzen denean gariz egindakoa edo garagarrez egindakoa izan liteke.
Espainiar kolonizatzaileek eraman zuten garia Ameriketara. Hernán Cortés konkistatzailearen esklabo batek hiru gari ale aurkitu zituen arroz poltsa batean eta, ondo gorde ondoren, 1529an landatu zituen.
XVII. mendean garia Europa osoan ereiten zen, iparraldean oloa eta garagarra nagusitzen bazen ere. Haize errotak agertu ziren baina ez zen bestelako nekazaritza berrikuntzarik izan. XVIII. mendean makinak asmatu ziren eta honi esker irinaren ekoizpena nabarmen handitu zen.
XIX. mendean lurrun bidezko errota asmatu zen, aleak ehotzeko burdinazko zilindroak erabiltzen zituena, eta ehotzeko teknikatan iraultza nabarmena ekarri zuen. Teknika berriekin gariaren landaketa handituz joan zen eta Ipar Amerikara eta Ozeaniara zabaldu zen.
XX. mendean izandako Mundu Gerra bien ondoren beharrezkoa ikusi zen nekazaritza ekoizpena handitzea gero eta populazio handiagoaren elikadura beharrak ase ahal izateko.[8] «Iraultza berdea» izena eman zitzaion, baina arrakasta handia izan bazuen ere, gariaren kalitatean ez zen hobekuntzarik izan. Gaur egun erabiltzen diren zekale aldaerak garatu ziren, karbohidrato kopurua igo zutenak baina nutrizio balioa jaitsi zutenak, eta hori gutxi balitz bezala, lekadunen landaketa baztertu arazi zuten.[9]
1941ean Nutrition Society elkartea eratu zen Erresuma Batuan. Gariaren landaketa hobetzeko helburua zuen eta hobetsi ziren aldaerek izurriteei aurre egiteko gaitasuna zuten (gluten portzentai handiagoa zutelako); gainera, ezaugarri biskoelastiko eta itsaskorrei esker orea egiteko egokiagoak ziren. Aldaera haiek arrakasta itzela izan zuten, gaur egun ere 700 milioi tonatik gora ekoizten dira mundu mailan, baina gariaren genetikan aldaketa handia eregin zuen.[8]
Landare belarkara da eta zutoina barnealdea hutsik duen kanabera bat da sei korapilo azaltzen dituena. 0'5 eta 2 metro arteko altuera hartzen du eta adarkadurarik ez du apenas. Hosto luze lantzakarak ditu, leka, ligula eta aurikulak ongi definituak dituztenak. Sustraiak faszikulatuak ditu, adatsa bezala adarkatzen direnak. 25 cm inguruko luzera izan ohi dute baina batzuk bi metrotako sakonerara ere irits daitezke.[10]
Galburua infloreszentzia bat da, ardatz zuzen korapilotsu batean 20-30 burutxo dituena, bakoitza bederatzi loreduna. Lore gehienak ez dira ernaltzen eta glumaz estalita daude.
Haziak kariopsideak dira, obalatuak eta mutur borobilduak dituztenak. Mutur batean ernamuina edo hozia ateratzen da eta beste muturrean ile fin batzuk ditu. Alearen gainerakoari endospermo izena ematen zaio eta haziaren bolumenaren %82a hartzen du. Alea estaltzen duten perikarpioak eta testak gariaren zahia osatzen dute.
Gari aleak gluten izeneko proteina bat du, ogia egiten laguntzen duena. Gaur egungo garien proteina guztien % 85-90 hartzen du glutenak.
Gariaren genetika etxekotu diren beste landareen aldean oso konplexua da. Espezie poliploide egonkorra da, kromosoma multzo bi baino gehiago ditu, beraz. Espezie batzuk tetrapolideak dira (lau kromosoma joko), adibidez Triticum durum eta Triticum turgidum, biak ala biak Triticum urartu eta jadanik iraungita dagoen Sitopsis espezieen hibridazioz sortuak.[11] Ogia egiteko erabiltzen den gari arruntak (Triticum aestivum) eta galzuriak (Triticum spelta) duela bi mila urte Triticum turgidum eta Aegilops taushii espezieak hibridatu ondoren sorturiko espezie hexaploide batean dute jatorria.[12]
2010. urtean, Erresuma Batuko zientzialari talde batek Chinese Spring line 42 aldaeretako gariaren genomaren % 95 deskodetu zutela iragarri zuen.[13] 202ko azaroaren 29an, gari arruntaren genoma osoa argitaratu zen: 94.000 eta 96.000 gene artean dituela ikusi zen.[14]
Gari alea ehota lortzen den irina erabiltzen da elikagaiak egiteko: ogia, opilak, pasta eta abar. Hartzitu ere egin daiteke eta zenbait edariren gehigarri gisa erabili.
100 gramo garitan eguneroko dietan hartu beharreko kalorien % 20 eskuratzen da. Karbono hidratoez gain ezinbesteko hainbat nutriente ditu gariak, hala nola proteinak, zuntza, bitaminak (niazina bereziki), manganesoa eta fosforoa. Gariak dituen proteinek ez dute nutrizio balio handirik gizakiarentzat, aminoazido esentzial gutxi batzuk baino ez, baina lisinarik ez da ageri glutenean ez eta gainerako gari proteinetan ere. Hori dela eta elikadura lekadunekin osatzea gomendatzen da.
Gariaren osagaiak:
Osagaia | Kopurua | Eguneko gomendatuaren %a |
---|---|---|
Ura | 13,1 g | |
Energia | 327 kcal | |
Karbohidratoak Azukreak Zuntza |
71,18 g 0,41 12,2 |
|
Gantzak | 1,54 g | |
Proteinak | 12,61 g | |
Bitaminak | ||
Tiamina (B1) | 0,383 mg | % 29 |
Erriboflabina (B2) | 0,115 mg | % 8 |
Niazina (B3) | 5,464 mg | % 36 |
Az. Pantotenikoa (B5) | 0,954 mg | % 19 |
B6 bitamina | 0,3 mg | % 23 |
Azido folikoa (B9) | 38 μg | % 10 |
E bitamina | 1,01 mg | % 7 |
K bitamina | 1'9 mg | % 2 |
Mineralak | ||
Manganesoa | 3.985 mg | % 199 |
Potasioa | 363 mg | % 8 |
Fosforoa | 288 mg | % 41 |
Magnesioa | 126 mg | % 34 |
Kaltzioa | 29 mg | % 3 |
Burdina | 3,19 mg | % 26 |
Zinka | 2,65 mg | % 27 |
Sodioa | 2 mg | % 0 |
Selenioa | 70.7 μg | % 157 |
Gariaren 14 espezie deskribatu dira eta guztira 30.000 aldaera zerrendatu dira. Aldaera horietatik 1.000 baino ez dira kontsumorako ekoizten.[15]
Mundu mailan gehien ekoizten diren gari espezieak hauek dira:
XX. mendean Sobietar Batasuna izan zen gari ekoizle handiena, baina gaur egun Txinak hartu du lehen lekua.
Izaki ugarik kaltetu dezakete garia: onddoek, bakterioek, birusek eta intsektuek batez ere. Landarearen atal desberdinetan erasotzen du bakoitzak. Hauek dira izurri multzo nagusiak:
Animaliei dagokienez, lepidopteroen larbak izaten dira garia nabarmen kaltetzen dutenak. Udaberrian hegaztiek eta karraskariek garien kimuak jaten dituzte. Behin garia biltegietan dagoela, kalte handiak eragiten dituzte karraskariek, baita intsektuek ere.[19]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.