Dokumentala zinema eta telebistaren genero zabal ezfikziozkoa da, errealitatetik hartutako irudietan oinarritua eta nagusiki hezibidea edota historiarekin lotutako edukiak zabaltzeko helburu duena. Hasieran, film euskarrian grabatzen ziren, baina egun, bideo eta ekoizpen digitalak ere daude.
Egileak ematen dion antolaketak, egiturak eta soinuak (testuak eta elkarrizketak) eragina dute dokumentalak sailkatzeko.
Historia
Askoren ustez, historiako lehen dokumentala Nanuk eskimala lan mutua (Nanook of the North, Robert J. Flaherty, 1922) izan zen; beste antzeko lan batzuk egin zituen: Moana (1926), Samoan girotua, eta Man of Aran (1934), Irlandako mendebaldeko Aran uharte urrunetan ehina. Hirurek exotizismoa eta erromantizismoa amankomunean zituzten.
Propaganda egitea Kino-Pravda serie sobietarren helburuetako bat zen, baina are nabariagoa izan zen Triumph des Willens ("Borondatearen garaipena") dokumental nazia (Leni Riefenstahl, 1935). Garai hartakoa da halaber Luis Buñuelen maisulan etnografikoa, Las Hurdes, tierra sin pan (1932).
1950eko hamarkadatik aurrera, Cinéma vérité edo "errealitatezko zinema" garatu zuten, Jean Rouch paristarrak abiatuta eta Ipar Amerikako Direct Cinema baliokidea zuena. Les Raquetteurs (1958), Salesman (1969), Showman, Near Death, The Children Were Watching eta Grey Gardens korronte horien adibide ezagunak dira.
Latinoamerikan ugaritu ziren neokolonialismo eta kapitalismoaren aurkako lanak: besteak beste, La Hora de los hornos (Octavio Getino eta Fernando E. Solanas, 1968). Txilen halaber Salvador Allenderen gobernuaren aurkako erasoa jaso zuten lan batean.
Naturari buruz, Le Monde du silence filma (Jacques Cousteau, 1956) eta Félix Rodríguez de la Fuenteren telebistarako dokumental seriea El Hombre y la Tierra (1975-1980) oso nabariak dira.
1980ko hamarkadatik aurrera, Godfrey Reggioren Qatsi trilogia (Koyaanisqatsi: Life out of balance, 1983; Powaqqatsi: Life in transformation, 1988 eta Naqoyqatsi: Life as war, 2002), bai eta Baraka ere (Ron Fricke, 1992) ospetsuak dira.
Azken urteotan, oihartzun handia izan dute halaber Microcosmos : Le peple de l'herbe, Le Peuple migrateur ("Haizearen nomadak"), La Marche de l'empereur, Fahrenheit 9/11 (Michael Moore, 2004), Super Size Me (Morgan Spurlock, 2004), An Inconvenient Truth (Davis Guggenheim, 2006) eta Earth (Alastair Fothergill eta Mark Linfield, 2007) filmek, besteak beste.
Euskal Herrian
Euskal Herrian, Orson Wellesek 1955ean The Land of the Basques filmatu zuen; gero, Gotzon Elortza bizkaitarrak lehen euskarazko dokumentalak egin zituen, frankismoaren garaian: Ereagatik Matxitxakora (1959), Aberria (Erria) (1961) eta Elburua Gernika (1962), hain zuzen ere.
Azken urteotan, Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra (Julio Medem, 2003), Bagdad Rap (2005) eta Amerikanuak (2009) azpimarratu behar dira.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.