Espainiako Gerra Zibilean Azazetan (Araba) izandako pasartea. From Wikipedia, the free encyclopedia
Azazetako sarraskia Espainiako Gerra Zibilean Azazetan (Araba) izandako erailketa kolektibo bat izan zen. 1937ko martxoaren 31etik apirilaren 1erako gauean 16 preso errepublikazale legez kanpo exekutatu zituzten, tartean Gasteizko alkatea eta hainbat zinegotzi.[1]
Azazetako sarraskia | |
---|---|
Mota | Q9072523 |
Honen parte da | Espainiako Gerra Zibila |
Denbora-tarte | 1937ko martxoaren 31 - 1937ko apirilaren 1a |
Kokaleku | Azazetako mendatea |
Herrialdea | zone under the control of the nationalist faction (en) |
Parte-hartzaileak | |
Pertsona hilak | 16 |
Errepublikaren aurkako altxamendu faxistaren ondoren, Arabako zatirik handiena kolpisten kontrolpean geratu zen.[1] Kolpistek legez kanpoko exekuzioak 1936ko abuztutik egin bazituzten ere, 1937ko udaberrian Emilio Mola buruzagiak errepresio maila igotzea agindu zuen. Kolpistek Bizkaiaz jabetzeko ofentsiba prestatzen ari ziren, eta fronteko gerra-ekintzez gain, erretaguardian errepresioa areagotzea interesatzen zitzaien, disidentzia ezabatzeko. Neurrietako bat espetxeetan zeuden presoak fusilatzea izan zen.[2]
Prozedura beti berdintsua izaten zen: gauerdian Gobernu Ordezkaritzatik zenbait presoren askatasun aginduak jaulkitzen ziren; izen aukeraketa informatzaileen araberakoa izaten zen, agintari arduradunen borondate ona edo txarraren eraginpean. Agindu hau betez, presoa kartzelako atarira eramaten zen; han erreketez edota falangistez osatutako exekuzio-patruilek hartzen zuten. Teoriaz patruila hauek "kontrolik gabe" ziharduten, autoritateen bizkar alegia; praktikan, ostera, haiekin koordinaturik aritzen ziren. Horregatik artxiboetan, preso hauei buruz agertu ohi den azken informazioa haiei sinarazitako askatasun agindu bat izaten da.[3] Legez kanpoko exekuzio hauek 1938an Kondenak Epaitegi Militarren esku geratu arte iraun zuten.[4]
Mola Gasteizera iritsi zenean, berak nahi zuen efektua lortzeko hirian 60 preso hil beharko zirela kalkulatu zuen. Martxoaren 30ean, udal agintariak, errekete eta falangisten buruzagiak Hermandad Alavesa elkarte karlistaren egoitzan bildu ziren, espetxetik atera beharreko pertsonen zerrendak egiteko. Gau horretan bertan Teodoro Bazán presoa atera eta hil zuten.[2]
Martxoaren 31n, asteazkenarekin, armada frankistak iparraldeko frontearen aurkako erasoa hasi eta Durango bonbardatu zuen, ehunka biktima eraginez.[1] Gau horretan, Galo Zabalza La Paz espetxeko zerbitzu arduradunak -falangista uniformez jantzita- eta Gándara ofizialak 16 preso atera zituzten ziegetatik. Joaquin Pelegrin Ordenu Publiko Delegatuak idatziriko askatasun-papera sinatu eta gero, espetxearen atarian Bruno Ruiz de Apodakak gidatutako falangista, errekete eta guardia zibilez osatutako pikete baten esku utzi zituzten. Espetxe aurrean, presoak eskuz loturik bi kamioitan sartuak izan ziren, Lizarrarako errepidea hartuta.[5][6]
Azazetako mendatean geldituz, presoak binan loturik basora eraman zituzten. Han askatu, banaka konfesatu eta hil zituzten. Hainbat zulotan erdi-lurperatu zituzten,[7] errepideko 16. kilometrotik 100 bat metrora. Ehorzgia aztertu zuten forentseek baieztatu zutenez, ehorzterakoan haietako batzuk oraindik bizirik ziren.[2]
Azazetan eraildako 16 presoen izenak hauek izan ziren:[7]
Biharamunean, presoen familiei abisua pasatu zieten askatuak izan zirela, eta haiei buruz ezer gehiago ez zekitela esanez. Familiek, bistan denez, gertatutakoaren susmoa zuten; eta batzuen laguna zen Pedro Anitua apaizari laguntza eskatu zioten. Honek Rekalde apaiz jesuita kontaktatu zuen, piketeekin Azazetan egon zena. Honek erailketaren zehaztasunak eman zizkien, baita zenbait presok hari utzitako objektu pertsonalak eta agur-mezuak ere.[2]
Errepresio eta izu giroa zabaltzearen helburua ondo baino hobeto bete zen. Inpunitatea eta babesgabetasuna nolakoa zen adierazten du anekdota honek: sarraskitik egun gutxira, eraildako presoetako baten bitxitegian pertsona bat agertu zen, hildako jabearen urrezko eraztuna bertan saltzeko.[2]
Sarraskitik bost bat urtera, eraildako hiru presoren senideek (Gonzalez de Zarate, Abaitua eta Collel) gorpuak atera zituzten Pedro Anituaren laguntzaz,[10] eta Gasteizko Santa Isabel kanposantura (Zaramaga) eraman zituzten, heriotz-agiria eskuratuz. Beste zenbait familiak, ordea, uko egin zioten gorpuak berreskuratzeari, erailketaren aitorpena jaso ezean. Horretara, preso hauek ofizialki desagertutzat mantendu ziren urte askoan.[2]
1978ko uztailaren 21ean, EAJ alderdiaren Araba Buru Batzarraren izenean, Joseba Azkarragak gorpuak ateratzeko eskaria sartu zuen probintziako Gobernu Zibilean. Abuztuaren 3an, Pedro Anituaren lekukotasunarekin eta ehorzgiaren identifikazioarekin, 13 gorpu atera ziren, denak kaxa bakarrean sartuz eta El Salvador kanposantura (Otazu) eramanez. 132 multzoan, 114 zenbakian sartu ziren, idazki honekin: "Muertos en el Puerto de Azaceta, la noche del 31 de Marzo de 1937, víctimas de la guerra civil". Artean trantsizio urteak ziren, eta oraindik zaila baitzen horrelako gertakari bat salatzea.[2]
2007 urtean, erailketen 70.urte betetzearekin batera, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak lehen omenaldia egin zien Azazetan eraildako presoei.[11] 200 bat pertsona bildu ziren Gasteizko Ospitale plazan (La Paz espetxea egondako lekuan, alegia). Gasteizen gerra galdu zutenen memoria historikoa aldarrikatzeko eginiko lehen ekitaldietako bat izan zen.[2] Harrezkero Azazetakoei eginiko omenaldiak ugariak izan dira:
Azazeta inguruan sarraskiaren lekua eta oroitarria ezagunak dira, eta bisita daitezke.[17]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.