50 cm-ko luzera eta 120 cm-ko hego-zabalera maximoa dituen hegazti harraparia. Mota guztietako animaliez elikatzen da eta migratzailea da From Wikipedia, the free encyclopedia
Arrano txikia (Aquila pennata edo Hieraeetus pennatus) accipitridae familiako hegazti harraparia da. Europan, Iparraldeko Afrikan eta Asian bizi da, neguan Saharaz haraindiko Afrikan emanez[1].
Arrano txiki | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Accipitriformes |
Familia | Accipitridae |
Generoa | Hieraaetus |
Espeziea | Hieraaetus pennatus |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 62 g arra: 709 g emea: 975 g |
Zabalera | 1,11 m |
Kumaldiaren tamaina | 2 |
Errute denbora | 38 egun |
Bere hego-luzera 120 zentimetrokoa eta bere gorputza 47 zentimetrokoa izan liteke. Hieraaetus generoko arranoen ezaugarria da neurri ertain edo txikia izatea. Hego luzeak eta isats luze edo ertaina dute. Lumadun tartsoak dituzte eta kolorazioari dagokionez fase desberdinak agertzen dira. Basodun zonaldetan aurkitzen da baina honek sastrakadiarekin edo argiuneekin tartekatua izan behar du, eta ez da inoiz sarraskiz elikatzen[2].
Hiru kolorazio fase ditu: argia, iluna eta tartekoa (arraroa)[3]; ohikoenak argiak dira[4]. Fase argiak, azpialdeko luma estalgarriak, zuriak eta puntu beltzez zipriztinduak ditu. Arrek, puntu hauek markatuagoak eta ilunagoak dituzte. Begiaren azpiko orban arre-beltzaxka batek eztarri zuria inguratzen du. Isatsa gris-arrexka da azpitik begiratuta eta kolore ilunagoko amaiera du. Erremigeak guztiz beltzaxkak dira barnealdeko primarioak kenduta, horiek argiagoak baitira azpitik begiratuta. Lepoaren alde bietara dituen banda zuriak ere bereizgarriak dira, ondo ikusten dira erasotzera doanean [5]. Gaztetxoak helduen berdinak dira, azpialdean duten kolore gorrixkagoa, eta kokotean eta pileoan duten tonalitate marroi argia kenduta.
Beste hegazti harrapari askotan bezala dimorfismo sexuala nabaria da, emea arra baino %10 handiagoa baita[4]. Arrak lirainagoak eta finagoak dira, eta tartso argal eta luzeagoak dituzte; honek enarak, sorbeltzak, sugandilak... ehizatzeko aukera ematen die. Emeak astunagoak direnez harrapakin handiagoak dituzte: untxiak... 110-135 cm-ko hego-zabalera eta 40-55 cm-ko luzera dute[6], eta emeek 700 g inguru pisatzen dute eta arrek 1000 g inguru[7].
Mundu mailan Europa hego-mendebaldetik eta Afrika ipar-mendebaldetik hasi eta Asia erdialderaino orban ugaritan banatzen da[4]. Afrikan, Sahara hegoaldean, Asia hegoaldean, eta bereziki Indian ibernatzen du[4]. Berezitasun gisa, Lurmutur probintzian (Hegoafrika) eta Namibian ere ugaltzen da[8].
Europan banaketa disjuntua du; mendebaldean Iberiar penintsulan eta Frantzian banatzen da bereziki. Europa erdialdeko populazioak txikiak dira eta bananduta agertzen dira, eta ekialdean herri balkanikotatik aurrera agertzen da berriz[4].
EAEn uren mugalerroetako haitz-lerrotan agertzen da (Gorobel, Gorbeia, Urkiola, Elgea), eta Arabako eskualde azpikantaurikoan.
Arrano txikiaren kasuan, habia egiten duen eta defendatzen duen lekuaren eta ehizarako erabiltzen duen lekuaren artean bereizi behar da. Umatze-areari dagokionez ezin da basoko espezie tipikoa denik esan[9]. Iberiar penintsulan baso-habitat mota askotan agertzen da, baina paisaia mosaikoa izateko baldintzarekin[10]. Baso txikitan egin dezake habia, baina zuhaitz-masa handiak hautatuko ditu aukera izatekotan[11]. Iberiar penintsulako leku desberdinetan, espezie desberdineko basotan agertzen da. Zuhaitz estalduraren portzentajea, eta basoaren eta nekazaritza-zonen arteko habitat-kantitatea adierazle onak dira arrano txikiaren populazioaren dentsitatea estimatzeko[10].
Dieta, oro har, hegazti, narrasti eta ugaztunetan oinarritzen da, baina intsektuak ere ager daitezke[4]. Iberiar penintsulan aurkitzen den kokapenaren arabera, aurrekoen proportzioak aldatzen dira[12][13]. Gereziondo eta olibondo ugariko ingurutan nekazariei kalteak eragiten dizkien hainbat espezie ehizatzen ditu: zozoa, arabazozoa, enara, korbidoak... Habitat degradatuetan untxia ez den beste espezie batzuk ehizatzera espezializatu da, eta ondorioz bere populazioak beste harrapari batzuenak (zapelatza, aztorea, miru gorria...) baino konstanteago mantendu dira. Beste harrapari batzuk ere ehiza ditzake: belatz gorria, hontz zuria, gabiraia, aztorea... Dietan desberdintasuna dago bi sexuen artean, dimorfismo sexualagatik seguruenik; biek ugaztun eta hegazti handi kopuru antzekoa ehizatzen badute ere, arrek hegazti txiki, txito eta narrasti gehiago ehizatzen dute[14].
Espezie migratzaile transahariarra da[4], baina badira migratzen ez dute populazioak ere. Iberiar penintsulakoek Gibraltarko itsasartean zehar migratzen dute[4].
Lurraldekoiak dira. Behin habia-leku definitiboa hautatuta hasten dira hegaldi lurraldekoiak eta habiaren konponketak egiten. Hegaldiak arrek egin ohi dituzte, mugimendu jakin batzuekin eta kantu lurraldekoiez lagunduta[15]. Arrak hegaldiak egiten dituen bitartean emeak habia egiten du, honetan parte gutxiago hartzen du arrak. Arraren eginkizun nagusia lurraldea zaintzea eta emeari janaria eramatea da.
Bikote helduak sarri berriztatzen dira, eta hau helduen heriotza-tasa altuaren adierazle izan daiteke[3]. Espezie soziala da eta gazteetan txitoen zaintzan bikote ugaltzaileei laguntzen dieten banakoak ikusi dira[3]. Beren habian berenak ez diren kumeak sartzen badizkiete ere inolako arazorik gabe elikatzen dituzte lehen momentutik.
Migraziotik bueltan, sarri aurreko urteko habia berera itzultzen dira, baina portzentaje batek aldatu egiten du; aurreko urteko kumaldiaren arrakastaren araberako da hau, eta honetan faktore garrantzitsua da beste harrapari batzuen hurbiltasuna (aztorea, zapelatza...)[9], eta habia haranen hegaletan egiten duteneko kasutan: haranaren zein hegaletan kokatzen den habia eta baso-masa hurbilenarekiko distantzia[16].
Errute-garaia heldu ahala haraldiko hegaldiek hartzen dute protagonismoa; kumatze-lekuan hegaldi sinkronizatuak egiten dituzte, eta hegaldi hauek askotan kopularekin amaitzen dira baso barruan. Errutearen aurreko garaian kopulak maizago egiten badituzte ere, inkubazio garaian ere egiten dituzte eta baita txitoen bizitzako lehen asteetan ere[15].
Habia zuhaitzetan egiten dute normalean, eta pinuak hautatzen dituzte bereziki. Normalean bi arrautza jartzen dituzte errunaldiko, baina hirukoak ere aurkitu dira[4]. Apirilaren amaiera aldera erruten dute eta ekainaren hasiera aldera jaiotzen dira txitoak[15]. Espezie honetan senide-hiltze kasuak ematen dira janari eskasia dagoenean, kume indartsuenak jaten duelako guztia eta baita indartsuak ahula erasota ere; kume hila biziraun duenarentzako elikagaia izango da [17].
Bizitzako lehen hiru asteetan emeak bere denboraren %80-100 pasatzen du kumeen ondoan[18]. Lehenengo asteetan harrapakin txikiak ekartzen ditu arrak, horrela kumeek hezurdun zatiak irentsi ahal izan ditzaten beren eskeletoa garatzeko. Hogei egunetik aurrera kumeak hasten dira harrapakinei zatiak erauzten[19]. 30-35 egunera eskeletoa garatua dute eta 40 egunera lumajea ere bai. 45 egunera arrak eta 47ra emeak adarretan ibiltzen hasten dira eta 50-54 egunera lehen hegaldiak burutzen dituzte. Nahikoa elikatuak izan diren kumeen kasuan, gurasoek utzi egiten dituzte ibiltzen eta lehen hegaldiak egiten hasten direnean[3]; emeak umeen zaintzan galdutako energiak berreskuratzera joango dira. Bizi-itxaropena berreskuratu diren banako markatuen adinarekin estimatu da eta 14 urte ingurukoa da[20].
Ez da lehia intraespezifikorik ematen, lurralde berean bikote ugaltzaile bat baino gehiago ere aurki daitezke[21]. Zapelatza (Buteo buteo) eta aztorearekin (Accipiter gentilis) lehiatzen du habiagatik. Aztorearekin elikagaiengatik ere lehiatzen du, nitxo trofiko bera betetzen baitute[10].
Beste animalia batzuk ere erabil dezakete arrano txikiaren habia, Pipistrellus kuhli kiropteroa ikusi izan da lotarako erabiltzen[22].
Harrapariei dagokienez, kumeak aztoreak (Accipiter gentilis) eta urubiak (Strix aluco) ehiza ditzake. Helduak berriz hontz handiak (Bubo bubo) ehizatzen ditu inkubatzen ari direnean[18].
Iberiar penintsulan Craspedorrynchus pennati malofagoa behatu zaie parasitatzen[23] eta Menorcan hepatitis birikodun banako bat aurkitu da[24]. Kumeen kasuan, Tietarko haranean (Ávila) kaparrak eta malofagoak behatu zaizkie[18].
Europan, EAEn bezala "arraroa" kategoria ematen zaio, eta Espainian "interes berezikoa".
Bere mehatxu faktore nagusia habitataren suntsipena da baso ustiapenagatik, suteengatik edo eraikuntzagatik[3]. Horietatik batzuk murriztu diren arren, beste faktore garrantzitsuak dira: ehiza[25], habien espoliazioa[3], elektrokuzioak[26], errepide berrien eraikuntza[27], baso-jarduera habien inguruan[26][3] eta gizakien lardaska[3].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.