From Wikipedia, the free encyclopedia
Tyrannosaurus (antzinako grezierazko τυράννος tyrannos, «tirano» eta σαύρος' sauros, «musker» hitzak elkartuta sorturiko izena, «musker tiranoa» esan nahi duena) dinosauroen generoa izan zen. Generoko espezie bakarra Tyrannosaurus rex famatua da, Kretazeoan bizi izandako espezie haragijalea. Dinosauroen artean ikonikoena da zalantzarik gabe.
Tyrannosaurus | |
---|---|
Maastrichtiar | |
Sailkapen zientifikoa | |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Saurischia |
Familia | Tyrannosauridae |
Subfamilia | Tyrannosaurinae (en) |
Generoa | Tyrannosaurus Osborn, 1905 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Elikadura iturri nagusia | haragijalea |
Luzera | 12 m |
Altuera | 3,6 m |
Kretazeo Berantiarrean bizi izan zen Ipar Amerikan, garai hartan Laramidia izeneko uharte-kontinentea zena[1]. Inoiz izan diren haragijaleetan handiena zen. Aurkitu diren aztarnen arabera, 12 m inguru luze eta 4 m inguru garai zen, gaur egun onartzen den posturan, eta 6 eta 10 tona bitarteko pisua izango zuen. Burua, lepoa, gorputza, atzeko hankak eta isatsa oso sendoak zituen, baina aurreko hankak, berriz, laburrak eta argalak.
Tyrannosauroaren aurreneko aztarnak 1874an Arthur Lakes geologoak Golden (Colorado) aurkituriko hortz batzuk izan ziren. 1890. hamarkadan John Bell Hatcherrek garezurraren atzeko elementu batzuk aurkitu zituen Wyomingen. Hasiera batean Ornithomimus grandis espeziearen aztarnak zirela pentsatu zen baina gaur egun Tyrannosauroarenak direla ondorioztatu da[2].
1892an Edward Drinker Cope paleontologoak bi orno puxketa aurkitu zituen eta Manospondylus gigas izena eman zion ("orno porotsu erraldoia"), odol hodientzako zulo ugari aurkitu baitzituen bertan. Hasiera batean Ceratopsidae familiakoa zela uste izan bazen ere 1907an theropodo batena zela ikusi zen[3]. 1917an Manospondylus gigas hau ondoren aurkituriko Tyrannosaurus rex-en aztarnen berdina zela ondorioztatu zuen Henry Fairfield Osborn paleontologoak.
Natur Historiaren Amerikar Museoko laguntzaile eta zaintzailea zen Barnum Brown paleontologoak 1900. urtean T. rex-en hezurduraren zati handi bat aurkitu zuen Wyomingen eta 1902an bigarren hezurdura baten zatia aurkitu zuen Montanako Hell Creek Formazioan. Azken honek 34 hezur fosilizatu zituen eta Henry Fairfield Osbornek (Museoaren presidenteak) Tyrannosaurus rex izena eman zion 1905ean. "Musker tirano erregea" izena eman zion garaiko animalien artean handiena bakarrik ez beldurgarrena ere bazela irudikatzeko.
Urte haietan beste hezurdura batzuk ere aukritu ziren eta izen beldurgarriak eman zitzaizkien, Dynamosaurus imperiosus[4] edota Dynamoterror dynastes[5], baina denak Tyrannosaurus-aren hezurdurak zirela ondorioztatu zen[6].
Hurrengo haramkadetan izan ziren Mundu Gerrek paleontologoen jarduera baztertu zuten eta ez zen aurkikuntza berririk izan 1960, hamarkadara arte.
1960. hamarkadan Tyrannosausur rex-aren 42 hezurdura aurkitu ziren Ipar Amerikaren mendebaldean, batzuk hezurren %5a baino ez zuten baina bazeuden hezurren %80a zutenak ere[7]. 1990. hamarkadan bi hezurdura oso aurkitu ziren, Sue eta Stan izenak eman zitzaizkienak, hezurdurak aurkitu zituzten zientzialarien izenak hain zuzen ere, Sue Hendrickson (1990ean) eta Stan Sacrison (1992an)[7].
2005ean hautsitako hezur batetatik ehun biguna errekuperatzea lortu zen. Odol hodi flexible eta bifurkatuak aurkitu ziren eta hezurraren matrize zuntzkara eta elastikoaren ehuna aztertu ahal izan zen. Matrize honetan odol zelulak izan litezkeen mikroegiturak aurkitu ziren eta gaur egungo ostrukaren antzeko egitura zela ikusi zen[8].
Tyrannosaurus rex inoiz izan den animalia haragijale handienetakoa da. Sue (FMNH PR2081) izeneko aleak 12'3-12'8 metroko luzera du[9] eta 3'66 metrotako garaiera pelbisean. Hainbat teknika bidez saiatu dira neurtzen izango zuen pisua eta 8'4-14 tona artean izango zuela estimatu zen[10]. Azkenengo ikerketek 9'5[11], 8'4[12] eta 7'4 tona[13] pisatuko zituela adierazi dute. Ez da alerik handiena, Scotty (RSM P2523.8) izeneko T.rex batek 13 metro neurtzen zituen.
Aurkitu den garezur handienak 1'52 metrotako luzera du[14] eta 460 kilogramotako pisua[1]. Fenestra (zulo) handiak ditu garezurrari pisua kentzeaz gain muskuluak txertatzeko erabiltzen zituenak. Ohikoak dira teropodo haragijaleetan. Gainerako teropodoekin alderatuta buruaren atzealdea muturra baino askoz zabalagoa da eta horregatik ikusmen binokular bikaina zeukala ikusi da[15]. Hezurrak trinkoak ziren baina toki batzutan erlauntza itxura dute, hezurrak arintzeaz gain mugimendua lortzeko egokiak direnak. T. rex-en barailezurrak U itxura du (gainerako teropodoek V itxurakoa dute) eta horzkada indartsuagoa zuela ondorioztatu da[16].
Hortzeriaren ezaugarri nagusia heterodontzia da, hau da, itxura desberdineko hortzak ditu bakoitzak duen funtzioaren arabera moldatuak[17]. Ebakortzak elkarrengandik gertu zeuden, D itxuran kokaturik zeuden, oso zorrotzak ziren eta atzerantz kurbaturik zeuden. Gailurra indartua zuten gainera. Gainerako hortzek "platano zorrotzen" itxura zuten eta elkarrengandik sakabanatuago zeuden[18]. Aurkitu den T.rex hortz handienak 30'5 cm neurtzen zituen, sutrai eta guzti[19].
Tyrannosaurus rex-aren bizkarrezurrak lepoko 10 orno, bizkarreko 13 orno eta sakroko 5 orno zituen. Buztaneko ornoen kopurua ez da zehaztu baina 40 orno inguru izan zitezkeela proposatu da[17].
Lepoak S itxura zuen[20] eta gainerako dinosauroekin alderatuta motza baina oso gihartsua zen, buru handiaren pisuari eutsi ahal izateko. Bigarren ornoa da bereziki txikia. Orno hauek aire poltsak zituzten alboetan.
Bizkarraldean orno sendoak zituen baina gerrialdean estutu egiten zen. Sakro aldeko ornoak bat eginda zeuden eta pelbisari lotuta zeuden. Buztana pisutsua zen eta nahiko luzea, gorputzaren aurrealdea orekatzeko.
Aurreko besoak oso motzak ziren. Bi erpe soilik zituzten[20] baina hirugarren baten aztarna ere aurkitzen da[21]. Baraila indartsuek harrapakina erasotzen zuten bitartean animaliari gogor eusteko balio zioten. Kopula garaian lagungarriak izango zirela ere pentsatzen da[1]. Argalak eta sinpleak diruditen arren humeroari loturiko bizepsak ia 200 kilogramoko pisua altxa zezaketela ikusi da.
Pelbis handiari loturik atzeko hanka indartsuak zituen. Hainbat hezurrek hutsuneak zituzten, animaliari pisua kentzeko baina indarrik galdu gabe. Oinean hirugarren metatarsoa gainerakoak baino luzeagoa eta kurbatuagoa zen[17].
Ale berriak aurkitu ahala zientzilariek bi motatako tiranosauroak identifikatu zituzten, batzuei robust (mardula) esan zitzaien eta besteei gracile (arina). Dimorfismo sexualaren ondorio zirela jo izan zen. Robust taldekoak emeak zirela esan zen, arrautzak pasa ahal izateko pelbis zabalagoa eta buztaneko aurreneko orno txikiagoa baitzuten[22], krokodilo emeetan identifikatu zen bezala[23]. 2005eko ikerketa batek ordea kerokodiloen ornoaren tamaina eztabaidan jarri zen eta bide batez tiranosauroen dimorfismo sexuala ere bai. T-rex ale bakarrean aurkitu da ehun biguna eta hori da sexualki sailkatu ahal izan den bakarra. Kaltzio kopuru handia zuen ehunak, arrautza sortzeko beharrezkoa, eta horregatik emea zela ondorioztatu da[24].
Ohioko Unibertsitateko Lawrence Witmer eta Ryan Ridgely ikerlariek begien eta buruaren mugimenduen koordinazio bikaina zutela frogatu dute. Frekuentzia baxuko soinuak entzuteko gai zirenez distantzia luzera egon arren gai ziren harrapakina lokalizatu eta harrapatzeko[25].
55º-tako ikusmen esparrua zuten, esate baterako gaur egungo belatzek baino handiagoa, eta gizakiek baino 13 aldiz ikusmen zehaztasun handiagoa. Honi esker 6 kilometrotako distantziara iristen zen Tyrannosauroen ikusmen muga[15].
Garezurretan usaimen bulbo eta nerbioentzako espazio handiak ikusten dira eta honek usaimen bikaina zutela iradokitzen du. gaur egungo sai arreen usaimenarekin alderatu izan da[25]. Thomas Carr eta bere taldeak 2017an Tyrannosuroen muturraren sentikortasun handia azaldu zuten eta beren habiaren tenperatura neurtzeko erabiliko zuten, gaur egungo krokodiloek egiten duten antzera[26].
Belarrietako koklea ere oso luzea zuten eta horregatik frekuentzia oso baxuko soinuak entzuteko gaitasuna zuten.
Garunari dagokionez, hegazti ez diren dinosauroen artean handienetakoa zutela ikusi zuten Grant R. Hurlburt, Ryan C. Ridgely eta Lawrence Witmerrek.
Ez dago argi tiranosauroak ektotermikoak (odol hotzekoak) edo endotermikoak (odol berokoak) ziren. Azken urteetan ikusi da T. rex gazteen hazkuntzak ugaztunen hazkuntzarekin antzekotasun handiak badituela[27].
Bestalde, gaur egun (2019an) oraindik zehaztu ezin bada ere T.rex-ak lumak izango zituen hipotesia ere zabaldu da, izan ere haren gertuko ahaideek lumak zituztela ikusi baita[28]. Gorputzeko atal batzutan soilik agertuko zirela uste da, dena den, tiranosaurido erraldoiak klima berotan bizi zirela ikusita eboluzioan zehar galduko zituztela pentsatzen da[29].
Hainbat adinetako aleak aurkitu direnez Tyrannosaurus-aren hazkuntza erritmoa zehaztu ahal izan dute zientzilariek. 15 eta 20 urte arteko adinean hazkuntza ikaragarria izaten zuten eta helduarora iritsi ondoren sei urte inguruko bizi esperantza izaten zuten. Haurretan hilkortasun tasa handia zuten eta horregatik kumeen zainketak garrantzi handia zuen, 14 urterekin independizatzen ziren arte. Tiranosauro gazte gutxiren fosilak aurkitu dira, eta hortik on dorioztatzen da gazteen hilkortasun tasa nahiko baxua zela[1].
Historian zehar Tyrannosauroa-ren postura tripodea izan da, hau da, gorputzak 45º-tako inklinazioa eta hanka biak eta buztana lurrean finkatuta. Joseph Leidyk 1865ean Hadrosaurus-ari emandako posturaren antzera[30]. 1915ean Henry Fairfield Osbornek tente marraztu zuen eta 1992 arte horrela irudikatu zen. 1990. hamarkadan Jurassic Park filmeak ibilera zuzenagoa erabili zuen eta ordutik ez da askorik aldatu, gorputza lurrarekiko paralelo eta buztana luzatuta buruaren pisua orekatzeko[31].
Tyrannosauroak hanka luzeak zituen baina zientzialariak ez dira ados jartzen har zezakeen abiadura zehazteko. Proposatu diren hipotesiek 5 km/h eta 19 km/h artean finkatzen dute abiadura maximoa. Ez da korrikan ari zeneko lorratzik aurkitu baina 4 metro inguruko pauso luzeak egiten zituela pentsatzen da.
Ostrukaren mugimenduarekin konparatu izan da, baina hainbat ikerlariren arabera sei tonako animalia bat 19 km/h-kotara zihoala estropuz egin eta eroriko balitz harturiko kolpeak animalia hilgo zuela ondorioztatu dute. Gaur egun afrikar elefanteen antzeko ibilerarekin konparatzen da.
Edozein kasutan ere harrapatzen zituen ceratopsido eta hadrosauridoak baino azkarragoa izan beharko zuela argi dago[32].
Tyrannosaurus-aren horzkada inoiz izan den lehorreko animalien artean indartsuena da. 3'6 eta 5'4 tona arteko indarra egiteko gai dira.
Mugitzeko era oraindu zehaztu ez izanak harraparia edo sarraskijalea den eztabaida piztu izan du historikoki[33]. Jack Horner paleontologoak sarraskijalea izan zenaren hainbat argudio eman zituen[34]:
Kontrako argudioak ere plazaratu izan dira. Karen Chin eta bere taldeak hezur zatiak aurkitu dituzte tiranosauroen koprolitoetan, baina hortzak hezurrak murtxikatzeko zailtasunak zituztela frogatu dute[37]. Bestetik tiranosaurioa nahikoa azkarra bazela erakusten duten ikerketak azaldu dira[38]. Azkenik ikusmen binokular bikaina zuen eta sarraskijalea balitz eboluzioak ez zukeen ezaugarri hori garatu araziko[39]. Argudio hauek aintzat hartuta harraparia zela pentsatzen da gaur egun. Horrek ez du esan nahi hil berria den animalia bat jango ez zuenik edo beste batek ehizatutakoa lapurtuko ez zuenik.
2010. urtean kanibalismo zantzuak aurkeztu ziren[40]. Hainbat tiranosauro ale aurkitu dira beste tiranosauro batek eragindako horzkadak hezurretan dituztela. Humeroan eta hanketako hezurretan agertu dira marka horiek eta sarraskijale oportunista jokaeraren froga gisa aurkeztu dira, ez baita sinesgarria tiranosauroen arteko borrokan etsaiaren hanketaraino makurtuko zirenik oreka galdu gabe. Ziurrenik lurrean erdi janda zegoen tiranosauro baten azken haragi zatiak hartuko zituen bere espeziekideak[40].
William Ablerrek proposatu du T. rex-aren listua pozointsua zela. Harrapakinei zauria egin ondoren listuko bakterioek usteltze prozesua abiatuko zutela dio, gaur egungo Komodoko dragoien antzera[41].
Tyrannosaurus dinosauroen arteko Theropoda subordeneko eta Coelurosauria kladoan kokaturik dago eta Tyrannosauroidea superfamiliako genero tipoa da. Tyrannosaurinae azpifamilian T.rex-ez gain Daspletosaurus (Ipar Amerika) eta Tarbosaurus (Mongolia) ere badaude[42].
1955. urtean Evgeny Maleev paleontologo sobietarrak Tyrannosaurus bataar espeziea aurkitu zuen Mongolian[43], Tyrannosaurus generoko bigarren espezie bat balitz bezala, baina bien artean dauden desberdintasunak haintzat hartuta 1965ean zuzendu eta Tarbosaurus bataar izena eman zitzaion[44].
Hurrengo urteetan Tyrannosauridoen familiako hezurdura berriak aurkitu ziren eta 2013an honako sailkapen filogenetikoa aurkeztu zuen Loewen et al. taldeak[45]:
Tyrannosauridae |
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Kretazeo Berantiarraren amaierako Maastrichtiar garaian bizi izan zen, duela 68-66 milioi urte, Ipar Amerikako mendebaldea hartzen zuen Laramidia kontinentean[46]. Eremu azpitropikala zen eta klima epel eta hezea zuen. Florari dagokionez angiospermak ziren nagusi eta tarteka metasekuoiak eta araukariak ere ikusten ziren.
Triceratops-a zen inguruhartako dinosauro belarjale handiena, beste batzuk Leptoceratopsa, Torosaurusa, Edmontosaurusa, Thescelosaurusa, Ankylosaurusa, Denversaurusa, Pachycephalosaurusa eta Sphaerotholusa ziren. Tyrannosaurus-a ez zen terapodo bakarra, baziren Ornithomimusa, truthiomimusa, Acheroraptora, Dakotaraptora, Pectinodona eta Anzua ere[47].
Hipotesi baten arabera Tyrannosaurus-ek jatorri asiarra izan zezaketen, iparralderantz jo eta gaur egungo Ipar Amerikara iritsi arte[48].
Gaur egungo kulturan dinosauro ezagunena bihurtu da Tyranosaurus-a.
1905eko abenduaren 30ean The New York Times egunkariak horrela deskribatu zuen T. rex: "inoiz izan den animalia borrokalari ikaragarriena", "errege guztien errege animalien erreinuan", "Lurreko Gerra-Jaun nagusia" eta "oihaneko gizonjalea"[49]. 1906an "antzinateko boxealaria" izendatu zuten[50].
1942an Charles R. Knight artista amerikarrak Natur Historiako Field Museoan hormirudi famatu bat margotu zuen Tyrannosaurus eta Triceratops bana borrokan ikusten direna[51].
Zinemari dagokionez Tyrannosaurusaren aurreneko agerpena 1918koa da, The Ghost of Slumber Mountain filmean agertzen da Triceratops-aren aurka borrokan[52]. 1925ean Arthur Conan Doyle-ren Mundu galdua eleberriaren adaptazioan agertu zen berriz. 1933an King Kong filmean agertu zen King Kong berarekin borrokan[53]. 1993an Jurassic Park filmeko protagonista izan zen, bai eta saileko hurrengo hainbat filmetan ere[54]. 2005eko King Kongen filmean ere berriz agertu zen[55].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.