From Wikipedia, the free encyclopedia
Thomas Cranmer (Aslockton, Nottinghamshire, 1489ko uztailaren 2a - Oxford, 1556ko martxoaren 21) ingeles elizgizona eta Canterburyko lehen artzapezpiku anglikanoa izan zen. Ingalaterrako Elizaren banaketa aldarrikatu zuen, eta Henrike VIII.aren eta Katalina Aragoikoaren eta Ana Bolenaren arteko ezkontzak hautsi zituen. Erreakzio katolikoaren garaian, Maria Tudorrek kargutik kendu, hereje zela salatu eta urkarazi egin zuen.
Thomas Cranmer | |||
---|---|---|---|
1533ko martxoaren 30a (egutegi gregorianoa) - 1555eko abenduaren 4a ← William Warham (en) - Reginald Pole → Elizbarrutia: Archdiocese of Canterbury (en) | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Nottingham, 1489ko uztailaren 2a | ||
Herrialdea | Erresuma Batua | ||
Heriotza | Oxford, 1556ko martxoaren 21a (66 urte) | ||
Heriotza modua | : sutan errea | ||
Familia | |||
Aita | Thomas Cranmer | ||
Ama | Agnes Hatfield | ||
Ezkontidea(k) | Margaret Cranmer (en) | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Jesus College (en) Magdalene College (en) Cambridgeko Unibertsitatea | ||
Hezkuntza-maila | Doctor of Divinity (en) | ||
Hizkuntzak | ingelesa | ||
Ikaslea(k) | |||
Jarduerak | |||
Jarduerak | apaiz anglikanoa, teologoa, canon law jurist (en) eta apezpiku katolikoa | ||
Lantokia(k) | Canterbury | ||
Enplegatzailea(k) | Cambridgeko Unibertsitatea | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | anglikanismoa Erromatar Eliza Katolikoa | ||
Cranmer 1489an jaio zen, Aslocktonen, Ingalaterran. Thomas Cranmer eta bere emazte Agnes Hatfielden seme gazteena zen. Familia ez zen oso aberatsa, baina noble jatorria zeukan. Seme zaharrenak familiako jabetzak jaso zituen bitartean, beste bi anaiak eliz ikasketetara bidali zituzten.[1][2][3][4]
Historialariek ez dakite askorik Cranmerren ikasketa urteei buruz. Ziurrenik gramatika eskolara joan zen bere herrian. 14 urterekin, aita hil eta bi urtera, sortu berria zen Jesus Collegera bidali zuten, Cambridgera. Zortzi urte behar izan zituen arteetako lizentziatura lortzeko. Logika, literatura klasikoa eta filosofia ikasi zituen. Garai hartan hasi zen erdi aroko liburu eskolastikoen bilduma egiten, eta bizitza osoan gorde zituen. Masterra egiteko Jacques Lefèvre d'Étaples eta Erasmo aztertu zituen. Hiru urtetan amaitu zuen. 1515ean, Jesus Collegeko kide hautatu zuten.[1][5][6]
Urte haietan, Joan izeneko emakume batekin ezkondu zen. Nahiz eta oraindik ez zen apaiz, bekari uko egitera derrigortu zuten, eta Jesus Collegean zuen erresidentzia galdu zuen. Bera eta bere emaztea mantentzeko, irakurle lan bat onartu zuen Buckingham Hallean (gero Magdalene College bezala erreformatu zutena). Joan lehen erditzean hil zen, eta errespetu seinale gisa Jesus Collegek berriro eman zion beka. Teologia ikasten hasi zen eta 1520an apaiz bihurtu zen. Ordurako unibertsitateak predikadore izendatua zuen. 1526an Dibinitate Doktore titulua jaso zuen.[1][4]
Ez dakigu askorik Cranmerrek Cambridgen eman zituen hiru hamarkadei buruz. Tradizionalki, humanista gisa aurkeztu izan dute. Berak idatzitako oharrek erakutsi dute ez zuela gustuko Lutero eta. aldiz, Erasmo miresten zuela. Wolsey kardinalak, erregearen Lord Kantzillerrak, Cambridgeko hainbat jakintsu aukeratu zituenean Europan diplomatikoak izateko, Cranmer enbaxadore izendatu zuten Germaniako Erromatar Inperio Santuan.[7][4]
Henrike VII.ak, bere seme Arturo hil zenean, honen emazte Katalina Aragoikoa bere beste semearekin ezkondu zuen, Henrike VIII.arekin. Ezkontzak zalantzak sortu zituen, Bibliak debekatu egiten baitu anaia baten emaztearekin ezkontzea (Lebitarren liburua 18 eta 20). Ezkontza 1509an izan zen, eta hainbat aborturen ondoren, Maria alaba jaio zen 1516an. 1520ko hamarkadan, Henrikek oraindik ez zeukan oinordeko izendatzeko semerik. Jainkoaren zigor gisa ulertu zuen hau, eta Vatikanoari eskatu zion ezkontza bertan behera uzteko. Wolsey kardenalari eman zion banaketa honen ardura. 1527tik Cranmerrek ere lagundu zuen anulazioa aurrera eramaten.[4]
1529an Cranmerrek proposatu zuen ezkontzaren anulazioaren kasua Erroman legalki borrokatu beharrean, Europako unibertsitateetako teologoen artean iritziak eskatzea. Henrikek ontzat hartu zuen, eta Edwar Foxek koordinatutako talde batek (tartean Cranmer zegoen) iritziak bildu zituen Europan zehar.[1][4]
Cranmerrek ezagutu zuen lehen erreformatzaile europarra Simon Grynaeus izan zen, Basilean bizi zen humanista bat, Zwingli eta Oecolampadiusen jarraitzailea. 1531an Grynaeusek bisita egin zuen Ingalaterrara, erregearen eta Europako erreformatzaileen artean bitartekotza lanak egiteko. Cranmerren lagun egin zen, eta Basileara itzuli zenean honi buruz idatzi zion Estrasburgoko Martin Bucer erreformatzaileari. Honela, Cranmerrek Estrasburgoko eta Suitzako erreformatzaileek harremanak egin ahal izan zituen.[4]
1532ko urtarrilean Cranmer Germaniako Erromatar Inperio Sakratuko gorteko enbaxadore izendatu zuten, eta Karlos V.aren atzetik ibili behar izan zen, honek bere erresuman egin zuen bidaian. Horrela, Nurembergetik pasatu zen eta Erreformaren eraginak ikusi zituen lehen aldiz. Han ezagutu zuen erreformen bultzatzaile nagusia, Andreas Osiander, eta lagunak egin ziren. Uztailean, Cranmer ezkondu egin zen Osianderren emaztearen iloba batekin, Margaretekin. Ikerlarien arabera, garai honetan Cranmer luteranismoaren printzipio batzuekin identifikatzen hasi zen. Dena dela, politikoki ez zuen arrakastarik eduki, ez baitzuen lortu Karlos enperadoreak (Katalinaren iloba zenak) Henrikeren eta bere izebaren arteko ezkontzaren anulazioa onartzea.[1][4][8]
Cranmer Italian zehar zebilen bitartean Karlos V.aren atzetik, erregearen gutun bat jaso zuen 1532ko urriaren 1ean. Haren bidez jakinarazi zitzaion Canterburyko artzapezpiku izendatu zutela, aurrekoa hil egin zelako. Ingalaterrara itzultzeko agindu zioten. Izendapena Ana Boleynen familiak lortu zuen, Henrike VIII.a haren atzetik baitzebilen, ezkontzeko. Cranmerren izendapenak harridura sortu zuen Londresen, izan ere aurretiaz kargu txikiak bete zituen bakarrik. Cranmerrek azaroaren 19an utzi zuen Mantua eta urtarrilaren hasieran heldu zen Ingalaterrara. Artzapezpiku izendapena egiteko Aita Santuaren bulda guztiak Henrikek ordaindu zituen. Buldak erraz lortu zituzten, Aita Santuak agindu baitzuen ingelesak pozik edukitzeko, horrela hausturarik ez egoteko. Buldak 1533ko martxoaren 26an heldu ziren eta Cranmer martxoaren 30ean izendatu zuten artzapezpiku. Bitartean, Cranmerrek Henrikeren ezkontza bertan behera uzteko lanean jarraitzen zuen. Gainera, Ana Boleynek haurdun zegoela esan zuen, egoera larriagotuz. Henrike eta Ana ezkutuan ezkondu ziren 1533ko urtarrilaren 24 edo 25an, testigu gutxi batzuen aurrean. Cranmerrek 14 egun beranduago izan zuen ezkontzaren berri.[1][9][10][4]
Hurrengo hilabeteetan, Henrike erregea eta Cranmer artzapezpikua elkarrekin lanean ibili ziren, aurreko ezkontza nola epaitu erabakitzeko. Maiatzaren 10ean Cranmerrek gortearen jarduna ireki zuen, eta Henrike eta Katalina Aragoikoa gonbidatu zituen. Erregea Gardinerrek ordezkatu zuen, eta Katalinak ez zuen ordezkaririk bidali. Maiatzaren 23an Cranmerrek sententzia eman zuen, eta Henrikeren eta Katalinaren ezkontza Jainkoaren legearen kontrakoa zela esan zuen. Henrikeri esan zion Katalinarengandik urruti egon behar zela, bestela eskumikatu egingo zuelako. Horrek askatasuna eman zion Henrikeri berriro ezkontzeko, eta maiatzaren 28an Cranmerrek ontzat jo zuen Henrike eta Anaren ezkontza. Ekainaren 1an Cranmerrek Ana koroatu egin zuen erregina gisa. Klemente VII.a Aita Santua sutan jarri zen erronka honen ondorioz, baina ez zuen neurririk hartu, Europako beste errege batzuek presioa egin baitzioten, erabateko haustura ekiditeko. Uztailaren 9an Henrike eta haren aholkulariak (baita Cranmer ere) eskumikatu egin zituen behin behinean Aita Santuak. Irailera arteko epea eman zion Anari uko egiteko. Baina Henrikek bere emazte gisa mantendu zuen Ana, eta irailaren 7an Anak alaba bat erditu zuen, Isabel. Cranmerrek segituak bataiatu zuen, eta haren aita besoetakoa izan zen.[1][4]
Cranmerren bilakaera teologikoari dagokionez, pentsatzekoa da humanista izaten jarraitzen zuela. Aurreko artzapezpikuak Erasmori emandako pentsioa berritu egin zuen. 1533an erronka gogor bat pasatu zuen, erreformatzaile bat zigortu baitzuen, eta sutan hiltzen ikusi zuen. Erreformatzaile hura John Frith zen, eta eukaristiari buruz zituen iritziengatik zigortu zuten. Cranmer ahalegindu zen hura konbentzitzen iritziz alda zezan, baina ez zuen lortu. Cranmerrek Frithen erradikalismoari uko egin bazion ere, 1534an adierazi zuen Erromarekin loturak apurtu zituela, eta bide teologiko berri bat hartu zuela. Erreforma bultzatu zuen, eta bere eliz-probintziako guardia aldatu zuen, pentsamendu berria jarraitzen zuten gizonak ipiniz. Eztabaida erlijiosoetan parte hartu zuen eta erreformatzaileak babestu zituen, Erromarekin lotura mantendu nahi zuten kontserbadoreen nahigaberako.[1][7][11]
Cranmer ez zuten onartu bere probintziako artzapezpikuek. Bisita kanoniko bat egiten ahalegindu zenean, artzapezpiku kontserbadoreak zeuden lekuak ekidin behar izan zituen, bere autoritatea zalantzan jar ez zezaten. 1535ean Cranmerrek arazoak eduki zituen hainbat artzapezpikurekin, hauek Cranmerren boterea eta tituliua zalantzan ipini baitzuten. Horregatik, Thomas Cromwellek, erregearen ministro nagusiak, erregeorde kargua hartu behar izan zuen, elizako gaietarako arduradun bihurtzeko. Instituzio berriak sortu zituen erregearen boterea argi uzteko. Beraz, Cromwellen boterea (eta erregearena) artzapezpikuaren boterearen gainetik ipini zuen. Badirudi Cranmerri ez zitzaiola gaizki iruditu botere galtze hau. Izan ere, jakintsu aparta bazen ere, ez zeukan abilezia politiko nahikorik bere aurkariei aurre egiteko. Lan horiek Cromwellen eskuetan geratu ziren.[4][1][8][12]
1536an Ana Boleynek ume bat galdu zuen, eta Henrike VIII.a berriro hasi zen debeku biblikoei buruz gogoeta egiten. Abortoaren ondoren, erregea Joana Seymourrekin interesatzen hasi zen. Apirilaren 24an Cromwelli eskatu zion dibortzioa prestatzen hasteko. Hasieran, Cranmerrek ez zuen eduki honen berri. Ana Boleyn Londreseko Dorrera bidali zuten maiatzaren 2an, eta Cromwellek Cranmer konbokatu zuen urgentziaz. Hurrengo egunean Cranmerrek gutuna idatzi zion erregeari, Anaren erruduntasuna zalantzan ipiniz, eta honi zion estimua azalduz. Dena dela, Cranmerrek onartu behar izan zuen erregeak bertan behera utziko zuela ezkontza. Maiatzaren 16an Ana bisitatu zuen, haren konfesioa entzun zuen eta hurrengo egunean ezkontza bertan behera utzi zuen. Bi egun beranduago, Ana ejekutatu egin zuten. Cranmer izan zen publikoki haren heriotza deitoratu zuen bakarrenetarikoa.[4][1][13]
Erregeordetza erreformak egiten hasi zen, beti ere erregearen kontrolpean. Oreka bat bilatu zuten kontserbadore eta erreformisten artean, eta hori Hamar Artikuluetan islatu zen. Hau izan zen Henrikeren elizaren sinismenak zehazteko lehen ahalegina. Lehen bost artikuluetan erreformatzaileen eragina nabarmentzen zen. Izan ere, zazpi sakramentuetatik hiru onartzen ziren bakarrik: bataioa, eukaristia eta penitentzia. Azken bost artikuluetan irudiei, santuei, errituei, zeremoniei eta purgatorioari buruz hitz egiten zuten, eta tradizionalisten iritziak nagusitzen ziren. Uztailaren 11an Cranmerrek, Cromwellek eta kleroaren asanblada orokorrak Hamar Artikuluak sinatu zituzten.[4][1]
1536. urte amaieran Ingalaterra iparraldean altxamendu batzuk egon ziren, Graziaren Erromesaldi gisa ezagutuak. Henrikeren politiken kontrako mugimendurik garrantzitsuena izan ziren. Manifestatzaileen amorruaren jomuga Cromwell eta Cranmer izan ziren, batez ere. Cromwel eta erregeak gogor lan egin zuten altxamendua gelditzea. Bitartean, Cranmer ez zen asko sartu gatazkan. Henrikeren erregimena salbu zegoela ziurtatu zutenean, gobernuak Hamar Artikuluak erreformatu zituen. Hilabete luzez eztabaidatzen egon eta gero, Gizon kristauaren instituzioa liburua argitaratu zuten, Artzapezpikuen liburu gisa ere ezaguna.[1][4]
Bitartean, Joana Seymourrek mutiko bat erditu zuen, Henrikek nahi zuen oinordeko gizonezkoa. Handik gutxira hil zen Joana, eta azaroaren 12an ospatu zuten hileta. Hilabete horretan bertan, erregea Artzapezpikuen liburua irakurtzen hasi zen. Bere zuzenketak hainbat pertsonari bidali zizkion, tartean Cranmerri. Honene rantzunak besteenak baino zuzenagoak eta luzeagoak izan ziren, eta ez zuen eztabaida ekidin. Honek fedea defendatu zuen salbaziorako bide bakar bezala, eta baita predestinazioa ere. Bere hitzek ez zuten erregea konbentzitu. Fede deklarazio berririk ez zegon egon 1543ra arte, orduan argitaratu baitzen Erregearen liburua.[1][4]
1538an erregeak eta Cromwellek luteranistekin adostu zuten konbertsazioak mantentzea aliantza politiko eta erlijioso bat sortzeko. Henrike VIII.a enbaxada baten bila zebilen Schmalkaldengo Ligan 1537tik. Luteranistak pozik zeuden asmo horrekin, eta Alemaniako hainbat hiritako ordezkariak bidali zituzten, tartean Luteroren lagun bat, Friedrich Myconius. Ordezkariak 1538ko maiatzaren 27an heldu ziren Ingalaterrara. Eztabaidek luze jo zuten, Cranmer buru zutela. Alemaniarrak nekatu egin ziren, nahiz eta Cranmerrek adostasuna nahi zuen. Izan ere, erregeak izendatutako ordezkari kontserbadore batek, Cuthbert Tunstallek, eztabaidak neutralizatu nahi baitzituen. Abuztuaren 5ean alemaniarrek gutun bat bidali zioten erregeari eurentzat garrantzitsuak ziren hainbat punturekin: kleroaren zelibatoa, laikoei kaliza ukatzea eta hildakoentzat meza pribatuak mantentzea. Tunstallek erregearen erabakian eragin zuen, eta honek alemaniarren kezka asko ukatu zituen. Cranmer ahalegindu zen alemaniarrak konbentzitzen eztabaidan jarrai zezaten, baina hauek ospa egin zuten urriaren 1ean, lorpen eta aurrerapen askorik gabe.[1][4]
Philipp Melanchthon erreformatzaileak bazekien Henrikek estimua ziola. 1539an Melanchthonek hainbat gutun idatzi zizkion haren ikuspegi erlijiosoak kritikatzeko, batez ere apaizen zelibatoari buruzkoak. Apirilaren amaieran printze luteranoen ordezkari batzuk heldu ziren Ingalaterrara, Melanchthonen eztabaidekin jarraitzeko. Cromwellek gutun bat idatzi zion erregeari, luteranoen ordezkariak babestuz. Baina erregea iritziz aldatzen hasia zegoen, eta luteranoengana hurbildu ordez, herrialdeko kontserbadoreak erakarri nahian zebilen. 1539an parlamentua batu zen, hiru urtean lehen aldiz. Cranmer bertan zegoen, baina Cromwell ezin izan zen joan, osasun arrazoiak zirela eta. Maiatzaren 5ean Lorden Ganberak komisio bat sortu zuen dotrina aztertu eta ezartzeko. Beti bezala, erreformatzaileen eta kontserbadoreen oreka bat bilatzen zuten. Maiatzaren 16an, Lordak ados jartzen ez zirela ikusirik, Norfolk dukeak proposatu zuen dotrinako sei kontu aztertzea. Hauek izan ziren gero Sei Artikuluak osatu zituztenak. Hainbat arauren ikuspegi kontserbadorea onartu zuten, besteak beste erregearen presentziarena, elizgizonen zelibatoarena eta apaizekin konfesatu beharrarena. Sei Artikuluen legea parlamentuan onartzekotan zela, Cranmerrek bere emaztea eta umeak Ingalaterratik kanpora bidali zituen, babesteko. Legea ekainean onartu zuten.[1][4]
Dena dela, erreformatzaileen sortea laster aldatu zen. Irailean Henrike ez zegoen pozik Legearekin. Hala, Cranmerri eskatu zion Biblia Handiaren hitzaurre berri bat idaztek, Cromwellen zuzendaritzapean. Biblia hau ingelesez argitaratua zuten lehen aldiz 1539. Hitzaurreak sermoi itxura zuen. Era berean, Cromwell pozik zegoen, izan ere erregeak ontzat jo zuen Ana Cleveskoarekin ezkontzeko haren plana. Cromwellek uste zuen ezkonta horrek Schmalkaldengo Ligarekin harremanak berriro ezartzen lagunduko zuela. Henrikek Ana ezagutu zuenean, 1540ko urtarrilaren 1ean, atsekabetu egin zen. Hala ere, harekin ezkondu zen gogo txarrez. Ezkontza desastre hutsa izan zen, eta Henrikek dibortzioa eskatzea erabaki zuen. Honek egoera txarrean ipini zuen Cromwell, eta haren etsaiek egoera aprobetxatu zuten, baita Norfolk dukeak ere. Ekainaren 10ean atxilotu egin zuten, eta bere lagun guztien babesa galdu zuen, baita Cranmerrena ere. Dena dela, honek gutun bat idatzi zion erregeari, Cromwellek iraganean egindako lana defendatuz. Ana Cléveris eta Henrikeren ezkontza laster utzi zuten bertan behera, uztailaren 9an, Cranmer eta Gardinerrek zuzendu zuten sinodo batean.[1][4]
Cromwell exakutatu egin zuten uztailaren 28an. Orain, Cranmer posizio politiko garrantzitsuan zegoen. Henrikeren agintaldiko hurrengo urteetan, haren autoritatearekin bat egin zuen. Erregeak ere erabateko konfiantza zuen harengan, eta Cranmerrek ezin zion ezer ezkutatu. 1541eko ekainean Hernike Ingalaterrako iparraldea bisitatzera joan zen haren emazte berriarekin, Katalina Howardekin. Cranmer Londresen geratu zen, erregearen kontuetaz arduratu behar zen kontseilu baten buru. Hau izan zen Cranmerrek elizatik kanpora bete zuen lehen kargu garrantzitsua. Bere kideak Thomas Audley lord kantzillerra eta Edward Seymour Hertfordeko kondea ziren. Urrian, erregea eta erregina kanpoan zirela, John Lascelles izeneko erreformatzaile batek Cranmerri esan zion Katalinak ezkontzaz kanpoko harremanak zituela. Cranmerrek Audley eta Seymourri esan zien, eta erregea itzuli arte zain egotea erabaki zuten. Audley eta Seymour erregeari kontatzearen aldekoak ziren, hau ez haserretzeko. Hala, Cranmerrek mezu bat bidali zion erregeari Santu Guztien Eguneko mezan. Ikerketa batek argitu zuen kontua, eta ezkontzaz kanpoko harremanak benetakoak zirela jakin zuen. Katalina exekutatu egin zuten 1542ko otsailean.[1][4][14]
1543an Kenteko apaiz kontserbadore batzuk salaketa egin zuten bi erreformistaren kontra, Richard Turner eta John Blanden kontra, hain zuzen ere. Azken momentuan Germain Gardinerrek beste salaketa batzuk gehitu zituen. Denuntzia berri hauek Cranmerri egiten zioten eraso, eta hark 1541etik egindako gaiztakeriak aipatzen zituzten. Artikuluak Londresko Kontseiluari eman zitzaizkion. Azkenean, absolbitu egin zuten Cranmer.[4]
Dena dela, prozesu hau burutzen zen bitartean, erreformisten kontrako beste hainbat eraso egon ziren. Apirilaren 20an Artzapezpikuaren Liburua berrikusteko bilkura egin zen. Cranmer azpibatzordeen buru izan bazen ere, kontserbadoreek erreformisten hainbat ideia bertan behera uztea lortu zuten, tartean salbazioa fedearekin bakarrik lortzearena. Maiatzaren 5ean liburuaren berrikuspena argitaratu zen, aurrekoa baino kontserbadoreagoa zena dotrina aldetik. Maiatzaren 10ean erreformistek beste kolpe bat jaso zuten. Parlamentuak Benetako Erlijioa Bultzatzeko Legea onartu zuen. Honek abolitu egin zituen "liburu okerrak", eta nobleziari debekatu egin zion Biblia ingelesez irakurtzea. Erreformistak euren sinismenak zuzentzera behartu zituzten, eta hala egin ez zutenak atxilotu egin zituzten.[4]
1543ra arte erregeak ez zizkion erakutsi Cranmerri bere kontrako akusazioak. Ikerketa bat abiatu zen, eta Cranmer buru ipini zuten. Atxiloketak egin zituzten, informazioa jaso zuten, eta konspirazioaren buruzagiak identifikatu zituzten. Cranmerrek umiliatu egiten zituen konspirazioan sartuta zeuden apaizak, baina gero barkatu egiten zien, eta haien zerbitzuak erabiltzen jarraitzen zuen. Cranmerrengan zuen konfiantzaren adierazle, erregeak bere eraztuna eman zion. Kontseilu Pribatuak Cranmer atxilotu zuenean, nobleek oztopoak eduki zituzten, Cranmerrek erregearen konfiantzaren sinboloa zeramalako berekin. Cranmerren irabazi zuen gatazka hau, eta bi buruzagi atxilo sartu zituzten eta Germain Gardiner exekutatu egin zuten.[1][4]
Giroa bere alde zuenez, Cranmer Eliza erreformatzeko ahaleginak egiten hasi zen, batez ere liturgian. 1544ko maiatzaren 27an ofizialki onartutako ingelesezko lehen zerbitzua argitaratu zen. Jatorrizko idatziko otoitzetan santuen inbokazioak aipatzen badira ere, Cronmerrek moldatu egin zuen zati hau. Erreformatzaile gehiago ere aukeratu ziren Komunen Ganberarako, eta lege berriak onartu ziren aurreko Sei Artikuluen Legeari eta Benetako Erlijioa Sustatzeko Legeari aurre egiteko.[4]
1546an kontserbadoreek azken ahalegina egin zuten erreformatzaileei aurre egiteko. Kontserbadore horien artean zeuden Gardiner Norfolkeko kondea, Wriothesley lord kantzilerra eta Edmund Bonner Londreseko artzapezpikua. Erasoak Cranmerren inguruko erreformisten kontra egin zituzten. Lascelles, adibidez, erre egin zuten. Baina Edward Seymour eta John Dudley noble erreformistak Ingalaterrara itzuli zirenean egoera aldatu egin zen, kontserbadoreen kalterako. Bi gertakarik aldatu zuten egoera. Batetik, Gardinerrek ohorea galdu zuen erregearen aurrean, apezpiku-jabetza batzuk trukatzera ukatu zenean. Bestetik, Norfolkeko dukearen semea exekutatu egin zuten traizioagatik, erregeak uste baitzuen katolizismoa berrezartzeko konspirazio bat prestatzen ari zela. Ez dago probarik Cranmer mugimendu politiko hauekin lotzeko.
Garai hartan, erregearen osasuna okertu egin zen. Cranmerren azker zerbitzua erregearentzat 1547ko urtarrilaren 28a izan zen. Henrike hiltzen ari zela, eta haren eskua hartuta, Cranmerrek fede erreformatuaren deklarazio bat egin zuen, elizakoak eman ordez. Urtarrilaren 31an erregearen testamentua bete zuenetako bat izan zen. Edward Seymour Lord Protector edo erregeorde izendatu zuten, eta Eduardo VI.a umea errege.[4]
Seymourren erregeordetzaren garaian erreformatzaileak establishmentaren parte bihurtu ziren. 1547ko abuztuan bisita bat egin zuten probintzia guztietako parrokietara eta guztietan Homilien liburu bat egon behar zela agindu zuten. Liburu honek 12 homilia zituen, eta hauetako lau Cranmerrek idatziak ziren. Monakotzari eraso egiten zion, ekintza onei garrantzia kendu zien, eta fedearen garrantzia indartu zuen. Parrokia guztietan gurtzarako ziren irudiak kentzeko agindu zuten.[4][1][15]
Eukaristiari buruzko Cranmerren iritziak eliza katolikotik urruti zeuden jada. Europako erreformatzaileek iritzi hauek indartu egin zituzten. Cranmerrek aspalditik zituen kontaktuak Martin Bucerrekin, Schmalkaldengo Ligarekin hartu-emanetan hasi zirenetik. Bien harteko lotura indartu egin zen Karlos V.ak Liga garaitu zuenean Mühlbergen. Horren ondoren, Ingalaterra zen erreformatzaileei harrera egiten zien herrialde handi bakarra. 1549ko martxoan Estrasburgok Martin Bucer eta Pail Fagius kanporatu zituen. Cranmerrek Ingalaterrara gonbidatu zituen, eta herrialdeko unibertsitateetan lana aurkituko ziela esan zien. Apirilaren 25ean heldu ziren, eta Bucer eta Cranmer aurrez aurre ikusi ziren 18 urtez elkarri idazten egon eta gero. Cranmerrek jakintsu hauek behar zituen predikatzaile berriak hezteko eta liturgia eta dotrina aldatzen jarraitzeko. Jan Łaski poloniar erreformatzaileak ere onartu zuen Cranmerren gonbidapena eta Ingalaterrara joan zen.[8][4]
Elizkizunetan ingelesaren erabilera zabaltzen zen heinean, beharrezkoa zen Elizarentzat liturgia bakar bat edukitzea. Liburu hau osatzen joateko lehen batzarrak 1548ko irailean egin ziren Chertseyko abadian eta Windsorko gazteluan. Parte hartzaile guztiak ezagutzen ez baditugu ere, kontserbadore eta erreformatzaileen artean oreka bat zegoela esan dezakegu. Batzar horien ondoren, eztabaida bat egin zuten Lorden Ganberan eukaristiari buruz, abenduaren 14tik 19ra. Eztabaida honetan Cranmerrek esan zuen jada ez zuela sinisten Kristoren presentzia erreal eta korporalaren dotrinan, eta uste zuela eukaristian presentzia hori espirituala zela soilik. Parlamentuak Uniformetasun Legea onartu zuen 1549an, eta otoitzen liburua argitaratzea babestu zuen. Gero, apaizen ezkontza baimendu zuen. Zaila da jakitea Cranmerrek liburuaren zein zati idatzi zituen.[1][4][16][17]
Otoitz liburu berriaren erabilera derrigorrezkoa bihurtu zen 1549ko ekainaren 9an. Honek protestak sortu zituen Devon eta Kornuallesen, han ingelesaren erabilera ez baitzen ohikoa. Uztailaren hasieran protesta hauek Ingalaterrako beste leku batzuetara zabaldu ziren. Errebeldeek hainbat eskari zituzten: Sei Artikuluak berrezartzea, mezak latinez izatea, ogi sakaratua laikoentzat bakarrik, purgatorioko arimen aldeko otoitzak berrezarri eta abadiak berreraikitzea. Cranmerrek gutun bat idatzi zion erregeari, errebolta honen gaiztakeria salatuz. Uztailaren 21ean Cranmerrek San Pablo eliza errekisatu zuen, eta elizaren ildo ofiziala defendatu zuen.[1][4][18]
Otoitzen liburuaren kontrako alatxamenduak eta beste gertakari batzuek Seymourren erregeordetza kaltetu zuten. Kontseilu Pribatua zatitu egin zen, kide batzuek John Dudleyrekin bat egin zutelako Seymour boteretik kentzeko. Cranmerrek eta beste bi kontseilarik, William Paget eta Thomas Smithek, Seymou babestu zuten hasiera batean. Bi aldeen gutun trukaketa baten ondoren, estatu kolpe batek Seymour boteretik kendu zuen 1549ko urriaren 13an. Kolpearen atzean politikari kontserbadoreak bazeuden ere, erreformatzaileek gobernu berriaren kontrola mantendu zuten, eta Erreforma ingelesak aurrera jarraitu zuen. Seymour Londresko Dorrean itxi zuten, baina 1550eko otsailaren 6an libre utzi zuten eta kontseilura bueltatu zen. Boterean zeuden kontserbadoreak euren postuetatik kendu, eta hauen ordez erreformistak ipini zituzten.[4][19]
Cranmer eta Bucerren arteko lankidetzaren lehen emaitza Ordinal Eduardinoak izan ziren, hau da, apaizak ordenatzeko liturgia berritua, 1550ean argitaratua. Urte berean Cranmerrek beste liburu bat argitaratu zuen: Defence of the True and Catholic Doctrine of the Sacrament of the Body and Blood of Christ. Cranmerren izena azalean zuen lehen liburua izan zen.
Bucerrek uste zuen Erreforma ingelesa motel zihola. Bucerrek eta Fagiusek uste zuten 1549ko otoitzen liburua ez zela aurrerapauso handia. Dena dela, Cranmerrek Bucerri esan zion liburu hori lehen pausua zela soilik. 1550. urte amaieran, Bucer ilusioa galtzen ari zen. Cranmer haren ondoan egon zen, Bucer baztertuta senti ez zedin. Harreman honek bere fruituak eman zituen jantzien eztabaidan. Gatazka hau John Hooperrek hasi zuen. Hau Heinrich Bullingerren jarraitzailea zen eta Zurichetik itzuli berri zen. Hooper ez zegoen pozik otoitzen liburuarekin. Batez ere zeremonien eta jantzien kontra zegoen. Kontseilu Pribatuak Gloucesterreko artzapezpiku izateko aukeratu zuenean 1550eko maiatzaren 15ean, derrigorrezkoak ziren jantzien kontrako neurriak hartu zituen. Bucerrek begi onez ikusten zituen Hooperrek jarrerak, baina Cranmerren argumentuak babestu zituen, momentu egokiari eta autoritateari buruzkoak. Hooper atxilotu egin zuten eta azkenean amore eman zuen. Erreformari buruzko Cranmerren ikuspegia mantendu zen, gobernuaren babespean.[1][4]
1551ko urriaren 16an Seymour atxilotu egin zuten, traizioa egotzita. Abenduan epaitu egin zuten, eta heriotza zigorra ezarri zioten 1552ko urtarrilaren 22an. Honek Cranmer eta Dudleyren arteko harremana kaltetu zuen, eta egoera okertu egin zen erregetza elizaren jabetzak konfiskatzen hasi zenean.[4][20]
Zuzenbide kanoniko katolikoak erreforma bat behar zuen Henrikek Erromarekin apurtu eta gero. Errege hau bizirik zela ahalegin batzuk egin ziren legedia berrikusteko, baina ez ziren aurrera eraman. 1551ko abenduan Cranmerrek komite bat sortu zuen lan honekin jarraitzeko. Pietro Martire Vermigliren laguntza izan zuen, eta Łaski eta Hooper ere gonbidatu zituen komitera. Cranmer eta Martire konturatu ziren Ingalaterran zuzenbide kanoniko erreformatu bat sortzeak nazioarteko garrantzia edukiko zuela. Cranmerrek Europako eliza erreformatu guztiak batu nahi zituen Ingalaterraren zuzendaritzapean, horrela Trentoko Kontzilioari aurre egiteko. 1552ko martxoan Cranmerrek Europako erreformatzaile nagusiak gonbidatu zituen Ingalaterrara, kontzilio batean parte hartzeko. Erantzunak ez ziren izan Cranmerrek espero zituenak. Melanchthonek ez zuen erantzun. Bullingerrek esan zuen ezin zuela Alemania utzi, hau zatituta baitzegoen enperadorearen eta printze luteranoen gerra zela eta. Calvinok pozik hartu zuen berria, baina ezin zuela joan esan zion Cranmerri. Dena dela, zuzenbide kanoniko erreformatua parlamentuan aurkeztu zutenean, erregeordeak atzera bota zuen.[4][21]
Eduardo VI.a gaixotu egin zen eta 1553ko ekainaren 17an bere testamentua egin zuen. Joana Grey lehengusina protestantea izendatu zuen bere ondorengo, Ondorengotza Legeari kasurik egin gabe. Izan ere, berez, Mariarena zen eskubide hori, Henrike VIII.aren eta Katalina Aragoikoaren alabarena.[4] Uztailean Mariaren aldeko matxinadak egon ziren hainbat probintziatan, eta azkenean bera izendatu zuten erregin. Izendapenaren ondoren, Dudley, Ridley, Cheke eta Joanaren aita, Suffolkeko dukea, atxilotu egin zituzten. Cranmerren kontra ez zen neurririk hartu. Honek Eduardo erregearen hileta zuzendu zuen abuztuaren 8an, Otoitzen Liburua erabiliz. Hurrengo hilabeteetan, Ingalaterratik ihes egiteko aholkatu zien hainbati, tartean Pietro Martireri. Baina bera geratu egin zen. Artzapezpiku erreformatzaileak haien karguetatik kendu zituzten, eta klero kontserbadoreak bere postuak berreskuratu zituen. Cranmerrek dotrina erreformatuaren aldeko adierazpenak egin zituen, eta gobernuak sedizio gisa hartu zituen hitzok. Atxilotu egin zuten eta Londresko Dorrera eraman zuten.[4][22]
1553ko azaroaren 13an epaitu zuten eta heriotza zigorra ezarri zioten. Hainbat testiguk esan zuten Cranmerrek heresia bultzatu zuela. 1554an Joana Grey eta beste hainbat matxinatu exekutatu zituzten. Cranmer bakartuta egon zen Bocardoko kartzelan 17 hilabetez. 1555eko irailaren 12an beste epaiketa bat egin zioten. Prozesua Ingalaterran burutu bazen ere, Aita Santuaren jurisdizioaren barruan ospatu zen, eta beraz epaia Erromatik etorriko zen. Cranmerrek akusazio guztiak onartu zituen, baina heresia, traizioa eta desobedientzia ukatu zituen. Bitartean, Latimer eta Ridley erre egin zituzten urriaren 16an. Abenduaren 4an Erromak artzapezpikutza kendu zion Cranmerri, eta autoritate sekularren eskuetan utzi zuen, hauek sententzia exekutatzeko.[22][4][23] 1555eko abenduaren 11an kartzelatik atera zuten eta Oxfordeko Kristoren Elizara eraman zuten. Han Juan Villagarcia dominikanoarekin eztabaidatu zuen, errege eta erreginaren autoritatea onartu zuen, eta Aita Santua elizaren buruzagi gisa aitortu zuen. Hala ere, 1556ko otsailaren 14an kartzelara bidali zuten berriro. Otsailaren 24an Cranmer exekutatzeko agindua heldu zen, eta bi egun beranduago Cranmerrek teologia protestantea ukatu zuen eta katolizismoa onartu zuen. Bere exekuzioa atzeratu egin zen egun batzuk, eta zuzenbide kanonikoaren arabera absolbitu egin behar zuten. Baina Maria erreginak erabaki zuen exekuzioa burutu egin behar zela. Martxoaren 18an Cranmerrek bekatua konfesatu zuen. Zuzenbide kanonikoaren arabera, damututako hereseak indultatu egin behar ziren, baina Maria erreginak erabakita zeukan Cranmerren heriotza eredugarria izango zela, eta aurrera jarraitu zuen.
1556ko martxoaren 21ean pulpitu batera eraman zuten, bere azken ukoak egiteko. Errege eta erregina obeditu behar zirela esan zuen, baina gero ukatu egin zituen aurreko hilabeteetan berak idatzi eta sinatutako errenuntziak. Aita Santua antikristoa zela esan zuen eta haren dotrina faltsua zela. Pulpitutik atera zuten eta Latimer eta Ridley erre zituzten lekura eraman zuten. Han hil zuten, su emanda.[4][22]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.