From Wikipedia, the free encyclopedia
Protistoak (Protoctista edo protoktista ere deituak) animaliak, landareak edo onddoak ez diren gainontzeko organismo eukariotoei deritze, autotrofo zein heterotrofo izan daitezkeenak. Protistoek, algek eta ornogabeek bezala, talde parafiletikoa osatzen dute, hau da, arbaso urrun batetik eratorritako talde guztiak biltzen ez dituen bizidunen multzoa[1][2].
Protisto | |
---|---|
neoproterozoiko-Gaur egun | |
Sailkapen zientifikoa | |
Superdomeinua | Biota |
Goierreinua | Eukaryota |
Erreinua | Protista eta Protista Haeckel, 1866
|
Azpibanaketa | |
|
Eukarioto zelulabakar gehienak protistoak dira [3]
Protistoek zenbait ezaugarri komun dituzte:
Bizidun guztiak hiru domeinutan sailkatzen dira egun: Arkeobakterioak, Bakterioak (Eubakterioak ere deituak) eta Eukariotoak. Lehenengo biek Prokariota eremua osatzen dute [4].
Bizidunen sailkatzeko beste modu bat erreinuetan sailkatzea da. Kasu honetan, bizidun guztiak bost erreinutan bereizten dira:
Robert Whittaker-ek proposatutako bost erreinuen sailkapen ezagunaren arabera, protistoek Protista erreinua osatzen dute, ehun espezializatuak osatzen ez dituzten bizidun zelulabakarrez zein koloniarrez eratua. Taxoi hauek bizi-ziklo, maila trofiko, lokomozio-mekanismo zein zelula-egitura ezberdinak izan ditzakete[5][6].
Lynn Margulis-en sailkapen-sisteman, protistoak organismo mikroskopikoak dira. Bestalde, Protoctista terminoa eukarioto zelulanitz batzuk (alga gorriak, laminarioak zein lizun muzilaginotsuak)[7] barne hartzen dituen erreinu biologiko bati aplikatzen zaio. Beste batzuek, protisto terminoa era zabalago batean erabiltzen dute, eukarioto mikrobiarrak zein beste sailkapenetan sartzen ez diren organismo makroskopikoak barne hartzen dituena.
Protistoen ikerketaren aitzindarien artean Leeuwenhoek, Müller, Ehrenberg eta Dujardin daude[8].
1866. urtean, Ernst Haeckel-ek proposatutako hiru erreinuen sistemaren arabera, "Protista" terminoak organismo sinpleenei edota bakunenei egiten zien erreferentzia, horien artean mikroorganismo eta bizidun zelulabakar guztiak egonda[9][10]. Are gehiago, momentu horretan prokarioto guztiak (gaur egun bakterio eta Arkeobakterioetan banatzen ditugunak) Moneres filumaren barruan sartzen ziren. Haeckel bera izan zen lehena organismo zelulabakarrak eta zelulanitzak bereizten, eta hainbatetan zuzenketak egin zituen; esaterako, belakiak protistoen erreinutik animalienera igaro zituen eta onddoak landareetatik protistoetara, besteak beste.
Taxonomista batzuek ez dute protistoen taldea taxoitzat hartzen. Definizio berrienetako baten arabera: "Protisto da, animalia,landare edo onddo ez den edozein eukarioto". Definizio horren bidez ordea, hainbat talde zelulabakar sailkapenik gabe geratzen dira, baita Myxozoa bezalako izaki zelulanitzak.
Beste batzuen ustetan, protistoak ezaugarri funtzional eta biologikoen arabera sailkatu behar dira.
Protistoen taxonomiak aldatzen jarraitzen du oraindik ere, eta sailkapen berriek talde monofiletiko berriak aurkezten dituzte ezaugarri morfologiko (gehien bat ultraestrukturala) eta DNAren informazioa zein biokimikoa (kemotaxonomia)[11] [12]erabiliz. Oraindik ere, eta nahiz eta datu hauek lortu, badaude bat ez etortze handiak ikerketa molekular eta morfologikoen artean.
Gaur egungo taxonomiak protistoak erreinu berezi bezala jotzen ez baditu ere, goian aipatu dugun bost erreinuren sailkapena oso praktikoa da, eta helburu didaktikoekin erabiltzen da oraindik usu hainbat testuliburutan [13]
Protistoak talde parafiletiko bat direnez, sistema berriek gehienetan erreinu hau abandonatu edo banatu egiten dute, protistoak eukariotoen lerro ebolutibo ezberdintzat hartuz. Eskema nerri batzuek ez dituzte taxoi formalak aintzat hartzen[14], eta aldiz, protisto multzoak filogenetikoki erlazionaturiko kladotzat tratatzen dute. Honen bidez uste da klasifikazioa eguneratzea errazagoa izango dela etorkizunari begira.
Gaur egun, talde hauek ezagutzen dira protistoen barruan, kladotzat sailkatuak:
Beste sailkapen batek, balore taxonomikoa ez duenak baina bai balore praktikoak, protoktistak hiru talde hauetan bereizten ditu: protozooak, onddo-izaerako protoktistak, eta algak.
Protozooak organismo zelulabakarrak, mikroskopikoak eta zelula hormarik gabeak dira. Batzuk babes-oskol batekin inguratuta daude. Denak heterotrofoak dira. Batzuk aske bizi dira (ur gezatan eta gazietan edo lur hezeetan), eta beste batzuk animalien eta landareen parasitoak edo sinbionteak dira.
Protozooen filum nagusiak hauek dira: flagelatuak (Mastigophora), errizopodoak (Rhizopoda), ziliatuak (Ciliophora), eta esporozooak (Sporozoa).
Flagelatuek edo Mastigophorak flagelo bat edo gehiago erabiltzen dituzte lokomoziorako. Ugalketa asexuala erdibitzearen bidez ematen da. Batzuk parasitoak dira eta beste batzuk aske bizi dira.
Adibide batzuk: Trypanosoma, Leishmania eta Giardia.
Errizopodoek edo sarkodinoek pseudopodoak sortzen dituzte leku batetik bestera mugitzeko eta elikagaiak harrapatzeko. Asexualki ugaltzen dira banaketa bitar edo anizkoitzaren bidez. Batzuk parasitoak dira eta beste batzuk aske bizi dira. Adibide batzuk: amebak eta erradiolarioak (oskol silizedunarekin).
Ziliatuak zilioez baliatzen dira leku batetik bestera mugitzeko eta elikagaiak harrapatzeko. Zitostoma izeneko zulo bat (ahoaren funtzioak betetzen ditu) eta bi nukleo (makronukleoa eta mikronukleoa) dituzte. Gehienak aske bizi dira, eta sexu gabeko edo sexu bidezko (konjugazio bidez) ugalketa dute. Adibide batzuk: Paramecium eta Vorticella.
Esporozooek edo apikonplexuek ez dute lokomoziorako egiturarik. Denak parasitoak dira eta ziklo biologiko konplexuak dituzte (sexurik gabeko eta sexu bidezko ugalketa dute); are gehiago, ostalari batean baino gehiagotan garatzen dira. Adibide batzuk: Plasmodium eta Toxoplasma.
Talde horretan, onddoak ez diren eta horiekin antzekotasunak dituzten izaki heterotrofoak biltzen dira. Bi talde hauek nabarmentzen dira: Mixomizetoak eta oomizeteak.
Mixomizetoak, edo lizun lirdingatsuak, organismo zelulabakarrak eta mugikorrak dira, forma ameboidea dutenak, zelula hormarik gabeak, eta hainbat nukleo dituzte barnean (plasmodio erako zelula-antolakuntza). Saprofitoak dira eta uretan, zoru hezeetan edo usteltze-prozesuan dauden enborretan bizi dira. Adibide batzuk: Licea, Physarum polycephalum edo Didymium.
Oomizeteak mizelio izeneko gorputz-egitura dute, filamentu multzoez edo hifez (nukleo anitzeko zelula erraldoiak) osatua. Onddoen egituraren antzekoa da, baina oomizeteen kasuan zelula hormek zelulosa dute, eta ez kitina. Saprofitoak eta landare eta animalien parasitoak daude; adibidez: Phytophtora (landareena), Saprolegnia (arrainena), Plasmopara (mahatsondoaren mildiua); etab.
Talde horretan protoktista fotoautotrofoak biltzen dira, eta ingurune urtarretan bakarrik bizi daitezke.
Alga batzuk zelulabakarrak eta mikroskopikoak dira (kasu batzuetan harizpizko koloniak osatzen dituzte), eta beste batzuk, zelulanitzak eta makroskopikoak dira eta talo (ehunik gabea) motako gorputz-antolakuntza dute. Zelulek zelulosazko paretak izan ohi dituzte, eta, kasu guztietan, kloroplastoak dituzte, argia xurgatzen duten pigmentuekin, hala nola berde-koloreko klorofilarekin edo laranja-koloreko karotenoideekin, edota bestelako pigmentuekin. Pigmentuon proportzioaren arabera, koloreztatze bereizgarria dute. Halaber, zenbait uhin-luzerako argia xurgatzeko aukera ematen diete, eta horrek sakonera ezberdinetan bizitzeko aukera ematen die.
Gehienak urtarrak dira, nahiz eta ingurune hezeetan bizi diren lehorreko algak ere egon. Zelulabakarrek uretan flotatzen dute (fitoplanktona) edo sinbiosi-elkarteak sortzen dituzte onddoekin (likenak) edo ornogabeekin (koralak, anemonak, etab.). Zelulanitzak, aldiz, substratuan finkatzen dira edo airez betetako poltsa batzuetan flotatzen dute.
Sexurik gabe eta sexu bidez ugal daitezke; zelulanitzek, normalean, bi ugalketa motak txandakatzen dituzte, ziklo biologiko konplexuen barnean.
Alga-filum nagusiak hauek dira: euglenofitoak, bazilariofitoak, klorofitoak, gametofitoak, feofitoak, eta errodofitoak.
Euglenofitoak, edo euglenak, organismo zelulaniztun flagelodunak dira, eta ez dute zelula hormarik. Denak ur geza geldituetan bizi dira. Klorofila eta karotenoideoak dituzte.
Bazilariofitoak paretarik gabeko organismo zelulabakarrak dira. Silizezko oskol batez inguratuta daude, eta oskola bi kuskuz osatuta dago. Klorofila, karotenoideoak eta beste pigmentu batzuk dituzte. Itsasoko eta ur gezako planktonaren osagai nagusiak dira.
Gamofitoak ur gezako organismo zelulabakarrak dira, eta kolore berde bizia dute. Normalean, harizpi-formak dituzte.
Gamofitoen adibide batzuk: Spirogyra eta Zygnema.
Klorofitoak organismo zelulabakarrak edo zelulanitzak izan daitezke. Denek zelula horma eta kolore berde bizia dute. Koloreak, funtsean, kloroplastoetan klorofila dutela adierazten du. Alga berdeak ur gezan nahiz gazian bizi dira.
Batzuk zelulabakarrak dira, hala nola Chlorella, Chlamydomonas, Acetabularia mediterranea edo Volvox. Eta, zelulanitzen artean, Ulva edo itsas uraza dugu.
Feofitoak algak dira eta ia guztiak itsasoan daude. Zelulaniztunak dira, talo erako egiturekin, eta errodofitoekin batera, protoktista guztien egitura-mailarik konplexuena dute.
Zelula horma algina izeneko konposatu batez eta zelulosaz osatuta dute. Oliba-kolore arrea dute, klorofilaz gain, horren gainetik nagusitzen diren beste pigmentu batzuk dituztelako.
Alga horietako batzuk Espainiako kostaldeetan aurki ditzakegu; adibidez: Fucus eta Laminaria generoetako espezieak.
la errodofito guztiak itsasoan bizi dira, eta zelulanitak dira. Paretaren osagaiak agar-agar, zelulosa eta karbonatoak dira. Gorri-kolorekoak dira, klorofilaz gain, horren gainetik nagusitzen diren beste pigmentu batzuk dituztelako.
Talde horretako algen adibide batzuk: Gelidium, Pterocladia eta Gracilaria.
Protistoen elikadura espeziearen arabera aldatzen da. Alga eukariotikoak, esaterako, autotrofoak dira, baina izaki askok bizi-estrategia honi jarraitzeko beharrezkoak diren pigmentu asko galdu dituzte. Beraz, heterotrofikoki bizi dira eta, zehatzago, fagotrofia, osmotrofia, saprotrofia edota parasitismozko bizi-estrategiak garatu izan dituzte. Beste batzuk mixotrofoak dira; hau da, Autotrofoak eta heterotrofoak, egoeraren arabera, izan daitezke. Protisto batzuek, kloroplastoak/mitokondrioak galdu edo ez dituztenak, harreman endosinbiotikoak ezartzen dituzte zenbait bakterio eta algarekin. Bizitza askeko protistoek ura dagoen ia edozein ingurune kolonizatu dute, eta ekoizle primarioak dira ekosisteman, itsastarretan gehienbat, planktonaren osagai nagusia direlarik[17].
Protistoak animalia, landare eta beste protistoen parasitoak ere izan daitezke[18]. Animalia-, landare- edo giza-patogenoak izan daitezke. Patogeno hauek ostalari eukariotikoarekin hainbat bide-metaboliko partekatzen dituzte, eta honek dezente zailtzen du sendagai eraginkor baten lorpena. Izan ere, farmakoak bi bizidunek elkarbanatzen duten bidezidor metabolikoan eragiten badu, bizkarroia mintzeaz aparte, bere ostalari den animalia/landareari ere min egingo dio, ziur aski.
Ikerlari batzuek Kneallhazia solenopseae espezieko protisto patogenoak erabili dituzte su-inurriaren (Solenopsis invicta) izurriteen aurkako tratamendu gisa, Phoridae familiako euliak bektoretzat baliatuz, azken hauek mikrosporidioen partetik erasorik jasan gabe.
Protisto batzuk sexualki ugaltzen dira gametoen bidez, eta beste batzuk asexualki fisio binario bidez[19]. Espezie batzuek, Plasmodium falciparium-ek esaterako, bizi-ziklo oso konplexuak dituzte, organismoaren forma ugari agertzen direlarik.
Ez dago argi ugalketa sexualak nolako eragina duen hartu-eman genetikoan Plasmodium espezie ezberdinen artean, eta protisto parasitiko populazio gehienak klonalak direla uste da, zeintzuetan ez den gene elkartrukea gertatzen.
Eukariotoak duela 1.5 bilioi urte agertu zirela uste da, eta goiztiarrenak protistoak ziren. Antzinako eukariotoetan ugalketa sexuala ugaria bazen ere, ez da uste ugalketa mota hau oso ezaugarri garrantzitsua zenik. Honen arrazoia zera da: ugalketa sexuala ez zen protisto patogeniko batzuetan agertzen, zeintzuen arbasoak goiz banatu ziren eukariotoen adar taxonomikotik.
Hala ere, ikusi da aipaturiko protisto hauetako askok dutela orain meiosia garatzeko ahalmena. Adibidez, Giardia lamblia parasitoa[20], ustez arbaso asexualetatik zetorren harrapakaria dela uste zen. Orain dela gutxi ikusi da hori ez dela horrela, ikusi baita G.lamblia-k gene batzuk dituela meiosiarekin loturik.
Emaitzek iradokitzen dute G.lamblia gai dela meiosia burutzeko eta, hortaz, sexualki ugaltzeko.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.