Otsoa (Canis lupus) ugaztun haragijale bat da, karniboroen ordenakoa. Otsoetatik txakurrak etxekotu ziren duela gutxienez 12.000 urte; hala ere, nabaritasun genetiko batzuek duela 150.000 urte arte aurreratzen dute otsoa etxe abere bihurtzea. Gizakiak Euskal Herriko otso guztiak hil zituen 1950. urterako,[2] baina azken hamarkadetan berriro ere Araba-Bizkaietako mendebaldean bizi izatea lortu zuen XXI. mendearen hasieran, Iberiar penintsulako mendebaldetik itzulita; hala ere, euskal herritarrek dagoeneko hil dituzte herri honetan sortu diren otso komunitate guztiak, txakur basatiek hildako ganaduaren errua otsoari leporatzen baitzaio. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Arabakoak, otsoa arriskuan den espezietzat babestu beharrean, hiltzeko baimena ematen dute: halaxe, aldundi bakoitzaren baimenarekin, 2010ean Arabako azken otso taldea hil zuten, eta 2016an Bizkaiko (eta Euskal Herriko) azkena. Eusko Jaurlaritzak ez du onartzen bertako espeziea denik eta desagertzeko zorian dagoenik.[3][4][5]
Otso | |
---|---|
0,7 Ma-0 Ma Pleistozeno ertaina – egun | |
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Carnivora |
Familia | Canidae |
Leinua | Canini |
Generoa | Canis |
Espeziea | Canis lupus |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 62 egun |
Elikadura iturri nagusia | untxi arrunta, erbi arrunta, altzea, bisontea, haratustela, elur-oreina, oreina, idi musketaduna, basurdea, Ovis orientalisa, Rupicapra, basahuntza, leminga, Arvicolinaea, kastoridoa, ardia, abelgorria, txakurra, katua, baia, sagarra, udarea, mahatsa, belarra, Izokina, Odocoileus hemionusa, orkatza, orein arrunta, azeri arrunta, koipua, mapatxe txakurra, hegaztia, arraina, Ovis orientalis musimona, kanadar oreina eta elikagai hondarra |
Bihotz-frekuentzia | 90 taupada minutuko — 200 taupada minutuko |
Haginkadaren indarra | 136 |
Kumaldiaren tamaina | 6 |
Eguneko zikloa | cathemeral (en) |
Ezaugarriak
Otsoak oso garatuta dauzka zentzumenak: usaimen ona eta gauez ikusteko gaitasuna. Belarri zorrotzak, mutur luzea eta hortz indartsuak ditu eta oso animalia buru-argi eta gogorra da. Horregatik bizirauten du munduko leku askotan.
Elikadura
Otsoak taldeka bizi dira eta ehizatu ere taldean egiten dute. Horretarako, lana taldekideen artean banatuta dago eta eurak baino animalia handiagoak ehiza ditzakete horri esker. Animalia bat ikusten dutenean, beraren atzetik abiatzen dira korrika. Gero, gainera salto egin eta hortzak eztarrian sartzen dizkiote, itotzeko. Otsoa haragijalea da eta altzeak, untxiak, oreinak edo basurdeak jaten ditu. Baina batzuetan gizakiaren lurretara sartzea beste erremediorik ez du, lur basati gutxi gelditzen delako, eta ganaduari erasotzen dio. Gainera, gosete handia badago, sarraskia eta frutak ere jan ditzake.
Ugalketa
Taldeko bikote nagusia —handi eta indartsuena izaten da— erreproduzitzen da. Otsoak umealdi bakarra izaten du urtean. Sei hilabetez kumeak sabelean eraman ondoren, otsemeak hiru kumetik zortzira izan ditzake eta uUgaztunak direnez, hilabete batez esnea ematen die. Bi hilabeterako, taldeko edozein otsok haragia mastekatu eta gero otsokumeei jateko ematen die. Gainera, talde osoak otsokumeak harraparietatik babesten ditu.
Ohiturak
Otsoei ikaragarri gustatzen zaie jolastea. Bata bestearen atzetik korrika eta lurrean itzulika aritzen dira eta borrokan ari direla ematen du. Baina benetan nagusitarako prestatzeko balio dute jolasok. Garbitzeko, ibaietan bainatzen dira eta logura badira, berdin zaie elur gainean lo egitea. Gainera, oso animalia taldekoiak dira eta otsoren batek arauak hautsi ezkero, zigortua edo taldetik kanporatua izan daiteke. Nagusiak buztana gorantz eta burua tente eramaten du, nor den aditzera emateko.
Bizilekua
Otsoak lurrak markatzen ditu bere usainarekin eta ez du inola beste talderen bateko otsoak bertan egoterik uzten. Bere eremuak egunero zaintzen ditu, beste otsoek bertan ehizatu ez dezaten.
Gizakia eta otsoa
Otsoa antzina-antzinatik ehizatu izan du gizakiak, guztiz galtzeraino ere bai hainbat tokitan. Europan, abeltzaintza hain jarduera garrantzitsua zenez, gizakiak animalia arriskutsutzat ikusi izan du otsoa, bere azienda hitzen ziolako, eta ipuin eta alegia zaharretan gizakiei ere eraso egiten dien animalia gaizto eta zitaltzat azaltzen da. Egiaz, ordea, otsoak ihes egiten du gizakiarengandik, eta janaria falta zaionean baizik ez da hurbiltzen gizakiak bizi diren inguruetara.
Azpiespezieak
Mota askotako otsoak daude: zuriak, beltzak, arraza ezberdinak… eta gainera kanidoen familia barruan ahaide asko ditu: dingoak, txakalak, koioteak eta txakurrak, esate baterako. Gaur egun dauden otso azpiespezie guztiak, beraz, espezie berdina dira eta euren artean kumeak eduki ditzakete. Txakurrak kenduta 15 subespezie daude katalogaturik, euretariko batzuk orain dela gutxi desagertuak:
- Iberiar otsoa (Canis lupus signatus), Euskal Herrikoa.
- Tundrako otsoa (Canis lupus albus)
- Arabiar otsoa (Canis lupus arabs)
- Otso artikoa (Canis lupus arctos)
- Mexikar otsoa (Canis lupus baileyi)
- Errusiar otsoa (Canis lupus communis)
- Kaspiar itsasoko otsoa (Canis lupus cubanensis)
- Tibeteko otsoa (Canis lupus chanco)
- Hokkaidoko otsoa (Canis lupus hattai): desagertua
- Honshuko otsoa (Canis lupus hodophilax): desagertua
- Italiar otsoa (Canis lupus italicus)
- Eurasiar otsoa (Canis lupus lupus)
- Ekialdeko tinber otsoa (Canis lupus lycaon)
- Lautadetako otsoa (Canis lupus nubilus)
- Mackenzie haraneko otsoa (Canis lupus occidentalis)
- Indiar otsoa (Canis lupus pallipes)
Horietatik guztietatik, Euskal Herrian bizi dena Canis lupus signatus da. Gizakiaren jazarpenaren ondorioz, XX. mendearen bigarren erdian Euskal Herrian ez da otso alerik ere bizi ahal izan. XXI. mendearen hasieran Araba-Bizkaietako mendebaldean kumaldiak aurrera ateratzea lortu zuen, baina abeltzainek otsoari leporatu zioten basa txakurrek egindako ganadu hilketak ere, eta ehiztariek laster otso talde guzti-guztiak hil zituzten, Arabako eta Bizkaiko aldundiek mugarik gabeko otso ehizaldiak baimenduta.[4][5] Oraingoz, oso zail du Euskal Herriko beste aldeetara zabaltzea, gizakiak galarazten baitio.[3][6]
Erreferentziak
Bibliografia
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.