From Wikipedia, the free encyclopedia
Ondarretako espetxea Donostian egon zen 1889tik 1948ra, Ondarreta hondartzaren mendebaldeko muturrean. Lehen garai nahiko lasai baten ondoren, 1931tik aurrera preso politikoak gehiengo bilakatu ziren giltzapean eta, 1934ko urrian hasita, mendeku, heriotza eta errepresio politikoaren ikur bilakatu zen.
Ondarretako espetxea | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
XIX. mende erdialdean, Donostiak bazuen espetxe bat Alde Zaharreko Abuztuaren 31 kalean, San Telmoko sarreratik gertu. Turismoaren indar gero eta handiagoa zela eta, espetxea Donostiako mendebaldean albait urrutien jartzeko deliberoa hartu zen, hiria hegoaldera eta ekialdera begira baitzegoen, eta Miramarrez mendebaldeko kostaldea, berriz, maniobra militarrak egiteko zelaitzat erabiltzen zen. Hor eraiki zuten, bada, probintziako espetxea, udalak eta aldundiak sustatuta, eta Gipuzkoako beste zenbait herrik diruz babestuta.
1886an hasi zituzten lanak, eta 1889an bukatu. Hura egiteko ez zuten eredurik aldez aurretik, baina Frantziako eta Ingalaterrako ereduei begiratu eta, azkenean, Gasteizko kartzelaren ereduari lotu zitzaizkion. Belgikako espetxeen eredu zelularraren arabera Espainian egindako lehena izan zen. Materiala Donostiako gainerako eraikinak egiteko erabilitako berdina zen: Igeldotik Oriorainoko 26 harrobietako hareharria, baina baita Miramar jauregia egiteko eraitsitako elizaren hondarrak ere.
Proiektuaren buru Antonio Kortazar hasi arren, hil egin zen (1884), eta Nemesio Barrio izan zen obren zuzendaria harrezkero. Hiru solairuko eraikina izan zen, dudarik gabe harridura sortzen zuen tamainako kartzela, eta emakumeak hirugarren solairuan zeuden; haien artean, 'hamabost urtekoak' zeuden, prostituzioan aritu eta sarekadetan kartzelatzen zituzten neska gazteak.
1890ean, Victor Samaniego alkateak inauguratu zuen espetxe berria. Atariko goiburua zuen "gorrota delitua, erruki gaizkilea". Hala ere, I. Mundu Gerran Donostiaratutako europar erbesteratuen eraginez neurri batean, zabaltzen hasi zen 'harrizko munstro' horren kokapena desegokia zelako iritzia. 1927ko txosten batek espetxea tokiz aldatzeko aholkua eman zuen, ingurune turistikoa zela eta, baina asmoa ez zen gauzatu. Mota guztietako presoak biltzen zituen, baina 1931z geroztik preso politikoz betetzen hasi zen. Espetxearen ataria tentsio politikoen lekuko izan zen; 1931n, lehenengo elkarretaratze bat egin zen atarian, Clara Campoamor buru zela. 1936 hasieran, berriz, elkarretaratuek Marseillesa, Gernikako Arbola eta Internazionala kantatu zituzten.
1934an, espetxea preso politikoz bete zen guztiz, batez ere eibartarrez. 1936ko uztailean piztutako gerran, Donostian gertaera lazgarriak izan ziren, lehendabizi agintari errepublikazaleen pean bertako preso militar eta eskuindarren kontra izandako eraso handian (1936ko uztail amaieran) eta, gero, eskuindar matxinoen pean, milaka lagun espetxeratu baitzituzten bertan. Donostia errepublikazalearen Defentsa Batzordeak Luis Iglesias Ansaño zinegotzi sozialista izendatu zuen kartzelako zuzendari.
Uztailaren 30ean, Loiolako kuarteleko setioa amaitu berritan, Ondarretako espetxean eta Kursaalean 500 bat giltzapetu zituzten, erdiak militarrak eta poliziak. Miliziano talde batek erasoa jo zuen espetxearen kontra eta, Gipuzkoako Altxamenduaren erantzukizuna leporatuta, indarrez atera eta Paseo Berrian 52 fusilatu zituzten, horietatik bat apaiza eta 41 militarrak. Gero, beste 12 exekutatu zituzten Ondarretan bertan, epaiketa militar baten ondoren. Luis Iglesias kargugabetu zuten orduan eta, trukean, Venancio Aristegieta errepublikarra jarri.
Irailaren 9an, matxinoek Donostia okupatu baino lehen, bertako eskuindar presoak Aranzazu Mendi kartzela-ontzira sartu zituzten Bizkaira bidean, preso-truke baterako erabil zitezkeelakoan.[1] 1936ko irailaren 13an, Donostia indar kolpisten pean erori ondoren, kartzela bete egin zuten berriz, baina luze gabe, ehunka preso atera zituzten bertatik, seiehundik gora, eta hainbat tokitan fusilatu. Espetxetik okupatzaileek ateratako lehendabiziko presoak Burdinazko zubian eta Uliako errepidearen buruan fusilatu zituzten. 1936ko urrian, espetxeko emakumezko eta gizonezko 200 preso fusilatu zituzten Hernaniko hilerrian. 1936. urte hondarretik, presoak Oiartzungo hilerrian exekutatu zituzten, baita Artikutzako errepidean, Bera-Bidasoan (ehun bat) eta, geroago, Bidebietako tiro-zelaian ere. Horietako asko espetxean basaki torturatu zituzten, itsasoan atxilotutako Jean Pelletier enpresari frantsesak bere idazkietan kontatu zuen bezala.
1948ko apiriletik maiatzera, Ondarretako espetxeko presoak Martuteneko espetxe berrira lekualdatu zituzten. Eraikina hutsik geratu zen eta, orduan, haren hondarren kudeaketa enkantean jarri zuten. Matia kaleko J.M. Grajiarena donostiarrak eskuratu zuen horien kudeaketa, eta Ibaetako zabalguneko eraikin berrietan erabili zituen. 1949an eraitsi zuten espetxea. Txillardegi gaztea dinamita bidezko eraispenaren lekuko izan zen. 1954an harriak ateratzen ari ziren oraindik. Artean, badira kartzelaren hondakinak Ondarretako hondartzaren, pasealekuaren eta lorategien azpian.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.