pedagogoa, filosofoa From Wikipedia, the free encyclopedia
Maria Montessori -izen osoa Maria Tecla Artemisia Montessori Stoppani zuen- (Chiaravalle (Ancona) (Italia), 1870eko abuztuaren 31, 1870eko abuztuaren 31 – Noordwijk (Herbehereak), 1952ko maiatzaren 6) italiar zientzialari, mediku, filosofo, antropologo, biologo, feminista, psikologo, humanista, hezitzaile, pedagogo berritzaile eta psikiatra izan zen. Medikuntzan graduatu zen lehen italiar emakumea ere bera izan zen. Gaur egun Montessorik XX. mendeko metodo pedagogikoen berritzean izan zuen eragina ulertzea zaila izan liteke, bere ideiak agerikoak baitirudite. Baina, bere garaian sektore kontserbadoreenetan eztabaida sorrarazi zuten berrikuntza erradikalak izan ziren. Jolasa haur batek bere bizitzako lehenengo urteak aurrera eramateko erabiltzen duen ekintza nagusia dela defendatzen zuen. Honi esker, umeak bere inguruko guztia modu aske eta naturalean behatu eta ikertzen du, eta aurretik dituen ezagutza eta esperientziak beste berri batzuekin erlazionatzen ditu, bere hazkuntzarako nahitaezkoak diren ikasketa prozesu indibidualak burutuz, garapena ematen den ingurunea edozein dela ere.[1]
Maria Montessori | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Chiaravalle, 1870eko abuztuaren 31 |
Herrialdea | Italiako Erresuma (1870eko abuztuaren 31 - 1946ko ekainaren 18a) Italia (1946ko ekainaren 18a - 1952ko maiatzaren 6a) |
Heriotza | Noordwijk, 1952ko maiatzaren 6a (81 urte) |
Hobiratze lekua | Noordwijk |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Erromako La Sapienza Unibertsitatea |
Hezkuntza-maila | Zientzietako doktorea |
Hizkuntzak | italiera frantsesa |
Ikaslea(k) | |
Jarduerak | |
Jarduerak | medikua, pedagogoa eta saiakeragilea |
Lantokia(k) | Erroma |
Enplegatzailea(k) | Erromako La Sapienza Unibertsitatea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Associazione per la donna (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Maria Montessori Italiako Anconako probintziako Chiaravalle herrian jaio zen 1870eko abuztuaren 31n; Erroma osatu berria zen Italiara bildu zen urte berean, familia burges, liberal eta erlijioso baten baitan jaio zen neska. Bere aita Alessandro Montessori izan zen, gaztetan Italia bateratzeko gatazka eta gudetan parte hartutakoa eta, ondoren, funtzionario zibil izan zena. Horrela, Chiaravalle herrira bidali zuten 1865ean eta, bertan, Maria Montessoriren ama izango zen Renilde Stoppani ezagutu eta 1866an esposatu zuen. Renilde Stoppani emakume ilustratua eta aurrerakoia zen, inguruko giro katolikoa kontuan harturik [2]. Maria 1870ean jaio zen eta 1875ean familia Erromara aldatu, bere aita gobernuak hara bidali zuelako, eta han geratuko ziren. Aitak estatuko administrazioan mailak igotzen jarraitu zuen eta, azkenean, kondekoratua ere izan zen.
Eskolako urteetan, Maria ez zen asko nabarmendu, baina 13 urte zituela institutu tekniko batera bildu eta kalifikazio bikainak lortzera heldu zuen, matematikan eta natura zientzietan nabarmenduz. Helburu logikoa ingeniaritza ikasketak egitea bazen ere, bat-batean, eta arrazoi jakinik gabe, medikuntza ikastea erabaki zuen Montessorik. Garai haietan emakumeengan ohikoa ez bazen ere, Maria Montessorik ingeniaritza, biologia eta medikuntza ikasi zituen azkenean. Hasieran aitak aurka egin zuen, baina azkenean 1896an graduatu zen eta lehen italiar mediku emakumea izan zen, baina emakume izateagatik ospitaleetan aritzeko baimena ukatu zioten eta adimen urriko haurrekin hasi zen lanean.
Haur hauekin lanean, berehala ohartu zen ikasle hauek ere euren ahalmenak eduki eta gara zitzaketelaz. Haur hauek bizitza hobe bat merezi zutela uste zuen eta ez zituen ikusi gizarterako karga bat bezala. Haur horiekin hasi zen garatzen bete teoria pedagogikoak. Erromako Unibertsitate-Klinika Psikiatrikoko kide izan zen. Geroago, antropologia ere ikasi zuen, filosofiako doktoretza lortu zuen eta psikologia esperimentaleko lehenengotariko ikastaro batera joan zen. Freuden garaikidea zen eta buruko gaixotasunen bere sailkapena egin zuen.
Italiar probintziak batu eta Italiak independentzia lortu zuenean, herrialdeko ekonomia okertu egin zen. Garai hartan Maria gizarte baldintzez kezkatzen hasi zen, emakumeenez, bereziki. Emakumeentzako bi nazioarteko biltzarretan parte hartu zuen: 1896an, Berlinen eta, 1900ean, berriz, Londresen. Emakume eta haurrez hitz egin zuen, bizi-baldintzek gizartean dituzten ondoriak nabarmenduz. 1898ko Turineko biltzarrean adimen-urritasuna duten umeen hezkuntzak eta hauengan arreta jartzeak duten garrantzia azaleratu zuen, haurren abandonua eta geroagoko delinkuentziaren garapena erlazionatuz.[3]
Une honetan erabaki zuen handik aurrera umeekin egingo zuela lan. Haur hezi-ezinen erakunde bateko txikiak ogi apurrekin jolasten behatu zituen, ez baitzuten beste objekturik bertan. Ez zituzten apurrak jaten, maneiatu baizik, ukitu ahal izateko tresnak behar baitzituzten, gizakiak ekintza, errealitatea, eta adimena eta nortasuna lantzeko beharra baitu. 1907an, Casa dei banbini (euskaraz, Haurren etxea) eratu zuen Erroman, eta bertan aritu zen urte luzeetan zehar. Idatzitako liburuek eta emandako hitzaldiek ospea ekarri zioten eta herrialde batetik bestera ibili zen bere ideien berri emanez.
Haurrez gain, emakumeen egoera sozialarekiko interes handia erakutsi zuen. Montessorik Johann Heinrich Pestalozzi pedagogoaren lanak ezagutu eta bereganatu ere egin zituen.
Herbehereetan hil zen 1952an, bere pedagogia zabaltzen ari zela.
Behaketa eta metodo zientifikoa oinarritzat hartuta, bere material eta filosofia lantzen hasi zen. Italiako egoera sozioekonomikoa hobetu zenean, gizarte-intereseko etxebizitzak eraiki zituzten. 3 eta 6 urte arteko umeak eskolara joaten ez zirenez, eraikitzaileek instalazioak hondatzen zituztela salatu zuten, eta Hezkuntza Ministerioak laguntza eskatu zion Montessoriri.
1907ko urtarrilaren 6an lehen Casa dei Bambini (haurren etxea) ireki zen San Lorenzon, Erroman. 60 umek osatu zuten taldea. Hasteko, bizitza praktikoko (higienea eta portaera) arloa sortu zen, umeei duintasuna itzuliz. Ariketan jartzen zuten arreta, behin eta berriro errepikatuz, eta jostailuak baztertzen zituzten, aisialdirako zirela-eta. Sariak eta zigorrak errefusatzen zituzten, lana bakar-bakarrik egiteak asetzen zituelako. Pixkanaka, haur bihurriak normalizatu ziren, adeitsuak eta begirunetsuak bihurtu ziren, eta jakin-minez eta gogoz ikasten zuten. Arauak ezarri eta buruak datuz bete ordez, espiritua aske utzi zieten. 4 eta 5 urterekin prozesu natural baten moduan irakurtzen eta idazten ikasten zutenean, mundua hunkitu zuten. Hala, San Lorenzok umeen kontrol-zentroa izateari utzi zion eta haurrak duintasunez, aske eta independenteki garatzen zituen ikerketa zentro bihurtu zen. Gogotsuak izateko askatasuna zuten, baina baita askatasun hori nola erabili jakiteko ardura ere.
1909an, Montessori giden lehen ikastaroa burutu zen eta, ikastaro honetan, lanbide guztietako jendeak hartu zuen parte. Amaitutakoan, Franchetti Baroiek eskatuta, bere lehen liburua idatzi zuen: Il Metodo della Pedagogia Scientifica applicato all'educazione infantile. Bertan zehaztu zituen materialen garapena eta bere metodoaren oinarria.
1912an, Alexander Graham Bell eta bere alabak Montessori AEBetara gonbidatu zuen eta herrialdeko lehen Casa dei Bambini ireki zuten. AEBetako eskolen kopuruak gora egin zuen eta American Montessori Association sortu zen, Bell eta Woodrow Wilson presidentearen alaba zen Margaret Wilsonen eskutik. Gorakada hau bat-batean amaitu zen William Kilpatrick irakasleak 1914an The Montessori System Examined liburua idatzi zuenean, Montessoriren metodoa zaharkitua zela adieraziz eta gogor kritikatuz. Kilpatrick Columbia Unibertsitateko irakasle ezaguna zen, eta bere hitzek lankideen pentsaeran eragin handia izan zuten. Urte hartan bertan, Mariak L'autoeducazione nelle scuole elementari liburua idatzi zuen.
1915ean, Erromako Nazioarteko Biltzarra egin zen. Jende asko joan zen bertara Casa dei Bambiniko umeek irakurtzen eta idazten ikasten zuten adinarekin harriturik.
1926an, Montessori Metodoaren Eskola Erreala eraiki zen Benito Mussoliniren laguntzaz. Italiako eskola eta entrenamendu zentroak ugaritu ziren, eta Alemanian ere zabaltzen hasi ziren. Geroago, Montessorik Mussoliniren laguntzari uko egin zion, honek haurrak gerra-helburuetarako doktrinatu nahi baitzituen eta hori Mariaren filosofiako askatasunarekin bateraezina zen. Ondorioz, bai Ducek eta baita Hitlerrek eskolak itxi zizkioten, eta Montessorik Italia utzi zuen, 64 urterekin Bartzelonan finkatu zuelarik eta hasieratik hasi zelarik (1934).
1929an, AMI (Association Montessori International) sortu zuen, Montessoriren ondarea babesteaz arduratuko zena. Egoitza Herbehereetan dago. Mario Montessorik, Mariaren semeak, jarraitu zuen zuzendaritzan eta, ondoren, Mariaren biloba zen Renilde Montessorik. 2007an, André Robertfroid bilakatuko zen presidente, UNICEFeko zuzendaria izandakoa.
1935ean, katekesirako metodoak garatu zituen Bartzelonan. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Herbehereetara alde egin behar izan zuen, han berriro hasiz.
1938an, Il segreto dell'infanzia liburua argitaratu zuen.
1939an, Indiako Teosofia Elkarteak herrialdera gonbidatu zuen bere seme Mariorekin batera. II. Mundu Gerra hasi zenean, bertan geratu behar izan zen. Garai hartan India ingelesen esku zegoen eta, lanarekin jarraitzen utzi bazioten ere, ezin izan zuen bertatik alde egin. Mario kontzentrazio-esparru batera bidali zuten, eta Mariak lehen hezkuntzako umeekin lan egin zuen, 1912ko liburuko metodoa erabiliz.
1939an, Indian zegoen bitartean, tailerreko umeekin egindako lana garatu eta Montessori Lehen Hezkuntza hasi zuen. Orduan esan zuen helduek haurrei beharrezko baliabideak eman eta erabiltzen erakutsi besterik ez dutela egin behar umeak beraien kabuz garatu daitezen, garapena pertsonala baita eta ezin baitu batek beste baten partez burutu. Garai honetan piztu zitzaion 0 eta 3 urte bitarteko umeekiko interesa, heziketa jaiotzetik hasi behar dela defendatuz. Gerra amaitu zenean Herbehereetara itzuli zen eta bere ideien zabalkuntzari berriz ekin zion. Montessori Eskola gehiago eraiki ziren, eta mugimendua mundu osora zabaldu zen. Frantziako Ohorezko Legioa jaso zuen heziketan egindako lan nabarmenagatik, eta baita Amsterdameko Unibertsitateko Honoris Causa domina ere.
Bakearen Nobel Sarirako 3 aldiz proposatu zuten.
Hiru gerra bizi izan zituenez, gizateriaren etorkizunaz zalantzak zituen. Salbazioa haurrengan zegoela zioen. Umea izaki berezia zela eta garatzen lagundu behar zitzaiola uste zuen, eta horregatik eta horretarako bizi eta lan egiten zuen. Bizitza guztian zehar, bere filosofia ikasi, landu eta zabaldu zuen.
Hasieran bere teknikak ez-gaitasun psikikoak zituzten haurrekin frogatu zituen eta ikusi zuen haur hauek gai zirela beste haurrek egiten zituzten azterketa berberak egiteko eta gainditzeko. Konturatu zen, halaber, haur hauek euren adimena eta nortasuna garatzeko objektuak behar manipulatu dituztela. Izan ere, gizakiak bere garapenerako errealitatearekin kontaktuan egoteko beharra duela irizten zuen. Horrela, estimulu gisa diharduten eskuko jolasa eta lana funtsezko elementu bilakatu ziren bere pedagogian, inposizioak baztertuz eta haurraren berezko gaitasunak sustatuz, betiere euren ingurukoen laguntzaz. Jolas eta esku-lanen bidez haurren autoestimua bultzatzen zuen eta haurrek ikusten zutenean aurrera egin zezaketela eta gehiago ikasi, hitzen eta zenbakien kontzeptuak transmititzen zizkien.
Ildo horretatik, haurrek ikasteko askatasuna behar zuela pentsatzen zuen. Gehiegizko arauek haurra mugatu egiten zutela uste zuen, bere garapen aske eta aktiboa kolokan jarriz. Akatsak egitea ez zen gaizki ikusten horrela haurrek ikasi egiten zutelako berriro saiatuz. Horrela, orduko irakasle tradizionalaren zeregina aldatu behar zela uste zuen.
Haur bakoitzak bere bilakaera du eta berez aurkituko du bere ikasteko erritmoa. Programa kronologiko baten inposaketak haurraren porrota ekar dezake, bere erritmo naturalak behartu egiten direlako.
Irakasleak haur bakoitzaren ikaskuntzaren bilakaera errespetatu behar du, inposiziorik gabe. behatzaile moduan aritu behar da, haurrak nola ikasten duen aztertuz eta horretarako jarduerak proposatuz. Aldi berean, haurrek elkarren artean ere ikasten dutela baieztatu eta maila ezberdineko haurrak talde bakar batean bateratzea onuragarria dela uste zuen.
Zehatzago eta labur, honako hauek dira Montessoriren pedagogiaren puntu zenbait:
Maria Montessoriren pedagogia oso kritikatua izan da urteetan zehar. Hala ere, pertsonaia ospetsuen onespena ere izan zuen eta horri esker bere ideiak mundu osoko bazterretara zabaldu ziren. Berari esker albo batera utzi ziren betiko gela ilunak, arbel bakar bat zutenak, eta ikasle guztiak lerrokaturik zeudeneko gelak. Garrantzia hartzen joan ziren leku zabalak, non ikasleak inolako oztopo gabe mugi zitezkeen, kolore ezberdinetako kubo eta kaxen bidez haurren garuna estimulatu eta elkarren arteko komunikazioa bultzatzen zen. Montessori metodoen eragina nabarmena egungo pedagogian eta eskola guztietan erabiltzen dira berak proposaturiko materialak eta ideiak, haur hezkuntzan batez ere, haurrak berezko garapena izan dezan.
Montessorik, bere lan pedagogikoa garatzean, bi mediku frantsesen lanak aurkitu zituen, Jean Itard (1774-1838) eta Édouard Séguinenak (1812-1880). Lehenengoa pedagogia berriaren aita kontsideratzen da; umeen behaketaren garrantzia ezartzen zuen eta umeei ezin zaiela ezer inposatu defendatzen zuen, Aveyrongo haur basatiaren kasua ikertu zuelarik. Bigarrenak haurren gaitasunak garatzeko ariketa eta materialak sortu zituen.
Johann Heinrich Pestalozzi (1746-1827) pedagogo suitzarraren lanak ere ezagutu zituen. Pestalozzik maisuaren prestaketan enfasia jartzen zuen: bere pertsonan aldaketa eman behar da, bere lana maitatu behar du eta maisuaren eta haurraren artean maitasuna egon behar du.
Édouard Séguinn materialak erabili zituen eta, hauetan oinarrituz, bereak sortu zituen. Irakasle prestakuntzarik gabeko bi laguntzaile zituen. Ospitalean pasatako bi urteak izan ziren bere ezagutzaren oinarria, eta haurrek estatuko azterketa egitea lortu zuten: gainontzeko haurren antzeko emaitzak lortu zituzten. Hortik ondorio bat atera zuen: haur normalak azpigaratuta zeudela.
Dozena bat liburu idatzi zituen, eta hainbat doktoretza eskuratu zituen, besteak beste Durham (1926) eta Amsterdamen (1950). 1950ean, bere herrialdea ordezkatu zuen UNESCOren aurrean. Mugimendu feminista eta bakezaleen aitzindaria ere izan zen, eta hiru aldiz izendatu zuten Bakearen Nobel sarirako (1949, 1950 eta 1951).[4]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.