Adur Larrearen komikia (2022) From Wikipedia, the free encyclopedia
Lurbinttoko ohoinak 2022an Adur Larreak argitaratutako eleberri grafikoa da. Ipar Euskal Herrian kokatuta, liburuak XVIII. mendeko bukaerako "western" moduko istorio bat kontatzen du: Konbentzioaren Gerra 1794an, desertzioak, etxe konfiskatuak, deportazio masiboak Landetara, eta gerraosteko "ohoin" banda baten abenturak gero.[1][2][3][4]
Lurbinttoko ohoinak | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Adur Larrea Eguren |
Argitaratze-data | 2022 |
Ilustratzailea | Adur Larrea Eguren |
Argitaletxea | Elkar |
ISBN | 978-84-1360-263-9 |
Orrialdeak | 111 |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | eleberri grafikoa eta Westerna |
2021ean Adur Larreak Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar fundazioak eskainitako literatura beka bat lortu zuen,[5] eta hurrengo urtean marrazkigile ziburutarrak obra berria 2022ko Durangoko Azokan aurkeztu zuen.[6]
Frantziako iraultza eta gero 1793ko Konbentzioaren Gerrara joan behar izan zuten euskaldun askok; beste askok desertatu zuten edo Landetara deportatuak izan ziren. Desertoreen baserri eta etxe anitz konfiskatuak izan ziren. Gerrak aldaketa sakon eta bortitzak eragin zituen Euskal Herrian, izua zabalduz eta 1790ean hasitako errealitate instituzionalaren aldaketa finkatuz: horrek berretsi egin zuen ordu arteko foru sistemaren amaiera Ipar Euskal Herrian.
1795ean gerra bukatutakoan, gudu-zelaian, deportazio eremuetan edo erbestean egon zirenek etxerako bidea hartu zuten. Herrira iristean, haietarik ainitzek, beren etxe eta lurrak okupatuak, kixkaliak edo barreatuak atzeman zituzten.[2][6]
Lurbintto aldean (Ezpeleta, Itsasu, Larresoro edo Kanbo inguruak) soldadu ohi zenbait, gerlak eman zien eskarmentuaz eta armez horniturik, deportatu eta erbesteratu ohi batzuekin elkartu ziren, eta mendeku gosez zegoen talde antolatu bat osatu zuten. Talde horren istorioa kontatzen du komikiak.[2][6]
Bi urtez, Lapurdi ekialde horretan zenbaitetan konfiskatutako etxeen jabe berriak mehatxatzen zituzten gerra aurreko jabeei itzul ziezazkieten, beste batzuetan kabalak ebatsi, belarrak erre... denbora behar zen gerrako zauriak ongi ixteko.[2][6]
Deportaziora, erbestera edo gerlara igorri zituztenak bortizki jazarri zituzten. Lurbintto deritzon eremuan gordelekua zuten.[2] Azkenean, harrapatu eta Frantziako epaileen aitzinera eraman zituzten.[6]
Ipar Euskal Herriko historian kokatutako “western” bat dela esan daiteke.[1]
Adurrek, Bertsolari aldizkariko kolaboratzaile izan zen garaian, behin Xabier Kaltzakortaren artikulu batean Lurbinttoko Ohoinak izenburuko bertso batzuekin topo egin zuen. Artikuluan Kaltzakortak aztertzen zituen urkaberako bidean edo kartzelan zaudenen bertsoak.[7][8]
Hortik sortu zituen Adurrek Lurbinttoko ohoinen artikulua, Bertsolari aldizkariko komikien atalean bertso horiek ilustratu zituen.[9][7] Artikuluan Kaltzakortak erraten zuen ez zekiela istorio asmatua ote zen eta ez zekiela kokatzen testuinguru historikoan. Orduan hasi zen Adurren ikerketa: Lurbintto leku-izenetik hasi zen hariari tiraka eta euskara aldetik, Lapurdi barnealdean kokatu zuen. Azkenean atzeman zuen Itsasuko Lurbintto eremu hori. Hantxe gertatu ziren artean ezagunak ziren bertsoak, baina geroztik ahaztuak izan ziren ekintza batzuk.[1]
Bertsoak zortziko txikiak dira, guztira hamabi bertso.[10] Hauek dira lehenengo biak:[10]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.