XVIII. mendeko pilotari From Wikipedia, the free encyclopedia
Perkain, jaiotzako izen deiturak: Juan Martin Inda edo Xan Inda[1] (Aurizperri, 1754-12-31 – Aldude, 1834-12-27). Juan Martin Inda Arrozbide, ’’Perkain’’ ezizenez ezagutzen dena, euskal pilotaren historian ezagun izan den pilotaririk ospetsuenetakoa eta historian aipatu lehenengoetarikoa da.
Perkain | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Aurizperri, 1754ko abenduaren 31 |
Herrialdea | Nafarroa |
Heriotza | Aldude, 1834ko abenduaren 27a (79 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara frantsesa gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | pilotaria eta Laxoa |
Hemezortzigarren mendeko pertsonaia historikoa, ez bakarrik pilota jokoan nabarmendu izateagatik, haren ospea gure egunetara iritsi da hainbat jakingarrirengatik. Nahiz eta haren inguruan eta bibliografia guztian datu batzuk behin eta berriz eman izan diren, gaur egun badakigu ziurtasunez horietariko asko okerrak direla. Izan ere, Edmond-Joseph Blazy abadeak La pelote basque[2] liburuan (1929) baieztatutakoak behin eta berriz errepikatu dira, iturri faltan, eta datu oker horiek zabaldu dira, etengabe eta aipamenez aipamen.
Uste izan da, esaterako, 1760-1770 hamarkadan sortu zela, Aldudeko Zamukegi auzoko Perkainea edo Perkainenea etxean. Ordea, Indatarrak Aldudera joan artean ez zen izen horretako etxerik bertan[3], eta gainera, badirudi Aldudeko Perkain etxea beste auzo batean egon zela, eta Zamukegin Indatarren borda edo bestelako etxola edo eraikina zegoela.
Jakintsu eta ikerle batzuk arduratu dira Perkainen ingurukoak argitzen, eta nabarmentzekoak dira Louis Dassance, Georges Lakonbe, Albert Chabagno eta beste, pilotaren historiaz jardun direnen artean, eta azken aldian Javier Cuadra kazetaria eta Xavier Cabantous genealogia ikerlaria.
Perkain XVIII. mendeko pilotari ospetsua izan zen, laxoan aritu zena.[4][5] Lehendabiziko pilotari famatua da, bere garaiko pilotaririk onenetakoa, eta dudarik gabe entzutetsuena. Besteak beste, Azantza, Haroztegi eta Kurutxet pilotariekin aritu zen lehian. Bertso famatu batzuetako gai izan zen pilotaria, hala nola Pierre Harizpek 1903an frantsesez idatzitako antzerki baten pertsonaia. Horrez gain, Pierre-Barthélemy Gheusiren libretoaren gainean Jean Poueigh-ek ondutako Perkain le basque operaren protagonista izan zen, Bordelen estreinatu (1931) eta Parisen ere jokatutakoa.
Blazyren hitzetan, Perkainekin pilota historiaren domeinuan sartzen da, ordura arteko beste pilotarien berri eta oihartzuna eskasegia baita.
Bestelako aipamenak esatera, Perkain izena darama Iruñe erdian oraindik zutik dirauen pilotalekuak (1937), aspaldi hertsirik badago ere. Pilotaleku izandakoa, gero zine bilakatu zen aretoa, "Alcazar" izena hartuz. Pilota gaiak saltzen dituen denda bat ere bada Iruñean, Perkain izena duena (2022).
Juan Martin Inda Aurizperrin sortu zen, Perkain izeneko etxean, 1754. urtearen azken egunean[6]. Aita Martin Inda Iribarne zuen, sortzez baigorriarra, eta ama herriko alaba, Lorenza Arrozbide Jaso. Jaio eta urte gutxira, han munduratu baitziren anai-arrebetarik batzuk, Aldudera aldatu zen familia, eta han espainol etxe bat alokatu zuen, alegia, administratiboki Espainiari zegokion etxea, Erroibarri hain zuzen ere, nahiz eta Alduden kokaturik egon. Etxe honi atxeki zitzaion Perkain deitura, ordura arte Alduden ez baitzen izen hori zuen etxerik. Bederatzi nebarreba izan ziren, Norberto, Juan Martin, Juan Fermin, Martin Joseph, Juan Joseph, Jeanne, Gracian, Pedro Juan eta Juana Maria. Nagusiak Aurizberrin eta gazteagoak Alduden bertan sortu bide ziren. Eliza liburuetan inskribatzean, berriz, mugaz bi aldeetan inskribatu zituzten gehienak. Horri esker egun jakin dezakegu Perkainen berri.
Haren heriotzari buruz, aipamen laburra aurki dezakegu bizpahiru egunkari edo aldizkari espainiarretan; izan ere, batean agerturikoa besteetan kopiatu besterik ez zuten egin, antza. Dena dela, lehen iturritzat Parisko Le Courrier Française aldizkaria jo dezakegu, bertan Aldudetik igorritako berria agertu baitzen: "Jean Inda, dit Juanico Percain, le plus fameux joueur... et décédé le 27 du courant...". Alduden bertan hil zen Perkain, 1834 urteko abenduaren 27an[7]. Esan beharra dago, bestalde, aldizkari horretan 67 urteko adina atxikitzen zaiola heriotzan, jaiotza datarekin bat ez datorrena.
Perkainen bizitzaz dakigun gehiena, berriz, legenda, kantu eta bertso bidez iritsi da gure egunetara. Batez ere egindako balentriak eta kirol gertakariak. Bestelakoei buruz, daturen batzuk ageri dira. El mercurio español agerkariak, esate baterako, espainiar armadarentzat gudukatu zela dakarkigu, beste pilotari batekin batean, Azantza hain zuzen ere, Aldudeko batailoian. Frantziako Iraultzak eta handik gutxira hasi zen Konbentzioaren Gerrak eragindakoak saiheste aldera, muga pasatu zuela badakigu, bai eta Napoleonen beraren agindua izan zela Perkain eta errebeldeak atxilo har zitzaten. Pilotaria ez bazen izan, baliteke anaia Juan (Jean) izatea Napoleonen xede.
Semerik izan zuela ere badakigu; emaztea, ordea, Josefa Urrutia izan litekeela ageri da datu batzuetan[6], baina hala den ziurtasunik ez dago. Beste toki batean "Cattalina" izena ematen diote haren espusari[8].
Bestela ere, Perkaini buruzko datuak ez dira ugari. Aipamenak eskas eta datu gutxi: Louis Dassanceren ikerketaren emaitza, Tolosan jokatu zen partida aurreko kontratu batean haren izena ageri da: «Juan de Inda, alias Percain» dio agiriak.
Kondairak dioenez, Frantziako Iraultzaren garaian iraultzaren aurkako jarrera zuelako Hego Euskal Herrira ihes egin zuen. Horregatik, 1790eko hamarkadan Hego Euskal Herrian jokatu zuen. Baztanen zela, bere arerio Kurutxetek Aldudeko erronka bota zuen. Perkain, etxera itzultzeko baimena lortuta, partida jokatzera joan zen. Hala ere, Baionatik soldaduak bidali zituzten hura atxilotzera. Errepublikazaleen atsekaberako, partidua ikustera joan ziren 6.000 lagunek Perkain babestu zuten. Kondairak dioenez, Perkainek, partida irabaztekotan zegoelarik, soldadu taldearen buruzagia pilotakadaz jo eta bertan hil zuen. Kontakizun horretan oinarriturik sortu zen Pierre Harizperen Perkain; drame sous la Terreur et dans le pays Basque liburua.[9]
Perkain laxo jokalari handia mito izatera iritsi zen. XIX. mendean laxo jokoak eta Perkainek izan zuten sona eta garrantzia ondo ikus daitezke mito horren inguruan sortu ziren bertsoak ikusita. Hauek dira bertso zahar horietako batzuk:
Ahoz aho gure egunetaraino iritsi den beste kontakizun herrikoi batek Lapurdiko Luhuson Azantzak eta Perkainek aurrez aurre jokatu zuten partidaren berri ematen digu.[10] Aipatu kontakizunean esaten denez, hasiera batean Perkain irabazten ari omen zen, eta mando baten gainean zen nafar batek honela oihukatzen zuen behin eta berriro: 300 libera Perkainen alde!Inork ez zion apustua onartzen, hala ere, nafarrak segitzen zuen: 300 libera Perkainen alde! behin eta berriz oihukatzen. Azantzak, nafarraren oihuez nardaturik, pilotakada bat bidali zuen mandoaren aurka, horrela nafarraren erorketa eragin zuelarik. Izugarrizko kalapita sortu omen zen. Une nahas haietan Azantzaren arreba batek: 1000 libera nire anaiaren alde! oihu egin omen zuen eta ikusleetako batek onartu. Perkain, hura dena ikusirik, izugarri urduritu zen eta azkenean, Azantzak partida irabazi omen zuen.[11]
Hona bertsoa:
« | Azantzako semea nik ez dut mendratzen, Bere parerik ez du pilota botatzen; |
» |
Perkainek Gipuzkoako Tolosan partida handi bat jokatu zuela diote sei bertso zahar batzuek. Perkainekin batera semeetako bat eta Kurutxet aritu ziren Azantza, Elhorga eta Haroztegiren aurka. Irabazle Perkainen taldea izan omen zen. Lehen bertsoak honela dio: [11]
Laugarren bertsoak, berriz, honela dio:
Pierre Topet-Etxahun koblakari zuberotarrak Pilota munduko heroi herrikoien aldeko “Pilotarientzat” izeneko bertso bilduma osatu zuen.[12][11]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.