From Wikipedia, the free encyclopedia
Kramatorsk hiriko tren-geltokiaren aurkako erasoa 2022ko apirilaren 8an Donetsk Oblastako Kramatorsk hiriaren izen bereko tren-geltokian misilekin egindako aire-erasoa izan zen, Ukrainan, Ukrainako inbasioaren testuinguruan.[3][4] Apirilaren 14rako, Ukrainako ofizialek 59 zibilen heriotza eta beste 109ren zauritzea adierazi zuten, misil-erasoaren ondorioz.[1][2]
Kramatorskeko tren-geltokiaren aurkako erasoa | |
---|---|
Mota | Barreiatze-munizioarekin eginiko misil-erasoa |
Honen parte da | Ekialdeko Ukrainako erasoaldia (Ukrainako inbasioa) |
Data | 2022ko apirilaren 8a c. 10:30 AM (UTC+3) |
Garaia | Aro Garaikidea eta Errusia Vladimir Putinen gobernupean |
Kokaleku | Kramatorskeko tren-geltokia, Kramatorsk, Donetsk Oblasta (Ukraina) |
Herrialdea | Ukraina |
Parte-hartzaileak | |
Helburu | Kramatorskeko tren-geltokia |
Pertsona hilak | 59[1] |
Pertsona zaurituak | 109[2] |
Erantzule | Errusia |
Arma | OTR-21 Tochka |
Ukrainako Gobernuak, honen aliatuek eta aditu batzuek adierazi zuten erasoa Errusiak egin zuela,[5][6][7][4] azken honek errua ukatu duen arren. BBCren eta Bellingcaten arabera, 2022ko apirilerako ezjakina zen misilaren jatorria.[8][9]
2022ko otsailaren 24an hasitako Errusiaren inbasioaren zati gisa, Donetskeko eta Luhanskeko Herri Errepubliken indarrek –Errusiaren babesean– Donetsk eta Luhansk Oblasten zatiak hartzeko erasoaldi bat zuzendu zuten, egun Ukrainaren kontrolpean baitaude. Sloviansken eta Kramatorsken zeuden Ukrainako Indar Armatuetako soldaduek zeregin garrantzitsua izan zuten erasoaldi honi aurre egiteko.[10]
Ukrainako Gobernuaren arabera, bonbardaketa-momentuan 1,000 eta 4,000 zibil artean, batez ere emakumeak eta haurrak, zeuden geltokian Kramatorsketik ateratzeko zain, gatazka-frontetik gertu zeudelako.[11][12] Pavlo Kyrylenko-k, Donetsk Oblasteko Gobernadoreak, apirilaren 14an adierazi zuen 59 pertsona hil zirela erasoaren ondorioz, eta beste 109 zauritu zeudela.[1] Hildakoen hartean, gutxienez eta momenturako, bost haur ere zeuden; ondorioz, UNICEFek ere erasoa gaitzetsi zuen.[13]
Bi misilek Kramatorskeko tren-geltokiko eraikinaren inguruan jo zuten, goizeko 10:30ak aldera.[11] Lehen informazioak 10:45ak aldera argitaratu ziren, Ukrainako komunikabideetan. Goizeko 10:24 eta 10:25etan, Donetskeko Herri Errepublikarekin afiliatutako komunikabideek Shakhtarsketik –DHEn kontrolpeko hiria– misil-pare bat jaurti zutela erakusten zuten bideoak argitaratu zituzten.[14]
Munduko Sukalde Nagusiko kooperante batek, Kramatorskeko erasoa ikusi zuenak, "bost eta hamar leherketa artean" entzun zituela esan zuen. Informazio ezberdinek eszena oso odoltsu bat deskribatzen zuren. Agintariek esan zuten zenbait pertsonak kideak galdu zituztela leherketan. Atentatuaren biktimen gorpuak bertan zeuden, abandonatutako ekipajeen artean.[15]
Hasierako informazioaren arabera, gutxienez 39 pertsona hilda aurkitu zituzten gertakarien tokian, baina biktimen estimazioa 59ra igo zen ondoren –horien artean zazpi haur, gutxienez–, bizirik atera ziren pertsona gehiago hil baitziren ospitalean.[16]
Misilak, hasiera batean, Iskander misil balistiko gisa identifikatu ziren.[17] Pavlo Kyrylenko-k, Donetsk Oblasteko Gobernadoreak ondoren zehaztu zuenez, barreiadura-munizioz armaturiko Tochka-U misilak izan ziren.
Misiletako batek ЗА ДЕТЕЙ (za detei) errusierazko hitzak idatzirik zituen (euskaraz, ez. lit.: "haurren aldeko [mendekua]"), kanpoan, zuriz margotuak. Hala ere, esaldiak irakurketa desberdinak izan ditzake eta, horrek, polemika areagotu zuen.[18] Misilaren serie-zenbakia "Ш91579" da, jatorrizko armategira arte jarraitzeko erabil daitekeena.[19][20]
Ukrainak zuzenean Errusiari leporatu zion bonbardaketa –egun, Ukrainaren kontrolpean dago Kramatorsk–. Donetskeko Herri Errepublika errusiazaleak, ordea, ukatu egin zuen Errusiak halakorik egin izana, eta Kievi egotzi zion tren-geltokiari egindako erasoa. Errusiako Defentsa Ministerioak ere gezurtatu egin zuen hau, eta zehaztu bere armadak ez zuela Kramatorsken jarduera militarrak egiteko helbururik.[21]
Volodymyr Zelensky-k, Ukrainako Presidenteak, "mugarik gabeko gaitz" gisa deskribatu zuen Errusia.[22]
Ursula von der Leyen-ek, Europako Batzordeko Presidenteak, atentatuaren egunean Ukrainan izan zenak, erasoa "doilortzat" jo zuen.[23] Jean-Yves Le Drian-ek Frantziako Kanpo Arazoetako ministroak "gizateriaren aurkako krimentzat" jo zuen erasoa, eta esan zuen ezin zela zigorrik gabe geratu;[24] Ben Wallace-k, Erresuma Batuko Defentsa-Idazkariak, berriz, gerra-krimentzat jo zuen. António Guterres-ek, Nazio Batuetako Idazkari Nagusiak, misilekin egindako erasoa "guztiz onartezina" zela esan zuen.[25]
Oleksandr Kamyxin-ek, Ukrainako Trenbideen Presidenteak, "trenbideko bidaiari-azpiegiturari eta Kramatorsk hiriko biztanleei zuzendutako kolpe" gisa deskribatu zuen gertaera.[26] Ukrainako Segurtasun Zerbitzuak, gainera, zigor-arloko prozesu bat ireki zuen Ukrainako Zigor Kodearen 438. artikuluari jarraiki.[27]
Justin Bronk-ek Royal United Services Instituteko analistak adierazi zuen Errusiak Ukrainako garraio-azpiegiturak kaltetu nahi zituela, Ukrainako indarren zirkulazioa zailtzeko Donbassean zehar. Era berean, iradoki zuen Errusiak misil mota zehatz horren alde egin zuela, Ukrainako Armadaren armategian ere bazegoenez, "urak lausotzeko".[25]
Hasiera batean, Errusiako komunikabide estatalek eta Telegram-eko kanal errusiazaleek adierazi zuten Errusiaren aire-erasoek garraio militarreko helburu bat jo zutela, Kramatorsken.[28][29] Hala ere, argi geratu ondoren misilek zibilak hil zituztela, informazio hori berridatzi, Errusiako Gobernuak erasoaren erantzukizuna ukatu eta Errusiako Defentsa Ministerioak Ukrainaren berri faltsutzat jo zuen.[28][30] Errusiako Defentsa Ministerioak adierazi zuenez, Ukrainako Indarrek jaurti zituzten misilak ondoko Dobropilia hiritik, Kramatorsken hego-mendebaldean dagoena.[31][32]
Errusiako zenbait komunikabidek ere misilaren serie-zenbakia Ukrainako Indarrek erabilitakoaren tarte berekoa zela adierazi zuten. Hala ere, serie-zenbakiak ezin dira erabili misilak zein alderdik jaurti zuen frogatzeko; izan ere, Tochka-U guztiak Errusiako zentro bakar batean fabrikatu ziren, eta, handik, banatu ziren Sobietar Batasun osoan. Horren ondorioz, adibidez, Errusiak Sirian erabilitako Tochka-U baten eta Ukrainak Snizhne-n erabilitako baten arteko serie-zenbakien kointzidentzia estua dago.[33][9][34] Gainera, Errusiak eta Ukrainak beste aldetik harrapatutako munizioen erabilera zabala egin dute.[35][36]
Apirilaren 10az geroztik, BBCren logotipo faltsu bat zuen bideo editatu bat zabaldu zen Telegrameko errusiazaleen kanaletan, errua indar ukrainarrei egozten zitzaiena. Bideoa Errusiako Estatu-telebistan ere eman zen. Halere, BBCk ez du horrelako bideorik ekoitzi.[37][38]
Amnistia Internazionalak, eta ikerketa kazetarien talde batek, hainbat aditu militar anonimoekin batera –hala nola, Conflict Intelligence Teama–, jakinarazi zuten Ukrainako indar errusiarrek Tochka-U misilak erabili zutela, Ukrainako inbasioan zehar, Kramatorsken aurkako erasoaren aurretik.[39] Gainera, Bielorrusiako kode irekiko Hajun Proiektuko ikertzaileek, martxoaren 5ean eta martxoaren 30ean Bielorrusiatik Ukrainara "V" markarekin zihoazen Tochka misildun kamioi errusiar batzuen bideoak argitaratu zituzten.[40] Gainera, Gerraren Ikerketarako Institutuak ebaluatu zuen Errusiako Guardiako Arma Konbinatuen 8. Armadak, Donbassen lanean ari denak, Tochka-U misilak zituela.[5] Errusiako albisteek eta sare sozialetako irudiek Errusiako Misilen 47. Brigada erakusten dute, Arma Konbinatuen 8. Armadako kide dena, Tochkak 2021ko ekitaldi publikoetan erakutsiz, Krasnodarreko Garaipenaren Eguneko desfilean barne.[9]
Hil horretan bertan, PolitiFactek gertakaria bandera faltsuko operazio bat izateko aukera aztertu zuen, eta honako hau ondorioztatu zuen: "Ez dago froga sinesgarririk Ukraina apirilaren 8an Kramatorskeko tren-geltokian izandako erasoaren atzean zegoela esateko."[41]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.