Kanbriarrean, duela 530 milioi urte, gertatu zen izaki bizidunen dibertsifikazio handia From Wikipedia, the free encyclopedia
Kanbriarreko leherketa, Kanbriarreko eztanda[1] edo Kanbriarreko erradiazioa[2] orain dela 542 milioi urte[3] gutxi gorabehera eman zen gertakariaren izena da. 20[4][5] eta 25 miloi[6][7] urteko tartean, Kanbriarrean, erregistro fosileko animalia filum gehienak agertu ziren[8][9]. Gaur egungo metazoo filum gehienen dibergentzia bertan hasi zen. Gertakari honetan, gainera, beste organismo batzuen dibertsifikazioa eman zen.
Kanbriarreko leherketaren aurretik organismo gehienak oso sinpleak ziren, askotan zelulabakarrak edo koloniatan antolatuta. 70 eta 80 milioi urteko tartean dibertsifikazio abiadura azkartu zen, eta bizia gaur egun duen itxura hartzen hasi zen[10]. Gaur egungo animalia filum gehienak garai horretan sortu ziren[11][12].
Kanbriarreko leherketaren inguruan eztabaida zientifiko handia dago.
William Bucklandek 1840ko hamarkadan jada ikusi zuen "Estratu Primordialetan" fosilak bat-batean agertzen zirela[13]. 1859an Charles Darwinek Espezieen jatorriaz liburuan jada aipatu zuen bere hautespen naturala eraldaketa txikien bidezko teorian arazo bat suposatzen zuela aurreko fosilik ez egoteak[14]. Kanbriareko faunaren agerpena bat-batean izateak hiru eztabaida piztu zituen: ea benetan eman zen organismo konplexuen dibertsifikazio bat hain denbora tarte laburrean; ea zerk eragin ote zuen aldaketa azkar hori; eta zeintzuk ziren horrek animalien jatorrian zituen ondorioak. Interpretazioa zaila da, ebidentziak oso gutxi direlako, erregistro fosila ez delako osoa eta Kanbriarreko arrokatako zeinu kimikoak mugatuak direlako.
Aurkitutako lehen kanbriar fosilak Trilobitesak izan ziren, Edward Lhuydek 1698an deskribatuak[15]. Eboluzioan zuten garrantzia oraindik ez zen ezaguna, baina zuten adina zela eta William Bucklandek ikusi zuen gaur egun Kanbriar deitzen dugunaren oinarrian aldaketa dramatikoa gertatu zela. XIX. mendeko Adam Sedgwick eta Roderick Murchison geologoek fosilak estratoak datatzeko erabiltzen hasi ziren, batez ere Kanbriar eta Siluriar garaiak definitzeko[16]. 1859an Roderick Murchison eta beste batzuek aurkitu zuten garai hartan Behe Siluriar deitzen ziren estratoen oinarrian biziaren jatorria agertzen zela. Charles Lyell ez zegoen ados horrekin. Espezieen jatorriaz liburuan Darwinek trilobite talde bakartiaren bat-bateko agerpena eztabaidatu zuen, inongo aurrekaririk gabe, eta beste fosil ezagunik gabe, bere teoriaren arazo handienetakoa zela onartu zuen. Pentsatu zuen antzinako itsasoetan izaki bizidun asko egongo zirela, baina euren fosilak ez zirela aurkitu oraindik erregistro fosila ez zelako ezaguna. Bere liburuaren seigarren edizioan honela idatzi zuen arazoari buruz:
« | Zergatik ez dugun kanbriar sistemaren aurreko ustezko aldi oso zahar horietako metaketa fosildunik aurkitzen galderari ezin diot erantzun asegarririk eman. | » |
Charles Doolittle Walcott paleontologo estatubatuarrek Burgess Shaleko fauna ikertu zuen eta proposatu zuen aro berri bat sartzea, "Lipaliarra". Proposaturiko aro honetan fosilik ez litzateke egongo, edo ez ziren ondo mantenduko, eta Kanbriarreko animaliek garai horretan eboluzioatu zutela aipatu zuen[18].
Ondoren, fosil askoz zaharragoak aurkitu dira. Ezagutzen den fosilik zaharrena, biziaren historia gutxienez orain dela 3.850 urte hasi zela adierazten du[19]: Australiako Warrawoonan aurkitutako arroketan estromatolito fosilak daude, mikroorganismo koloniek osatutako zutabe formako egiturak. Grypania generoko eukarioto fosilak orain dela 1.400 milioi urte aurkitu dira, Txinan zein Montanan. Eukarioto horien ondorengo izan daitezke animalia, landare eta onddoak. Orain dela 580 eta 543 milioi urteko arroketan Ediakara deitutako biotaren fosilak aurkitu dira, izaki zelulaniztunak, baina gaur egungo organismoen oso ezberdinak[20]. 1948an Preston Cloudek proposatu zuen Kanbriar Goiztiarrean "erupzio" bat egon zela[21], baina 1970eko hamarkadan oraindik ez zen aurkitu Kanbriar Ertainean edo Kanbriar Berantiarrean agertu ziren animalien antzekorik[20].
"Kanbriarreko leherketan" interesa berriro piztu zen Harry B. Whittington eta bere lankideek 1970eko hamarkadan Burgess Shaleko fosilak berriro aztertu zituztenean eta proposatu zutenean bertan zeuden animaliak gaur egungoak bezain konplexuak zirela, baina era berean ezberdinak[22][23]. Organismorik ohikoena, Marrella, artropodoa dudarik gabe, ez zen gaur egungo artropodo klase batekoa. Opabinia bezalako bost-begiko izakiak edo Wiwaxia arantzatsua hain ziren ezberdinak ezagutzen ditugun animalienak, ezen Whittingtonen taldeak pentsatu zuen filum ezberdinak zirela, gaur egungo animaliekin harremanik gabekoak. 1989an Stephen Jay Gouldek Bai bizi zoragarria liburua argitaratu zuen[24], publikoarengana eramanez leherketa honen esanahi sakona. Xehetasunetan eztabaida bazuten ere, Whittington eta Gouldek proposatu zuten animalia filum moderno guztiak ia aldi berean agertu zirela tarte geologiko oso laburrean. Gouldek eta Niles Eldredgek 1970eko hamarkadan oreka puntuatuaren teoria proposatu zuten, Darwinen bizitzaren zuhaitza modernizatzeko saiakera bat. Teoria honen arabera eboluzioa ez zen linealki ematen, baizik eta epe estatiko luzeak egongo ziren aldaketa azkarreko une "puntuatuak"[25].
1970eko hamarkadaren ondotik egindako hainbat analisien arabera, Aurrekanbriarrean jada garatu ziren gaur egungo animalien antzekoak izango ziren izaki konplexuak[26][27][28].
Kanbriarraren datazio erradiometrikoa egitea ez da posible izan orain dela denbora gutxira arte, eta bakarrik munduko eskualde batzuetan. Datazio erlatiboa (hau da, A izan zen B baino lehenago) nahikoa izaten da eboluzio-prozesuak ikertzeko, baina hau ere zaila da, kontinente ezberdinetako arroken arteko korrelazioa egitea ere oso ariketa zaila delako[29].
Horregatik, datu hobeak izan arte, zaila da gertakarien zerrenda zehatz bat egitea.
Gorputz fosilak izan ohi dira ebidentzia mota nagusia. Fosilizazioa ez da ohiko prozesua, eta fosil gehienak higadurak edo metamorfismoak apurtzen ditu guregana heldu aurretik.Horregatik, erregistro fosila ez da osoa, eta geroz eta denbora gehiago pasa, orduan eta ez-osoagoa izango da[30]. Hala ere, normalki nahikoak izaten dira biziaren historiaren gertakari nagusiak identifikatzeko. Gainera, ingurune guztietako izakiek ez dute fosilizatzeko aukera berbera; horregatik, fosilizazioa ohikoagoa edo errazagoa den inguruneetako izakien erregistro fosila handiagoa da[31]. Hori gutxi balitz, organismo guztien atal batzuk baino ez dira mineralizatzen eta fosilizatzen, adibidez moluskuen oskolak. Animalia espezie askoren gorputza biguna da, eta normalki usteltzen dira fosilizatu aurretik. Ondorioz, gaur egun ezagutzen ditugun 30 animalia filum baino gehiagotik, bi heren ez dira inoiz iritsi fosilizatzera[20].
Kanbriarreko erregistro fosilak lagerstätten kopuru oso handia du, ehunak kontserbatzen dituen fosilizazio mota. Paleontologoek, honela, aukera izan dute animalien barne-anatomia ikertzeko, ohikoak diren oskol, arantza eta matxardez gain. Lagerstätten garrantzitsuenak Txinako Chengjiang, Groenlandiako Sirius Passet[32], Kanadako Burgess Shale[33] eta Suediako Orsten dira.
Hala ere, lagerstätten hauek ez dira perfektuak ez osoak. Ingurune zehatzetara mugaturik daude, ehun bigunak mantentzeko gaitasuna duten gutxi horietara, eta animalia gehienak ez dute zertan ingurune horietan bizi behar; gainera, gertakari katastrofikoen ondorioz sortutako fosil geruzak ez dira bizitza normalaren ordezkari[2]. Azkenik, Kanbriarreko lagerstätten horiek datatzeko zailak izaten dira, eta Aurrekanbriarrekoak oraindik ikertzeke daude.
Fosil bat aurkitu eta datatzen dugunean, Signor-Lipps efektua aplikatu behar diogu: izaki hori aurkitu genuen garaia baino lehenago eta beranduago existitzea bere espezieko beste ordezkariak[34].
Markatzaile geokimikoek erakutsi du Kanbriarraren hasieran hainbat aldaketa sakon egon zirela ingurumenean. Markatzaile hauen jatorria izan daiteke iraungitze masibo bat[35][36] edo metano hidratoaren askapen masiboa[37]. Aldaketa horiek Kanbriarreko leherketaren arrazoia izan daitezke, baina baliteke ere jarduera biologikoaren gorakadak eragin izana; hau da, leherketak berak alda zitzakeen baldintza geokimikoak. Gertakarien azalpen falta honen gainetik, ebidentzia geokimikoaren ondorioz zientzialariek euren hipotesietan baldintza hau betetzen duten egoerak proposatu behar dituzte.
Kanbriarreko leherketa ulertzeko lehenengo pausoa aurretik zegoen bizitza ezagutzea da: gertakari honen ondorioz bizitza mota oso ezberdinak bat-batean agertu ziren, edo lehenago existitzen al ziren?
Analisi filogenetikoa erabili izan da esateko Kanbriarreko leherketan metazooak monofiletikoki eboluzionatu zutela arbaso komun batengandik: gaur egungo Choanoflagellataren antza izango zuten protista flagelatu kolonialak.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.