Irulegiko herrixka
Burdin Aroko herri gotortua From Wikipedia, the free encyclopedia
Burdin Aroko herri gotortua From Wikipedia, the free encyclopedia
Irulegiko herrixka Brontze Aroko eta Burdin Aroko herria izan zen; gaur egun, aztarnategi arkeologiko bat dago garai haietako herria eta Erdi Aroko gazteluaren aztarnak dituenak[1]. Arangurengo (Nafarroa Garaia) Irulegi mendiaren gainean dago, gaztelua baino pixka bat beherago. Baskoien herria izan zen, Sertorioren gerran erre eta abandonatua. Bertan aurkitu zen 2021ean Irulegiko Eskua deritzon pieza arkeologiko nabarmena, baskoieraz idatzitako hitzak dituena.
Irulegiko herrixka | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Aranguren |
Koordenatuak | 42°46′44″N 1°30′52″W |
Altitudea | 893 m, itsas mailaren gainetik |
Arkitektura | |
Azalera | 22.000 m² |
2023ko apirilaren 26an, Irulegiko zona arkeologikoa kultur intereseko ondasun izendatu zuen Nafarroako Gobernuak[2]. Gazteluari eta horren aitzin hor zegoen herrixkaren eremuari eragiten dio aitortzak eta, horri esker, esparru hori gehiago babesteko neurriak bermatuko dituzte.
Irulegiren beste izen batzuren testigantzak agertzen dira dokumentazioan: Yllundain 1208an, Irunden, 1274an, Irundain, 1279an, Hirunday 1311an eta Ilundayn 1349 eta 1591n. Mikel Belasko filologoak Irulegi izena, Hiru + egi hitz parearen bilakaera da. Javier Armendariz Martijaren iritzian, ordea, eta izen historikoak kontuan hartuta, uste du Iri (Irun) eta -gain multzoaren aldaera izan daitekeela. Gaur egun, izen hori du Irulegiko tontorretik 700 bat metrora dagoen herrixka batek. Arkeologoarentzat, toponimoa mugitu egin zen, K.a. I. mendearen erdialdean biztanleak lekualdatu zirenean[3], erromatartze garaian ohikoa izan zen prozesuan.
2005ean Javier Armendariz Martijak bertako burdin aroko herria —haren iritziz, oppiduma— ikertu zuen: bere ustez, Iruñerria egituratzen zuten herrietako bat zen.[4] 2020an, Mattin Aiestaran arkeologoak zuzendutako taldeak erromatarren aurreko herri gotortua azalarazteko lurra zundatzen hasi zen, aurreko bi urteetan ikerketa geofisikoak egin ostean.
Bi urtez aritu ziren sonarrak eta radarrak erabiltzen, lurpean zegoena aztertzen. Horien bidez, lur azpian ezkutatuta dauden eraikinen egiturak irudika daitezke. Horrela jakin zuten han Burdin Aroko eraikin bazegoela, harrizko eta pezozko hormak zituena.
Iraupen luzeko herria izan zen, Brontze Aroan eta Burdin Aroan okupatua, zehazki garai hauetan: Brontze Amaiera edo Burdin Aro hasiera, Burdin Aroa aurreratua eta Burdin Aro amaiera[5].
Indusketan ontziak topatu zituzten, aleak ehotzeko errotarriak, eta baita baskoi haiek hazten eta ehizatzen zituzten animalien zantzuak ere.
Umetxo bat ere aurkitu zuten; jaio aurretik baino apur bat lehenago edo ondoren hil zen, amaren haurdunaldiaren 34-36. aste inguruan.[6] Burdin Aroko herrixka askotan aurkitu izan dira haur jaioberriak etxe barruan edo etxearen horman, teilatupean lurperatuta. Euskal Herrian, gainera, ohitura hori mendeetan zehar mantendu da, aldaketa gutxirekin. Helduen gorpuzkiak, ordea, erre egiten zituzten.[7]
Herria babesteko, sei metroko harresiak zituen. Herriak denera hamar bat hektarea hartzen zituen, soroak eta belardiak barne. Harresietako gune bat nahita suntsituta dagoela ondorioztatu zuten eta bizilekuari su eman ziotela. Erromako Inperioa Euskal Herrian zabaltzeak «prozesu gatazkatsuak eta ezegonkortasuna» eragin zituela adierazi zuten, eta indusketak horiek hobeto ulertzen lagunduko duela. Hedabideei jakinarazitako ohar batean, Aranzadi Zientzia Elkarteak adierazi zuen «Horrek guztiak agerian uzten du Irulegi fase kronologiko zabalak barneratzen dituen aztarnategia dela, eta arrazoi hori dela eta, erreferentziala izango da Iruñeko arroko bilakaera historikoa ezagutzeko».[6]
«Irulegiko hedapena eta hiri garapena garrantzitsuak dira Pirinioaurreko arroetako Nafarroako kokaleku ereduak ulertu ahal izateko. Izan ere, itxuraz, gainera, Ebro ibarraren eta mendi ingurunearen arteko lotura ziren«, esan zuen Mattin Aiestaranek.[6]
2023ko udan inoizko indusketa kanpainarik luzeena egin zuten Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo talde batek eta ehun bat boluntariok. Ekainaren 19an hasita eta hiru hilabetez ehun metro koadroko eremu bat induskatu zuten -etxebizitza oso bat- eta ondorioztatu ahal izan zuten orain arte azterturiko herrixkaren parte osoari eraso ziotela Sertorioren gerran[8].
Bi mila piezatik gora aurkitu zituzten 2023ko indusketa kanpainan: zeramika zatiak, animalia hezurrak, etxeko tresnak... Aurreko kanpainetan ere halako ugari topatu izan zituzten, baina baziren soilik azken horretan nabarmendu ziren zenbait elementu eta ondorio. Lehenik, induskatu berri zuten etxebizitza horretan beste errotarri bat atzeman zuten, eta, beraz, ohartu ziren herrixkako etxe guztiek zutela tresna hori. Bigarrenik, inportaturiko anforak aurkitu zituzten, eta ondorioztatu zuten "olioa Adriatikotik eta ardoa Italiatik" ekartzen zutela. Eta, hirugarrenik, etxebizitza berri horretan zazpi mailako eskailera bat aurkitu zuten, etxearen sarrera eta kale nagusia lotzeko balio zuena. Mattin Aiestaran indusketako zuzendariaren hitzetan, "Mendebaldeko Pirinioetako Burdin Aroko herrixketan oso-oso-oso ezohikoa da halakorik izatea".
Idazteko erabiliko zen stilus bat ere aurkitu dute, eta opus signinum erromatarra imitatzen duen horma estaldura zati bat.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.