Remove ads
From Wikipedia, the free encyclopedia
Iparraldeko elorri zuri (Crataegus monogyna) Rosaceae familiako Crataegus generoaren espeziea da.
Iparraldeko elorri zuri | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Rosales |
Familia | Rosaceae |
Generoa | Crataegus |
Espeziea | Crataegus monogyna |
Zuhaixka hostoerorkor handia da, baldintza onetan 10 metro luze hazi daiteke, zuhaitz txiki bateko itxura hartuz.
Asko adarkatzen den espeziea da, adar ugari eta tamaina ezberdinekoak osatuz.
Azala lodia eta arre kolorekoa du, zimurtua eta erroitz laranjaz betea.
Hostoak erorkorrak, sinpleak eta lobulatuak dira, perrexilaren itxurakoak. Aurkako eran jarritako 3-7 lobulu sakon ditu hosto bakoitzak.
Loraldia zuria da, ikusgarria eta lore ugariz betea, zuhaixka guztia zuriz hornitzen delarik.
Intsektuak oso garrantzitsuak dira espezie hau ugaldu eta biderkatu ahal izateko, polinizazioa burutzen dutenak direlako.
Fruituak gorriak dira, sagartxo txikien itxurakoa. Jaki garrantzitsuak dira txorientzat, udazkenean eta neguan zuhaixka eta zuhaitzen fruituetan baitute hornidurarik esanguratsuena.
Europan, iparraldeko Afrikan eta mendebaldeko Asian du jatorria eta munduko beste eskualdeetan espezie inbaditzailetzat jotzen dute[1].
Hezetasuna gustuko duen zuhaixka da, beraz Euskal Herri hezean oso ugaria da. Euskal Herriko hegoalde lehorragoan ere ageri da, batez ere ibarretan eta mendietan gotorturik.
Hezetasuna behar duen zuhaixka da, ez du lehorte luzeak gustuko. Lur sakon eta freskoetan du bere habitat atseginena eta beste zuhaixka espezie ezberdinekin bizi da baso mistoetan, basoa beraren oihanpea osatuz.
Zuhaixka hauek garrantzia ekologiko handia dute intsektuak eta txoriak elikatzen baitituzte beraien lore zein fruituekin.
Sendabelar moduan gutxiegitasun kardiakoa hobetzeko erabiltzen dute.
Iparraldeko elorri zuria familia bereko fruta-arboletarako oin bezala ere erabiltzen da, zuhaixka moldakorra eta bakterioei erresistentea delako. Fruitu hauek txertatzeko erabiltzen da: sagarra, mizpira, udareak eta irasagarra[2]
Bere zura gogorra eta trinkoa da, zuria, batzuetan marroi gorrixkaz tindatua. Haltza zuriaren oso antzekoa da, eta orban marmokadunak ditu[3]. Antzina, pieza mekanikoetarako erabiltzen zen (marruskadurarekiko erresistentzia handia zuen zura), arotzeria txikirako eta torneaketarako (upel-txorrotak). Erregai ona da[4] .
Euskal Herrian elorri zuria tximistaren aurka babesteko erabili izan da, soinean eramanez edo ateetan bere egurraz egindako gurutzeak jarriz[5]. Kondairaren arabera, Arantzazuko Ama Birjina, Gipuzkoako zaindaria, elorri zuri baten gainean agertu zitzaion artzain bati[6] eta Kristoren koroa elorri zuriaren arantzez egina zela uste da. San Joan bezperako suan elorri zuria eta laharrak erretzen zirela jaso zen Amezketan[7].
Germaniar mitologian, loa ekartzen du elorri zuriaren arantza bat ukitzeak eta horrela adierazten da hainbat mitoetan eta garai berriagoetako ipuinetan[8].
Jatorri zeltak dituzten herrialdetako folklorean, Irlandan adibidez, ireluak elorri zuri isolatuen azpian agertzen ziren, eta elorri zuriak orokorrean, ezin ziren moztu maiatzean baizik (maiatzeko zuhaitza ere deitu izan diote), edo arrazoi on bat ez bazegoen, eta beti ere, barkamena eskatu ondoren[9].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.