From Wikipedia, the free encyclopedia
George Sand (jaiotza-izena: Amandine Aurore Lucile Dupin), Dudevant baronesa, (Paris, Frantzia, 1804ko uztailaren 1a - Nohant, 1876ko ekainaren 8a), idazle frantziarra izan zen[1].
George Sand | |
---|---|
(1838) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Amantine Aurore Lucile Dupin |
Jaiotza | Parisko 6. barrutia, 1804ko uztailaren 1a |
Herrialdea | Frantzia |
Bizilekua | Paris George Sand etxea |
Lehen hizkuntza | frantsesa |
Heriotza | Nohant-Vic, 1876ko ekainaren 8a (71 urte) |
Hobiratze lekua | Nohant-Vic |
Heriotza modua | : heste-buxadura |
Familia | |
Aita | Maurice Dupin de Francueil |
Ama | Sophie Victoire Delaborde |
Ezkontidea(k) | Casimir Dudevant (1822ko abenduaren 10a - 1835) |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Seme-alabak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, kazetaria, salonnièrea, antzerkigilea, eleberrigilea, eguneroko-idazlea, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, libretista, musikagilea eta autorea |
Lantokia(k) | Frantzia |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Influentziak | Adam Mickiewicz, Jean-Jacques Rousseau, François-René de Chateaubriand, Aristoteles, Montesquieu, Blaise Pascal, Jean de La Bruyère, Michel de Montaigne, Francis Bacon, John Locke, Gottfried Wilhelm Leibniz, Virgilio, Alexander Pope, John Milton, Dante Alighieri, William Shakespeare eta Étienne Bonnot de Condillac |
Mugimendua | erromantizismoa |
Izengoitia(k) | George Sand |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
Feminismoaren aitzindari, nobelak, ipuinak, antzezlanak, autobiografia bat, literatura kritika, politika-testuak eta abar idatzi zituen. Baina ez bakarrik literatura, pintura ere landu zuen. Aldi berean, politikarekin arduratutako emakumea izan zen, eta, neurri batean, 1848ko behin-behineko gobernuan parte hartu zuen[2].
George Sand —lagun eta senideentzat, Aurore[3]—, Parisen jaio zen 1804an, baina haurtzaroko zatirik handiena Nohanten eman zuen (Indre departamenduan), Marie-Aurore de Saxe, Madame Dupin Francueilgoa, amonaren etxe eta zaintzapean[4][5]. Leku hori geroagoko nobela askotan erabili zuen. Maurice Dupin aita Maurice Saxoniako konde Frantziako mariskalaren biloba zen, eta familiako adar horren bidez, Luis XVI.a, Luis XVIII.a, Karlos X.a Frantziakoa eta Luis Filipe Frantziakoarekin lotuta zegoen.
1822an, hemezortzi urte zituela, Casimir Dudevant baroiarekin ezkondu zen[4], eta bi seme-alaba izan zituzten[5]. 1831n senarra utzi eta lauzpabost urteko "bihurrialdi erromantiko" batean murgildu zen[6]. 1835ean dibortzioa lortu eta eta bi seme-alabak berekin eraman zituen Parisera.
Senarra utzi ondoren, jantzi maskulinoen aldeko joera hartzen hasi zen, nahiz eta bilera sozialetan emakume arropak janzten segitu. Horrela jantzita joateak Parisen zehar libreago ibiltzeko aukera eman zion; hala, bere egoera sozialeko emakume batentzat bestela debekatuak liratekeen lekuetara sartzeko aukera izan zuen. Horren guztiaren ondorioz, baroisa bihurtu zenean lortutako pribilegioetako batzuk galdu zituen[7][8].
Amodio-bizitza mugitua izan zuen, maitale ugarirekin eta harengan eragina izan zuten zenbait harremanekin; Jules Sandeau idazlearekin (1931), izengoitia eman zionarekin; Prosper Mérimée idazle eta arkeologoarekin zorigaiztoko amodio-kontu labur bat izan zuen; Alfred de Musset poetarekin (1833-1835); Louis-Chrysostome Michel; Pierre-François Bocage; Charles Didier; Félicien Mallefille; Louis Blanc eta Frédéric Chopin musikariarekin (1837-1847)[9]. Comédie-Françaiseko aktore Marie Dorvalekin ere ezkutuko harremana izan zuen: Lélia liburua inspiratu zion[8].
Sanden harremanen artean Chopinekin izan zuena nabarmentzen da. Sandek 1838-1839ko negua Chopinekin Mallorcan pasa zuen Valldemossako monasterio kartusiarrean (aldez aurretik abandonatuta)[10]. Mallorcara bidaia, Negu batez Mallorcan (Un hiver à Majorque), liburuan deskribatu zuen eta 1841ean argitaratu zen lehen aldiz[5][11]. Chopin, ordurako, tuberkulosi hasiberria zuen bere harremanaren hasieran, eta negu hotz eta hezea Mallorcan igarotzeak, ostatu egokia lortu ezinean, sintomak areagotu zizkion[12]. Hil baino bi urte lehenago, hainbat arrazoi zirela medio, bereizi egin ziren[13]. Lucrezia Floriani eleberrian, Karol izeneko Ekialdeko Europako printze gaixoberarentzat eredu gisa Chopin erabili zuen. Adin ertaineko emakumezko aktore batek (Lucrezia) zaintzen du Karol, eta asko sufritzen du, Karol maite duelako[9]. Sandek Chopinen karikaturarik ez zuela egin adierazi zuen arren, liburuaren argitalpenak eta irakurle kopuru handiak, besteak beste, elkarrenganako antipatiaren arrazioa da, agian. Haien arteko harremanean inflexio-puntua alaba Solange izan zen.
Chopin adeitsua izaten segitu zuen Solangerekin, berak eta senarrak, Auguste Clésingerrek, Sandekin diruagatik borroka izan ondoren. Sandek Solangerekiko Chopinen laguntza oso desleialtzat hartu zuen, eta Chopinek Solange beti "maite" zuenaren baieztapen moduan[9]. Mauricek, Sanden semeak, ere ez zuen Chopin gogoko. Mauricek bere burua "finkako gizon" gisan ezarri nahi zuen eta ez zuen Chopin bere aurkari izatea nahi. Inoiz ez zitzaion eskatu Chopini Nohant uzteko; 1848an Parisera itzuli zen Erresuma Batuan zeharreko bira baten ondoren, eta hurrengo urtean Place Vendômen hil. Chopinek ez zuen zentimo bat ere une horretan: lagunek bertako egonaldia ordaindu behar izan zioten, baita La Madeleine elizako hileta-elizkizuna ere. Han 3.000 lagun baino gehiago izan ziren, tartean Eugène Delacroix, Franz Liszt, Victor Hugo eta beste pertsona famatu asko, baina George Sand, ez.
Sand Nohanten hil zen, Châteauroux inguruan, Fantziako Indre departamentuan, 1876ko ekainaren 8an, 71 urte zituela. Nohant-Viceko kaperaren atzeko hilerri pribatuan lurperatu zuten[14]. 2003an, haren gorpuzkinak Parisko Panteoira eramateko planak eztabaida sortu zuten[15][16].
George Sandek, 27 urte zituela, Europan edozein generotako idazlerik ezagunena izan zen, Victor Hugo eta Honore de Balzac baturik baino ezagunagoa izanez 1930 eta 1840ko hamarkadetan, Ingalaterran[17]. Izan ere, oso ospetsua izaten jarraitu zuen bere bizitza osoan eta hil ondoren ere. Bere karreraren hasieran eskaera handia zuen eta, 1836rako, bere idatzien hainbat bildumen artean lehenengoa 24 liburukitan argitaratu zen[18]. Guztira, bere "obra osoen" lau edizio argitaratu ziren, eta, 1880an, seme-alabek beren literatur ondarearen eskubideak saldu zituzten 125,000 frantziar liberatan[19] (36 k. urreren baliokide, edo USD 2015ean 1,3 milioi dolar[20]).
Bere haurtzaroko bizipenetan oinarrituta, La Mare au diable (1846), François le Champi (1847-1848), La Petite Fadette (1849) eta Les Beaux Messieurs de Bois-Doré (1857) idatzi zituen[21]. Negu batez Mallorcan (Un hiver à Majorque) liburuan, 1833tik 1839ra bitartean Chopinekin uharte horretan igaro zuen aldia deskribatu zuen. Beste eleberriak honako hauek dira: Indiana (1832), Lélia (1833), Mauprat (1837), Le Compagnon du Tour de France (1840), Consuelo (1842-1843), eta Le Meunier d'Angibault (1845)[5]. Antzerki-piezak eta pieza autobiografikok Histoire de ma vie (1855), Elle et lui (1859, Mussetekin izandako harremanari buruz), Journal intime (1926, hil ondoren argitaratua) eta Correspondance dira, besteak beste. Sarritan bere antzerki lanak Nohant finkan antzeztera ematen zituen.
Mundu osoan oso ezaguna izan zen, eta bere praktika sozial, idatzi eta sinesmenek iruzkin ugari eragin zituzten, askotan, arteen eta letren munduko beste kide batzuen aldetik.
Jules Sandeau idazlearekin izandako kolaborazio baten emaitza izan zen Sanden debut literarioa. Ipuinak elkarrekin argitaratu zituzten, "Jules Sand" sinatuz. Sandek kaleratu zuen lehen eleberria, Rose et Blanche (1831), Sandeaukin elkarlanean idatzi zuen[22]. Ondoren, bere lehen eleberri independienterako, Indiana (1832), famatu bihurtu zen izengoitia hartu zuen: George Sand[23].
Sand literatura kritika eta testu politikoak idatzi zituen. Bere bizitza hasieran, pobre eta langile klaseen aldekoa zen, baita emakumeen eskubideena ere. 1848ko iraultza hasi zenean, errepublikari sutsua izan zen. Sandek bere egunkari propioa izan zuen, langileen kooperatiba batean argitaratua[24].
Hala ere, Parisko Komunaren indarkeriaz harrituta zegoen. Idatzi zuen: "Abentura izugarriak jarraitzen du. Beraiek erreskatatzen dute, mehatxatzen dute, atxilotzen dute, epaitu egiten dute. Udal guztiak, establezimendu publiko guztiak hartu dituzte, munizioak eta elikagaiak lapurtzen ari dira"[25].
Politikoki, oso aktibo bihurtu zen 1841az geroztik eta eguneko buruzagiek maiz kontsultatu zuten berarekin eta bere aholkua onartzen zuten. 1848ko behin-behineko gobernuko kidea izan zen, eta Luis Napoleon Bonaparteren 1851ko estatu-kolpearen garaian, bere lagunen zigorrak murrizteko eta barkamenak lortzeko tratutan ibili zen[3].
Parisko Komunaren garaian bere idatzi eta inplikazioagatik ezaguna zen. Bertan, Versallesko batzarrean "komuneroen" aurkako jarrera hartu zuen, indarrezko ekintzak bultzatuz "matxinatuei" aurre egiteko[26].
Eleberriak
|
|
Antzerki lanak
|
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.