From Wikipedia, the free encyclopedia
Gaizkata arrunta (Acipenser sturio), europar gaizkata, gaizkata baltikoa edo, besterik gabe, gaizkata ere deitua, Acipenseridae familiako arrain aktinopterigioa da[1]. Egun, arrisku larrian (CR) dago, IUCNren Zerrenda Gorriaren arabera[2].
Gaizkata arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Galzori larrian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Ordena | Acipenseriformes |
Familia | Acipenseridae |
Generoa | Acipenser |
Espeziea | Acipenser sturio Linnaeus, 1758
|
Gorputz luzanga du, bost lerrotan antolatutako hezurrezko plakez estalia. Eskeleto kartilaginosoa du, partzialki osifikatua. Isats hegala heterozerkoa (asimetrikoa) da.
Bizkar marroi grisaxka du, distira berdeekin, eta sabel horixka, zilar-koloreko distirekin; halaber, mutur zorrotza du, moko itxurakoa, azpiko aldean 4 sentipen-bizar dituena. Ahoa hodi protraktila da eta ez du hortzik. Handienek 3,5 metroko luzera dute eta 170 kiloko pisua inoiz[3][4].
Arrain anadromoa da: bizitzaren zati handiena itsasoan ematen du, baina ibaira itzultzen da ugaltzera. Arrak 10-12 urterekin ugaltzen dira aurrenekoz eta emeak 14-18rekin. Zantzuen arabera, arrak bi urtetik behin ugaltzen dira eta emeak, 3-4 urtetik. Ugalketa apiril eta uztaila artean izaten da. Migrazio eta errunaldian helduek ez dute jaten. Migrazioan ibilitako distantzia ibaiaren ur mailarekin erlazionatuta dago. Ur emari handiko urteetan 1000 km edo gehiago korritzen ahal dute. Helduak ugaldu orduko itzultzen dira itsasora[2].
Arrabak substratuari itsasten zaizkio eta 10 egunen buruan larbak jaiotzen dira. Hauek, laster, arrainkume higikor bilakuko dira. Jaio ondorengo lehenbiziko uda errunlekutik hurbil igarotzen dute. Dena den, fase hau aski ezezaguna da. Udazkenean ibaian behera abiatu eta neguan estuariora iristen dira. Ordurako 6-8 hilabete dute eta 20-25 cm luze dira. Hirugarren uda baino lehen itsasoan sartzen dira. 3 eta 10 urte arteko gaizkata gazteek uda estuarioan igarotzen dute eta negua, itsasoan[3].
8-10 urterekin, gaizkata heldugabeek itsasadarra erabat uzten dute eta plataforma kontinentalean kokatzen dira, gehienetan 40 m baino gutxiagoko sakoneran. Itsasoan migrazio luzeak egin ditzakete. Esate baterako, Girondako estuarioan markatutako gaizkata batzuk, geroago Ipar itsasoan harrapatu dira[3].
Gazteek, ibaian eta estuarioan, makroornogabe bentikoak jaten dituzte. Girondako estuarioan, poliketoak (itsas zizareak) eta krustazeo txikiak harrapakin nagusiak dira[3]. Itsasoan, moluskuak, krustazeoak eta arrain txikiak jaten dituzte[2].
Antzina Europako itsasalde eta ibai handi gehienetan ugaria zen. Ohikoa zen Atlantikoko kostalde gehienetan, bereziki Baltikoko eta Ipar itsasoko sakonera txikiko uretan. Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean ere bizi zen. XX. mendearen hasiera arte Europako 30 ibai arro baino gehiagotan ugaltzen zen[3].
1970reko hamarkadaren erdialdean bi populazio ugaltzaile baino ez ziren geratzen: Rionikoa (Georgia) eta Garona-Dordoina arrokoa. Rionin 1991n hauteman zen azkenekoz[2]. Beraz, egun gaizkata arruntaren banaketa Girondaren arrora eta Bizkaiko golkora mugatuta dago. Beti ere, ingurune naturalean egiaztatu diren azken ugalketak 1988 eta 1994koak dira[3].
XX. mendearen hasiera arte garrantzi handiko arrain komertziala izan zen, kabiarra ekoizteko batez ere. Ordutik gainbehera izugarria izan zuen eta XXI. mendearen hasieran Garona-Dordoina arroko populazioa baino ez zen gelditzen. Gehiegizko arrantza, habitataren galera eta uraren kutsadura dira gainbehera horren arrazoi nagusiak[2].
Gaizkata arrunta CITES (Arriskuan dauden fauna eta flora espezie basatien inguruko nazioarteko merkataritzari buruzko konbentzioa), Bonngo hitzarmena (1979) eta Bernako hitzarmenaren (1979) arabera babesturik dago. Habitaten zuzentarauak (1992) lehentasunezko espezietzat jo zuen[3].
Garona eta Dordoinan 1995ean egin ziren lehenbiziko birpopulazioak. Arrantzaleek ustekabean harrapatutako bi gaizkata helduri esker, 23.000 larba jaio ziren gatibutasunean. Urte hartan 9.000 larba askatu ziren ibaietan eta mila inguru aurrerako utzi ziren Saint-Seurin-sur-l'Isleko arrain haztegian, etorkizuneko ugaltzaileen kopurua handitzeko. 2007tik aurrera birpopulazio handiagoak egin dira: 7.500 gaizkatakume 2007an, 86.000 2008an eta 45.000 2009an[5].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.