From Wikipedia, the free encyclopedia
Filosofiaren historian, filosofo presokratikoak Antzinako Greziako pentsalari multzo bat dira, greziar filosofiaren aitzindaritzat jotzen direnak. Kronologikoki K.a. VI. mendeko Tales Miletokoarekin hasi eta Sokratesen (K.a. 470 - K.a. 399) pentsamenduaren eraginpean izan ez ziren Diogenes Apoloniakoa eta Demokrito pentsalarienganaino zabaltzen dira, K.a. IV. mendean. Presokratiko izenondoak Sokratesen aurretikoa izateari baino gehiago, euren lana Sokratesen eraginpean garatu ez izanari egiten dio erreferentzia. Filosofo hauen ekarpen garrantzitsuena unibertsoaren eta munduaren ikuspegi mitologikoa alde batera utzi eta horiei buruz emandako azalpen arrazionala izan zen, mitotik logos delakora aldatuz. Hori dela eta, mendebaldeko tradizioan lehenengo filosofo eta zientzialaritzat jo izan dira filosofo presokratikoak. Bereziki unibertsoaren eta naturaren printzipioak aztertu zituzten eta horregatik greziar filosofiaren aldi honi garai kosmologiko ere deitu izan zaio, baina erlijioaz, etikaz eta matematikaz ere aritu ziren.
Presokratikoetan pentsalari heterogenoak biltzen dira, ordea, eta horregatik askotan eskola ezberdinetan sailkatzen dira: Miletoko eskolakoak ziren Tales, Anaximandro eta Anaximenes; eskola eleatikoan biltzen dira Parmenides, Zenon Eleakoa eta Meliso; Efesoko eskola; atomistak pluralistak eta pitagorikoak deritzen eskolak ere badaude eta sofistak izeneko filosofo taldean, azkenik, Protagoras, Gorgias eta Hipias biltzen ziren, besteak beste. Filosofiaren historian aitzindariak badira ere, pentsalari horiei buruz egun ezagutzen dena, ordea, oso gutxi da: idatzi zutenaren zati bakan batzuk besterik ez dira geratzen, Aristoteles eta Teofrastok eurei buruz idatzitakoarekin batera. Presokratikoak terminoa Hermann Diels hizkuntzalariari esker zabaldu zen, 1903 urtean Die Fragmente der Vorsokratiker ("Presokratikoen zatiak") lana argitaratu zuenean. Egun, gainera, lan hori presokratikoengandik gorde diren idazkietarako funtsezko iturri bateratua da.
Maiz eztabaidatu da Europako lehenengo filosofotzat jotzen diren presokratikoen pentsaera berria halabeharrez sortu edota garaiko eta tokiko faktoreak izan ote ziren munduaren ikuspuntu berrirako bidea zabaldu zutenak. Egun, filosofiaren bat-bateko sorrera edo greziar mirariaren hipotesia baztertu eta filosofia joera berria arrazoi jakinengatik gertatu zela onartzen da.
Lehenengo filosofo presokratikoek Mileto hiria zuten jatorri. Mileto hiria Asia Minorreko Jonia eskualdean dago, egungo Turkiaren mendebaldean. Inguru horretan ekialdeko kulturaren eragina nabarmena izan behar zen eta bertako pentsalariak munduko beste ikuspuntuen berri aise izan zezaketen; ildo horretatik, bereziki aipatzen da Babilonia eta Egiptoko matematika eta astronomiaren eragina. Bestalde, Mileto polis motako hiria zen, garai hartan instituzio politiko egonkorrak eta ekonomia oparo bat zuena; horrek ere, gogoetarako giro lasaia sortu zuen, gerora pentsaera berriari ere eragingo ziona.
Greziar mitologia edo garaiko greziar erlijioaren dogmatismo eza, apaizik gabe, pentsalarien gogoa aske utzi zuela ere aipatu da[1]. Horretan eragina izan zuen baita greziarren kulturaren emaitza bikaina den Homeroren Iliada poema epikoak ere, Miletotik gertu zegoen Troia hirian kokatua; hain zuzen, bertan jainkoak gizakien parean agertzen dira eta bertuteak munduan eta bizitzan lortzen dira. Hesiodoren idazlanek ere, kosmogonia bat azaldu, jainkoen sailkapena egin eta gizakiari buruzko gogoeta egitean, protofilosofia bat adierazten dute. K.a. VII. mendean garatu zen olerkigintza lirikoak ere, Arkilokorekin kasu, garai hartan banakoaren nortasun askea garatzen ari zela islatzen du.
Lehen filosofo presokratikoen helburua physis edo natura behatuz horren oinarrizko substantzia zen arkhe edo printzipioa bilatzea zen. Hain zuzen, euren lanek "Peri Physeos" ("Naturaren gainean") izenburua zeukaten ia beti. Filosofiaz arduratu ziren lehen filosofo horiek, K.a. VI. mendean eta Mileto hirian, Miletoko eskola izenekoa osatzen dute. Ordena kronologikoan hauek izan ziren:
K.a. 494 urtean, pertsiarrek Mileto birrindu zuten. Ondorioz, joniar askok ihes egin eta egungo Italiaren hegoaldeko kostaldera joan ziren. Bertan garatuko zen Pitagorasen filosofia.
Pitagoras Samos uhartean jaio zen, joniar kostaldetik gertu. Egungo Calabria eskualdean dagoen Krotona hirira joan eta bertan komunitate filosofiko bat sortu zuen, jite esoterikoa ere bazuena eta erlijio orfikoan oinarrituta. Pitagorikoetan, ordea, bi motako taldeak bereizi ziren: akusmatikoak edo adituta Pitagorasen irakaspenak jarraitzen zituztenak eta matematikoak edo filosofia pitagorikora gogoetaz heltzen zirenak. Pitagoriko nabarmenak izan ziren Arkitas eta Filolao, matematikoen taldean. Pitagorasek berak ezer idatzi ez bazuen ere, greziar kultura osoan ospea eskuratu zuen laster.
Pitagorikoek arima eta metempsikosi edo berraragiztatzean sinetsi eta euren filosofiari jarraiki modu aszetikoan bizi ziren. Politikan ere parte hartzen zuten eta hoberenen gobernua edo aristokrazia hobesten zuten. Jakintza purifikatzailea zen eurentzat. Ezagunak dira matematikari eta bereziki geometriari egin zizkioten ekarpenengatik: mundua zenbaki eta horien arteko erlazioen bitartez adieraz daitekeela baieztatu zuten. Horrela, Miletoko eskolako filosofoen aldean materialak ez ziren errealitateetan (zenbakietan, alegia) ikusi zuten guztiaren jatorria. Medikuntzan ere ekarpen garrantzitsuak egin zituzten.
Miletoko eskolako filosofoen ondoren eta arkhe kontzeptua gaindituz, kosmosari buruzko ezagutza eta egiari berari nahiz logos edo arrazoiari buruzko hausnarketa egin zuten filosofoak ere izan ziren presokratikoetan:
Parmenides eta eskola eleatikoan kosmosaren batasuna nabarmentzen zen, naturan agertzen den aniztasuna faltsua dela adieraziz. Parmenidesen tesiak frogatu nahian, Zenon Eleakoak aporia edo paradoxa anitz asmatu zituen, mugimenduaren ezintasuna azalduz esaterako. Filosofo pluralistek, berriz, batasunaren aniztasuna esplikatzeko arkhe printzipioaren aniztasuna baieztatu zuten, betiere kosmosa erregulatzen duen kausa edo indar ordenatzaile batez:
Parmenides eta beste eleatikoek aldarrikatzen zuten kosmosaren batasuna atxikitzen zuten pluralistek, aniztasuna elementu zenbaiten nahasketaz azalduz. Atomistak, berriz, harago joan eta errealitatea atomo edo infinitu pusketa zatiezinez ( a, ez; tomo, zati: zatiezina) osaturik dagoela adierazi zuten, egungo kimikak frogatzen duen bezalaxe. Atomista presokratikoak Leuzipo eta Demokrito izan ziren, baina azken honen idazkiak gorde dira batez ere. Demokritok hutsaren kontzeptua sortu zuen; horri esker, atomoak mugitzen ahal dira, berez eta inongo kausarik gabe, fisika modernoaren inertzia kontzeptuaren antzera. Aurreko filosofoek ez bezala, fenomeno psikologikoak ere (ikusmena, entzumena, ...) modu arrazionalista batez azaldu zituen, atomoen bitartez. Horrela, arrazionalismoa erabat bereganatu zuen filosofoa izan zen, jainkoen eragina erabat baztertuz. Etikari dagokionean, gizakia autonomoa dela aldeztu eta ona atsegina ematen duena dela baieztatu zuen, epikureoen etika aurreratuz. Horrela, presokratikoen garaia itxi zuen filosofo hau lehenengo filosofo osoa dela esan daiteke, arrazionalismoa arlo guztietan, fisika nahiz moralean, bultzatu baitzituen[3].
Filosofo presokratikoen testuak beste egile zenbaiten aipuei esker gorde dira, Platonengandik VI. mendeko Sinpliziorenganaino bereziki. Aurkakoa irudi balezake ere, iturri fidagarriena Sinplizio neoplatonikoarena da, berak jasotako aipuak luzeagoak eta garbiagoak direlako; Platonek aipuak, laburragoak izateaz gainera aldatu ere egin zituela uste delarik, batzuetan tonu ironiko batez.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.