Errusia
Europako eta Asiako herrialdea / From Wikipedia, the free encyclopedia
Errusia (errusieraz: Росси́я, Rosia),[1] ofizialki Errusiako Federazioa[2] (Росси́йская Федера́ция, Rosijskaia Fiedieratsia[1]), iparraldeko Eurasiako estatu burujabea da. Munduko estaturik handiena da, 17.075.400 kilometro koadroko eremua hartzen baitu,[3] Europan eta Asian. Sobietar Batasuna ohiaren errepublika nagusia izan zen. Egun munduko estaturik boteretsuenetako bat da, ekonomian nahiz politikan. Mosku du hiriburua eta hiri jendetsuena; eta San Petersburgo du hiri jendetsuenetan bigarrena. 2017an, 144,5 milioi biztanle zituen (146,8 milioi Krimea eta Sebastopol barne).[4]
Errusia da inguruko lurraldeekin muga luzeena duen munduko herrialdea. Mugakide ditu, iparraldean, Ozeano Artikoaren zenbait adar, Barents, Kara, Laptev, Ekialdeko Siberiakoa eta Txuktxi; ekialdean, Ozeano Barearen zenbait adar, Bering itsasartea (Errusia eta Alaska banatzen dituena), Bering itsasoa, eta Okhotskeko eta Japoniako itsasoak; hegoaldean, Txina, Ipar Korea, Mongolia, Kazakhstan, Azerbaijan, Georgia eta Itsaso Beltza; hego-ekialdean, Ukraina; mendebaldean, Polonia, Bielorrusia, Lituania, Letonia, Estonia, Finlandiako golkoa eta Finlandia, eta ipar-mendebaldean, Norvegia.