Nazien kontzentrazio esparru batean hildako euskal herritarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Bixente Retegi Etxeberria (Irun, Gipuzkoa, 1908ko azaroak 2 – Flossenbürg, Alemania, 1944ko maiatzak 23) —erdarazko idazkeran Vicente Retegui Echeverría edo Echevarría gisa ageri izan dena maiz— nazien kontzentrazio esparru batean hildako euskal herritar bat izan zen. Gaztetan nahitaezko soldadutzatik ihes eginda, Urruñan atxilotu eta naziek deportatutako 250 inguru euskal herritarretako bat izan zen Retegi.
Bixente Retegi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Irun, 1908ko azaroaren 2a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Flossenbürgeko kontzentrazio esparrua, 1944ko maiatzaren 23a (35 urte) |
Heriotza modua | giza hilketa: eritasuna |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | nekazaria |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Mundu Gerra |
Laborari familia batean jaio Bixente Retegi, nahiz kalean bizi izan zen Irunen, Uranzu kaleko 20. atarian.[1] Ama Josefa Martina Etxeberria Iginiz[2] (1878-02-05) irundarra zuen, eta aita Matias Bernardino Retegi Etxaide[3] (1878-05-20), irundarra baita ere. Jaiotza agirian azaltzen denez, amaren aldetik aitona Salbatore Etxeberria urruñarra zuen, eta amona Gabriela Iginiz, irundarra, garbitzailea zen hiriko ospitalean.[4]
Retegiren haurtzaroko eta gaztarako bizieraz ez dago beste xehetasunik.
Hogei urte zituela, nahitaezko soldadutzara deitu zuten Retegi, herriko mutil gazte guztiak bezala. Gogoan izan behar da une hartan Espainiako Erresuma gerra odoltsu batean sartuta zegoela azken 16 urteetan, Marokoko gerran, hain zuzen. Gerraren azken fasean, Espainiako armada modu masiboan hasi zen arma kimikoak erabiltzen, Frantziako armadaren laguntzaz.[5]
Gainera, laino beltzak ziren, gero eta ilunagoak, egoera ekonomikoaren gainean bai Espainian, bai Europan oro har, 1929ko kraxaren ondorioz: langabezia ikaragarria zen, bereziki gazteen artean. Itxaropenik gabeko egoera hartan, nahitaezko soldadutzara deitzen zituzten gazte askok nahiago zuten bizi berri baten bila abiatzea, gerra krudel hartara joan aurretik. Horrela, Bixente Retegik jaioterria utzi zuen, 1929. urtearen hasieran, soldadutzara deitu zuten orduko; Irungo Udalak desertore deklaratu zuen, 1929ko urtarrilaren 19an emandako agindu baten bitartez.[6][oh 1]
Urruñara jo zuen Bixente Retegik, ez bakarrik amaren parteko aitona Salbatore Etxeberria urruñarra zuelako,[4] baizik, batez ere, bere anaia Jose Mari han bizi zelako.[7] Ziurrenik, anaia ere nahitaezko soldadutzatik ihes eginda joan zen Urruñara, 1928an, desertore gisa agertu baitzen Irungo Udalaren ebazpen batean.[8]
Datu askorik ez dago jakiteko zer eratako bizimodua egin ote zuen Bixente Retegik Urruñan, edo zertan aritu ote zen lanean. Jakina da, aldiz, bertan ezkondu zela, 1938ko urtarrilaren 26an, Laurentina Jaurena Olaizola azkaindarrarekin. Ez zuten seme-alabarik izan; emaztea gazterik hil zen, 1941eko martxoaren 27an.[9]
Emaztearen heriotza gertatu zenerako, alemanek Frantzia ia osorik okupatuta zeukaten, 1940ko ekainaren amaieraz geroztik. Okupazioaren ondorioz, Frantzia bi zatitan banatu zuten: alde batetik, Atlantikoko itsasegi osoa, Ipar Euskal Herri oso barne, Hirugarren Reicharen mende gelditua zegoen, 1940az geroztik.
Ez dago daturik ziur jakiteko ea Bixente Retegik parte hartu ote zuen Lapurdin ugari izan ziren Erresistentziako talderen batean.[oh 3] Zernahi gisaz, ulertu beharra dago Urruñan desertore eta erbesteratu gisa bizi zela. Lurralde okupatu batean, susmopean egoteko ezaugarri guztiak biltzen zituen Bixente Retegik. Gestapok 1943ko abenduaren 1ean atxilo hartu zuen.[9]
Frantziako lur okupatuetan atxilotutako beste askoren gisara, Royallieuko (Compiègne) frontsalag edo igarotze esparrura eraman zuten Retegi. Esparru horretara biltzen zituzten naziek Frantzian barrena atxilo hartutako asko, handik Poloniako, Austriako eta Alemaniako kontzentrazio esparruetara tren konboietan bidaltzeko.[oh 4] Compiègnetik 1944ko urtarrilaren 17an abiatutako konboian agertzen da zerrendatuta Bixente Retegi, 40354 zenbakiaz.[10][oh 5] Hiru eguneko bidai luze eta gogorra izan zen, negu betean Europa zeharkatu baitzuten, baldintza ezin tamalgarriagotan.Geldiune batean, Amagne-Lucquy-ko geltokian, preso talde handi bat ihes egiten saiatu zen; hamar batek soilik lortu bazuten ere, zigor gisa, bagoi bat hustu eta han zihoazen atxilotu guztiak beste bagoietara banatu zituzten. Horrela heldu ziren Buchenwaldeko (Alemania) kontzentrazio esparrura, 1944ko urtarrilaren 19an.[7]
Berrogeialdia bete behar izan zuten Buchenwaldera iristerakoan, esparru nagusira sartu aurretik, pilaketa, hotz eta gose baldintza izugarrietan. Retegi hilabete luze bat egon zen Kleine Lager edo esparru txiki hartan, 1944ko otsailaren 23an Flossenbürgera (Bavaria, Alemania) eraman zuten arte, tren konboi batean, Espainiako Errepublikaren alde borrokatutako beste preso ugarirekin batera. Haietako gehienak ez ziren bizirik irten esparru hartatik.[11]
Konboi hartan Retegirekin batera joandako bi preso bizirik irten ziren gerra amaieran, eta lekukotasuna eman zuten harekin batera bizi izandako atxiloaldiaz; Santiago Anabitarte[12] altzatarra eta Antonio Otermin[13][14] donostiarra ziren. Bi deportatu lekuko hauek azaldu zuten Bixente Retegi bizirik zela 1944ko otsailean, Flossenbürgera eraman zutenean, baina geroztik arrastoa guztiz galdu ziotela.[9]
Flossenbürgeko esparrura heltzerakoan Rertegiri eman zioten fitxan (Effektenkarte) zehazten da ogibidez nekazari (Landwirt) zela, eta anaia bat zuela, R. Joseph izenekoa, Irunen (Urun) bizi omen zena. Baita ere, argitzen da jantzi batzuk eman zizkiotela (zamarra bat, bi galtza pare, bi jertse eta hiru alkandora). Behean, Retegiren eskuzko sinadura ageri da. Zigilu bat du gainetik ezarria, heriotza data zehazten duena, 1944ko maiatzaren 23an.[15]
Fitxaren atzealdean, Retegi hil ostean haren gorpuzkietatik kendutako jantzi urratuen azalpen bat ematen da, hizkera administratibo lehor bat erabilita: «Atzealdean zerrendatutako efektuak zakarretara bidali ziren, erabat hautsita eta erabiltezinak zeudelako. Beraz, bidalketa eta enbalaje gastuak ez zeuden justifikatuta. Flossenbürg, 1944ko maiatzak 31».[4] Hiru hilabete doi iraun zuen bizirik Retegik kontzentrazio esparruan. Heriotzaren arrazoi zuzena ezezaguna den arren, jan eskasa, gehiegizko lan behartuak eta, orobat, bizi baldintza ezin gogorragoak izan ziren Retegiren heriotzaren jatorria, kontzentrazio esparruetara eramandako deportatu askoren gisara. Izan ere, Flossenbürgeko eremuak ikaragarrizko hazkundea ezagutu zuen 1944an. Eremu nagusiaren inguruan, satelite edo kommando ugari eraiki zituzten, eta Retegi hil zen garairako, maiatzaren amaierarako, 10.000 atxilotu baino gehiago zituzten. Horren ondorioz, eguneroko bizi baldintzak ikaragarri gogortu ziren.[16]
Nolanahi ere den, Estatu Batuetako armadak gerra amaitu ostean, 1949ko abuztuan, egindako zerrenda batean adierazten denez, «bihotz gutxiegitasun» bat izan zen Bixente Retegiren heriotza eragin zuen gaitza. Dokumentu berean, heriotza datarekin batera, argitzen da, baita ere, erraustegira eramana izan zela gorpua.[oh 6] Kontzentrazio esparruetan hildako preso gehienen moduan, naziek ez zuten frogarik utzi nahi izaten: gorpuak erre eta errautsak sakabanatu egiten zituzten.[9]
Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, Bixente Retegiren anaia Jose Marik eskaera bat aurkeztu zuen, Donibane Lohizuneko herriko etxean, Frantziako Errepublikak gerrako biktimatzat har zezan Bixente. Horretarako, dosier zabal bat osatu zuen, eskueran zituen datu guztiekin; besteak beste, Buchenwalden harekin batera egondako Santiago Anabitarteren[17] eta Antonio Oterminen[13][14] lekukotasun idatziak jaso zituen, esanez kontzentrazio esparruan bizirik ikusi zutela. Dosierrean Bixenteren argazki bat erantsi zuen, deportatu fitxa bati erantsita. Baita ere, Bixenteren azken bizilekua ere zehazten du, Azkaineko Apitutxenborda etxea;[18] horrela, frogatu nahi zuen anaia Frantziako Errepublikan bizi zela gerra baino lehenagotik, zehazki 1929az geroztik.[9][oh 7]
Irungo Udalak oroimen ekitaldi bat eskaini zien, 2022ko otsailaren 7an, Irun eta Hendaia lotzen dituen zubian,[19] nazien indarkeria jasan zuten 27 irundarrei. Ekitaldian udal talde politiko guztiek parte hartu zuten, eta nazioarteko artxiboetan bildutako dokumentazioa eman zien udalak biktimen senideei, besteak beste, Bixente Retegiren oinordekoei.[20][21]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.