Nazien kontzentrazio esparru batean hildako mugalaria From Wikipedia, the free encyclopedia
Juan Manuel Larburu Odriozola (Hernani, Gipuzkoa, 1912ko abuztuaren 20a – Flossenbürg, Alemania, 1944ko apirilaren 5a) mugalari bat izan zen, Bigarren Mundu Gerraren garaian naziengandik ihes zihoazen askori lagundu zion, Frantziaren eta Espainiaren arteko muga zeharkatzen. Gestapok atxilotuta, 1944ko urtarrilaren 19an Buchenwaldera deportatu zuten, eta apirilaren 5ean hil zen, Flossenbürgeko kontzentrazio esparruan.
Juan Larburu | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Hernani, 1912ko abuztuaren 20a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Flossenbürgeko kontzentrazio esparrua, 1944ko apirilaren 5a (31 urte) |
Heriotza modua | giza hilketa: eritasuna |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | nekazaritza |
Kidetza | Comète sarea |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila Bigarren Mundu Gerra |
Juan Manuel Larburu 1912ko abuztuaren 20an jaio zen, Hernaniko Berakorte baserrian, Antziola auzoan.[1][2] Ez dago xehetasun handirik gurasoen jatorriaz, baina jakina da zazpi senidetan zaharrena zela bera.[3]
Espainiako Bigarren Errepublikaren aurkako estatu kolpea gertatu eta bi hilabete eskasera, frankistek mendean hartu zutenean Hernani, 1936ko irailaren 11n, matxinoen armadan behartuta sartzera deitu zuten Larburu,[oh 1] eta Lleidako iparraldeko frontera eraman zuten, Aragoiko mugan.[4]
Han zegoela, konpainia bereko hernaniar faxista batek salaketa egin zuen Larbururen aurka, Errepublikaren aldekoa zela esanez. Egoera hartan, salaketa arriskutsua zen; izan ere, Larburuk gogoan izango zuen beraren lehengusu Juan Jose Elustondo,[5] Urnietako Eula baserriko[6] semea, fusilatu egin zutela, Andoainen, 1936ko irailaren 13an, gisa bereko salaketa baten ondorioz.
Bizia arriskuan ikusita, Frantziako muga zeharkatzea erabaki zuen Larburuk. Handik, Bartzelonara jo zuen, Errepublikako armada matxinoen aurka borrokan ari zen azken lurraldea baitzen. Bartzelonan, Migel Lizeaga Larburu Ezker Errepublikanoko kideak lagundu zion; beraren aitaren lehengusua zen, Irungo Udaleko zinegotzi, eta Errepublikako gobernuak 1936ko martxoan osatutako Gipuzkoako Batzorde Kudeatzaileko buru izana zen.[4]
Frankistek Katalunia guztiz mendean hartu zutenean, 1939ko otsailaren 10ean,[7] Ipar Euskal Herrian gelditzea erabaki zuen Juan Larburuk, desertore baitzen frankistek ezarritako agintaritzaren aurrean. Dirudienez, Ameriketara joateko burutazioak izan zituen, Migel Lizeagak egin zuen gisan,[4] baina, zenbait baserritan lanean ibili ondoren, Urruñako Bidegain Berri[8] baserrian gelditu zen morroi.
Baserriko nagusia Frantxia Haltzuet beratarra zen.[9]; alargundua eta hiru seme-alabarekin.[oh 2]
Comète sarea eratu zenean, 1941ean, Urruñako baserri bat erabiltzen zuen sareak, naziek okupatutako lurraldeetan eraitsitako hegazkinen pilotuak Espainiako mugatik pasarazteko, Gibraltarreko bidean. Alabaina, kontrabandista batek 1942an izandako istripu batengatik, beste babesgune bat bilatu behar izan zuen sareak.[10]
Horrela, 1942tik aurrera, muga pasa aurreko azken geldiunea Frantxia Haltzueten baserrian, Bidegain Berrin egiten zuen Comète sareak. Ziurrenik, Juan Larburuk egingo zuen sarearekiko lotura, beraren arreba bat Florentino Goikoetxea Comèteko mugalariaren anaiarekin ezkonduta baitzegoen.[11]
Handik aitzina, Larburu laguntzaile izan zen, mugalari gisa, Comète sarearen pasatze askotan. Izan ere, mendi bideetan barrena asko ibilia zen, besteak beste, urte haietan ezkutuan joana baitzen, behin baino gehiagotan, Hernaniraino, gurasoak ikustera.[3]
Andrée de Jongh «Dédée» eta Jean-François Nothomb «Franco», Comète sareko buruak, Pariseko Austerlitzeko geltokitik abiatu ziren trenez, 1943eko urtarrilaren 13an, Donibane Lohizune aldera, britainiar hiru hegazkin piloturekin.[oh 3] Antolatua zuten urtarrilaren 14an muga pasatzea, Bidegain Berri baserrian aurreko gaua eginda. Donibanetik baserrirainoko bidea egiteko, Dédéek eta hiru pilotuek euskal errefuxiatu batzuk izan zituzten laguntzaile: Maritxu Anatol,[12][13] Anbrosio San Vicente[14] eta Alejandro Elizalde.[15]
Eguraldi euritsua zen, baina, urtarrilaren 14 hartan, Florentino Goikoetxea muga pasatzen lagundu behar zien gidaria Bidegain Berri baserrira hurbildu zenean; hurrengo egunerako utzi zuten.
Urtarrilaren 15ako ilunabarrean, gaueko bidea prestatzen ari zirela, Gestapok baserria inguratu eta preso hartu zituzten Dédée, hiru pilotuak, Frantxia Haltzuet eta Juan Larburu.[16] [17]
Baionatik Fresneseko espetxera eraman zuten, lehenik, Juan Larburu, 1943ko ekainaren 3an, eta handik Royallieuko (Compiègne)[oh 4] frontsalag edo igarotze esparrura eraman zuten berehala, ekainaren 9an. Esparru horretara biltzen zituzten naziek Frantzian barrena atxilo hartutako asko, handik Poloniako, Austriako eta Alemaniako kontzentrazio esparruetara tren konboietan bidaltzeko.[11]
Compiègnen sei bat hilabete igarota, 1944ko urtarrilaren 19an atera zuten, tren konboi batean Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura eraman baitzuten.[oh 5]
Hilabete doi egin zuen Buchenwalden Larburuk, 1944ko otsailaren 24an Flossenbürgeko kontzentrazio esparrura[18] bidali baitzuten, Alemaniako Bavaria estatuan, ipar-ekialdean, Txekiako mugan.[19]
Larbururekin batera Comète sareko beste bi laguntzaile deportatu zituzten Flossenbürgera, Anbrosio San Vicente eta Martin Hurtado Saratxo.[14]
Bi lekuko horiek 1960an emandako aitorpen batean azaldu zuten Larburu Flossenbürgen ikusi zuten azken aldiz osasuna guztiz galdua zuela:
« | ...egoera benetan tamalgarrian zegoen, oinez ibiltzeko ere indarrik ez zuela, eta gauza ez zela ematen ziguten apurra jateko... haren egoera hain zen desesperatzeko modukoa, ezen jan ere ezin baitzuen egin.[19] | » |
—Anbrosio San Vicente, Martin Hurtado Saratxo |
Beste horrenbeste adierazi zuen Santiago Anabitarte[20] altzatarrak, Larbururekin batera Compiègnen eta Bucehnwalden egondakoak. Azken esparru horretara iristerako, Juan Larburu honela aurkitu zuen:
« | ...erabat nahastuta eta leher egina, ez zuen jaten, eta arrazoitzeko gauza ere ez zen, hain nekatua egonda nekez ulertzen baitzitzaion esaten zuena.[19] | » |
—Santiago Anabitarte |
Heriotza agirian «bihotz gutxiegitasun» bat aipatzen den arren,[21] bistan da gosea, behartutako lanak eta bizi baldintza latzak izan zirela Juan Larbururen heriotza eragin zutenak, 1944ko apirilaren 5ean, Flossenbürgera iritsi eta hilabete batera.[19][oh 6]
Ameriketako Estatu Batuetako armadak 1947ko maiatzaren 19an emandako jakinarazpen baten bitartez, Askatasunaren Domina Presidentziala jaso zuen Juan Larburuk, hil ostean, pilotu aliatuei naziek okupatutako lurraldeetatik ateratzen egindako lanagatik.[22][23]
Juan Larbururen izena ez zen agertzen Urruñako San Bixintxo elizaren alboan dagoen monumentuan, gerlatan hildako herritarren oroigarrian.[24] Les amis du réseau Comète[25] elkartearen eskariz ipini zuten haren izena, beste hirurenarekin batera, monumentuaren oinean ezarritako hilarri batean, «deportés internés patriotes» izenburupean.[26]
Hernaniko Udalak 2005eko irailaren 26an egindako ez-ohiko bilkura batean adierazpen instituzional bat onartu zuen aho batez, «nazismoaren aurka soldadu aliatuei laguntza emandako hernaniarren oroimena ohoratu eta aitorpena egiteko». Tomas Anabitarte, Florentino Goikoetxea, Juan Larburu eta Martin Errazkin gogoratu zituzten, Comète sarean pilotu aliatuei emandako laguntzagatik.[27] Erabaki horren karietara, zenbait ekitaldi antolatu zituen Bigarren Mundu Gerran nazismoaren aurkako borrokan parte hartu zuten hernaniarren gorazarretan eta Osinaga auzoan oroigarri bat ezarri zuen.[28][29]
2016ko maiatzaren 8an, La Ilusión elkarte memorialistikoak[30] antolatuta, ekitaldi bat egin zen Hernanin, Juan Larbururen eta Marcelo Vazquez hernaniarren oroimenez. Ekitaldiaren barruan, plaka oroigarri bat ezarri zuten Larbururen jaiotetxe Berakorte[1] baserrian.[31]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.