From Wikipedia, the free encyclopedia
Backgammon estrategia eta zoria konbinatzen duen taula joko bat da. Bi jokalarietako bakoitzak 15 pieza mugitu behar ditu 24 posizioko edo geziko taula batean, «oztopo lasterketa» batean, bi dadorekin egindako botaldiek markatzen dituzten puntuen arabera. Oso hedatuta dago mundu osoan, baina batez ere herrialde anglosaxoietan edo britainiar kultura ondareko herrialdeetan.[1]
Xakean gertatu den bezala, informatikariek interes handiz aztertu izan dute backgammona. Egindako ikerketen emaitza gisa, backgammon software bat garatu izan da, mundu mailako giza jokalariak garaitzeko gai dena.[2]
Jokalari bakoitzak bere koloreko hamabost pieza ditu, zuriak ala beltzak.
Bi dadorekin jokatzen da, sei aurpegikoak, 1etik 6ra zenbakituta. Gainera, apustuak egiten badira, hirugarren dado bat erabiltzen da, bikoizteko dadoa izenekoa (ikus aurrerago).
Taulak hogeita lau lauki edo gezi ditu. Geziak lau konpartimentutan edo koadrotan multzokatuta daude. Jokalekuak deskribatzeko, jokalari baten ibilbidearen geziak 24tik 1era zenbakitzen dira ―jokorako ezinbestekoa ez bada ere―, jokalari bakoitzak piezak zenbaki altuenak dituzten gezietatik zenbaki baxuenetara mugitzen dituela ulertuta.
Taularen erdian, barra izeneko espazio bat dago, bitan banatzen duena, eta hor uzten dira harrapatutako piezak (ikus aurrerago).
Partidaren hasierako posizioan, jokalari bakoitzak 2 pieza ditu 24 gezian, 5 pieza 13 gezian, 3 pieza 8 gezian eta 5 pieza 6 gezian.
Partidaren hasieran, pieza beltzak eta zuriak honela jartzen dira:
Irudian, behean eskuinaldean dagoen koadroa da pieza beltzen ibilbidearen hasiera, ezker beheko koadrotik jarraituko dutelarik, ezker goiko koadro edo kanpoko koadro beltzetik, eta eskuin goiko koadro edo barneko koadro beltzetik, taulatik atera arte.
Pieza zuriek alderantzizko bideari jarraitzen diote. Irudian, goi eskuinean dagoen koadroa fitxa zurien ibilbidearen hasiera da, ezker goiko koadrotik jarraituko dutelarik, ezker beheko koadro edo kanpoko koadro zuritik, eta eskuin beheko koadro edo barneko koadro zuritik, taulatik atera arte.
Jokalari bakoitzak dado bat botatzen du. Berdintzen badira, berriro bota behar dute. Zenbaki handiena ateratzen duen jokalariak hautatzen du kolorea eta hasten da jokatzen.
Jokalariek dadoak botatzen dituzte eta piezak (ingelesez man) mugitzen dituzte, txandaka. Geziz gezi mugitzen dira piezak, dadoak markatzen dituzten puntuen arabera. Jokoaren helburua da, lehenik, norberaren koloreko pieza guztiak norberaren barne koadrora eramatea, ondoren, taulatik atera ahal izateko. Irabazten du lehenik pieza guztiak ateratzen dituen jokalariak.
Botatzerakoan, bi dadoen puntuak desberdinak badira, jokalariak honela mugi dezake:
Bi dadoen puntuak berdinak badira (bikoitz bat), jokalariak lau dado (eta ez bi) balitu bezala kontatzen du, eta mugitu dezake:
Gezi bat irekia da eta, beraz, pieza bat utzi daiteke bertan edo mugimendu anizkoitz bat egin, baldin eta:
Aldiz, gezi batek aurkariaren bi pieza edo gehiago baditu, gezia okupatuta dago eta ez dago irekia, hau da, ezin da pieza bat utzi bertan, ezta mugimendu anizkoitz bat egin ere.
Jokalari bat behartuta dago bi dadoen balioarekin mugitzera ahal duen guztietan. Bi dadoak jokatzen badira, komeni den hurrenkeran konta daitezke, adibidez aurkariak okupatutako gezien artetik pasatzeko, edo partidaren amaieran piezak taulatik ateratzeko, pieza zaurgarri edo ahulik utzi gabe; ikusi aurrerago).
Jokalari batek bi dadoetako batekin bakarrik mugi badezake, baina ez biekin, puntu gehiago markatzen dituen dadoarekin mugitu behar du. Bestela, dadoetako batekin bakarrik mugi badaiteke baina ez bestearekin, orduan ahal duen dadoarekin mugitu behar du, noski, eta galdu egiten du bestearekin mugitzeko aukera.
Jokalari batek ezin badu jokaldi bat bera ere egin, adibidez dadoek markatutako balioekin edozein mugimenduk aurkariak okupatutako gezietara eramango luke, orduan pasa egin behar du eta txanda galtzen du.
Jokalari batek aurkariaren pieza bat harrapa dezake (ingelesez hit a man) gezi batean bakarrik badago eta, beraz, zaurgarria edo ahula bada.
Pieza bat harrapatzeko, jokalariak edo bere pieza bat mugi dezake, edo mugimendu anizkoitz bat egin dezake. Orduan, harrapatutako pieza hori taularen erdiko barran geratzen da geldirik.
Harrapatutako pieza bat jokora berriro sartzeko, dadoetako bateko puntuek eraman behar dute gezi ireki batera jokalariaren ibilbidearen lehen koadroan (1 lehen gezira, 2 bigarrenera, eta abar). Bi dadoen puntuek gezi okupatuetara eramaten badituzte, jokalariak beste txanda bat itxaron behar du harrapatutako pieza berriro jokoan sartzen saiatzeko.
Harrapatutako pieza bat dadoetako baten puntuekin berriro sartzen denean jokoan, beste dadoaren puntuak erabil daitezke, edo sartu berri den pieza bera aurrera mugitzeko, edo jokoan zen beste pieza bat mugitzeko; betiere jokalariak beste piezarik harrapatuta ez badauka, noski.
Jokalari batek bi pieza baditu harrapatuta, berriro sar ditzake jokora soilik bi dadoek bi gezi irekietara eramaten badituzte. Gezietako bat bakarrik badago irekita, pieza bat sartzen da eta jokalariak beste txanda bat itxaron behar du harrapatutako beste pieza berriro sartzen saiatzeko.
Jokalari batek bere pieza guztiak bere barruko koadroan dituenean, hau da, bere ibilbideko laugarren eta azken koadroan, piezak taulatik ateratzen has daiteke. Taulatik ateratako piezak ez dira berriro sartzen, eta irabazten du pieza guztiak lehenago ateratzen dituen jokalariak.
Jokalari batek ezin ditu piezak taulatik atera, piezaren bat erdiko barran hilik edo barruko koadrotik kanpo baldin badu. Hau da, jokalari bat piezak ateratzen hasi bada baina baten bat harrapatzen badiote, orduan ezin du jarraitu pieza gehiago ateratzen, hura berriro jokora sartu eta bere barruko koadroraino ibilbidea berriro egin arte.
Piezak taulatik atera daitezke dadoek markatzen dituzten puntuen arabera (1 kontatzen da azken geziagatik, 2 irteeraren aurreko bigarren geziagatik, eta abar).
Adibidez, 6 bikoitz batekin, irteera aurreko 6. gezitik lau pieza batera atera daitezke.
Dadoak adierazitako gezia hutsik badago, baina jokalariari pieza atzeratuagoak geratzen bazaizkio, orduan, atzeratutako piezaren bat mugitu behar du aurrera, eta ezin du erabili aurrerago dagoen beste pieza bat mugitzeko edo taulatik ateratzeko. Adibidez, jokalari batek 6. eta 3. gezietan piezak baditu, eta 4. gezia hutsik badago, dadoarekin 4 aterata, 6. geziko pieza mugi dezake aurrera, baina ezin du atera 3. geziko pieza.
Dadoak adierazitako gezia hutsik badago eta jokalariari ez bazaio geratzen pieza atzeratuagorik (hau da, dadoak puntu gehiago markatu ditu geratzen zaion piezarik atzeratuena atera ahal izateko), orduan, dadoarekin gezi atzeratuenetako pieza bat atera behar du, eta ezin du erabili pieza aurreratuago bat ateratzeko. Adibidez, jokalari batek 4. eta 3. gezian baldin baditu piezak, eta atzeratuagorik ez bazaio gelditzen, dadoak 4 markatzen badu, 4. geziko pieza atera behar du, baina ezin du erabili 3. geziko bat ateratzeko.
Hala ere, jokalari bat ez dago behartuta pieza bat ateratzera, edozein mugimendu baliagarri egin badezake. Baliteke jokalari bati beste pieza bat aurrera mugitzea komeni izatea, pieza bat atera ordez, haren bikotekidea bakarrik eta zaurgarri uztea baino. Kasu batzuetan, piezak arriskurik gabe ateratzeko (beste batzuk bakartuta edo ahul utzi gabe), egokiagoa izan daiteke dadoek markatutako balio apalena jokatzea handiena baino lehenago. Izan ere, bi dadoak jokatu behar dira ahal den guztietan, baina hurrenkera hauta daiteke bi konbinazioak baliozkoak badira.
Adibidez, jokalari batek pieza bat badu 5. gezian eta bi pieza 2. gezian, eta aurkariak pieza bat 1. gezian eta beste bat erdiko barran, eta dadoek 6-3 markatzen badute, jokalariak 5. gezitik 2. gezira mugi dezake 3 dadoarekin, eta, orduan, beste pieza bat atera beste dadoarekin (6 markatu duena), biak seguru utziz 2. gezian, pieza ahulik utzi gabe. Aldiz, beste mugimendu posiblea, dadoen 6-3 erabiltzea 5. geziko pieza eta 2. geziko bat ateratzeko, bakartutako utziko luke beste 2. gezian, eta aurkariak harrapatzeko aukera asko izango lituzke.
Pieza guztiak lehenengo ateratzen dituen jokalariak irabazten du. Irabazitako partidak gutxi edo gehiago balio du, partidaren amaierako posizioaren arabera:
Apustu joko gisa jokatzen bada backgammon, bikoizteko dadoa erabiltzen da: sei aurpegiko dado bat da, 2, 4, 8, 16, 32 eta 64 balioekin. Hasieran, bikoizteko dadoa taulatik kanpo dago.
Jokalari batek uste badu behar besteko posizio abantaila duela, bere txanda jokatu aurretik bikoiztu egin dezake, hau da, eskatu dezake partidak balio izatea ordura arte adostutako apustuaren bikoitza. Jokalari honek dadoa 2 markatzen duen aldetik gora jartzen du beste jokalariaren aurrean, partida bikoiztu egin dela erakusteko.
Aurkariak egin dezake edo jokoa utzi eta partida galdu (erabakitako apustua ere galduta, jakina), edo enbidoa onartzea. Onartzen badu, une horretan bertan edo geroago berriro bikoizteko eskubidea du, eta, orduan, dadoa beste jokalariaren aurrean jarri behar du 4 markatzen duen aldearekin, eta abar.
Une horretatik aurrera, azken bikoizketa onartu duen jokalariak bakarrik uki dezake bikoizteko dadoa.
Joko honen zaleek klub asko eratu izan dituzte, jokoan aritu ahal izateko. Herriko klubek bilera informalak egin ohi dituzte, kafetegietan edo tabernetan jokoan aritzeko.[3][4] Klub batzuek zerbitzu gehigarriak eskaintzen dituzte, beren instalazioak mantenduz edo jokaldi eztabaidatuen azterketa informatiko bat eskainiz.[5] Klubetako arduradun batzuek backgammonarekiko interesa handitzearen arrazoia ikusi izan dute Interneten jokoak izan duen hedaduran.[6]
Backgammon klubek txapelketak antolatu ohi dituzte. Klub handien txapelketetan, beste eskualde edo herrialdeetako lehiakideek parte hartzen dute batzuetan, eta azken partidak ehunka ikuslek ikusten dituzte.[7] Eskualde txapelketetako jokalari trebeenak sarritan lehiatzen dira estatuko eta nazioarteko txapelketa garrantzitsuetan. Txapelketa nagusien irabazleek dozenaka mila dolarreko sariak lor ditzakete.[8]
Hasiberri bati, backgammona zorizko joko huts bat besterik ez dela irudituko zaio agian, pieza ahulak bakartuta ez uzten eta, ahal duen guztietan, aurkariaren piezak harrapatzen saiatuko da. Jokatzeko modu logikoa dirudien arren, ziurrenik ez da estrategiarik onena. Badira kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk backgammoneko eraso plan bat egiteko.
Pieza bakar bat gezi batean ahula da beti, eta harrapatua izan daiteke. Bi edo gehiago elkartuz aseguratzea komeni da. Barne koadroan (ibilbidearen azkenekoan), normalean, ez du merezi aurkariaren piezarik harrapatzea, norberaren pieza bat arriskatuz eta gezi batean bakartuta utziz: aurkariaren pieza berriro sartu daiteke eta berehala gurea harrapatu.
Aldiz, piezak gezi gehiagotan banatuz gero, aukera gehiago daude piezak mugitzeko edo aurkariarenak hiltzeko. Partidaren hasieran gehiago arriskatu daiteke. Aldiz, partidaren amaierarantz edo piezak barruko koadroan daudenean, ziurtatu egin behar dira.
Harrapatutako pieza bat berriro sartzen denean, jokoaren egoera bizkor alda daiteke, zortea baldin badago dado bikoitz batekin sartzeko eta, kolpean, aurkariaren lau pieza harrapatzeko.
Pieza guztiak harrapatu gabe gurutzatzen badira, lasterketa soil bihurtzen da jokoa (ingelesez, running game).
Kontuan hartu beharreko zenbait faktore:
Backgammon jokoa Britainia Handian asmatu zen XVII. mendearen hasieran, baina joko multzo zaharrago baten parte da, hau da, mahai jokoen parte. Izan ere, badirudi Persian egindako indusketetan aurkitutako 5.000 urte zahar diren taulekin edo Egipton jokatzen zen senet jokoarekin lotuta dagoela.[9] Mahai jokoak oso ezagunak dira Grezian, Turkian eta Ekialde Hurbil osoan. Katalan herrietan, bertako joko bat dago, antzekoa, jaquet izenekoa, Menorcako kasinoetan oraindik jokatzen dena. Dadoa 1920an gehitu zen, eta bertsio informatikoak 1970ean.[10]
Gaur egun, backgammona ezagunen artean dago taula jokoen multzo handian. Aurrekarien artean daude, jakina, ausazko zenbakiak sortzeko tresnaren batez (maskor, harri, zotz, makila eta abar) lortutako emaitzen arabera mugitzen ziren antzinako estrategia jokoak.[11]
Irango hego-ekialdeko mugatik hurbil, Sistan eta Balutxistan probintzian egindako aurkikuntza arkeologiko bati esker, mahai jokoen jatorria orain dela 5000 urte finkatu ahal izan zen. Era berean, antzinako Egiptoko senet jokoa eta Ur-eko errege jokoa backgammonaren arbasotzat hartzen dira.[12]
Mahai jokoek material jakin bat izan ohi dute ezaugarri: taula bat, simetrikoki banatutako 24 laukikoa; dado kubiko batzuk, jokoen arabera aldagarri; eta mugitzeko piezak, jokalari bakoitzeko 15 edo gutxiago.[13]
Era honetako jokorik zaharrena «Ludus duodecim Scriptorum» (hamabi lerroko multzoa) edo «XII. scripta» izenekoa da, antzinako Erroman oso hedatua. Alabaina, jokoaren arau zehatzak ez dira ongi dokumentaturik, eta taulak 12 laukiko hiru ilara zituen, biren ordez.[14] Haren ondorengo erromatar vat da «tabula» izenekoa, mahai jokoetan erabiltzen den materialaren onso antzekoa zerabilena. Taula joko edo mahai joko esamoldea bera tabula hitzari lotuta dago, latinez «tabula» mahaia baita. Gero, «taula» hitza erabiltzen hasi zen, metonimia bidez, seina koadroko lau karratuetako bakoitza izendatzeko, eta, pluralean, dadoak jaurti ondoren bertan mugitzen diren piezak ere.
Publio Ovidioren obran erreferentziak aurkitu izan dira. Uste da erromatar enperadore batzuk taula jokoen jarraitzaile handiak izan zirela, besteak beste, Klaudio, Neron eta Komodo. Ponpeiako bi horma iruditan jokoaren eszenak irudikatzen dira.[15]
Erromatar Inperioan oso zabalduta zegoelarik jada,[16] gerora backgammon deituko zen jokoa Europako gainerako lurraldeetara eta Ekialde Hurbilera hedatu zen, merkataritzaren eta, batez ere, musulmanen eta kristauen inbasioen bidez. Joko taulak Errolanen kantuan,[17] Carlos Orleanskoaren olerkietan eta abar.
Hispanian, Alfontso X.a Gaztelako erregeak eskatuta idatzitako El libro de los juegos eskuizkribuak (1283) hamalau mahai jokoren arau ilustratuak bildu zituen, horien artean todas tablas izenekoa, egungo backgammonaren ezaugarri nagusiak zituena, piezen hasierako posizioa eta oinarrizko arauak kontuan hartuta, desberdintasun batzuk zituen arren.[18]
Mahai jokoak finkatzeko bidea luzea eta neketsua izan zen. Rikardo I.a Ingalaterrako erregeak jokatzeko debekua ezarri zien noble ez zirenei, eta egunean egunean 20 txelin baino gehiago galtzea apustuan. Luis XII. Frantziakoa ere saiatu zen jokoak guztiz debekatzen, baina ez zuen arrakasta handirik izan.[15] 1526an, Thomas Wolsey kardinal ingelesak ausazko joko guztiak erretzeko agindu zuen. Dirudienez, agindu horren eraginez hartu zuten mahai jokoek ohiko maleta tolesgarri baten moldea, liburu baten itxurak egiteko.[15] Pieter Bruegel Zaharraren Heriotzaren garaipena (ca. 1562) margoan irudikatuta daude taula bat eta peoiak, behe eskuinaldean.
Frantzian, toutes tables jokoa ageri da François Rabelais idazlearen Gargantua eta Pantagruel (1534) eleberrian, jokoen zerrenda luze batean.[19] Arauak aurkezten ez badira ere, pentsatzekoa da joko hori Hispaniako todas tablas joko bera dela gutxi gorabehera, bi izendapenak baliokideak baitira.
XVI. mendean, todas tablas jokoaren hurbileko aldaera bat, irish izenekoa, mahai joko zabalduenetako bat zen Ingalaterran, tick-tack izenekoarekin batera. XVII. mendearen lehen hamarkadatan, backgammon izeneko bertsio bizkorrago batek ―bikoiztiak daudenez, birritan jokatzen da― ordeztu zuen.[20]
Alabaina, Frantzian argitaratu ziren lehenengoz backgammon modernoaren arau antzekoenak, toute-table izenarekin, 1715ean, Le Jeu du trictrac liburuaren jarraipen gisa.[21] Backgammon modernoarekin alderatuta, toute-table jokoan ageri ez diren kontu bakarrak dira partida hirukoitza irabazteko aukera eta dado bikoizlearen erabilera.
1743an, Edmond Hoyle ingeles idazle eta karta jokoen adituak backgammon eskuliburu bat argitaratu zuen,[22] whist izeneko karta jokoen liburu batekin batera. Arau liburu bat baino gehiago, estrategiak, taktikak, joko hasierak eta probabilitateak biltzen dituen tratatu bat da. Horrekin, piezen erabilera kodetzen duten bost lege gehitu ziren. Edmond Hoylek aurkeztutako backgammona ez zen toute-table frantsesaren oso desberdina.
Frantzian, toute-table izena baztertuta gelditu zenNapoleon Bonaparte boteretik kendu zutenean, trictrac gailendu baitzen lehenik, eta ingelesezko backgammon gero.[23]
Aro garaikidean, 1699ko toute-table oraindik ere Grezian jokatzen da portes izenarekin, Turkian tavla izenarekin, Armenian tavlou izenarekin, Mashreq eskualdean (Irak, Siria, Libano, Jordania, Palestina) tawla edo tawlé izenarekin,[24] eta Israelen xeix beix izenarekin, persierazko xeix (sei) eta turkierazko beix (bost) konbinatuta.
Backgammonak bilakaera bat izan zuen, partida hirukoitz bat irabazteko aukera gehitu baitzen, batez ere 1920tik aurrera bi dado erabiltzen hasi zenez geroztik, horiek erabiltzeko arauekin. Industriaren aurrerapenari esker, dado berdinak fabrikatu ahal izan dira, eta, horri esker, jokalari bakoitzak bere dado parea erabil dezake, partekatu ordez, eta arauak sinplifikatzen ditu jokalari baten txanda hasieraz eta amaieraz.[25]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.