From Wikipedia, the free encyclopedia
Akuarela edo urmargoa uretan deseginiko koloreez paper gainean ontzen den margolana da.[1] Hitza italierazko acquarella hitzetik dator. Ur kopurua edo hezetasunak, paperean nahiz pintzeletan, eragin zuzena izango du emaitza motan, baita ur eta pigmentuaren arteko proporzioan[2]. Txinatarrek papera asmatu zutenean sortu zen K.a. 110 inguruan. XII. mendean arabiarrek Al-Andalusera hedatu zuten teknologia hau eta handik Italiara pasa zen hamarkada batzuk geroago.
Akuarelaren ezaugarri nagusia gardena izatea da, gouachea berriz, opakoa. Biak dira ur-pinturak.
III. mendetik, txinatarrek zeta gainean margotzen zuten tinta txinatarrez, uretan disolbagarria zen animalia-kola batean birrindutako pigmentuz osatua. Txinako pintura letraduna eta Japoniako sumi-e hondo lehorreko urkolore teknikaren antzekoak dira. Koloreen gardentasunagatik eta hondo argien rolagatik, Txinako eta Ekialdeko pinturaren arlo handi bat akuarelarekin parekatu daiteke[3].
Ur teknikak izan ziren nagusi Europan olio-pintura asmatu eta zabaldu zen arte, XIV. mendetik aurrera. Erdi Aroko eskuizkribu argiztatuek "marrazki koloreztatuak" dituzte, landare eta mineralak birrinduz lortutako pigmentuekin. Erdi Aroko testuen orrialdeak apaintzen dituzten urkolore horiek akuarela modernoaren aurrekaritzat jotzen dira.
K. a. XIII. mendean, arabiarrek paperaren fabrikazioa sartu zuten Al-Andalusen, eta hamarkada batzuk geroago hedatu zen Italiara. Paper fabrikatzaile zaharrenetako batzuk Fabriano (Italia, 1276) Arches (Frantzia, 1492) herrietan ireki ziren.
Akuarelaren lehen erabilera ezaguna Europan Rafael Sanzio (1483-1520) pintore pizkundetar italiarrarena da, kartoi mehe handietan tapizen zirriborroak margotzen zituena. Alemanian, Albrecht Dürer margolariak (1471-1528) akuarelak margotu zituen XV. mendean. Europako lehen akuarela eskolaren buru Hans Bol (1534-1593) izan zen, Dureroren sorkuntzen eraginez.
Akuarela, gaur egun ulertzen den bezala, Ingalaterran XVIII. mendearen amaieran sortu eta XIX. mendean garatu[4]. Akuarela erabili zuten maisu britainiarren artean aipatzekoak dira Van Dyck, Thomas Gainsborough, John Constable, Paul Sandby eta Joseph Mallord William Turner, geroago abangoardiek garatuko zituzten tekniken aitzindaritzat jotzen direnak.
Akuarela, pintura gardeneko teknika (gouachea ez bezala, opakoagoa), pigmentu finak edo tintak erabiltzen ditu, loditzeko Arabiako gomarekin nahastuta eta biskositatea emateko glizerina edo eztiarekin nahastuta. Akuarelaren ezaugarriak 4 dira batez ere: ur-pintura bat da, oso zeharrargia da, koloreak aldatu egiten dira lehortzean eta izaera iragarriezinekoa. Akuarela oro zurbildu egiten da eguzkitan jartzen bada, baina pigmentuek zenbat eta kalitate handiagoa izan koloreek luzarogo irauten dute.
Koloreak hodietan edo piluletan aurki daitezke.
Akuarelaren teknikaren oinarritzen da geruza gardenak —ikuzketak[5]— gainjartzean, eta paperaren zuritasuna erabiltzen da efektuak eta argi-ukituak lortzeko. Kolorea sakonagoa egiteko, geruza gehiago jartzen dira. Ura gehituz edo kenduz akuarelaren kolorea alda daiteke, pintzelak, belakiak edo trapuak erabiliz.
Ikuzketa teknikak degradatuak edo kolore uniformeak sortzeko aukera ematen du, baita koloreak gainjartzeko ere. Teknika hezea erabiliz, aldez aurretik hezetutako euskarri gainean margotzen da, eta beste efektu bat lortzen da. Pigmentua lehortu ondoren ere egin daiteke ikuzketa, paperaren, pigmentuaren eta uraren tenperaturaren arabera.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.