erlijio irudia, Jesus Nazaretekoaren ama From Wikipedia, the free encyclopedia
Maria[1] —antzinako grezieraz: Μαρία, María; arameraz: ܡܪܝܡ, Mariam; hebreeraz: מִרְיָם, Miriam; koptoeraz: Ⲙⲁⲣⲓⲁ; arabieraz: مريم, Maryam— (Galilea, K. a. 18ko irailaren 8a[2]) Galileako emakume judua izan zen[3], Itun Berria[4][5][6][7] eta Koranaren arabera[8][9] Jesus Nazaretekoaren ama izan zen. Hainbat titulu, estilo eta ohorerekin ere izendatzen da: Dona Maria, Andre Dona Maria, Andre Maria (Heg.), Andra Maria (Bizk. eta Gip.) edo Andredena Maria (Ipar.).[10][11]
Maria | |
---|---|
Ezaugarriak | |
Sexua | emakumezkoa |
Bizitokia | Nazaret |
Baliokideak | Elurretako Ama Birjina, Andre Maria doloretakoa, Mary in Islam (en) , Our Lady of Lourdes (en) , Guadalupeko Gure Ama, Fátimako Ama Birjina eta Pilareko Andre Maria |
Familia | |
Aita | Joakim |
Ama | Ana |
Ezkontidea(k) | Josef Nazaretekoa |
Seme-alabak | Jesus Nazaretekoa, James the Just (en) , Simon, brother of Jesus (en) , Jude (en) eta Joses (en) |
Anai-arrebak | Maria Salome eta Maria Kleofasena |
Leinua | Familia Santua |
Mateo eta Lukasen ebanjelioen arabera, Itun Berrian zen Koranaren arabera Maria birjina zen (antzinako grezieraz: παρθένος, parthénos[12]) eta kristauek sinisten dute bere semea Espiritu Santuak sortu zuela birjina izanda ere. Sorkunde birjinalaren miraria Maria Josef Nazaretekoarekin ezkongai zenean eman zen, eta ezkontzaren errituala amaitzeko zain zeudela, etxe-hartzearen zeremonia formala[13]. Maria Josefekin ezkondu zen eta Betleemera joan ziren. Bertan jaio zen Jesus[14].
Lukasen ebanjelioan, Mariaren inguruko kontakizuna Deikundearekin hasten da, Gabriel aingerua Mariari agertu zitzaionean esateko Jesusen amai izateko aukeratua izan zela. Ebanjelioen arabera, Maria bertan zegoen Jesusen Gurutziltzaketa eman zenean, eta Jerusalemgo lehen kristau komunitateen kide gisa agertzen da. Katoliko eta Ortodoxoen irakaspenen arabera, lurreko bizitzaren ostean bere gorputza zuzenean igo zen Zerura; mundu kristauan Andre Mariaren Jasokundea izena hartzen du gertakari honek[15][16].
Mariaren gurtza kristautasun primitibotik hasi zen[17][18], eta milioika fededunek uste dute erlijioko santurik nabarmena izan zela. Ama Birjinaren agerraldiak mundu osoan zehar eta mendeetan zehar gertatu direla uste dute fededunek. Ekialdeko eta Mendebaldeko Eliza Ortodoxoak, Eliza Katolikoak, Eliza Anglikanoak eta Eliza Luteranoak sinisten dute Maria, Jesusen ama izanda, Jaungoikoaren Ama ere badela (antzinako grezieraz: Θεοτόκος, Theotokos, hau da, "Jainkoaren eramalea"). Mariaren inguruko sinismenean aldeak daude tradizio kristau ezberdinen artean. Erromako Eliza Katolikoak Mariaren Dogmak ditu, batez ere Jaungoikoaren Ama izatea, Sortzez Garbia izatea, betirako birjina izatea eta Jasokundea[19]. Protestante askok Mariaren papera gutxitzen dute, batez ere Biblian berari buruzko aipamenak urriak direla argudiatuz[20]. Maria pertsonaia gurtua da Islamean, eta Koraneko atalik luzeenetako bat berari buruzkoa da[21].
Itun Berriko jatorrizko eskuizkribuetan Maria izena jatorrizko izen arameotik eratorria da, מרים Maryam edo Mariam gisa transliteratua[22]. Euskarazko "Maria" izena grezierako Μαρία hitzetik dator, Μαριάμ izenaren laburdura. Μαριά zein Μαριάμ Itun Berrian agertzen diren izenak dira. XIX. mendearen amaieran Sabino Aranaren eskutik Deun-ixendegi euzkotarrak Miren eta Mirene izenak hobetsi zituen euskararako.
Mariaren haurtzaroari buruz ez dakigu ia ezer, ebanjelio apokrifo batzuetan agertzen dena soilik (Santiagoren ebanjelioan nagusiki). Elizak Joakim eta Ana hartu ditu Mariaren gurasotzat, eta ez dakigu ahizparik izan zuen edo ez, nahiz eta Ebanjelioetan Jesusen Amaren ahizpa bat aipatzen den.
Ebanjelioko kontakizuna hastean, Maria Josefekin ezkontzeko hitz emanda dago. Garai hartako juduen ezkontzan lehen pausoa zen hau: emaztegaiaren etxean ospatzen zen ituna izan ohi zen. Bigarren zatia ezkontza bera zen: senargaiak emaztegaia bere gurasoen etxetik atera eta bere etxera eramaten zuen. Bigarren momentu honetan hasten ziren biak elkarrekin bizitzen.
Maria Josefi hitz emanda zegoela Jainkoaren aingerua agertu zitzaion (Lk 1:26-38). Jainkoak bere semearen Ama izateko aukeratu zuela adierazi zion, Espiritu Santuaren egitez haurdun geldituko zela. Mariak Jainkoaren borondatea bere egin zuen.
Haurdun zegoela, bere senide Elisabet ikustera abiatu zen, hau ere miragarriro haurdun baitzegoen. Bisita horretan Elisabetek profezia dohaina jaso eta Maria "Jainkoaren Ama" zela esan zuen. Mariak esker oneko gorespen kantu bat egin zuen (Magnificat), gizaldi guztiek dohatsu deituko dutela aurreikusiz.
Zesar Augusto enperadorearen erabakiz, Judeako herritar guztiek beraien jaioterrira joan behar izan zuten izena ematera, zentsua osatzeko. Josef Judeako Betleem herrixkakoa zen eta bertara joan zen Maria emaztearekin. Bertan zeudela txabola edo ukuilu batean izan zuen haurra Mariak, ostatuan ez baitzegoen beraientzako tokirik.
Ebanjelioan zehar Maria ez da askotan azaltzen. Lehen ikuskeran, gainera, badirudi Jesusen eta bere arteko harremana ez zela hain ona. Hala ere, Mariak leial iraun zuen, bere semea gurutzean josi zutenean ere bertan egon baitzen. Jesusek ez dio aparteko garrantzirik ematen odolezko harremanari. Beretzako garrantzitsuagoak dira "Jainkoaren nahia betetzen dutenak". Honek ez du Mariaren garrantzia murrizten, Mariak erabat bete baitzuen Jainkoaren nahia, aingeruari emandako baietzarekin.
Kristautasunaren lehen mendeetan ez zen Mariaren heriotzari buruz ezer aipatu. Elizak ere ez du Mariaren balizko hilobia non egon daitekeen inoiz esan. Sinismen ziurra edo dogma izan ez arren, katoliko eta ortodoxo batzuek Maria ez zela hil esaten dute, lo hartu (lokartzea) eta zuzenean Zerura jasoa izan zela baizik (jasokundea edo zeruratzea).
Gertaera honen ohorez, hainbat eliza Jasokundeko Andre Maria (edo Zeruratzea) deitura du.
Ebanjelioan gutxi aipatu arren, mendeetan zehar kristautasunak Mariari gero eta garrantzia gehiago eman dio.
Mariari buruz sortutako lehenengo dogma teologikoa betiko birjintasunarena da. Maria bere bizitza osoan birjina izan zela dio dogma honek. Jesusen jaiotza gizonezkoren baten bitartekotza gabe gertatu zen, Espiritu Santuaren egitez. Eta Jesus jaio ondoren ez zuen beste seme-alabarik izan. Ebanjelioan agertzen diren "Jesusen neba-arrebak lehengusu-lehengusinak direla ulertzen dute aditu gehienek.
Jesus Hirutasun Santuko bigarren pertsona gizaki bihurtua denez, Mariari Jainkoaren Ama (theotokos) titulua ematen zaio (Ikus:Efesoko kontzilioa). Izan ere, Jesusen baitan giza izatea eta jainko izatea batzen direnez, Mariagandik jaio zena aldi berean gizaki eta Jainko zen. Katolikoen arabera, Maria Jainko Aitaren alaba da (gizaki guztiak bezalaxe), Jainko Semearen ama da (Jesus Jainko gizon eginaren ama delako) eta Jainko Espiritu Santuaren emaztea da (Espiritu Santuaren egitez sortu zen Jesus gizona).
Erreforma Protestanteak Mariari garrantzia kentzeko joera izan du. Jesus Maria birjinagandik jaio zela onartzen du, baina ez du uste Mariak birjintasuna bizitza osoan gorde zuenik. Protestante askorentzat, Ebanjelioko Jesusen neba-arrebak benetan Mariaren seme-alaba izango lirateke. Eliza Katolikoak, aldiz, Mariaren garrantzia azpimarratu du betidanik. Gehienbat bi definizio dogmatikok jasotzen dute garrantzia hori: Sortzez Garbiarena eta Zeruratzearena.
Sortzez Garbiaren dogma Pio IX.a aita santuak onartu zuen 1854an. Bere arabera, Maria sortzetik bertatik Jatorrizko pekaturik gabekoa zen, Jainkoak hasieratik aukeratu baitzuen bere Semearen ama izateko. Beraz, Mariaren bizitza bekatu guztitik aske egon zen hasieratik bertatik.
Zeruratzearen dogma Pio XII.ak definitu zuen 1954an. Honen arabera Maria, lurreko bere bizialdia amaitu ondoren (ez dio ezer balizko heriotzari buruz), gorputz eta arimaz zerura jasoa izan zen.Horregatik ez du, gainerako fededunek bezala, berpizkundea itxaron behar. Jainkoaren ondoan dago hain zuzen. Protestanteek ez dituzte dogma hauek onartzen.
Mariarenganako eraspena II. mendean hasi zen, eta Mariaren inguruko liturgia sistema berezko baten aurretik hasi zen garatzen, 431ean Efesoko kontzilioa eman zenean. Kontzilioa Efeson ehun urte lehenago Mariari sagaratu zitzaion eliza batean egin zen[23][24][25]. Egipton Mariaren gurtza III. mendean hasi zen, Origenesek lehen aldiz Theotokos izenarekin deitu zuenean, Alexandrian[26].
Ezagutzen den Mariaren errezurik zaharrena (Sub tuum praesidium edo Zure Babespean) III. mendekoa da, agian 270. urtekoa, eta 1917an aurkitu zen Egiptoko papiro batean[17][27]. 313ko Milango Ediktua jarraituz, V. mendean hasi ziren Mariaren irudi artistikoak agertzen publikoki, eta eliza handiak Mariari sagaratu zitzaizkion, adibidez Santa Maria Nagusia, Erroman[28][29].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.